Plastiko kutsadurari buruzko gailurraren porrotak arazoa kudeaezin bihurtu dezake

  • Plastiko kutsadurari konponbide bat adosteko goi-bilera zikloa bukatu berri dute, Hego Koreako Busan hirian iragandako bosgarren gailurrean ere porrot eginda: hitzarmenik adostea ez dute lortu, nagusiki plastiko esportatzaile handiek negoziaketak oztopatu dituztelako. Bitartean, kutsadurak darrai, txiroenak gehiago kaltetuta eta gure osasunean zein atmosferaren dinamikan ondorio geroz eta handiagoak eraginda.

Plastiko zaborra herrialde txiroetan arazo bereziki larria da, bertako arautegi eskasagatik eta neurri handi batean Ipar globaleko zaborra jasotzen dutelako.
Nicolas Goñi
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Nahiko oharkabean pasa dira Hego Koreako Busan hirian azaroaren 25etik abenduaren 1era igarotako negoziaketak. Iazko ARGIAren 2.849 zenbakiko Birziklapenean baino, erabilera murriztean datza plastiko kutsaduraren konponbidea artikuluan azaltzen genuen bezala, duela bi urte bortz goi-bilerako zikloa abiatu zuten munduko 170 estatuk, plastiko kutsadurari konponbidea aurkitzeko xedez. Azken bileraren karietara Panamako delegazioaren buruzagi Juan Carlos Monterrey Gómezek zera adierazi zuen: “Plastikoa suntsipen masiboko arma da; hemen ez gara edozein hitzarmen negoziatzen ari, klimari buruzko 2015eko Pariseko hitzarmenaz geroztik gizateriaren biziraupenerako dugun hitzarmen garrantzitsuena da”.

Halere, estatu batzuk negoziaketak oztopatzen ibili dira eta hitzarmen global bat adostu beharrean, porrota nagusitu zaie zikloaren azken gailurrean. Sorpresarik gabe, petrolio –eta beraz plastiko– saltzaile handiak izan dira hitzarmena oztopatzen ibili direnak, bereziki Saudi Arabia, Iran eta Errusia. Europako diplomazialari batek AFP agentziari deskribatu dioenez, oztopo gisa, bortz minutuko 60 bat hitz hartze egiten dituzte azken egunetan, bakoitzean hitzarmen proiektuari esaldi soil bat aldarazteko aitzakiarekin. Plastiko ekoizpenaren murrizketa eskaera "negoziaketen markotik kanpo" zegoen Kuwaiteko delegazioaren arabera, eta Errusiakoak zioen horrek "pobrezia ekarriko lukeela petrolioa erauzten duten herrialdeetan".Adierazpen oso diplomatiko batean, plastiko kutsadurari buruzko gobernuarteko komitearen presidente Luis Vayas Valdivieso ekuatoriarrak nabarmendu du "hainbat kontu kritikok" oraino eragozten dutela hitzarmen globala, eta "denbora gehiago" beharko dutela horiek "modu eraginkorrean konpontzeko". Monterrey Gomezek, aldiz, modu zuzenagoan salatu du "mundu mailako traizioa". Itsasoan galdutako polietilenozko arrantza sare bat baino korapilatsuagoak dira negoziaketa horiek.

Aberatsen zaborra, txiroen pozoia

Kutsadura hori ez da denetan begi bistakoa, eta hainbat joerak gure hautematea bihurritu dezake. Atzoko plastikozko makrozaborrak (botilak, poltsak, jostailuak...) ez dira desagertu, baizik eta txikitu eta planeta osoan barreiatu. Gaur egungo mikroplastikoak bihurtu dira eta horien kopuruak gora joaten jarraituko du plastiko berria ekoizten jarraitzen duguno. Horrez gain, itsasoan batez ere, makro- eta mikroplastiko kopuruak oso aldakorrak izan daitezke tokiaren arabera: Mediterraneoak, adibidez, munduko itsas uraren %1 baizik ez du, baina, munduko mikroplastikoen %7. Bizkaiko Golkoaren azalean pilaketa-­gune batzuk daude, non inguruan baino 10.000 aldiz zabor gehiago dagoen. Eta, nagusiki, ipar globaleko hondakin ekoizle handiek plastiko kutsadura herrialde txiroagoetara esportatzearekin, han metatzen da hemendik kendu dugun arazoaren zatia. Luzaz, Asia hego-ekialdeko hainbat herrialdek inportatzen zituzten, baina Txinak eta bertze batzuek inportazio horiek murriztea erabaki zuten, parte handi bat Indonesiara birbideratuta.

Teorian, birziklagarriak baizik ez ditu inportatzen Indonesiak, baina zabor ilegal asko sartzen dira ere. Gainera, paperezko zaborrarekin batera %2 plastikoa izan daitekeelako, Ipar globaleko hainbat herrik nahita sartzen du %2ko plastikozko zaborra Indonesiara bidaltzen dituen paper birziklagarrien artean. %2 hori urtean 60.000 tona inguru dira, eta metatzen zaizkio urtero bidaltzen zaizkien 260.000 tona plastiko ofizialki "birziklagarriari". Bidalketaren arrazoia: plastikoa birziklatzea berria ekoiztea baino garestiagoa izan ohi dela. Indonesiara doan %2ko plastiko "toleratu" hori  biztanleek berek sailkatzen dute, birziklagarria ez dena edonora botata edo erregai gisa baliatuta etxeetan edo lantegietan, egurra baino merkeagoa delako.
Tropode hiriko tofu lantegi batek, adibidez, plastiko hori erregai gisa baliatzen du tofua ekoizteko. Prozesuan, hautsa lurrera erortzen da eta inguruko oiloek jaten dute. IPEN erakundeak Plastic Waste Poisons Indonesia´s food chain (Zabor plastikoak Indonesiako janari katea pozointzen du) txostenean azaldu bezala, arroltzeetan neurturiko dioxina maila Europan baimendurikoa bider 70ekoa da, eta dioxinaz gain, oso toxikoak eta iraunkorrak diren PCB, PBDE, SCCP eta PFOS molekulak ere maila handian neurtzen dira. Sorpresarik gabe, munduan mikroplastiko gehien irensten duten herritarrak Indonesiakoak dira: hilabetean 15 gramo, AEBetan baino 100 bider gehiago.

Kudeatu ezineko mailak

Gaur arteko joerak jarraitzen badu, 2060an hirukoiztuko da plastikoaren erabilera, eta beraz plastiko zabor kopurua. Baina, hemendik hamarkada batera munduak ezinen du plastiko zabor maila kudeatu, Busango goi-bileran Norvegiako nazioarteko garapen ministro Anne Beathe Tvinnereimek adierazitakoaren arabera.

Urtero deskubritzen da mikroplastikoak barreiatzen diren eremu gehiago. Bagenekien giza plazentan, odol-zainetan, burmuinean edota esperman aurkitzen direla mikro- edo nanoplastikoak, gure osasunaren kalterako –bihotzekoak, buruko-isuriak edota arazo neurologikoak, bertzeak bertze–. Atmosferan barreiatzen direla ere bagenekien, baina Pennsylvaniako unibertsitateko ikerketa berri batek erakutsi digu hodeien sorrera erraztu dezaketela. Hauts partikulek hodeiak sortu ohi dituzte, lurruna ur tantatan edo izotz kristaletan kondentsatzerakoan; antzeko ezaugarria dute mikroplastikoek, baina kondentsazioa hautsek baino 5-10 gradu gehiagoko tenperaturetan gertatzen da. Bertzela errana, mikroplastikodun hodeiek izotz gehiago daramate, eta horrek hodeiei ezaugarri ezberdinak ematen dizkiete eguzki izpiak islatzeari eta lurreko erradiazioak harrapatzeari dagokionez.
Ikerketaren autore diren Miriam Freedman eta Heidi Bussek dioskute horrek dituen ondorio klimatikoak ez direla oraindik aski ongi ezagutzen. Halere, nahiko eta gehiegi ziren klima aldaketaren eraginak, halako geoingeniaritza kontrolagabea gehitu gabe ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kutsadura
Munduan 220 milioi tona plastiko sortu eta %10a baino ez dira birziklatzen urtero

220 milioi tona plastiko sortzen dira munduan eta %10a soilik birziklatzen da, zifra hori hamar urtez mantendu da bere horretan. Hainbat talde ekologistek salatu dute egoera uztailaren 3an, plastikozko poltsarik gabeko nazioarteko egunean.


Petronor findegiak du ingurumen inpaktu handiena Euskal Herrian

EHUko Ekopol ikerketa taldearen datuen arabera, Bizkaia da Euskal Herrian ingurumen inpaktu handiena eragiten duen lurraldea, guztizkoaren %52 izanda. Euskal Herrian ingurumen-inpaktu handiena duten 25 industria-instalazioen artean, Muskizeko Petronor petrolio-findegia da... [+]


EAEko herritarren %58k mugak gainditzen dituen aire kutsatua arnastu du 2024an

EAEko 1,3 milioi biztanlek Europar Batasunak 2030erako ezarri berri dituen mugak gainditzen dituen aire kutsatua arnastu zuten 2024an, Ekologistak Martxanek eginiko ikerketaren arabera.


