Espazio autogestionatuak merkantilizatzeko egitasmoa

  • Azken urteetan Eusko Jaurlaritza eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiak Ticket Bai fakturazio sistema ezartzea exijitzen ari zaie hiri ugaritako jai batzordeetako txosnei. Horren aurrean, Euskal Herriko dozenaka festetako ordezkariek “txosnak eta herri jaiak defendatzeko” ekitaldia egin dute maiatzaren hondarrean Bilbon. Besteren artean sinadura-bilketa abiatu dute, txosnak ondare inmaterial izendatzeko.

Lan boluntarioa izanik, txosnen jarduna termino soilik ekonomikoetan neurtzeak zentzurik ez duela diote jai batzordeetako ordezkariek.
Lan boluntarioa izanik, txosnen jarduna termino soilik ekonomikoetan neurtzeak zentzurik ez duela diote jai batzordeetako ordezkariek.ARITZ LOIOLA / FOKU
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Globalizazioarekin batera, gizarteko esparru guztien homogeneizaziorako joera du kapitalismoak. Egun, geroz eta zailtasun gehiago dute sistemaren eredu merkantilistatik eta pribatutik at jarduten duten egitasmo alternatiboek. Horien artean daude Euskal Herriko hirietako jai batzordeek antolatzen dituzten txosnak, lan boluntarioaren bidez aurrera eramanak eta irabazi asmorik gabekoak.

Soilik etorkizun ilunak irudikatzen dizkiogun gizarte honetan, bestelako  mundu bat marrazten duten ekimenek hainbat oztopo gainditu behar dute. Azken urteetan, irabazi pribatuaren jainkoak bere hatzaparrak herri mugimenduetako txosnetan jarri ditu, eta hasi besterik ez dira egin horren inguruan orain arte sortu diren gatazkak.

2023ko apirilaren amaieran, lurraldeko taberna eta jatetxe gehienak biltzen dituen Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak zera eskatu zien 3.000 biztanletik gorako udalei: jaietako txosnak arautu eta salmentak kobratzeko Ticket Bai sistema erabil dezatela, tabernek egiten duten bezala. Eskaera hori justifikatzeko, tabernak dauden lekuetan egonda txosnek lehia sortzen dutela adierazi zuen patronalak.

“Txosnagunea espazio alternatibo gisa ulertzen dugu, herritik eta herriarentzako egina eta interes kapitalistarik gabekoa”.
Linus Finke, Gasteizko Txosnetako kidea

Eta, patronalaren eskaerari men egin zion Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bizpahiru hilabete geroago, Ticket Bai ezartzeko borondatea erakutsi zuen Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak. Mendozaren arrazoibidea ere interesgarria izan zen: “Txosnek irabazi asmoekin funtzionatzen badute, fakturak kontrolatzeko sistema elektronikoa izan beharko dute”.
Txosnak instituzionalizatu eta merkantilizatzeko asmoa ez zen Gipuzkoara mugatu: iazko uztailean Gasteizko Txosna Batzordeak (GTB) prentsaurrekoa eman zuen Arabako Foru Aldundiaren aurrean, hiriko jaiak hasteko aste gutxi falta zirela. GTBk salatu zuen hiriko txosnagunea “arriskuan” zegoela, aldundiak Ticket Bai erabiltzera derrigortu nahi zuelako. Gainera, larritzat jo zuen aldundiak “eredu herrikoi, kolektibo eta sozialen borondatezko lana enpresa pribatuekin” parekatu nahi izatea.

Azkenean, oztopoak oztopo, jaietan txosnak jartzea erabaki zuen GTBk, eta Gasteizko jaiak amaitu eta bizpahiru astera iritsi ziren mehatxuak: Ramiro González Arabako ahaldun nagusiak jakinarazi zuen aldundiak 64 enpresa edo norbanakoren aurkako espedienteak ireki zituela 2024. urtea hasi zenetik ordura arte, eta zigortuek gutxienez 20.000 euroko isuna jasoko zutela.

Kontrolerako tresna

2020an aurkeztu zuen Ticket Bai fakturazio sistema Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko foru aldundiekin batera. Lakuak, haren webgunean, fakturazio sistema hori jarduera ekonomikoak egiten dituen pertsona edo elkarte orori aplikatuko zitzaiela aurreratu zuen. Gainera, Ticket Bai-k dituen hainbat helburu ere aipatu zituen: zergapekoei “euren betebeharrak” betetzen laguntzea eta zerga iruzurrak saihestea. 

