Victoriako estatuan sinatutako tratatuak eskubide gehiago emango dizkio Jatorrizko Herrien Asanbladari: jatorrizko herrien ordezkari formal gisa aitortzen ditu. Herriaren memoria berreskuratzeko ere balioko du legeak.
Australiako Victoria estatuak lege “historikoa” onartu du ostiralean, Australiako Jatorrizko Herrien Asanbladako kideek adierazi dutenez. Historian lehen aldiz, Australiako erakunde publiko batek formalki onartu ditu jatorrizko herrien eskubideak. Hemendik aurrera, Victoriako Jatorrizko Herrien Asanblada entitate legala izango da parlamentuan, eta eskubidea izango du gobernua galdekatzeko, eta gobernuak asanbladarekin kontsultatu beharko ditu jatorrizko herriei dagozkien legeak. Horrez gain, legeak memoria ariketa ere proposatzen du: eskoletako curriculumean eragiteko asmoa du, baita jatorrizko herriei barkamen eske ofiziala egitekoa ere.
“Tratatuak aro berria ezarriko du, jatorrizko herrien 60.000 urteko jakintza eta kultura errespetatu eta ospatuko dituen aro berri bat”, adierazi du akordioa onartu berritan Rueben Berg atorrizko Herrien Asanbladako diputatuak. Akordioak 21 boto izan ditu alde, Alderdi Laboristaren, Berdeen, Kanabisa Legeztatzeko Alderdiaren eta Animalien Justiziaren aldeko alderdien bozkak; aurka hamaseik bozkatu dute.
Akordioaren onarpena ia hamar urteko prozesuaren ostetik heldu da. 2016an hasi zituzten elkarrizketak, Alderdi Laboristaren gobernuak bultzatuta. Prozesua luzea izan da, eta bozketa askokoa: 2018an onartu zuten Jatorrizko Herrien Asanblada jatorrizko herrien eta Torres Strais uharteetako biztanleen ordezkari gisa; 2022an akordioa arautuko zuen erakunde independentea bozkatu zuten; eta iaztik hona akordioaren nondik norakoak negoziatzen aritu dira.
Aitortza eta barkamen eskea
Funtsean, akordioa aitortza da, lehena Australia osoan. Jatorrizko Herrien Asanbladari eskubide eta botere batzuk aitortzen dizkio, Victoriako Parlamentuan entitate bat izatea. Alegia, hemendik aurrera, asanbladak aholkularitza rola beteko du Victoriako Gobernuarekiko. Era berean, eskubidea izango du gobernuko ministroak eta departamentuak galdekatzeko. Gobernuak berak ere izango du betebeharrik asanblearekiko, jatorrizko herriekin zerikusia duten legeetan asanblada kontsultatu beharko baitu. Edonola ere, azpimarratu behar da kontsultak izango direla, asanbladak ez baitu beto eskubiderik.
Parlamentuari beren beregi dagozkion neurriez gain, akordioak badu barkamen eskea gizarteratzeko asmoa. Horretarako, eskoletako curriculuma moldatzeko konpromisoa aitortzen du legeak, “egia kontatzekoa”, hezkuntza curriculum osoan; baita barkamen eske ofiziala ere. Bestalde, espazio publikoan jatorrizko izenak erabiltzea bultzatuko da, hala nola parke natural eta nazionaletan, besteak beste.
Etorkizunean, zer?
Victoriak onartu berri duen akordioa mugarria da jatorrizko herrien eskubideen aitortzan, baina ez bakarra. Parlamentuak berak onartua du akordioa ez dela beste akordio batzuk sinatzeko oztopo izango: are, bidea ireki dio bestelako gaiak arautuko dituzten akordioak ere onartzeari, etorkizunean. Edonola ere, etorkizuneko onarpenak parlamentuaren osaeraren araberakoak izango dira. Izan ere, 2023an oposizioko alderdien koalizioak babesa kendu zion akordioari, erreferenduma galdu eta gero. 2023ko erreferendum horrek australiarrei jatorrizko herriak konstituzioan onartzea aukeran eman zien, eta herritarren %60k aurka bozkatu zuen.
Akordioa Australia luze zabalera hedatzea beste kontu bat izango da. Victoriakoaz gain, gainontzeko estatuetako parlamentuetan ez da prozesu argirik jarri martxan jatorrizko herrien entitate juridikoaren aitortzarako. Hego Australiako Parlamentua da zentzu horretan pauso gehien eman dituena, Victoriakoarenaren atzetik: 2023an jatorrizko herrien ordezkariak izan zituen parlamentuan, eta konpromisoa hartu zuen mota horretako akordio bat onartzekoa. Baina, momentuz, ez du prozesurik jarri martxan.
Gainontzeko estatuetan are geldoagoa da aitortzarako bidea. Mugimenduak egon badira ere, ez da aurrerapauso garrantzitsurik izan, eta egon direnetan eskuineko alderdien betoa izan dute.