“Ez nintzateke ase sentituko, lau urteren ostean, hemengo kulturaz eta hizkuntzaz ezertxo ere ez baneki”

  • Iaz ezagutu nuen Hana Zjakic, Bollotomaseko bertso-saioaren aurretik mahai-buelta berean suertatuta. Ingelesez egin behar niola aipatu zidaten. Eta ni, orduan, kezkatu egin nintzen, ea saioan bertan inor arituko ote zitzaion xuxurlari. Lasai egoteko esan zidan berak, lehenago ere egon zela halakoetan itzulpenik gabe. Telefonoa eskatu nion elkarrizketa bat egiteko, noski.

Argazkia: Dani Blanco / CC BY-SA
Argazkia: Dani Blanco / CC BY-SA
 Hana Zjakic (Zagreb, Kroazia, 1993)

Bere familia bosniarra da, baina Australian bizi izan da txikitatik. Psikologia eta hizkuntzalaritza ikasi zituen bertan, eta hizkuntza-garapenaren eta -jabekuntzaren arloan espezializatu zen gero. Gaur egun arlo horretako ikerketan dihardu, haurren hizkuntza-garapenean hain zuzen, Donostiako BCBL zentroan. Arretari lotutako prozesu kognitiboak aztertzen ditu, hainbat metodoren bidez.

Orain hiruzpalau urte etorri zinen Donostiara bizitzera. Nolatan? 
Motibazio argi batekin etorri nintzen Euskal Herrira: tesi bat egin nahi nuen gaur egun nire tutorea denarekin. Masterraren ostean, bere ikerketa-laguntzailea izan nintzen Sydneyn [Australia] –bertakoa naiz–, eta haurren hizkuntzaren garapena ikertzen hasi nintzen. Garai hartan, berak lanpostu bat lortu zuen BCBL ikerketa zentroan, Donostian, talde bateko buru. Ni, azkenean, Belgikara joan nintzen eta han bizi izan nintzen zenbait urtez, ingeles-irakasle lanetan, baina, hala ere, tesi bat egiteko aukera buruan nerabilen oraindik, balizko hurrengo urrats gisa. Beraz, bere talderako kide bila zebilela jakin nuenean, aurkeztu egin nintzen, eta horrela iritsi nintzen Bruselatik Donostiara. Egia esango dizut: Donostiari eta Euskal Herriari dagokienez, batez ere iritsi ostean ezagutu nituen hizkuntza eta kultura. 

Haurren hizkuntza-garapena aztertzen duzu. Zergatik zaizu erakargarri? 
Hizkuntzaren jabekuntza aztertzea, izan haurtzaroan zein helduaroan, liluragarria da. Bizitzako garai desberdinetan dauden norbanakoei buruz asko ikasteko aukera ematen dizu. Nik, zehazki, haurren hizkuntza-garapenari buruzko tesia egin nahi nuen, arlo horrek erronka gehigarri batzuk dituelako. Umetxo bati ezin dizkiozu argibideak eman, helduekin egiten den moduan, eta zereginak bere kabuz bete ditzala; pazientzia eta sormena beharrezkoak dira.

Halaber, iruditzen zait jendeak gutxietsi egiten duela haurtxoengandik zer ikas dezakegun. Maiz, umetxo bati begiratu, eta jendeak pentsatzen du: zer ari ote da xurgatzen? Eta ez dute aintzat hartzen ezen, umetxoa paretari begira edo jostailu batekin jolasean dabilen bitartean, haren garuna jo eta su ari dela lanean, inguruko munduaren martxa ulertzeko eta mundu horretan beharko dituen gauzak ikasteko. Horregatik jarraitu nahi dut ikertzen: haurtxoen prozesu kognitibo horiek nola garatzen diren ulertzeko eta jakiteko zer-nolako eragina duten horretan guztian inguruneko faktoreek, hala nola elebitasunak. 

Izan ere, elebitasunari garrantzi handia ematen zaio BCBL zentroan. 
Gai interesgarria da: eztabaida handia izan da horri buruz. Historikoki, pentsatu izan da pertsona bati, eta bereziki haur bati, bi hizkuntzatan hitz eginez gero horrek kalte egin ziezaiokeela hizkuntzaren garapenari, eta nahasmena eta atzerapena eragin zitzakeela hizketan. Argudio horiek ikerketa konkretu batzuetatik atera ziren, diseinu kaskarren eta aurreiritzi kulturalen mende. Hamarraldi batzuk geroago, beste ikerketa batzuk argitaratu ziren, eta esaten zuten elebitasunak, kontrara, gaitasun kognitiboak hauspotzen dituela, eta horri tiraka “abantaila elebidunaren” hipotesia sortu zen: horren arabera, bi hizkuntza menderatuz gero, abilagoa izango zara arazoak konpontzen eta zeregin batetik bestera igarotzen. Gaur egun, “abantaila elebiduna” printzipio unibertsaltzat hartzeari uzten ari gatzaizkio, eta hobeto ulertu nahi dugu zer faktorek, indibidualak zein inguruneari lotuak, eragiten duten elebakarren eta elebidunen artean ikusten ditugun desberdintasunetan. BCBLko ikerketa-ildo indartsu bat da horixe.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Zu zeu elebiduna zara, eta elebitasuna ikertzen duzu. Bada loturarik bi kontuen artean? 
Bai, noski. Etxe elebidun batean hazi nintzen, baina, ez hori bakarrik, nire kasua oso konkretua izan zen: gurasoek bosnieraz egiten zidaten, eta nik ingelesez erantzuten nien. Gizarte, esan dezagun, elebakar ingeles-hiztun batean hazi nintzenez, ia lotsa sentitzen nuen etxean beste hizkuntza bat geneukalako. Orain, heldutan, sekulako tristura eragiten dit, zeren, nahiz eta Bosnian denbora asko eman dudan eta horri esker eroso sentitzen naizen bosnieraz komunikatzeko, gramatika-akats zozoak egiten ditut, ez dudalako txikitatik hitz egin izan modu jarraituan. Badakit, jakin, haurtzaroan hain burugogorra izan ez banintz, hiztun natiboaren pareko maila izango nukeela orain. Oso eskertuta nago, hala ere, gurasoekin, niri bosnieraz egiten jarraitu zutelako; horri esker, natiboen mailako ulermena daukat behintzat. 

Hizkuntza-maila natiboaz ari garela: zuk eta biok bertso-saio batean ezagutu genuen elkar, nahiz eta euskara apurtxo bat baino ez dakizun.
Ohartuta nago nazioarteko ikertzaileen komunitatean ohikoa dela komunitatearen barruan harremanak egitea. Ulertzen dut lasaigarria suerta daitekeela, leku berri batera joaten zarenean, zeure bizipen antzekoak dituzten pertsonekin harremana izatea, eta are gehiago zure jaioterritik kanpo bizi zaren lehen aldia bada: nire lankide batzuen kasua da hori. Lehen aldiz atera dira beren erosotasun-eremutik, zentzu horretan. Nire kasuan ez da hala.

Hona etorri nintzenean, ez nuen burbuilaren barruan geratu nahi. Zortekoa naiz, eta hemengo komunitateko zenbait kideren laguna egin nintzen, eta haiek beren mundua eta kultura erakutsi zizkidaten gustu handiz. Beraz, bertso-saio batean ezagutu baginen, horregatik da: batetik, beren bizitzaren alderdi bat niri konpartitzeko prest agertu diren lagunak ditudalako, eta, bestetik, neronek ere jakin-min handia erakutsi dudalako. Ez nintzateke batere ase sentituko lau urte hemen pasa ostean ez banu ezertxo ere ezagutuko hemengo lagunentzat hain garrantzitsuak diren kulturaz, hizkuntzaz eta ohiturez. 

"Kolonizazioaren ondorioz, Australian aborigenek muturreko indarkeria, desjabetzea eta injustizia instituzionalizatua jasan zituzten 1970eko hamarraldira arte"

Nolakoa da zuretzat bertso-saioetara joatea? 
Jakina, niretzat ez da zuentzat bezala, bertsolariek kantatzen dutena ulertzen duzuenentzat bezala. Baina esaten dena ez ulertzearen poderioz, beste gauza batzuei erreparatzen diet: ikus-entzuleen erreakzioei, oholtza gainekoen sentipenei… 

