Manteroek azken hilabeteetan Bilbon bizi duten egoeraz aritu gara Manteroekin Bat plataformaren barruan dauden hiru elkartetako kideekin: Boubacar Diouf (Mbolo Moye Doole), Luisa Menéndez (Ongi Etorri Errefuxiatuak) eta Elena Bezanilla (Bizkaiko SOS Arrazakeria). Salatu dute polizien esku-hartzeek "nabarmen" egin dutela gora.
Apirilean Bilboko dozenaka kolektibo eta erakunde sozio-sindikalek Manteroekin Bat plataforma sortu zuten, apirilaren 4an Bilboko Abando barrutian izandako “eraso polizialen” harira. Mbolo Moye Doole Plataformako kide Boubacar Diouf-ek esan digu Bilboko Udaltzaingoko eta Ertzaintzako 80 polizia inguru "bizimodua aurrera ateratzen saiatzen den jendearen gauzak hartzera" joan zirela. Salatu du muturrekorik ez zeukaten txakurrak eta borrak erabili zituztela, eta gaineratu neurri handiagoan ala txikiagoan eraso polizialak “beti” izan diren arren, apirilaren 4an gertatutakoaz geroztik areagotu egin direla nabaritu dutela.
Bilboko Aste Nagusiko jaietan Udaltzaingoak eta Ertzaintzak “indarkeriaz eta arrazakeriaz” jardun zutela salatu zuen Manteroekin Bat plataformak. Jaietan hainbatetan esku hartu dute poliziek, eta azken egunean, Arriaga Antzokiko zabalgunean ziren herritarrek ikusi zutenean poliziak manteroak jazartzen ari zirela, manteroak defendatu zituzten, Bilboko Konpartsetako kideekin batera, "Bilboko Konpartsak manteroekin bat" oihuen artean. Dioufek adierazi du azken egunean gertatutakoak “saihestu” zitezkeela.
“Udalak segurtasunari buruz asko hitz egiten du. Etsai bat sortzen ari dira, eta izugarria da. Nire ikuspuntutik nazismora hurbiltzen da”. Elena Bezanilla (SOS Arrazakeria)
Aste Nagusiko jaien ondoren, Manteroekin Bat-ek abuztuaren 27an Arriaga antzokiaren aurrean elkarretaratzea egin zuen, “Manteroen aurkako jazarpen gehiagorik ez” lelopean. Plataformak salatu zuen jaietan poliziek "jarrera estigmatizatzailea eta bortizki arrazista" izan zutela, eta manteroen "salgaiak, dirua eta ondasun pertsonalak atxiki" zituztela. Dioufek kontatu du mantero bati ondasun pertsonalak kendu zizkiotela: “Haiekin hitz egiten saiatzen gara, baina beldur dira. Mutil batek esan dit ez duela salaketa jarriko arazorik ez duelako nahi, baina esan diot jada arazoa baduela, epaiketa bat izango du-eta. Ondasun pertsonalak kentzekotan, itzuli egin behar dituzte”.
Plataformatik adierazi dute polizia operazioen gorakada Bilboko Udalak bultzatutako “erabaki politikoa” dela. Bizkaiko SOS Arrazakeriak elkarteko kide Elena Bezanillak Bilboko Udalak segurtasunari buruz esandakoak kritikatu ditu: “Udalak segurtasunari buruz asko hitz egiten du, eta kezkatu egiten nau. Urte asko ziren segurtasunaz hitz egiten ez zena, eta ez dut uste arazo bat denik. Psikosia eta beldurra sortzen dute. Zer onura lortzen dute beldurretik eta segurtasun ezatik? Uste dut sekuritizazio politika horrek pertsona baztertuak kaltetuko dituela gehien”.
Ongi Etorri Errefuxiatuakeko (OEE) kide Luisa Menéndezen arabera, bestalde, "inolako konpromisorik gabeko hitz batzuetatik haratago, ez dirudi benetako interesik dagoenik agintarien aldetik manteroen egoera konpontzeko. Manteroei entzungo dietela esaten dute, baina zertarako? "Beraiekin bilera bat izan dutela esateko? Egoera ezagutzen dute, eta manteroak nazkatuta daude. Nori gustatuko litzaioke kalera ateratzea oihal zati batekin eta produktu batzuekin? Guztiok nahi ditugu lan baldintza, eskubide eta betebehar batzuk”. Dioufek adierazi du kaleko salmentak garai jakin batzuetan duela arrakasta –batez ere udan jaiak direla eta–, baina beste batzuetan manteroek ez dutela ezer saltzen. Menéndezek kolaborazio handiagoa eskatzen du administrazioen partetik: "Nik ez dut esaten ezer egiten ez dutenik, baina askoz gehiago egin dezakete. Ez da normala 500 pertsonak baino gehiagok kalean lo egitea, eta aterpetxerik ez egotea".
