Aita Santanuaren agurra

Goiz euritsu eta haizetsuan inork Egun on! esanda, sarri erantzuten zaio: Ez dago ba oso egun onik. Bizi dugun sakoneko krisi kultural honetan, ahaztu egin zaigu jatorrizko esanahia: Egun on izan dezazula. Ez du eguraldiarekin zerikusirik. Latinezko augurium hitzetik erakarritako agur esatean bezala, horrela ondoko pertsonari egun on izatea desio diogu. Bustitzen bada ere.

Irungo San Juan plaza beteta, San Martzial egunean, udaletxeko balkoira atera da Alkate Aita Santanua, Kolejio kontzejalizioko beste kide guztiekin batera, alarde parekidearen partaideak agurtu ditu eta bedeinkapena eman. Urbi et orbi.

Aldizkari honetan 1994ko maiatzean hasi nintzen artikuluak idazten. Agertu zen bigarrena, Irun eta Hondarribiko alardeen gatazka hasi berriaren ingurukoa, honela errematatu nuen:

“Bi pertsonaren artean aurreneko bereizketa sexuarengatik, arrazarengatik, sinismenengatik, itxura fisikoarengatik egiten duena gaizki ari da begiratzen. Berandu baino laster emakumezkoek Irungo eta Hondarribiko alardeetan gizonezkoen antzera hartuko dute parte. Eta azkeneko boladan inozokeria gaiztoak esan dituzten asko, lotsatuta, isilik geratuko dira”.

Alkate Aita Santanuak agurtu egin du alarde parekidea, alegia, etorkizun polita opa dio. Trogloditen alardekideei ere dagokien moduan egin behar lieke: 'Eup!'

Ia 30 urte pasa dira. Aita Santanuak, agurraren ondoren, perla hauek bota ditu: “Udalaren gehiengoa bi alardeetan dagoenez, gustatuko litzaidake haiek (EH Bildu eta Ahal Dugu) ere urrats hori egitea (...) herritar guztiak errespetatzeko. Pilota haien teilatuan dago”. Santanua ez da lotsatu eta isilik geratu. Erasora jokatu du. Erdipurdiko profeta naiz.

Agurra egiteko modu hainbat, Diosala, Oles... jada antigoalekotzat jotzen dira. Beste salutantzia era batzuk, aldiz, gora egin dute. Kaixo nabarmenena. Pepe Artola, idazle eta antzezle donostiarrak XIX. eta XX. mendeen artean eskaintzen zituen bakarrizketetan asmatutako hitz xelebrea da: ¿Qué hay, txo? Hortixe dator. Hasieran Donostiako kaletarren artean era bromosoan hedatu, geroago Gipuzkoa eta Bizkaian... Eremua eta erregistroak zabaldu egin zaizkio. Erdaldunen eraginez batez ere, eufonia jatorra duela iruditzen zaielako. Ertzainak indarrez taldekoek eta gure auzoko tabernetako zerbitzariek ere badakite. Askoz gehiago ez. Aita Santua, benetakoa, Euskal Herrira etorriko balitz, lehen hitza agian Kaixo esanaraziko liokete. Tour ederra egin du hitzak.

Aita Santanuak agurtu egin du alarde parekidea, alegia, etorkizun polita opa dio. Trogloditen alardekideei ere dagokien moduan egin behar lieke: Eup! Eta guk Aita Santanua nola agurtu? Aupa, hi! Hori ere oso jatorra.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude