Mandio eta kanpandorreetan hontz zuriaren ulu mikatza gero eta gutxiagotan entzuten dugu. Zer dela eta? Urbanismo basatiaren eta laborantza intentsiboaren ondorioz, bere habitata suntsitu dugu. Baina gaueko hegazti harrapari bitxia funtsezkoa zaigu, soroak osasuntsu mantentzen dizkigulako. Ez dago plagizida natural hoberik. Gizakiok mendetan jazarria, azken urteetan beretzako habiak egiten hasi dira munduko bazter askotan, baita Euskal Herrian ere.
Pitillasko urmaeleko behatokian, ingurumen teknikariak “itxoin pixka bat”, esan digu. Hortik gutxira gelatxotik irten da, plastikozko zorro batean bilduta zerbait dakarrela: “Ikusten? Hau hontz zuriak ahotik botatako bolatxoa da, goizero topatzen ditugu eraikinaren atarian”. Egagropila deitzen zaien bolatxo horiek altxorra dira ornitologoentzat, haien bidez dakitelako hegaztiak zer irentsi duen. Digeritu ezin izan dituen iletxoen artean, satitsu eta saguen hezur txikiak ikus daitezke. Hontz zuria kapaz da gau bakarrean horrelako lauzbabost karraskari oso-osorik sartzeko zintzurrean barrena, inongo gupidarik gabe. Mila baino gehiago urtean.
Urmaelaren inguruan hontz zuria egotea seinale ona da, gaueko hegazti espezie hori gero eta urriagoa baita landa guneko parajeotan. Habia egiteko erabiltzen dituzten korta zaharretako zuloak estali dizkiegu, edo horien ordez pabilioi industrialak eraiki; nekazaritza intentsiboarekin pozoitu ditugu bazterrak, eta eskastu bere harrapakinak. Aranzadiko Nerea Pagaldaik, duela pare bat urte Bizi Baratzea sailean oso ondo azaldu zigun zein den ondorioa: “Janaririk ez bada, hontza zuririk ere ez”.
Nafarroako Unibertsitateak, hegaztiaren gainbehera erakusten duen ikerlana argitaratu zuen 2021ean, Cárcarreko Rúben Hernández biologoaren eskutik. Hontz zuria jadanik ez dago duela 25 urte egoten zen tokietan, bere bizilekuak industrializatu egin dira, eta Nafarroako toki askotan egindako kontzentrazio partzelarioa da arazo nagusietako bat: “Ingurumenarentzat oso kaltegarria izan da, laborantza guneetan geratzen ziren biodibertsitate erreserba apurrak, alegia partzeletako mugak, suntsitu dituelako”, azaldu zuen Radio Euskadiko elkarrizketa batean egileak. Soroen arteko hesi berde eta baso horiek ehiza toki apartak ziren hontz zuriarentzat.
Mila ehizakitik gora urtean, ez da gauerdiko ahuntzaren eztula. Horregatik esaten da soroetan triskantzak egiten dituzten mikro-ugaztunen izurriak saihesteko lagun paregabea dela hontz zuria. “Berez ez dira izurriak, aldian-aldian gertatzen diren populazio gailurrak baizik”, argitu digu Pitillasko teknikariak. Goraldi horien kontrol biologikoa egiten laguntzen zuen gure hegaztiak; baina plagizida natura hori gabe, masiboki fumigatzeari ekin diogu eta sorgin-gurpil bat sortu dugu. Hortaz, ez da arraroa orain bere falta sumatzea.
Arazoari erremedioa eman nahian azken urteetan hontz zuriarentzako habiak jartzen hasi dira han eta hemen. Cascanten, esaterako, Muerdago natur elkarteak horretan dihardu 2023. urtetik hango nekazariekin elkarlanean, eta Azagran upategi handi baten mahastietan jarri berri dituzte, Nafarroako Unibertsitateak lagunduta.
Euskal Herritik palestinara
Hontz zuria, hontza zuria, mozolo zuria, gabontza, gautxori zuria... Makina bat modutan deitu izan zaio hegazti espezie honi. Kuriositatea duenak Txoriak.eus atarian begira dezake, hor daude jasota guztiak. Euskarazko izenak zein izen zientifikoak (Tyto alba) agerian uzten duten moduan, gauaren erdian nabarmentzen den bere kolore zuriagatik dugu ezagun.