Beste kultur ekitaldi batzuetan egon naiz, baina, bertso-saioetan, zehazki, badago halako elementu nostalgiko bat ere, zeren Sydneyko nire auzoan poesia slam bat [poesia lehiaketa bat] egiten da. Australiako handiena da, esango nuke, hilean behin egiten dute, eta nire ahizpak parte hartu ohi zuen. Gogoan dut hilero joaten ginela, eta han bazela halako komunitate-sentipen bat, argi. Bertso-saioen antzekoa zen zentzu batean: ohiko parte-hartzaile batzuk zeuden, eta oholtza baliatzen zuten gai sozialen inguruan beren iritziak eta sentipenak adierazteko, eta ikus-entzuleek erantzun egiten zuten. Beraz, bertso-saioen testuinguruak neure etxea gogoratzea eragiten dit. Bestalde, zenbait lagun nahiko aktibo dabiltza bertsolaritzaren komunitatean, eta, alde horretatik, bertso-saioek lagun horiekin konektatzeko balio didate. Horretaz aparte, gozagarria zait euskara entzutea, eta hori ez da kalte. 

Azken tesi-urtea duzu. Zer moduz? 
Atzerrian bizitzeak eta ikasteak dakartzan erronkei buruz hitz egiten denean, maiz aipatzen dira gizarte berrira egokitzeko egin beharreko urratsak; gutxiago aipatzen dira, ordea, leku horretatik joan behar duzunean sortzen diren erronkak. Neure bizipenean, eta lehen ere aipatu dut zortekoa naizela, iritsi eta gutxira izan nuen nolabaiteko pertenentzia sentipen bat Euskal Herriarekiko. Eta, noski, neurri handi batean hemen ezagutu dudan jendeari esker gertatu da hori, prest egon direlako hemengo kontuak nirekin partekatzeko. Sentipen gazi-gozoa da; jendearekin halako lotura sendoak sortzen dituzunean, baina tesia amaitzera doanean, joan beharrak berekin dakartzan emozioei aurre egin beharrean suertatzen zara. Eta akademiaren errealitatea hauxe da: maiz, nahiko malgua izan behar duzu, eta zabalik egon behar duzu, aukerak non, hara joateko. 

Nire jatorria aintzat hartuta, bihotza erdibituta izango dut beti Europaren eta Australiaren artean. Nagoen egoeran, etorkizunera begira edozer aukeratuta ere, nire zati batek beti sentituko du etxe batetik urrun nagoela. Lehen, Australia eta Bosnia ziren. Orain, Australia, Bosnia eta Euskal Herria. Alde batetik, gauza ederra da, munduko hainbat toki etxetzat hartzea, baina ez da musu-truk: zauden lekuan zaudela ere, beti sentitzen duzu zeure zati bat beste lekuaren miraz dagoela. 

Australiakoa zarela esanda, zer jaso duzu euskal herritarren partetik?
Badirudi jendeari gehiago interesatzen zaiola nire familia bosniarra izatea, eta horren harira galderak egiten dizkidate, ea nolatan iritsi ginen Australiara. Enpatia handia sentitzen dut hemengo komunitatearekiko, jendeak lotura sendoa baitu bere sustraiekin, euskal sustraiekin. Bosniar-australiarra izanik, niretzat oso garrantzitsua izan da beti nire familiaren erroak ezagutzea, bereziki kontuan hartuz zer-nolako baldintzetan joan ginen gurasoak eta ni Australiara 1990eko hamarraldian. 

"Euskal Herrian, oso ederra izan da halako inguru batean bizitzea, non jendea bere identitatearekin konektatuta sentitzen baita argiki. Asko identifikatzen naiz horrekin"

Nola oroitzen duzu haurtzaroa, alde horretatik?
Ez nuke esango familia bosniar oso tradizional batean hazi nintzenik, baina gure etxean baziren zenbait gauza, haurtzaroko nire lagunen etxeetan ez zeudenak. Laster asko galderak piztu zitzaizkidan, ea zergatik egiten zituzten haiek zenbait gauza eta guk ez. Adibidez, zergatik joaten ziren nire lagunak beren aiton-amonak ikustera astebururo, baina niretzat, aldiz, zergatik izan ziren aiton-amonak, luzaroan, munduaren beste aldean bizi ziren pertsona batzuk, zuri-beltzeko argazkitan baino ikusten ez nituenak. Urteek aurrera egin ahala, gehiago ezagutu ditut nire familiaren historia eta Bosniako kultura, eta, horren ondorioz, oso konektatuta sentitzen naiz nire identitate bosniarrarekin.

