Naturan arakatzen

  • Sarri ahaztu egiten zait zeinen atsegina den Donostiako Gladys Enea parkean paseatzea, basoan barrena sartzea eta gorantza doan aldapari ekitea. Bidezidorrean dauden zuhaitz bihurtu eta altuek ezohiko udazken honetako giro beroa freskatzen dute, eta egunsentiko txorien kantuen doinuaz Cristina Enea Fundaziora heldu naiz. Jauregiaren atarian ohiko indioilar familiak ongi-etorria eman dit. Alde batetik bestera dabiltza, gizakien presentziari menik egin gabe, goizeko ordu horietan txintxo eta bare. Fundazioko sarreran daukat zain Ángel Peris Cuesta, udazkeneko erakusketako artista. Abenduaren 12ra arte dago erakusgai.

Ángel Peris Cuesta
Ángel Peris Cuesta

Naturarekin elkarrizketa izenburua darama artistak (Valentzia, 1993) prestatu duen erakusketak. Lan grafikoak Mandaseko Dukeen jauregia zenaren hainbat solairu eta espazio hartzen ditu, urte hauetan guztietan egin duen ikerketa artistikoaren erakusle. Peris Cuestak Pekingo Central Academy of Fine Arts-en (CAFA) ikasi zuen, eta 2020an China Academy of Art-eko (CAA) pintura-master batean graduatu zen, Hangzhou hirian. Txinan izandako esperientziak eta bertako ikasketek bere jardun artistikoa erabat markatu dute, eta garai horretatik datorkio paper eta pigmentu naturalekin lan egiteko joera. Geurean askotan izan da, Arteko galeria donostiarrean bere lana erakutsi izan du, eta, besteak beste, Isabel Herguera zinemagile eta artistarekin ere lan handia egin du haren azken pelikulan, El sueño de la sultana [Sultanaren ametsa], akuarela hondoak prestatzen. Azkenaldian, artista askoren antzera, zeramikan trebatzen hasi da, eta paperean egiten duen grafia hain bere hori, zeramikara eraman du. Gaztea da Peris Cuesta, baina dagoeneko nazioartean ibilbide sendoa dauka. 

Estilo pintoreskoko jauregi horretako estantziak paseatuz bat jabetuko gara artistaren lan egiteko euskarria papera dela; zehatzago esanda, papera da bere ekoizpen artistikoaren lehengaia, protagonista eta bere ekoizpen guztia gorpuzten duena. Paperari buruz izan ditzakegun aurreiritzi guztiak indargabetzen doaz ohartzen garenean zer nolakoa den paperak izan dezakeen sendotasuna eta irmotasuna. Paper-xaflak bere baitan bihurrituta, argia ematen duten gorputz-instalazioak sortzen ditu, eta bata bestetik distantzia jakin batera zintzilik jarrita, paperezko baso batetik paseatzen gaudela dirudi, jauregiko leihoetatik sartzen zaigun paisaia begetala lagun. Artistak aspaldi egin zuen hautua: bere lanean ez du ez kimiko ez lehengai artifizialik erabiltzen; beste era batera esanda, jatorri naturala duen harekin soilik aritzen da. Horregatik, paperak izan ditzakeen aukera guztiak arakatzen ditu. Adibidez, Txinan ikasitako teknika baten bitartez, tipologia eta gramaje askotariko paperak bata bestearekin itsasten ditu kola beharrik gabe, paperaren poroak beste paper baten poroetara mihiztatu daitezkeelako, edo tintek inprimatuta likido ilunak paperaren zainetan zehar uzten dituen markak erakusten dizkigu. Guztiak ere keinu sotil eta trebeak dira.

Jauregiko estantziak ederrak dira bere baitan: egurrezko zoru dotoreak, sabai altu eta moldura handitsuak, marmolezko tximinia ederrak. Horrek guztiak atmosfera epela ematen dio artistaren lanari, non instalazioetan sailkatuta hainbat ibilbide sortzen dituen jauregiko espazioetan barrena. Orain urtebete artistaren lana Arteko galerian egon zen ikusgai eta bertan, marko txikietan bildutako marrazki sorta aparta erakusten zuen, tinta txinatarraz egindako marrazki konplexuak, horietan errepikatzen zen motiboa artasoroa izanik, bai Hangzhoun-eko nola Valentziako paisaian errepikatzen den espazio natural hori. Dena den, galeriako obra ikusgarriena, Cristina Eneako erakusketan ere ikusgai dagoen puzgarria da. Kobazulo baten forma duen paperez egindako puzgarria da, paperaren erresistentzia berriro ere bistaratzen diguna. Haizez puztuta dagoen bolumen handia da –bi pertsona sar daitezke–, eta paperaren azalera guztia tinta beltzez egindako marrazki ederrez dago dekoratua. Ziurtasun eta esperientzia handiz lan egiten duen esku baten trazuak dira.

