“Ederrena izanen zen okupa motorizatu guztiak desagerraraztea”

  • Behar ez den lekuan autoa aparkatzen duten gidariak salatzen hasi zen Juan Larreta (Iruñea, 1968) duela bost urte. Esklerosi anizkoitza duenez, desgaituak diren pertsonentzako aparkalekuetan autoa uzteko txartela dagokio. Urteak daramatza Nafarroako txartelen erregistro bakarra lortu eta jendea sentsibilizatu nahian. Helburuak lortuta, jarduna uztea eta atseden hartzea erabaki du.

Argazkilaria: Zoe Martikorena
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Gorputz hotsak sail berria sortu du ARGIAk, gorputz anitzen bizipenak jasotzeko. Gaurtik aurrera bi astetik behin.

Distantzi laburrak direnean, hau da, 200 metro baino gutxiago, makilekin ibiltzen da. Luzeagoak diren distantzietan aldiz, aulki gurpilduna erabiltzen du. Esklerosi anizkoitza dauka Juan Larretak: “Beti utzi behar dut autoa gertu, asko kostatzen zaidalako toki batetik bestera ibiltzea”. Horregatik, desgaituak diren pertsonentzako aparkalekuetan autoa uzteko txartela dauka. Bost urte daramatza sare sozialen bidez (@Okupasmotoriza2 X sarean) autoa behar ez den tokian aparkatzen duten autoen argazkiak zabaltzen.

Aurten, jarduna etetea erabaki du helburua bete duelako eta atsedena behar duelako: “Goizetik gauera egoten nintzen argazkiak publikatzen; nire lana zen”. Bi helburu nagusi zituen kontua sortu zuenean: jendea sentsibilizatzea eta txartelentzako erregistro bakarra izatea Nafarroan. Bi xedeak bete ditu: “Polita da lortutakoa, baina ederrena izanen zen okupa motorizatu guztiak desagerraraztea”.

2019ko urtarrilean hasi zen gidariak salatzen behar ez den lekuan autoa aparkatzeagatik edo txartelaren erabilera desegokia egiteagatik. Bost urte igaro diren arren, “oso ongi” gogoratzen du lehen argazkia: “Supermerkatuan gaizki aparkatuta zegoen guardia zibilaren auto baten argazkia bidali zidan lagun batek”. Urteekin jakin du “larrialdi bat” dagoenean poliziak horrelako aparkalekuak erabili ditzakeela: “Ez dugu inoiz jakingo benetan larrialdi bat zen edo ez”.

Bost urtetan, 10.000 argazki

Argazkia argitaratu zuenean ez zuen espero “horrenbesteko” oihartzuna: “Oso modu inozoan eta inongo espektatibarik gabe hasi nintzen. Ez nekien argazki bakarreko kontua izanen zen edo gehiago zabalduko nituen”. Ordutik, Nafarroan, 10.000 argazki baino gehiago publikatu dituzte: “Lotsagarria da, eta agerian uzten du jendearen sentsibilitaterik eza”. Karrikan ateratzen dituen argazkiak ez dira propio bilatutakoak, baizik eta jendeak aurkitzen dituenak: “Pentsa zenbat izanen genituzkeen bilatzera aterako bagina”. Ez du bakarrik lan egiten, 500 kolaboratzailez inguratuta bizi da.

Sinestezina iruditzen zaio jendeak horrela erabiltzea autoa aparkatzeko lekuak: “Nik ez nuen espero hainbeste jende izatea; ez dut ulertzen nola kentzen diguten gure eskubidea”.

Horrelako lekuetan aparkatzen duten edo txartela gaizki erabiltzen duten zenbait pertsonek, uste dute “minutu batzuengatik” ez dela deus gertatzen: “Pribilegio bat dela uste dute, baina behar bat da”.

“Txartela izatea pribilegio bat dela uste dute, baina behar bat da”

Txartelen erregistro bakarra Nafarroan

Beste helburuetako bat zen aparkatzeko txartelen erregistro bakarra lortzea. Zorionez, 2022. urtearen amaieran lortu zuten helburua. Ordura arte, udalek kudeatzen zituzten txartelak, eta Nafarroako 272 herrietan banatzen zituzten. Udal bakoitzak neurri eta araudi propioa zeukan. Horren ondorioz, “zaila” zen txartelen erregistro “egokia” egitea, eta jendeak txartelaren erabilera “txarra” egiten zuen: “Batzuek erabiltzen dute hildako batena, edo txartela behar duen pertsonak ez duenean autoa erabiliko”. Txartela soilik erabili daiteke behar duen pertsona autoan joango bada.

Orain aldiz, erregistro bakarra dagonez, txartela berritu behar izan dute jabeek; hortaz, hilda dauden pertsonen eta iraungita dauden txartelek dagoeneko ez dute balio. Txartela behar ez den bezala erabiltzeak “enpatia falta” adierazten duela salatu du: “Nire emazteari ez zaio okurritzen ni ez nagoenean txartela erabiltzea, eta txartela behar ez nuenean ez nuen erabiltzen aitarena”.