Euskal Herrian, oso ederra izan da halako inguru batean bizitzea, non jendea bere identitatearekin konektatuta sentitzen baita argiki. Asko identifikatzen naiz horrekin, eta gogoan dut noiz sentitu nuen hori lehen aldiz hemen. Iritsi eta sei hilabetera-edo izan zen. Mutrikura joan ginen taldean, eta festaren bat zegoen portuan. Jende gaztea ikusi nuen, neure belaunaldikoak-edo, musika tradizionalaren erritmora kantuan eta dantzan. Irudi horrek guztiz harrapatu ninduen. 

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Instagrameko biografian Dharug lurraldea izendapena jarrita daukazu. Onartu beharra dut ez nekiela zer zen, eta Interneten bilatu behar izan dudala. 

Australiako hego-ekialdeko Dharug herri aborigena gogora ekartzeko modu bat da. Australia herrialde kolonizatua izan zen, eta historia ilun bat daukagu, zenbait jendek guztiz ezagutzen ez duena. Australiari buruz hitz egitean, erraza da natura miresgarriaz eta animaliez pentsatzea, eta biztanleriaren parte handi batek, batzuetan, ez daki lurraren jabe tradizionalak, herri aborigenak eta Torres itsasarteko uhartetarrak hain zuzen, bizirik dirauen zibilizaziorik zaharrenetako bat direla. Eta, kolonizazioaren ondorioz, muturreko indarkeria, desjabetzea eta injustizia instituzionalizatua jasan zituzten 1960ko eta 1970eko hamarraldira arte. Gaur egun, bereziki nire belaunaldian eta belaunaldi gazteagoetan, askoz eztabaida gehiago dago honi buruz, eta mugimendu gehiago ari dira lanean komunitate indigenen aitortzaren alde. Ondorioz, gero eta ohikoagoa da, adibidez, Australiako lekuak beren izen indigenaz aipatzea. Oso garrantzitsua iruditzen zait.

"'Abantaila elebidunaren' hipotesia sortu zen: horren arabera, bi hizkuntza menderatuz gero, abilagoa izango zara arazoak konpontzen eta zeregin batetik bestera igarotzen"

Lehentxeago Sydneyko zure auzoa aipatu duzu. Kontatuko zenidake zerbait horren inguruan? 
Sydneyko hego-mendebaldeko aldirietan hazi nintzen, eta hango komunitatean aniztasun handia dago. Esate baterako, Ekialde Hurbileko jende asko dago, baita Vietnamekoa ere. Eta, niretzat, gauza ederra izan zen ingurune horretan haztea. Australia oso multikulturala izanik ere, aniztasuna dagoen lekuan, maiz aurreiritziak eta estereotipoak zabaltzen dira. Sydneyko leku batzuetako jendeak jarrera negatiboak ditu aniztasun handiagoko auzoetatik gatozen pertsonekiko. Baina, ni neu eskertuta nago han hazi nintzelako: nire kontzientzia eta sentikortasun kulturala taxutu ditu. Eta, esan bezala, Sydneyko nire auzoaren ezaugarri aipagarri bat da halako komunitate-sentipen bat daukala, eta horren erakusgarria dira, besteak beste, lehen aipatu dizkizudan poesia-lehiaketak. 

Nola deitzen da lekua?
Ni hazi nintzen ingurua? Ederki. Ba harrotasun handiz diot Bankstownekoa naizela. Bankstownen, baina baita Sydney mendebaldeko ingurune zabalagoan ere, arte eta artista miragarriak ditugu. Aniztasun handia dagoenez, artista horietako askok beren sustrai kulturalak lantzen dituzte, eta, ez dakit, iruditzen zait Sydneyko eremu horrek asko daukala emateko. Ez da nire meritua, baina eskertuta nago nire gurasoek hara joatea erabaki zutelako Sydneyra iritsi zirenean, zeren, bestela, beharbada nire jarrera desberdina zatekeen gaur egun. Esango nuke Bankstownen hazi izanari zor diodala komunitateaz daukadan ikuspegia eta beste kultura batzuk ezagutzeko daukadan grina. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Australia
Silikosi epidemia: kasuak biderkatu egin dira sukalderako harri-artifizialaren ondorioz

Silizearen hautsak sorturiko gaitz eta biriketako minbizi kasuek ez dute etenik azken urteetan. Australian, Ingalaterran edo Espainiako Estatuan alarmak piztu dira, eta kristal-silizea duten kuartzozko sukalderako mahaiak egitea debekatzeko urratsak ematen hasi dira.