Linus Finke gasteiztarrak, ordea, bestelako iritzia du. Alemanian jaio bazen ere, duela 27 urte heldu zen Euskal Herrira, eta jada 25 urte daramatza Arabako hiriburuko jaien prestakuntzan murgilduta, lehenik txandak egiten eta orain Errekaleor Bizirik taldeko ordezkari gisa. Haren ustez, Lakuak Ticket Bai “kontrolerako tresna gisa” erabili nahi du: “Ticket Bairen bidez, Eusko Jaurlaritzak iruzurrezko jardueren susmopean izan dezake mundu guztia, eta horrek espazio alternatiboen nahiz komertzio txikien askatasuna mugatzen du”. Gainera, Finkek salatu du fakturazio sistema horren bitartez, aldundietako ogasun ikuskaritzek irabazi asmorik gabeko edozein elkarteren diru sarreretarako sarbidea izan dezaketela uneoro, zenbat diru sartzen eta ateratzen den jakitun izanik.

Finkeren arabera, txosnak ez dira enpresa bat, ezta jarrera merkantilista duen edozein erakunde ere: “Jarduera guztia borondatezko lanaren bitartez eramaten dugu aurrera, irabazi asmorik gabe”. Horrez gain, txosnen jarduera ez dela ekonomikoa aldarrikatu du Gasteizko Txosnetako partaideak, “politiko eta soziala" baizik: “Txosnagunea espazio alternatibo gisa ulertzen dugu, herritik eta herriarentzako egina eta interes kapitalistarik gabekoa”.

"Lortutako etekin ekonomikoarekin zer egiten da? Auzogintzako beste hainbat proiektu sozial eta kulturaletan inbertitu: hurrengo urteetako jaiak, hitzaldiak, tailerrak, kontzertuak, aisialdirako zein hezkuntzarako jardunaldiak...", diote txosnak babesteko ekimeneko kideek. Argazkian, Gasteizko Ama Zuriaren jaietako kontzertu bat, pasa den urtean. / JAIZKI FONTANEDA - FOKU

Ticket Bai ezartzeak txosnei zein bestelako espazio autogestionatuei ekarriko lizkiekeen zailtasunei dagokienez, Finkek azpiegitura teknikoaren nahiz digitalaren erabilera azpimarratu du: “Jaietan zehar borondatezko mila txanda baino gehiago egiten dira, eta bakoitzari sistemaren funtzionamendua azaltzea ezinezkoa da”. Diru sarreren digitalizazioa soilik ez, bestelako zenbait gestio administratibo ere egin beharko lituzkete espazio hauek: esaterako, jarduera ekonomikoetan alta ematea –eta baja ondoren, noski– eta zerga-aitorpena egitea.

Finkeren esanetan, “ez du mugarik”  instituzioek kontrolerako duten joerak: “Aspaldi galdu zuten iparra zentzu horretan, noizbait izan bazuten”. Espazio nahiz jarduera guztien digitalizazioaren bidez lortuko dute kontrol hori, haren ustez, eta hori justifikatzeko erabiltzen dituzten arrazoiak “betikoak” eta “zentzugabeak” direla adierazi du Errekaleor Bizirik-eko kideak: “Segurtasuna aipatzen dute, ustelkeriaren eta iruzurraren aurkako neurria dela, denok garela berdinak legearen aurrean, eta abar”.

Azken urteetan instituzioek espazio alternatiboen, eta horien artean txosnen aurka abiatutako ofentsibaren arrazoia argi du Finkek: “Irabazi asmorik gabeko elkarteek kapitalismoaren logika merkantilistatik eta pribatutik at jarduten dute. Instituzioei ez zaie hori gustatzen eta horrekin amaitu nahi dute”.

Negoziazioak Arabako Aldundiarekin

2020an aurkeztu bazuten ere, Ticket Bai ezartzeko legea 2022tik aurrera aplikatzeko asmoa zuten instituzioek. Hain zuzen, urte horretan jaso zuten Gasteizko Txosnek Arabako Aldundiaren lehen abisua, Finkek azaldu duenez. Hurrengo urtean ere ohartarazpen bera jaso zuten, baina abisua eman zen unetik jaien hasierara arte hain epe laburra egonik, elkarrizketak ez ziren gehiagora iritsi.

Iaz hasi ziren zailtasunak, ordea. Arabako hiriburuko txosnetako ordezkariek bi bilera izan zituzten urte horretan Arabako Ogasun diputatu Itziar Gonzalo de Zuazorekin –instituzio horri dagokio herrialdeko pertsona edo elkarte juridiko ororen jarduera ekonomikoak ikuskatzea–. 

