Esaten da Simone de Beauvoir-ek idatzi zuela zapaltzailea ez litzatekeela hain indartsua izango zapalduaren lerroetan konplizerik ez balu. Niri oso normala iruditzen zait... zer nahi duzue, ba? Zapalduta zaudenean, ulergarria ere bada zure kondizio hori hobetu nahi izatea, eta horretarako oso erabilgarria da zapaltzaileari erosotasuna eskaintzea. Horretarako, adibidez, aukera bat izan liteke zapaltzaileak zure okertasunaz dituen susmoak eta aurreiritziak konfirmatzea. Zutaz dituen susmoak zuzenak direla ikusteak zapaltzailearen kontzientziari atsegina emango dio.
Komenigarria da zapaltzailearen alderdian dagoen jende zuzenbidezale guztiari bide onetik doazela baieztatzea, hau da, hobe jende horri onartu zapalduak hobeto daudela zapaltzaileen kontrolpean eta agindupean, kontrolpe eta agindupetik kanpo baino. Imajinatu bestela zein gogorra izango litzatekeen beraientzat herri edo giza talde hartako jendea eurak adinakoa dela pentsatu beharrean balira, eurak bezain ahulak, indartsuak, korapilatsuak, alaiak, hain azkarrak, tontoak, onak, edota gaiztoak. Zapaldu horiek beraiek bezain jende kapaza direla, parekoak… hori pentsatuz bizi beharra ez da erraza.
Lasaiago daude han bizi den norbaitek, edo talde horretako norbaitek, okerkeria susmoak konfirmatzen dizkionean. Leku askotan dauzkagu horri buruzko adibideak, baita oso gertu ere. Badira euskaldunak, katalanak, eta abar, espainiarrei baieztatzen dietenak beren herriak okerragoak, atzeratuagoak, itxiagoak, kontserbadoreagoak direla eta, azken batean, Espainiaren kontrolpean hobeto daudela. Duela gutxi, aldizkari zaharrak irakurtzen ari nintzela, horren adibide paradigmatiko bat aurkitu nuen. 1911ko abenduaren 7an, Nuevo Mundo aldizkari madrildarrean, Luis Olariaga gasteiztarrak Tierra de Brujas (Sorginen lurra) izeneko artikulua idatzi zuen.
Badira euskaldunak, katalanak, eta abar, espainiarrei baieztatzen dietenak beren herriak okerragoak direla eta Espainiaren kontrolpean hobeto daudela
Zuek ez duzue nire lurralde barbaroa ikusi (...). Han, arratsaldean, argia itzaltzen denean, itxura betiluna eta barnera bildutakoa hartzen dute. Eta elurrak misteriozko tulekin babesten ditu. Ordu horretan, atso zahar-zaharren kontseilariek diotenez, antzinako harkaitz haietatik sorgin miragarriek jauzi egiten zuten. Eta zergatik ez dute ba, oraindik, saltoka jarraituko? Ez al dute izugarrikeriazko mito horiek nire lurra beldurtzen jarraitu behar? Ongi esana dago zientziak fantasiari galga jarri diola, noski. Baina nire lurralde hartan ez. Zoazte beren haitzarteetan barrena sigi-saga. Ikusiko duzue.
Ikusiko duzue bizitza tristeago hura, pobreago eta itzalez beteago hura. Ogi gutxi eta eskolarik ez dutenak bizi dira, mendien isurialdeetan eskegitako etxola bakartietan sartuta. Eta esperantzatzat txaparroen artean habia egindako kanposantu bat (...). Bizitza enigma fantastiko eta izugarria da haientzat. Ikusten dituzte mendiak, itsasoak, uholdeak, zeruak, ekaitzak, heriotza... eta ez dakite zer esan nahi duten, eta beldurtu egiten dira. (...) Horrela jaiotzen dira sorginen buruetan, horrela jaio dira, horrela jaioko dira. (...) Espiritu landugabea, espiritu mitologikoa, espiritu txikia.
Gure Luis gasteiztar hori bezalako jende asko dago oraindik. Normala ere bada, nork nahi du zapalduen parte izan? Batez ere, bandoz aldatzea hain erraza denean... aski da artikulu bat idaztea, Madrilen daukazun afari hartan susmoak berrestea, aski da hizkuntzaz aldatzea, eta historia eta markoak inoiz existitu ez den sorgin lurraren gainean eraikitzea.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.