Ángel Peris Cuesta

Pozten nau ikustea kolorea presente dagoela erakusketan. Artistari askotan galdetu izan diot ea kolorearekin lan egiten hasteko gogorik ba ote zuen eta oraingoan, azalera handiko paperetan hainbat mineraletatik eratorritako kolore gamak ikusten ditugu. Pintzelkada txikien bitartez eta segida bati jarraika, mineral konkretu batetik atera daitezkeen kolore guztiak erakusten dizkigu, Pantone-karta bat bailitzan. Mineral horiek Txinako hainbat zonaldetatik ateratakoak dira, WangXiongFei irakaslearekin egin zituen ibilaldietako emaitzak dira. Ondoan, bitrina baten barruan, pigmentu horien jatorria eta eman zaion erabileraren gaineko azalpenak ematen ditu artistak. Akuarela estutxe bat izan zatekeena, pigmentu naturalen erakusgai txiki bat da, kristalezko ontzi txiki batzuetan gordeta dirauen azti baten hauts magikoak bailiran.

Erakusketan aurrera eginda, ezagutzen ez nituen eskailerak jaitsi ditugu, ganbara antzeko batera garamatzatenak. Bertan daude hiru argi-zulo, estuak eta borobilak, parkeko argia jaso eta espazio horretako galeria argiz blaitzen dutenak. Artistak sakonera hauek esku hartzen ari ditu, eskailera batera igota, pintzel luze batekin lagunduta. Aurreko egunetan Donostiako Urgull, Ulia eta Igeldoko mendietara igo da eta bertako lurreko lagin batzuk hartu ditu: lokatz iluna, harritxo grisak, sastraka marroixkak. Nahasketa batzuk eginda eta uretan disolbatuta, hiru mendietako lurra erabili du argi-zuloak apaintzeko eta azalera zuri horiek Donostiako lurrez janzteko.

Peris Cuesta azkenaldian Tangerren eta Marrakechen aritu da lanean, zeramikan burubelarri, NOBorder galeriako labean azulejuak, platerak eta ontziak egosten. Asko gustatu zait Cristina Eneako ganbaran dagoen iturria, lehendabizikoz Alhambrako iturri nazaretarrak gogoratu dizkidanak, hondoan, Peris Cuestaren azulejuak ikusi ditudanean, urez blai, uretan galduta, baina hortxe. Aldamenean zeramikaz egindako hiru gorputz eskultoriko jarri ditu, eskuzabal eta dotore, eta gozatu dut ohartzean zeramika horietan ere bere marka ikusi dudala, bere egiteko modua, estiloa, jada ezaguna egiten zaidana.

Ángel Peris Cuesta

Bisita bukatu dugu. Eguzkia indarra hartzen ari da eta jauregiko beirate handietatik sartzen dira izpiak, luze eta likatsu, dena argiz zipriztintzen. Artistaren marrazkiei ere eragiten die, zintzilik dauden paperek itzal berriak sortzen dituzte, horman, lurrean, eta naturan dauden elementuak bailiran, transformatu egiten dira, landareen antzera. Erakusketak badauka bere osotasunean epeltasun bat, erritmo bare bat, leuna eta atsegina. Jauregia atzean utzi eta Egia auzorantz aldapa behera noala, nirekin batera daramadan esperientzia goxoa da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


'Denbora geldirik dagoen lekua': Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Jone Erzilla
"Denok ditugu esperientzia estetikoak, baina oso zaila da hori museo batean gertatzea"

Denbora darama “ingurua intentsifikatzeko gai diren horiei” begira eta horiekin lan egiten saiatzen, horretarako gertu duenari arreta jarriz. Irudietatik, hitzetatik, argitik eta horiek espazioan agertzeko duten forma eta moduetatik egiten du lan, batez ere. Orain... [+]


Eguneraketa berriak daude