B etiketadun ibilgailuak Bilboko Emisio Gutxiko Eremuan sartzea debekatu dute

Neurriak orain arte, A etiketadun eta etiketarik gabekoei eragiten zien.


Sader-Profersaren Zorrotzako lantegien jarduera etetea eskatu dute auzokideek osasuna kaltetzen duelako

Auzo elkarteak, herri mugimenduak eta ekologistak batu ziren asteazkeneko kontzentrazioan. Lantegien jardueraren amaiera itxaroten ari dira duela hamar urte.
 


Donostiako Udala vs. Ekologistak Martxan: nork du arrazoi?

Ekologistak Martxan taldeak ohartarazi ostean Donostiako Ategorrieta hiribide inguruan airearen kutsadura maila oso handia dela, udaletik zalantzan jarri dute erabilitako metodologia eta adierazi dute errepide horretan dagoen estazio ofizialaren datuak hartu behar direla... [+]


Eskola inguruetako aire kutsadurarik handiena Donostiako hiru ikastetxetan eta Bilboko bitan atzeman dute

Donostiako Zurriola Haur Hezkuntza, La Asunción eta The English School ikastetxe inguruak eta Bilboko Kontxa Eskola eta Calasancio-Escolapios dira nitrogeno dioxidoaren muga legala gainditzen dutenak, Ekologistak Martxanek hainbat eskola ingurutan egindako azterketaren... [+]


Itsasadarreko tunelaren obretarako leherketak legeztatzearen aurka mobilizatuko da ostiral honetan ‘Subflubiala Ez!’

Giza-katea antolatu du Subflubiala ez! plataformak eta hitzordua Artaza-Romo Institutuan jarri du gaurko 18:00etan. Bizkaiko Foru Aldundiak Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena (IIA) aldatzea du helburu eta horrelakorik ez du onartzen plataformak.


Kutsadura maila handi eta arriskutsuak behatu dira Zubietako erraustegiaren inguruetan

Europan kutsadura maila aztertzen aritzen den Toxicowatch erakundeak egindako ikerketaren emaitzak dira. Erraustegia martxan jarri aurretik egin zituzten lehen azterketak, eta ondoren 2024ra arteko laginak aztertu dituzte. Iazko laginen emaitzak dira honakoak.


Emisio gutxiko eremua behin-behinean etetea erabaki du Euskal Hirigune Elkargoak

Frantziako legebiltzarrean Errepublikanoek eta Batasun Nazionalekoek egindako zuzenketen harira dator erabakia. Zuzenketak onartu dituzte, eta, beraz, Euskal Hirigune Elkargoak emisio gutxiko eremua ezartzeko gastu ekonomikorik ez egitea erabaki du.


Munduko energia kontsumoaren igoera eragin dute industriaren, AAren datu-zentroen eta bero boladen areagotzeek 2024an

Energiaren Nazioarteko Agentziak (IEA) astelehenean argitaratutako txostenaren arabera, %2,2 igo da energia eskaria 2024an aurreko urtearekin alderatuta, besteak beste, egiturazko arrazoi hauengatik: beroari aurre egiteko argindar gehiago erabili beharra, industriaren kontsumoa... [+]


2025-03-19 | Elhuyar
Kutsatzaile kimiko toxikoak hauteman dituzte Iratiko liken eta goroldioetan

Kutsatzaile kimiko toxikoak hauteman dituzte Iratiko oihaneko liken eta goroldioetan. Ikerketan ondorioztatu dute kutsatzaile horietako batzuk inguruko hiriguneetatik iristen direla, beste batzuk nekazaritzan egiten diren erreketetatik, eta, azkenik, beste batzuk duela zenbait... [+]


Aztarnak

Lurrak guri zuhaitzak eman, eta guk lurrari egurra. Egungo bizimoldea bideraezina dela ikusita, Suitzako Alderdi Berdearen gazte adarrak galdeketara deitu ditu herritarrak, “garapen” ekonomikoa planetaren mugen gainetik jarri ala ez erabakitzeko. Izan ere, mundu... [+]


Nestlé eta Sources Alma eskandalua: supermerkatuko ur natural botilak ez genituen uste bezain naturalak

Ur kontaminatua ur mineral eta ur natural gisa saltzen aritu dira urte luzeetan Nestlé eta Sources Alma multinazional frantsesak. Legez kanpoko filtrazioak, iturburuko ura txorrotakoarekin nahasi izana... kontsumitzaileen osagarria bigarren mailan jarri eta bere interes... [+]


Eguneraketa berriak daude