Beste etapa bat

Lana utzi zuenetik ez duenez atsedenik hartu, deskantsatzeko beharra sentitzen du Larretak. Hala ere, “sutan” jartzen duen beste eskubide urraketa bat salatu du: “Oraindik ezin gara leku batzuetara sartu edo bide batzuk hartu koskak edota eskailera-mailak daudelako”. Legearen arabera negozio berri bat irekitzean koska kentzera edo sarrera irisgarri egitera behartuta daude jabeak, baina negozio berriak aurrekoaren  jarduna jarraitzen badu, ez dago legez aldatzera behartuta: “Ezin dugu onartu; duela urte batzuk jende asko etxean isolatuta geratzen zen hiriak eta herriak ez zirelako irisgarriak”. Ez du baztertzen aurrerago salatzea, baina momentuz atsedena hartuko du.

GORPUTZEKO ATAL BAT?

"Bi etortzen zaizkit burura. Alde batetik, bihotza, maitasunaren eta eskuzabaltasunaren sinonimoa delako. Oso eskertuta nago jendearen elkartasunarengatik. Bestetik, besoak. Gaixotasuna diagnostikatu baino lehen, oso garrantzitsuak ziren niretzat, eskubaloiko atezaina nintzelako. Orain, oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit besarkadak emateko".

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gorputz hotsak
Rakel Mateo
"Ez dut saiatu ez izanaz damutu nahi"

Ideia bat argi duenean, oztopoak oztopo aurrera doa Rakel Mateo triatleta (Mungia, Bizkaia, 1975). 2001ean lan istripu bat izan ostean, ezkerreko hanka txikituta geratu zitzaion. Horren ondorioz, kirol egokitua deskubritu zuen eta hiru Paralinpiar Jokotan parte hartu du. 


Gorputz hotsak
"Bizitzaren aldeko jarrerak bigarren planoan uzten du zarata"

Bertigo baten ostean, etengabeko txistu bat entzuten hasi zen Jexux Mari Irazu Muñoa (Larraul, Gipuzkoa, 1972) bertsolaria, bertso-eskolako irakaslea eta gai-jartzailea. Tinnitus edo akufeno deitzen zaie Irazuk entzuten dituen zaratei. Horrek egunerokoan daukan inpaktuaz... [+]


Gorputz hotsak
"Drag-ari esker deskubritu nuen pertsona trans bat nintzela"

“Bohemioa”, “poeta”, “mozkorra” eta “amodioaz maiteminduta” dagoen drag bat da Travis Tea (2024, Travistonia planetakoa). Autopertzepzio bat dela dio, eta kanpotik “talenturik gabeko eta antigoaleko poetatzat” dutela... [+]


Gorputz hotsak
"Kirol minoritarioetan babesgabetasun ekonomiko handia dago"

Javier Escudero Pascual (Iruñea, 1979) “poz-pozik” dago erretiroa hartuta nahi beste gauza egiteko astia duelako. Nafarroako Aspace kirol klubeko motordun aulkiko futbol taldeko jokalaria da. Duela urtebete sortu zuten taldea, eta hirugarren geratu dira... [+]


Gorputz hotsak
"Ikasi behar dugu ez dela normala izugarrizko mina izatea hilekoarengatik"

Sare sozialetako argitalpen baten bidez, otsailaren 23an, Ane Santesteban txirrindulariak (Errenteria, Gipuzkoa, 1990) endometriosia daukala iragarri zuen. Diagnostikoak lagundu egin dio ulertzen zergatik batzuetan gaizki sentitzen den bizikletan: “Kisteak aldaka okertzea... [+]


Gorputz hotsak
"Niretzat klabea izan da familiak eta inguruak ez tratatzea gaixo moduan"

Indartsua, irribarretsua eta oso langilea. Helburu pila bat ditu esku artean, eta ideia bat okurritzen zaionean buru-belarri aritzen da horretan. Horiek dira Ainhoa Jungitu (Urduña, Bizkaia, 1998) deskribatzen duten zenbait ezaugarri. 2023an esklerosi anizkoitza... [+]


Gorputz hotsak
"Kostarik kosta loditasuna desagerrarazi nahi duen mugimendu sozial bat dago"

Pertsona lodiek lodiak izateagatik bizi izan duten eta bizi duten indarkeriaren inguruan teorizatzeko espazio bat sortzea du helburu ‘Nadie hablará de nosotras’ podcastak. Cristina de Tena (Madril, 1990) eta Lara Gil (Fuenlabrada, Espainia, 1988) aktibista... [+]


Gorputz hotsak
"Mina albo batera utzi nahi dugu, kapitalismoarentzat ez delako errentagarria"

Istorioetan murgildu eta munduak eraikitzea gustuko du Iosune de Goñi García argazkilari, idazle eta itzultzaileak (Burlata, Nafarroa, 1993). Zaurietatik, gorputzetik eta minetik sortzen du askotan. Desgaitua eta gaixo kronikoa da, eta artea erabiltzen du... [+]


Eguneraketa berriak daude