Beste orri zuri bat

Orri zuri bat karakterez bete behar dudanean egunak ematen ditut hainbat gairen inguruan hausnartzen, ingurukoekin hainbat titular partekatzen, neure burutik kanpoko termometroa nola dagoen neurtzeko. Pentsatzen ditudanak kanpotik ikusteko aukera ematen dit, imajina ezin nitzakeen gaietan arramazka egiteko aukera. Baina, batzuetan, gai batzuk buruan giltzapetzen zaizkit. Eltxoak kristalezko botilan itxita bezala ibiltzen zaizkit pentsamendu berberak bueltaka, buruko bi hemisferioetako paretetan kolpatuz. Batzuentzat errepikakorrak diruditen gaiez hitz egitea besterik ez dut orduan. Bai, indarkeria matxistaz hitz egitera nator berriro. Ze astuna, ezta?

Hilabete hauetako gertakariak bueltaka ditut. Indarkeria matxistaren albiste berriren bat dagoenero, agendan iraungi direnak etortzen zaizkit gogora, ezin ditut modu isolatuan ulertu, banatu. Hauteskunde kanpaina bete-betean gizon batek bere bikotekide ohia tiroz erail zuen Orioko kaleetan. Egun gutxiren buruan, gizon batek Maialen gasteiztarra hil zuen bere hirian bertan eta umeak orduak eman zituen amaren gorpuari begira. Haurdun zegoen. Baina orduan ere, denak egin zuen aurrera, indarkeria matxistaren adierazpen gorena ere ez delako nahikoa albiste, dena hankaz gora jartzeko, azkura eragiteko, jakin-minetik haratagoko diskurtso batzuk lehen lerroan mantentzeko. Are gehiago, Segurtasun sailburuak esan zuen "ez dela erraza arrisku egoeran antzematen ez den biktima bat babestea". Maialenek bikotekidea salatu zuen lehenago eta urruntasun agindua zeukan. Erailak izan behar al dugu babestuak izan gaitezen?

Indarkeria matxistaren adierazpen gorena ere ez da nahikoa albiste, dena hankaz gora jartzeko, jakin-minetik haratagoko diskurtso batzuk lehen lerroan mantentzeko

Orri zuria aurrean dudala ezin burutik kendu nire herrian aste bakar batean salatu diren hiru eraso matxistak. Arrotxapeako txosnak itxi behar izana. Tutera. Legorreta. En nombre de ellas Kote Cabezudoren kasuari buruzko dokumentalean agertzen diren biktimak; eta agertzen ez direnak. Esaten digute kontuz ibiltzeko, kanpoko "otso" bat dabilela hor nonbait, baina ez, kontua ez da kanpoko otsoa, gertatzen dena da otsoen erregimenean bizi garela: hau guztia baimentzen eta normalizatzen duen sistema patriarkala.

Nahiko nuke astuna ez izan, orri zuri bat dudan aldiro eltxoak giltzapetuta ez sentitu garuneko bi hemisferioetan, gorputzean. Beste zerbaiten inguruan idatzi. Nahiko nuke gizon kuadrillen taberna elkarrizketetan ardura zantzuren bat usaindu albotik pasatzerakoan. Beraz, astunak izateko motiboak ematen dizkiguzuen bitartean astunenak izaten jarraituko dugu. Besterik ez dakit, baina orri zuriak soberan ditut.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


ASTEKARIA
2023ko ekainaren 25a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#3
Nagore Iturrioz Lopez  |  Yolanda Porres García  |  Steilas sindikatua
#4
Zigor Olabarria Oleaga
#5
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


Eguneraketa berriak daude