Mbolo Moye Doole Plataformako kideak migratzaileek dituzten zailtasunak aipatu ditu, indarrean dagoen Atzerritarrei Buruzko Legea dela-eta: “Legeak galarazi egiten die paperik gabeko pertsonei lan-merkatuan sartzea urte pare batean, eta kalean saltzen dute bizimodua ateratzeko. Etorkizun ilun samarra da, ez baita bermatzen hiru urte Espainiako Estatuan emanez gero paperak izango dituzunik. Jende askok bost, sei, zazpi edo hamar urte daramatza paperen eske". Bezanillak esan du bere lagun batek hemezortzi urte daramatzala paperak lortu ezinean.
SOS Arrazakeria taldeko kideak azpimarratu du "erantzukizun politikoa" eskatu behar dela, “borondate politikoa baldin badago, konponbideak daudelako”: “Zigorra eta errepresioa ez diren irtenbide integralak izan daitezke, udalaz gain beste administrazio batzuk ere barnean hartzen dituztenak. Gure bizilagunek bizi duten egoerari aurre egiteko irtenbideak aurki daitezke, lege bidegabe eta arrazista baten eraginez beren eskubideak murriztuak direla ikusten baitute”. Manteroekin Batek abuztuaren 27ko deialdian zabaldutako oharrean irakurri daitekeenez, "premiazkoa da manteroen oinarrizko eskubideak urratzea eragozten duten mekanismo kolektiboak planteatzea".
Plataformak hiru bilera izan ditu Bilboko Udaleko Berdintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Migrazio arloko arduradunekin, eta bost eskaera dituzte oinarri. Batetik, ardura politikoa eta gehiegikerien gaineko kontrola: “Poliziaren jardunean indarkeria fisiko eta ahozkoa berehala amaitu dezala exijitzen diogu Udalari, eta boterearen abusua baliatzen duten polizien jarraipena, kontrola eta zigorra aplikatu ditzala”. Bigarrenik, poliziek kale saltzaileen dokumentazioa edo bestelako objektu pertsonalak hartzea oinarrizko eskubideen aurka doala gogoratu dute, eta praktika horrek desagertu behar duela azpimarratu. Berdin kale saltzaileen produktuak konfiskatzeko praktikari dagokionez: jardun eztabaidagarria eta ez oso gardena dela diote, eta berrikusi behar dela. Laugarren puntua da, beste lurralde batzuetan egin den moduan, salmentarako espazio seguruak adostea, bai Aste Nagusian baita auzoetako jaietan ere. Azkenik, udal kiroldegietan pertsona manteroak sartu ahal izatea eskatu dute, baldintza duinetan garbitu eta atseden haru ahal izateko. Neurri horien helburua “horrelako jarduerak berriz ez errepikatzea” da, eta “zentzuzko gutxieneko irizpide batzuk ezartzea, manteroen oinarrizko eskubideak urratzen dituzten polizia-abusu arrazisten egoerei aurre egiteko”. Plataformak adierazi du egindako bost eskaerei Bilboko Udalak ezezkoa eman diela, eta abuztuaren 27ko elkarretaratzeaz geroztik ez dutela beste bilerarik izan.
Menéndezek dio poliziak migratzaileen aurka egindako “boterearen abusu kasuak normalizatzen” ari direla: “Ongi Etorri Errefuxiatuak-en egoitzaren inguruan bizi diren pertsona askok esaten digute bi edo hiru egunetik behin dokumentazioa eskatzen dietela. Duela bizpahiru hilabete hamar bat gazte zeuden zain elkartearen egoitzan artatuak izateko, eta hiruzpalau polizia-auto agertu ziren. Hormaren kontra jarri zituzten eta dokumentazioa eskatu zieten, abisu bat jaso zutelako inguruan mugikor bat lapurtu zutela. Zergatik ziren eurak susmagarriak? Migratzaile itxura zutelako? Hori gehiegikeriak normalizatzea da”.
“Bilboko Udala legezkotasunean oinarritzen da, baina legezkotasuna herritar-arau edo udal-arau batzuekin alda daiteke. Bartzelonan akordio batera iritsi dira manteroekin”. Luisa Menéndez (Ongi Etorri Errefuxiatuak)
“Egun batean, metrorantz korrika nindoala, bi udaltzainek galdetu zidaten ea nora nindoan eta poltsikoan zer neukan. Mugikorra ateratakoan, pasahitza jartzeko esan zidaten”, kontatu du Dioufek, berak bizitako egoera baten inguruan. Bezanillak kezka agertu du, pertsona arrazializatuak izateagatik kalean segurtasunik gabe ibiltzeak migratzaileengan eragin psikologikoak izan ditzakeela-eta, baita erasoak, irainak edo lapurretak sufritzeko arriskuak ere”. Salaketak ez ezik, egindako kaltea konpondu eta aitortu egin behar dela adierazi du SOS Arrazakeriak elkarteko kideak.