Gizakiagandik gertuan bizitzen ikasi duenez, haren inguruko esamesak ohikoak dira, tartean elizako lanparetako olioa edaten duela. Hori irakurri dugu Iñaki Sanz-Azkuek eta Eñaut Agirrek Urumea bailarako naturari eskainitako Gure faunari eta florari begira liburu zoragarrian, baita beste hau ere: “Luma bereziei esker, hotsik ez du ateratzen, eta sorpresaz harrapatzen ditu xagu gaixoak. Zast!”.
Gizakiek bakarrik ez, beste txoriek ere bat eginda taldean erasotzen dute hontza, egunez ikusiz gero: “Hontza txorien ihesi”, dio esamoldeak
Baina berezia den arren, hontz zuriak beste hontzakien (urubia, mozoloa, apo-hontza...) ezaugarri berdinak ditu: luma iletsu isilak, aurpegi borobila, buru teleskopikoa, begi handiak, belarri fina, gauerdian ohetik entzunda ere ezin konfunditu daitekeen ulua... “Hontz bat, hontza da. Ez dago zalantzarako tarterik”. Hori ez diogu guk, Desmond Morris zoologo britainiar ospetsu –eta sarritan eztabaidatuak– baizik. Berak idatzitako Owl liburuan –berriki gaztelaniaz berrargitaratua Búhos izenburupean– mundu osoko 198 hontz espezie zerrendatzeaz gain, hegazti horren erretratua egiten du, historian zehar kulturalki eta sinbolikoki izan duen eragina aztertzeko.
Morrisen esanetan, hontza animalia kontraesankorra da oso. Grezia klasikoan Atenea jainkosari loturiko hegazti jakintsutzat hartzen zen. Baina gero, sorginkeria, banpirismoa eta bestelako sineskeria ilunagoekin nahasi zuten kondairek, ez fidatzekotzat hartua: “Hontzari ez beha lumara”, dio esamoldeak. Ze kulpa dauka gauez eta isilpean bizitzen ikasi badu? Mendetan zehar jazarri izan da geroztik –nahiz eta baserritarrek beti izan duten estimuan ganbaratan–, eta hori gutxi balitz, gizakiek bakarrik ez, beste txoriek ere bat eginda taldean erasotzen dute hontza, egunez ikusiz gero: “Hontza txorien ihesi”.
Hontz zuriak ez du patu desberdina izan, baina orain berarekin berradiskidetu beharko dugu, ekosistemak onbideratu nahi baditugu. Euskal Herrian ez ezik, munduko beste bazter askotan ari dira beretzako habiak jartzen, baita toki gatazkatsu eta zailenetan ere. Txipren, adibidez, greziar eta turkiarren artean irla banatzen duen desmilitarizaturiko eremuan jarri dituzte.
Hontz zuriarekin berradiskidetu beharko dugu, ekosistemak onbideratu nahi baditugu. Euskal Herrian ez ezik, munduko beste bazter askotan ari dira beretzako habiak jartzen, baita toki gatazkatsu eta zailenetan ere
Handik ez oso urrun, Ekialde Hurbilean, hontz zuriaren ikerkuntzan munduko aditu nabarmenena den Alexandre Roulin biologo suitzarrak, “palestinarren eta israeldarren arteko elkarrizketa” sustatzeko proiektua jarri zuen martxan duela urte batzuk, hegazti horrentzako habiak bi herrialdeen arteko mugan paratuta, batetik bestera ibiltzen zelako ehizan. Baina Gazako genozidioa hasi zenez geroztik pikutara joan da dena, “konturatu naiz gauzek azkar kolapsatu dezaketela denbora gutxian”, esan dio etsituta Este País aldizkari mexikarrari.
Aurten, Atenasen, hontz zuriaren inguruko nazioarteko biltzarra egin dute, eta parte hartu duten herrialdeen artean Israel dago. Hango gobernuak propaganda gisa erabiltzen jarraitzen du hegaztiaren berreskurapena bere burua zuritzeko, gazatarrak bonbardatzen jarraitzen duen bitartean, gauez eta egunez.