Errekalor Bizirik-eko kideak dioenez, eztabaida luzeak izan zituzten Gonzalo de Zuazo eta bere taldearekin Ticket Bairen inguruan, hori ezartzera behartu nahi zituztelako.

Jai batzordeetako kideen hitzetan, txosnetan jende ugari aritzen da txandak egiten, eta guztiei Ticket Bairen ingurukoak azaltzea ezinezkoa dela diote

Azkenean, aldundiak eginiko aginduari uko egitea erabaki zuten Gasteizko Txosnak osatzen duten elkarte guztiek, akordio bat adostu ondoren Arabako Ogasun ikuskaritzarekin. Finkek azaldu du bi aukeren artean eztabaidatu behar izan zutela txosnetako kideek: espazioa utzi eta horrekin batera “40 urte baino gehiagoko ibilbidea amaitu”, edo lanean jarraitu “espazio alternatibo, antikapitalista, feminista eta parte hartzaile” horretan. 

Aurtengo jaietan txosnetan Ticket Bai sistema martxan jarriko dutela adostu zuten bi aldeek, baina erabaki hori hartzea “erraza” izan zela aitortu du Finkek: “Gure ideien aldeko borroka aurrera doa Ticket Bairekin eta Ticket Bai gabe. Gasteizko herri mugimenduaren parte gara, elkarren artean elikatzen gara, eta horrelako lege batek ez du hori aldatu behar”. 

Aipatzekoa da, gainera, espazio alternatiboei Ticket Bai ezartzeko agindua eman zien lehendabiziko foru aldundia izan zela Arabakoa. Hori PPk herrialdean duen influentziagatik dela uste du Finkek. 

Indarrak batuta aurrera egin

Eusko Jaurlaritzak bultzatu nahi duen txosnen merkantilizazioaren aurrean, bide bati ekin diote Euskal Herri osoko jai batzordeetako kideek: indarrak batzeari. Horren erakusle da maiatzaren 8an Bilboko, Gasteizko eta Donostiako herri jaietako ordezkariek egin zuten agerraldia. Hain justu, agerraldi horretan iragarri zuten maiatzaren 31n “txosnak eta herri jaiak defendatzeko” ekitaldia egingo zutela Bilbon. 

Hiru hiri horietako jaietako ordezkariek salatu zuten espazio publikoa erabiltzeko “geroz eta zailtasun gehiago” izaten dituztela: “Mundua pribatizatzen ari da, eta gero eta zailagoa da txosnak eta herri-jaiak antolatzea”. Egoeraren erantzuleak aipatzerako orduan, instituzioetan ezarri zuten jopuntua, euren ustez, lehentasuna irabazi asmoa duten jarduerei ematen dietelako. 

Finkek azaldu du Ticket Bairen inguruan izandako eztabaidetan ondorio batera iritsi zirela: Euskal Herri osoko jai herrikoietan txosnak “ezinbestekoak” dira, eta horien ibilbidea nahiz jatorria ezagutzea garrantzitsua da txosnen gisako espazio alternatiboekin aurrera jarraitzeko. Gasteizko Txosneko kidearen arabera, ordea, espazio hauek jarduera komertzial gisa ikusteak erakusten du hainbatek ez duela “ezer ulertzen”, eta tabernei konpetentzia egiten dietela pentsatzeak “kontzeptu kapitalistetan harrapatuta” gelditzea dakarrela.

Miribillako (Bilbo) anfiteatroan eginiko ekitaldi jendetsuarekin, Txosnak. Gureak, denonak dinamikari ekin diote Euskal Herriko 700 txosna eta 200 jai batzordek baino gehiagok. Txosnek etorkizuna bermatuta izan dezaten eta "jai eredu herrikoia" mantentzeko, sinadura bilketa bat abiatu dute, txosnak Euskal Herriko kultur ondare inmaterial izendatzeko. “Txosnarik gabe ez dago jai herrikoirik, ez auzoetan, ez herrietan ezta hirietan ere”, adierazi du Finkek. 