Bezanillak esan du ez dela profil etnikoaren araberako identifikazio-daturik jasotzen, eta azken datuak 2013 ingurukoak direla. Eta gaineratu: “Profil etnikoaren arabera egindako identifikazio guztiengatik Europak Espainiako Estatua ohartarazi du".
“Beldurra da gizartearengan eragin handiena duena. Inbasio eta delinkuentzia mezuak bidaliz jendea beldurtzen da”, adierazi du Menéndezek, komunikabide batzuek zabaltzen dituzten mezuei erreferentzia eginez. Komunikabideek, elkarteek, gizarteak eta erakundeek “beldurrari aurre egin behar” diotela azpimarratu du, komunikabide batzuen mezuak adibide gisa jarrita: “El Correo-k beti dauka migratzaileak kriminalizatzeko mezu bat, beti hitz egiten dute delinkuentziaz eta inbasioaz. Espainiako Estatuko eskuin muturraren mezu arrazistenak eta xenofoboenak jasotzen dituzte, eta era leunean islatzen dituzte. Zergatik ez dute erreportajerik egiten non esaten duten Europako 16 mila milioi pertsona migratzaile daudela mundu osoan; edota indarrean dagoen Atzerritarrei Buruzko Legeaz, migratzaileen aurka dagoen errepresioaz eta gobernuek mugak indartzeko gastatzen dituzten milioika euroez?”. Menéndezek dio gizakiak "beti" migratu duela, "estatuak edo mugak egon baino lehenagotik", eta migratzea eskubidea dela: "Jendeak migratzeko eskubidea du, eta bide seguruak ireki behar dira horretarako”. Eskuin muturrak migratzaileak izateko interesa duela uste du, “baina baldintza kaskarretan, eskubiderik gabe eta modu txarrean lan eginez".
Agintariek "etsai bat sortzeko interesa" dute, esan digu Bezanillak, “kontrolik gabeko pribilegioak eta onurak" mantentzen jarraitu ahal izateko: “Etsai bat sortzen ari dira, eta izugarria da. Nire ikuspuntutik nazismora hurbiltzen da”. Dioufek, bestalde, esan du komunikabideek ez dutela jasotzen Europako arrantza-ontziek Afrikako estatu batzuetan egiten dutena, eta salatu du jardun hori zehazki Senegalen “migrazioaren jatorria” dela: “Urte asko eman ditut itsasoan, eta ez dira arrantza-eremuak errespetatzen, ez dira lizentziak errespetatzen... Euskal atunontziek nahi duten guztia arrantzatzen dute, eta hedabideek ez dute hori salatzen”. Bezanillak ere nabarmendu du familia arrantzaleak “emigratzera behartzen” dituztela: “Ez da estraktibismoaz hitz egiten, ezta Europa nahieran ari dela aberastasun guztiak desjabetzen, gero mugekin ere negozioa egiteko”.
Bilboko Udalak manteroek egiten duten salmenta “legez kanpokoa” dela esaten du, baina Menéndezek adierazi du “legez kanpokoaren eta moral eta etikoaren artean bereizi behar” dela: “Haiek legezkotasunean oinarritzen dira, baina legezkotasuna herritar-arau edo udal-arau batzuekin alda daiteke. Bartzelonan akordio batera iritsi ziren manteroekin”.
Bezanillak adierazi du ez dagoela ados Bilboko Udalak transmititzen dituen hainbat mezurekin, eta gauza batzuk esaten dituztela, baina beste batzuk egin: “Polizia hurbilaz hitz egiten dute, baina txakurrekin doaz bizimodua modu baketsu eta duinean ateratzen duen jendea erreprimitzera. Bilbo kulturartekotasunaren eta harreraren hiria dela esaten dute, baina lehen eta bigarren mailako herritarrak daudela ikusten dugu. Jaiak oso baketsuak izan direla diote, baina batzuekin ez da hainbeste nabaritu”.
Hala ere, Manteroekin Bat plataformako hiru kideek adierazi dute herritar gehienek ez dutela gaizki ikusten manteroek egiten duten lana: “Denetarik dago, baina subjektiboki uste dut jendea ez dagoela manteroen aurka. Zabalduta dago inori kalterik egin gabe bizimodua ateratzen ari diren mezua”. Manteroekin Batek egindako azken adierazpenean 66 elkarteren sinadurak daudela adierazi du Bezanillak, eta azpimarratu du Bilboko Konpartsek Aste Nagusiko jaietan emandako laguntza. "Batzuetan jendeak esaten du ‘sinadura bat baino ez’ dela, baina partaide zaren elkarteak sinatu duela ikusten duzunean, nolabait ere elkartasun horrekin lotuta sentitzen zara", adierazi du Menéndezek.
