Hotel Burguete: errepresio frankistaren lekuko, Auritzen


2024ko uztailaren 17an
Hemingway, Hotel Burgueten.
Hemingway, Hotel Burgueten.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ernest Hemingway idazlearen joan etorriez asko idatzi da han eta hemen. Festazale eta zezenzale moduan baino ez digute erakutsi bere irudia. Idazlea baina, gizon konprometitua ere izan zen. Hori baieztatzera datoz Josu Jimenez Maia eta Edorta Jimenez idazleen lekukotzak.

Hotel Burgueten hartu zuen ostatu, Auritzen, 1924an eta 1925ean Irati aldera hurbildu zen lehen aldietan. Bere adiskide batzuk Donejakue bidea egiten ari ziren Donibane Garazitik, eta Iruñera joan-etorria egiteko leku aproposa izanen zela iritzi zion idazle estatubatuarrak. Gerora, urteetan literatura asko egin da gaur egun Hostal Burguete den atseden leku eta ostatuaz. Atseden hartzeaz gain, inguruko erreketan arrantzan aritzeko profitatzen zuen egonaldia Ernest Hemingwayk, orduan gazte zela.
Garai hartan, Victoriano Urdiroz auriztarra zen hotelaren jabe eta kudeatzailea. Urte batzuk geroago, Francoren altxamendu eta errepresioaren ondorioz, Urdirozen bi semek ihes egin zuten Auritzetik, Ipar Euskal Herrira ziurrenik. Hotela konfiskatu zioten indar frankistek, eta kuartel militar gisa erabili zuten zenbait urtez.

Desagertutzat eta hiltzat ere eman zuten alde egin zuen semeetako bat, Victoriano Urdiroz. Baina 1940an itzuli zen, baita atxilotu eta espetxeratu ere. Egonaldi laburra egin zuen giltzapean. Hotela berreskuratu ahal izateko, diru kantitate oso handia ordainarazi zioten, baina ordaindu zuen. Hala, 1941ean berreskuratu zituen Urdirozek hotela eta bere jarduera.

Beste seme bat ere, Gursen atxiloaldian egona, hiltzat eman zuten, baina berak ere Auritzera itzultzea lortu zuen. Urdiroztarren artean, ideia ezkertiarrekoak gehienak, hainbat ahaide izan ziren errepresio frankistaren biktima, eta ezaguna da, adibidez, Osasuna futbol taldeko entrenatzaile izan zen Emilio Urdirozen kasua: 1936an, Osasunako entrenatzaile zela, ihesari ekin behar izan zion, eta gerora, 1943an, behin erbestetik itzulita, atzera ere futbol taldearen ardura hartu zuen.

Hotela berreskuratu zuen semearen sententzia
Iruñean 1940ko otsailaren 17an sinatutako sententziak hasiera hauxe dauka (gaztelaniaz): “Aurrekari errepublikarra eta ideologia ezkertiarra duen Victoriano Urdiroz Larequi, zigortua, ez da frogatzen bere ideiekin bat datorren alderdi eta mugimenduren batera afiliatuta dagoenik. Mugimendu Nazionalaren altxamendua jazo eta egun gutxira Lurralde Nazionaletik alde egin zuen, 36 eta 27 urteko seme banarekin, atzerriko egonaldiaren arrazoirik justifikatu gabe”.

15.000 pezetako isuna ordainarazi zioten Victoriano Urdiroz Auritzeko hotelaren jabeari, eta horrela berreskuratu ahal izan zuen jarduera eta lana. Gaur egun, Hostal Burguete Auritzen dago, turismoari emana. Herriko ostatu bat gehiago. Eta jabeak Victoriano Urdiroz zenaren senideak dira, euskaldunak.


Irakurri gehiago: Kultura
Kultura kanalean gehiago
2026ko uztailaren 29
Lurraldea eta arkitektura
Aberats

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...