-----------------------------------------------

Ondare inmateriala

Nagore Ugartek eta Iker Martinek irakurri zuten 'Txosnak. Gureak, denonak' manifestua maiatzaren 31n Bilbon egindako agerraldian, dozenaka jai batzorderen izenean. Besteren artean, Txosnak.eus webgunean abiatutako sinadura bilketaren berri eman zuten. / PELLO MAUDO - ARGIA CC BY-SA

"Imajinatzen al dituzu jaiak txosnarik gabe? Guk ez. Txosnak ez dira edariak zerbitzatzeko barra hutsak", adierazi zuten Nagore Ugartek eta Iker Martinek maiatzaren 31n Bilbon egindako agerraldian, bertan bildutako Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako dozenaka txosna eta jai batzordeen ordezkari gisa. Irakurritako adierazpenean, azpimarratu zuten txosnak jai herrikoien "bihotza" direla, "elkartzeko eta elkar zaintzeko guneak, herriak bere nortasuna ospatzen duen lekua; tresna politiko, sozial eta kulturalak".

 "Jende askoren borondatezko lanarekin" jarduten dute txosnek, jai batzordeen hitzetan: "Gure tradizioak bizirik mantentzen ditugu, kultura sustatzen dugu eta komunitatea indartzen dugu. Txosnek partaidetza soziala bultzatzen dute eta sortzen dituzten onurekin proiektu kultural eta sozialei eusten diete. Herritik sortzen dena herrira itzultzen da". Horregatik, adierazi dute "ezinbestekoa" dela txosnak babestea, "festa soila" baino gehiago baitira. Helburuetako bat da Euskal Herriko kultur ondare inmaterial izendatuak izan daitezen lortzea, bertsolaritza bezala, adibide bat jartzearren.

700 txosna eta 200 jai batzordek baino gehiagok egin dute  bat dinamikarekin, eta herritarrak bi modutan atxiki daitezke horretara: Euskal Herriko jai guztietan egongo diren sinadura orrien bidez, eta ireki berri duten www.txosnak.eus webgunearen bitartez. "Herriz herri, jairik jai, txosnaz txosna eta kuadrillaz kuadrilla" sinadurak biltzen ariko dira, eta ondoren Eusko Jaurlaritzari helaraziko dizkiote.

"Egoera ez da erraza, ikusten ari gara zailtasun handiak ditugula egiten dugun lanarekin eta sostengatzen dugun jai ereduarekin aurrera egiteko", azaldu du Martinek Naiz irratian.

Txosnak babesteko, arazoa publiko egin nahi dute, instituzioei trabak ken diezazkieten eskatzeko. "Administrazioarekin elkarlanean gaude baina arazoak ere sortzen dira, ez garelako profesionalak", dio.

Bilboko agerraldian txosna bat muntatu zuten, eta giroa berotzen aritu ziren pandero jole eta trikitilariak, Andoni Ollokiegi musikaria, Joselontxos Donostiako txaranga, eta Izar Mendiguren, Beñat Gaztelumendi eta Oihana Bartra bertsolariak. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gizartea
AEBtako 1.800 hiritara zabalduko dituzte Trumpen kontrako protestak larunbatean

Dagoeneko 30 hiri inguru batu dira politika migratorioen eta militarizazioaren aurkako protestetara eta larunbaterako 1.800 hiritan dituzte protestak deituta. Los Angelesen egin bezala, hiri horiek ere militarizatzeko xedea aipatu du Trumpek. Guardia Nazionala hedatu dute... [+]


2025-06-13 | Aiaraldea
Kalean bizi den jendearen errealitateari kolektiboki erantzuteko, harrera sarea

Ondo Etorri Laudio Harrera Herria sortu dute, kale egoeran bizi diren pertsonen “bidelagun” izan eta “mugimendu arrazista zein xenofoboen aurka” borrokatzeko. Eskualdeko ikuspegiarekin landu nahi dute gaia, eta “lanean” jartzeko deia egin... [+]


Ertzaintzako kargu baten semearen drogen testaren desagerpena ikertzen ari da Polizia

Emaitza positiboa eman zuen iragan abuztuan egindako testak, baina Polizia Zientifikoaren laborategira bidali baino lehen Ondarroako komisariatik desagertu zen frogen poltsa.
 


Hernaniko San Juan Preludioa
“Haziak erein nahi izan ditut, gerora emaitza artistikoak jasotzeko”

Ekainaren 14an egingo da Hernanin San Juan jaiak iragartzen dituen 30. Preludio kontzertua. Aurten emakume bat izango du zuzendari musikal: Judith Montero Imaz. Behin batuta hartuko, eta emakumeek musika ondarean egindako ekarpena ekarri du fokupera. Berarekin eta Hernaniko... [+]


Subflubiala Ez! plataformak kanpaldia egingo du Leioan asteburuan

Kanpaldiaren helburua "osasuna eta ingurumena arriskuan jartzen dituen eta etorkizuna hipotekatzen duen proiektu jasanezina" geldiaraztea da.


