Tritioaren diplomazia

Langileak Fukushima Daiichi zentral nuklearrean / Argazkia: IAEA

2023ko uztailaren 10an - 08:21

Protestak protesta, Ozeano Barera isuriko dira, pixkanaka, ondorengo egunotan hasi eta urtetan iraun beharko duen operazioan, itsasikara batek sorrarazitako tsunamiak Fukushima Daiichi zentral nuklearrean 2011ko martxoaren 11an jazo zen hondamendiari aurre egiteko lanetan hamabi urte hauetan metatu diren erradiazioz kutsatutako urak (milioi bat metro kubiko baino gehiago). IAEAk (Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak), bere azken ikuskapenean ontzat eman du isurketa, arriskua ez omen delako hainbestekoa eta munduko ozeano handiena den horretan diluitzen joango omen delako. Kritika ugari izan da, baina erabakia hartuta dago, eta isurketarako erabiliko den kilometroko hodia ere prest. 

Erreaktore hondatuak hozteko erabilitako ur kutsatu horietan zeuden gai erradioaktibo kaltegarrienak araztu ondoren, arazo nagusia orain, diotenez, geratzen den tritioan eta karbono-14an legoke. Baina oso bereziki, lehendabizikoan. Hura araztea, ekonomikoki eta operatiboki ia ezinezkoa dela dio bertsio ofizialak; eta itsasora isurtzea, aldiz, ez dela horren arriskutsua, tritioaren semidesintegrazio periodoa aski laburra dela eta: 12 urte. Arazoa ez da makala, eta doktoreak izango ditu eliza ama santak, nik baino hobeto... 

Baina gorabeherak badu zientifikotik zerbait baina politikotik asko duen saihets bat. Isurketa printzipioz arbuiatzen duen mugimendu ekologista (Japonia bertakoa, lehenik) ez ezik, hurbileko bi herrialde, Hego Korea eta Txina, haserretu baitira biziro. Eta itsas-ingurumari hartatik letorkeen arraiki guztien inportazioa eragozteko neurriak iragarri dituzte biek, hasteko. 

Oportunismo hutsa? Ez pentsa. Edo, behintzat, ez litzateke haiena bakarrik izango. Arbuiatzaile horien zalaparta bezain adierazkorra izaten ari baita beste batzuen erabateko isiltasuna. Kanada eta Estatu Batuena, hain zuzen. 

Japoniatik oso urruti daudela biak ala biak, esango du norbaitek; baina Ozeano Bareko Ipar Itsaslasterraren norabidea eta ezaugarriak kontuan hartzen dituenak berehala ikusiko du Fukushimatik abiatzen den ur-ttantta tritioduna lehenago iritsiko dela Ipar Amerikako kostaldera, Japoniako Itsasora edo Txina Ekialdekora baino. Dozena erdi bat urte beharko dituzte Fukushimako ur zikin horiek Amerika Iparralderaino heltzeko, baina iritsiko dira. 1992ko gomazko ahatetxo haiek bezalatsu, baina batere nabarmendu gabe. Urdanetaren galeoiaren bide beretik. 

Jakin, badakite hori AEBek eta Kanadak; baina, hala ere, ez dute isurketaren aurka hitzik atera. “Indo-Pazifiko” ekimenean Japoniaren leialtasunak bazuen prezioa, nonbait.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fukushimako istripua
Fukushimako urak isurtzeak ez duela arrisku esanguratsurik adierazi dute aditu batzuek

Erradiazio eta segurtasun nuklearreko adituek adierazi dutenez, Fukushima Daiichiko instalazio nuklearretik isurtzen ari diren ur erradioaktiboa ez da mehatxu esanguratsua, ez itsasoko bizidunentzat, ezta pertsonentzat ere. Hala adierazi dute Science aldizkarian argitaratutako... [+]


Fukushima: istripua iraganean, kalteak bizi-bizirik eta soluzioak oraindik aurkitzeke

Halabeharrez hasi dira agorrilaren 24an Fukushimako zentraleko urak itsasora jaurtikitzen; ur kontaminatuak metatzeko zisternen %97 beteak dituztelako eta etenik gabe gehitzen zaielako ura –egunero 140 tona–. Ur "deskutsatuak" izanik ere, herritarrek... [+]


2023-08-23 | Ilargi Manzanares
Hasi dira Fukushimako ur kutsatuak itsasora isurtzen

Japoniako Gobernuaren erabakiak protestak eragin ditu herrialdean, eta besteak beste, Txinak kritikatu egin du erabakia. 2011 urteko istripu nuklearraren ondorioak oraindik pairatzen dira.


Fukushimako ur erradioaktiboa itsasora jaurtitzen hasiko da Japonia, arrantzaleen eta ekologisten protesta artean

Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren txosten batek oniritzia eman dio Japoniari, 2011ko hondamenditik Fukushimako zentral nuklearra hozteko erabilitako ur kutsatua itsasoan zabal dezan. Duela bi urte iragarri zuen 1,25 milioi tona ur baino gehiago itsasora botatzeko plana... [+]


Eguneraketa berriak daude