2025-12-11 16:41

Jaizkibelen 2022ko urrian tiroz zauritutako belatz handia.

Azken urteotan Gipuzkoan tiroz botatako espezie babestuei buruzko txosten bat bidali die Batzar Nagusiei Lurralde Oreka Berdeko diputatu Xabier Arrutik, Elkarrekin Taldeak eskatuta. Txostenaren arabera, 2021eko urtarriletik 2025eko irailera bitartean tirokatutako 36 espezie babestu edo ez ehizagarriak erregistratu dituzte basozainek. Horietako 30ek babes-mailaren bat zuten, Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan, LESPRENn (Listado de Especies Silvestres en Régimen de Protección Especial) edo bietan sartuta zeudelako.

Kasu larrienak “galtzeko arriskuan” katalogatutako lau ale ziren (hiru miru gorri eta atalar bat) eta “bakan” gisa sailkatutako hamabi (bost belatz handi, hiru aztore, bi arrano txiki, belatz txiki bat eta zikoina bat).

Kontuan izan behar da 36 hegaztiok icebergaren tontorra baino ez direla, basozainek ez dutelako kasu guztien eta bakoitzaren berri, eta botatako ale asko ehiztariek berek jasoko dutelako edo sasi tartean galduko direlako.

Garbi dagoena zera da, ez direla kasu bakan edo isolatuak, ezta hurrik eman ere. Tiroz botatako espezie babestuena biodibertsitate-arazo kroniko eta larria da, behin eta berriro salatu dugun bezala. Esan dezagun, bide batez, gure salaketa horiek Aldundiari ez zaizkiola batere gustatzen, begi-bistan jartzen dutelako ez diola behar bezain sendo aurre egiten, ehizaren lobbyarekin dituen harremanak direla-eta.

Baten batek pentsatuko du hainbeste tiro botata “normala” ere badela noizean behin espezie babestu bat eta espezie ehizagarri bat nahastea. Horrela balitz, agerian geratuko litzateke tiro egin duenak ez duela ehiza-baimena izateko kapazitazio nahikorik. Baina errealista izan gaitezen: babestutako espezie bat botatzen dutenek nahita botatzen dute. Izan ere, zer aukera dago miru edo belatz bat ez ezik zikoina edo putre bat ere espezie ehizagarri batekin nahasteko? Nolako espezie ehizagarriarekin nahas daiteke zikoina bat?

2021eko azaroan Hondarribian tiroz botata agertu zen aztorea.

“Gertakarien larritasuna eta prebentzio-neurriak areagotzeko beharra” aitortu ditu diputatuak. Ez du, ordea, zer-nolako neurriak zehaztu, ezta nola areagotuko diren edo areagotzen ari diren ere. Susmoa dugu neurri horietako bat zela ehiza-jarduera eguzkia irten eta 60 minutu lehenagotik egin ahal izatetik eguzkia irten eta 20 minutu lehenagotik egin ahal izatera pasatzea, 2025-2026ko ehizaldia arautzen duen foru aginduan argitaratu zen bezala. Gero, baina, hura akats bat izan zen aitzakian, jarduera berriro eguzkia irten eta 60 minutu lehenagotik baimendu zuen Aldundiak, oraingoan ere ehizaren lobbyaren aurrean amore emanda.

Diputatuak nabarmendu du espezie babestuak tiroz botatzen dituztenak identifikatzea oso zaila dela (5 kasutan bakarrik identifikatu ahal izan dituzte). Ados gaude, noski, eta ñabardura bat gehituko dugu: “zaila da, baita ehiztari ‘legalez’ inguratuta daudenean ere”. Alde horretatik, zenbat aldiz itxi du Aldundiak ehiza-linea bat botatako espezie babestu baten kasu bat argitu arte? Ze, adi, espezie babestu bat botatzea ez baita arau-urratze administratiboa, faunaren kontrako delitua baizik.

Laburdibilduz: espezie babestuak tiroz botatzea biodibertsitate-arazo larri eta kronikoa da, eta, gure ustez, behintzat, Aldundiak ez dio aurre egiten behar bezain sendo.

Hona hemen, interesekoa iruditzen zaigulako, diputatuaren txostenean ageri den zerrenda:

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/