2025-06-12 | Sustatu
YouTubek isil-isilik aldatu ditu gorroto politikak eta genero identitateari babesa kendu

Urte hasieran gertatu zen, urtarril eta otsail artean, Donald Trumpen bigarren agintaldia hasi zenean eta DEI politiken kontrako gurutzada hasi zuenean hark. Baina ez zen izan prentsa-ohar edo iragarpenik. Erabilpen baldintzetan, norbaiten "genero identitatearen eta... [+]


Inguma datu-base berritua aurkeztuta ekin die UEUk aurtengo ikastaroei

Udako Euskal Unibertsitateak hogei jardunaldi eta topaketa antolatu ditu ekainaren 11tik hasita hilabete batez, hausnarketari bide emateko eta "arnasgune akademikoa" izateko helburuarekin. Inguma datu-base berrituan unibertsitate mailako jakintza alor ugaritako ia 50.000... [+]


Lanbide Heziketa Dualaren “gezurra” salatu eta egoera aldatzeko eskatu du irakasle talde batek

Espainiako Lanbide Heziketaren legeak egoera larria ekarri duela iritzita, kezka nagusiekin manifestua idatzi du irakasle talde batek eta jasotako sinadurak aurkeztu dizkio Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzari. “Joan garen ikastetxe guztietan bat egin... [+]


Debako liburutegian haurrek jasaten duten diskriminazioa ezabatuko dute

6 urtez azpiko haurrek egunean ordubetez baino ezin zuten egon Debako liburutegian, eta egoera hori aldatzeko borrokan aritu da herriko ama talde bat. Udal gobernuak jarrera aldatu eta onartu du herritar guztiek, duten adina dutela, nahi dutenean egon ahal izatea liburutegian... [+]


Naparrari buruzko ‘16.060 egun’ dokumentala ikusgai, desagertu zela 45 urte igaro direnean

Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren gorpua bilatzeko bigarren saiakera kontatzen duen dokumentala interneten ikusi daiteke asteazken honetatik aurrera. Igandean ekitaldia egingo dute, Batallon Vasco Españolek iruindarra duela 45 urte bahitu eta desagerrarazi zuela... [+]


92 urteko gizon bati kartzela zigorra ezarri diote, zaintzaileari sexu erasoak egiteagatik

Akusazioa onartu, eta eragindako kalteengatik, kalte ordainak ordaindu dizkio: zigorra jaitsi diote, eta, beraz, ez du kartzelara sartu beharko. Beste gizon batek aitortu du bost urtez bikotekideari sexu abusuak egin zizkiola: zigorra jaitsi diote hamahiru urtetik laura, eta... [+]


Haurren aldeko ekosistema

Haurrak begiratzeko gure paradigma ez da erabat aldatu, baina aldaketak-edo egiten ari gara, egia da, beste kontzientzia maila batekin, aferak duen garrantziagatik-eta. Bazen garaia. Kontua da, baina, haurren bizitza gure esku dagoela, eta behar duten bizimoduan aldaketak... [+]


2025-06-11 | ARGIA
Pasa den astean geldiarazi zen etxegabetzea gauzatu du Poliziak Iruñean

Iruñeko Alde Zaharrean, San Lorenzo kalean, pasa den astean bertan behera utzi zuen etxegabetzea Espainiako Poliziak, hura galaraztera bertaratu baitziren ehun bat herritar. Asteazken honetan, lehen orduan, Polizia eta Iruñeko Udaleko gizarte zerbitzuak heldu dira... [+]


2025-06-11 | Paula Amilburu
V. Señora Sariketa
Itzulera bat: señorak eta señoritak

Señora Sariketaren V. edizioa izan da 2025ekoa, benetan berezia: aurtengo bertsolari parte-hartzaileak plazak utziak zituzten andre eta genero disidenteak izan dira. Binaka egin dute plazara itzulera, saioetarako giro goxo eta xamurra lagun. 


2025-06-11 | Nicolas Goñi
Duintasunez hiltzeko eskubidea baino lehen, duintasunez bizitzeko baldintzak zer?

Maiatzaren 27an Frantziako Estatuko Legebiltzarrak onartu zuen heriotzarako laguntza baimentzen duen legea. Askok aurrerapen humanistatzat jo arren, lege berri honek kezkak piztu ditu pertsona ezinduen eskubideen aldeko mugimenduetan. Gaur egungo gizarteak ez badizkie pertsona... [+]


Eguneraketa berriak daude