Australian 16 urtez azpikoei sare sozialak debekatu izanaz hainbat gogoeta

16 urtez azpikoek laster ezingo dute sare sozialik erabili Australian, eta antzeko neurriak ezarri nahi dituzte Espainiako eta Frantziako gobernuek ere. Neurriaren eraginkortasunaz, sare sozialetako eduki eta dinamikez, pribatutasunaz eta plataforma handiek honetan guztian duten... [+]


Australiako aborigenen buztingintza

Australiako ipar ekialdean dagoen Jiigurru uhartean duela 2.000-3.000 urteko zeramika zatiak aurkitu dituzte James Cook unibertsitateko eta Australiako Ikerketa Kontseiluko kideek. Australian orain arte aurkitutako zeramika arrastorik zaharrenak dira. Arrastoen azterketa... [+]


Erika Gonzalez. Australian ere zakurrak hanka-hutsik
“Pribilegiatua sentitzen naiz, baina gogotik lan egin behar izan dut”

Hamasei urte zeramatzan Gabonak hemengo etxean igaro gabe. Urruti baita beti Australia. Haatik, lanak Euskal Herrira etortzeko aukera eman zion iragan urtearen amaieran, eta Lazkaon izan genuen aurtengo jaietan. Hangoak hango eta hemengoak hemengo, ibili dituen bide bihurri... [+]


Australiako Egun Nazionala “inbasioaren eguna” dela aldarrikatu dute milaka lagunek aurten ere

Britaniarren kolonialismoaren aurka egin dute, ekintzaile aborigenek inbasioaren eguntzat hartzen baitute. Melbournen hainbat monumentu kaltetu dituzte, esaterako, James Cook kolonizatzaile ingelesaren estatua.


Jatorrizko herritarrak konstituzioan onartzeari uko egin dio Australiak erreferendumean

Konstituzioaren zuzenketaren proposamena Anthony Albanese lehen ministroak bultzatu du. Hala ere, herrialdearen gehiengoak ezezkoa bozkatu du erreferendumean.


2023-08-30 | Ilargi Manzanares
Indigenak aitortzeko erreferenduma egingo dute Australian

Urriaren 14ean egingo dute konstituzioa aldatzeko bozkaketa. Lehen Ministro Anthony Albanesek “nazioa elkartzeko aukera” gisa definitu du erreferendumaren eguna.


2023-06-08 | Ilargi Manzanares
Australiako lehen ministroak Julian Assange askatzeko eskatu du

“Nahikoa da”, esan du Anthony Albanese Australiako lehen ministroak Democracy Now!-ko albistegian, eta eskatu du Julian Assangeren kasua bertan behera uztea. Wikileaks-en fundatzaileak lau urte daramatza Londreseko Belmarsh kartzelan, estradizioaren zain AEBetan... [+]


Australian jatorrizko herritarrak Konstituzioan aitortzeko erreferenduma egingo dute

Proposamenaren arabera, Herritarren Ahotsa taldeak ekarpenak egingo ditu aborigenen eta Torres Itsasarteko Irlen inguruko gaietan. Azken 50 urteetan ez da aldatu Australiako Konstituzioa.


Hamaika aborigen baino ez daude Australiako Parlamentuan

Alderdi ezberdinetakoak dira, eta orain arte egon den aborigen-errepresentaziorik handienetakoa da.


‘Endeavour’ aurkitu dute ala ez?

Berriki Australiako Itsas Museo Nazionalak (ANMM) jakinarazi du James Cook esploratzaileak Australia eta Zeelanda Berrira lehenengoz iristeko erabilitako itsasontzia aurkitu dutela.


AUKUS aliantza berria: Australia arma nuklearrez horniturik, Ozeano Barean urak gero eta zakarrago

Irailaren 16an Scott Morrison, Boris Johnson eta Joe Bidenek aurkeztu zuten AUKUS, Txinak omen dakarren mehatxuari aurre egiteko Australiak, Erresuma Batuak eta AEBek (AU+UK+US) sortu itun militar berria. Agerraldian Australiak jakinarazi zuen bertan behera uzten zuela... [+]


Eguneraketa berriak daude