Edozein arlotan, arazo bat suertatzen denean, eta ia inor ados jartzen ez denean, ohiko galdera plazaratzea da onena: Nori egiten dio mesede?
Sugea ikusi orduko: “Sugegorria!”. Telesforo Aranzadi zenak esaten baitzuen, begiek ez dutela ezagutzen dutena baino ikusten. Eta sugegorria ezagutu, ezagutzen dugunez (entzunaz, sikiera), hori bera izaten da joera: ikusten dugun suge oro sugegorria dela iruditzen... [+]
Artzain gisa hirugarren kanpaina du aurtengoa Koldo Vicente Eseberrik. Familia Otsagabikoa izan arren, Iruñean bizi izan zen txikitatik, baina abeltzaintzaren munduarekin harreman estua izan du beti. “Osaba artzaina zen, haragitarako ardiak zituen hemen, eta txikitan... [+]
Bada Garde. Urrutira gabe hor dago, urrutieneko mugaren guardan. Umetan ezagutu nuen Garde, ez dut gogoan zenbat urte nituen, baina landatuta geratu zitzaidan han ikusi nuena.-
Dei batek dena alda dezake. Eguna bai, bederen. Hurrengo orduetako martxa, sikiera. Ourensen dagoen lagunak jasotzen du Noainen dagoen Lugoko lagunaren deia. Dei bakar batek ekarri zituen Galizako elkarte bateko zortzi artzain eta ahuntzain bat etxera. Zoragarria izan zen... [+]
Valle de Odietako epaiketa epaiaren zain geratu da ostiral honetan Iruñeko Justizia Jauregian akusatuek deklaratu eta akusazioek eta defentsak haien ondorioak azaldu eta gero. Ez da aldaketarik egon alde bakoitzak egindako eskaeretan.
Vichamako (Peru) aztarnategian, arkeologoek 3.800 urte inguruko estatuatxo berezi bat aurkitu berri dute. Caral zibilizazioaren azken arokoa da, eta bi apo irudikatzen ditu.
Aztarnategi bereko hainbat hormairuditan gosetea, lehortea eta, finean, ingurumen krisiari lotutako... [+]
Garaipen historikotzat jo dute hainbatek: duela sei urte Ozeano Bareko estatu zaurgarrietako ikasle talde batek bultzaturiko ekimen baten ondorioz, Nazio Batuen auzitegi gorenak iritzia plazaratu du uztailaren 23an, zeinak munduko estatuek klima aldaketari begira dituzten... [+]
Italiako hainbat hiritan hondartzen eta itsasoaren izaera publikoa aldarrikatzeko mobilizazioak egin ditu udan Itsasoa Aske mugimenduak. Hondartzen erdia enpresa pribatuek kudeatzen dutenez, bainua hartzeko ordaindu beharra daukate herritarrek. Zonalde turistikoenetan ordainpeko... [+]
2023ko uztailean jaso genuen berria antzuolarrok. Irimon bi aerosorgailu erraldoi jartzeko proiektu bat aurrera eramateko eskaera jaso zuela Udalak. Hasieran zalantzak eta galderak: nor zegoen proiektuaren atzean? Zein zen proiektuaren benetako helburua? Zein izango... [+]
Emakumea eta lurra elkartzen dituen liburua idatzi du Onintza Enbeitak: Bizitza baten txatalak. Gure aurrekoen bizimodua jaso du, andre baten ahotan: "Baserria bere horretan, erromantizismorik gabe". Feli Madariaga (1932, Baldatika, Forua, Bizkaia) da andre hori, lurrari... [+]
François Bayrouk dimisioa eman eta ordu gutxitara izendatu du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ordezkoa: Sébastien Lecornu izango da lehen ministro berria, aurretik Defentsa ministro izandakoa eta Macronen oso gertukoa. Oposizioa haserre mintzatu da, ezker zein... [+]
Erdialdeko Amerikan izan da ARGIA uztailean, meatzaritza metalikoko megaproiektuek sortzen dituzten kaltean bertatik bertara ezagutzen. Guatemala eta Honduraseko meatzeak bisitatu ditu, eta El Salvadorren ere izan da, bertako egoera politikoaren berri jasotzen: herrialdean... [+]