Gaineratu du Euskal Herrian migratzaileei laguntzeko elkarte eta kolektibo asko daudela. Dioufek azaldu digu, adibidez, Manteroekin Batek irailaren 12an tailer bat antolatu zuela, manteroek beraien eskubideak defendatzeko tresnak eta bestelako aspektu legalak ezagutzeko, eta jarduerak eta ekintzak antolatzeko bidetik jarraituko dutela.
Norbere gorputzaren gaineko erabakiez, estetika heteropatriarkalaren morrontzaz, kontraesanez eta musikaren industriaz solastatzeko baliatu dugu Arrigorriagako polemika: herri horretako jai batzordeak Vulkano orkestra festa-egitarautik kentzea erabaki du, ikuskizuneko... [+]
Hori da Munduko Osasun Erakundeak iragarri berri duen zenbaki ikaragarria. Horregatik, osasun arloko profesionalen CPTS taldeak prebentzio kanpaina berria plazatu berri du, publiko handia asaldatzeko.
Frantziako Estatutik kanporatu zituzten, asilo-eskaerak Espainiako Estatuan egin behar zituztela esanez. Asteak daramatzate zain Donostiako Amara auzoan.
Europako Batzordeak, Batasunaren barne-segurtasuna indartzeko promesarekin, aspaldi lantzen ari den bide-orri bat aurkeztu du segurtasun-indarrek herritarron datuetarako sarbide eraginkor eta zilegia izan dezaten. Krimen antolatua, terrorismoa, haurren abusua eta antzeko... [+]
Erakundeek, beren helburua bete ondoren ere, bizirik irauteko ahalegina egiten dute, Max Weber-ek zioen modura. Baina porrotaren kontzeptuaren eremutik haratago joan eta jakinduria eta ausardia behar dira elkarte bat amaitzeko, Alan Badiou gogoratuz.
Euskal Herrian ere... [+]
Hainbat gauez jarraian, gorrotoa eta arrazakeria hedatu eta "etorkinen aurkako ehiza" egin dute Murtziako herri batean, "Espainia garbitzeko". Kolektibo antiarrazistek ultraeskuinaren inpunitatea salatu dute.
Euskal Herritik eta Kataluniatik abiatu da aurtengo Mugak Zabalduz karabana. Calaisko itsasartea, Frantziako Estatuan du helmuga, giza eskubideak bermatzea eta berehalako erregularizazioa eskatzen ditu besteak beste.
Mugimendu Feministak deituta, ehunka herritar, ordezkari politiko eta jaietako talde bildu dira uztailaren 13an Iruñeko Gaztelu Plazan. Intentsitate handiko eraso baten eta intentsitate txikiko beste hainbat erasoren testuinguruan egin dute elkarretaratzea. Eraso sexistarik... [+]
30 urte baino gehiago daramatza Zero Chou zinemagile taiwandarrak istorioak kameraren atzetik kontatzen, bai zinemarako, bai telebistarako. Aurten, Zinegoak jaialdiaren 22. edizioko ohorezko saria jaso du.
Civio fundazioak salatu duenez, Osakidetzak darabilen AA sistema batek (Quantus Skin) kontratuan agindutakoa baino askoz efikazia gutxiago dauka. 1.6 milioi euroko inbertsioa da, larruazalaren melanoma minbiziak detektatzea du helburu, eta bere emaitzak eskatu zuen %85eko... [+]
Laba, EHE eta Harituk antolatuta, bazkaria Oko Plazako Herri Sanferminak gunean izan da. Bertan, antolaketaren zergatiak azalduko dizkiguten galderak egingo dizkiegu.
Marurin kokatutako proiektua da Mustai Ortua, Gorka Areitio Elorduik eta Marcela Pava Gomezek bultzatua. Diseinu grafikoko ikasketak egin zituen Areitiok eta horretan ari zen lanean, baina gainezka eginda zebilen. Pava, berriz, abokatua da lanbidez, baina ezin zuen horretan... [+]
Euskal Herrian zein munduan, gero eta ugariagoak dira lurraren defentsan sortzen diren mugimenduak, bizitzari eusteko ezinbestekoa den lurraren balioa aldarrikatzen dutenak. Borroka hauek ez dira soilik erresistentzia; itxaropenaren eta konplizitatearen oinarri ere bihurtu dira... [+]
“Bohemioa”, “poeta”, “mozkorra” eta “amodioaz maiteminduta” dagoen drag bat da Travis Tea (2024, Travistonia planetakoa). Autopertzepzio bat dela dio, eta kanpotik “talenturik gabeko eta antigoaleko poetatzat” dutela... [+]