Eskolarako bide seguruak? Abusu polizialak stop!

Maiatzaren 19an polizia gehiegikerien aurkako manifestazio jendetsua egin zuten Gasteizko Alde Zaharrean, hamarnaka eragilek deituta. Argazkia: Hala Bedi

2023ko maiatzaren 25an - 10:10
Azken eguneraketa: 14:34

Goiz atera gara gaur etxetik, behingoagatik garaiz iritsi gaitezke eskolara. Goizeko 09:00ak dira Gasteizko Alde Zaharreko Fray Zacarias kalean eta Ertzaintzaren furgoneta batek zeharkatzen du Landatxo kiroldegia. Eskolaz kanpoko ekintzetatik atera gara, arratsaldeko 18:00ak dira Alde Zaharrean eta Ertzaintzaren bi furgoneta daude eskola kalean, bi gazte dituzte Landatxo parean paretaren kontra. Igandea da, Rafa plazan ohi baino haur gutxiago daude jolasean, munizipalen kotxea pasa da hirugarrenez kontrako norabidean eskola kaletik, lau gazte daude solasean parke berriko harmailetan eta haiengana doaz poliziak dokumentazio eske. Badirudi gure seme-alabek panorama hau normaltzat jotzen dutela dagoeneko, kezkatzekoa da.

"Lau gazte daude solasean parke berriko harmailetan eta haiengana doaz poliziak dokumentazio eske. Badirudi gure seme-alabek panorama hau normaltzat jotzen dutela dagoeneko, kezkatzekoa da"

Duela hilabete atxilotu zituzten gaztetxeko soinu teknikaria eta auzoko okina, bortizki biak, antza ageriko arrazoirik gabe. Horrela daude gauzak gure auzoan azken hilabeteetan, eta ez, auzo militarizatu batean ez gara seguruago bizi...

Haur txikiak eskutik zintzilik daramatzagula, patineteekin harrapaketan edo ezkutaketetan ibiltzea gustuko dutenekin gabiltzala, ez dugu segurtasun sentsaziorik Poliziaz betetako kaleetan. Ez da auzo seguruagoa, larritasun egoera etengabean jartzen gaituzue, tentsio etengabean. Eta beldurra zabaltzen dute, bizilagunen arteko beldurra. Batzuetan gelditu egin izan gara begira, eta laster etortzen da harrokeriaz ertzain bat galdezka, horrek deseroso jarriko balu bezala, benetan beharrezkoak dira hamabi polizia 17 urte inguruko gazte bi identifikatzeko?

Esan dezagun argi, gure auzoan Poliziak identifikazio eta jazarpen arrazistak egiten ditu egunero. Eta ohitu egin gara, askotan komunikabideen zalapartak hauspotuta justifikatu egiten da gazte magrebtarren kontrako ehiza bortitz hau. Trapitxeoan ibiltzen dira, diote batzuek. Badakigu hori ez dela arazoa, San Markos kantoian ez da larunbat gau batean Mateo Moraza kalean baino droga gehiago kontsumitzen. Arazoa da pobreak direla, eta arrazializatuak… hori da hauspotu nahi den beldurra. Gaztea eta magrebtarra izatea delinkuentziarekin berdindu nahi dute. Eta hori… hori ez dizuegu erosten, auzo honetan hamarkadak daramatzagu bizikidetza auzokideon artean eraiki nahian, eta jakin badakigu auzokideon arteko beldurra dela horren etsai nagusienetako bat.

"Poliziak identifikazio eta jazarpen arrazistak egiten ditu egunero. Eta ohitu egin gara, askotan komunikabideen zalapartak hauspotuta justifikatu egiten da"

Desberdintasun sozialak areagotu ahala, gatazkak areagotzen dira, guk ere horiek bizi ditugu, ez ditugu ukatzen, ez ditugu ezkutatzen. Arazoak izaten ditugu, elkarbizitza arazoak. Eta bestelako planteamendu batzuetatik aurre egin nahi diegu, elkar ezagutzatik, elkar aitortzetik, loturak sortzetik. Halaxe ikasi dugu egiten Gasteizko Alde Zaharrean, altxorra diren bertako kale hezitzaileekin, Goianekin, auzo elkartearekin, norbanakoekin… askotan ez dugu asmatu, eta berriz arazoak, berriz gatazkak. Ez ditugu formula magikoak baina argi dugu gure kaleak seguruak izango direla elkar zaintzeko eta elkar aitortzeko gai diren bizilagunez betetzen ditugunean. Horretarako martxan jarri izan dira harrera planteamenduak, Ongi Etorri Alde Zaharrera programa, elkar laguntza sareak… eta oraindik ikasten jarraitzen dugu.

Auzoa poliziaz betetzeak, planteamendu guzti hauek oztopatzen ditu. Bizilagun bezala poliziaren arrazakeria eta gehiegikeriak salatu nahi ditugu. Guraso bezala, ez ditugu gure haurrak beldurra eta bortizkeria nagusi diren kaleetan hezi nahi, ezta auzokideon arteko etsaitasunean.

"Arazoak izaten ditugu, elkarbizitza arazoak. Eta bestelako planteamendu batzuetatik aurre egin nahi diegu, elkar ezagutzatik, elkar aitortzetik, loturak sortzetik"

Horregatik datorren alkateari eskatu nahi diogu, arduraz joka dezan. Polizia gutxiago eta gizarte zerbitzu gehiago nahi ditugu. Arrazismoan oinarri dituzten razzia polizialak eten ditzatela berehala, eta auzoko eragileek dituzten planteamendu sozialak balorez eta finantziazioz hornitu ditzatela.

Hafsa Tahir eta Aitor Alustiza, Gasteizko Alde Zaharreko Ramón Bajo eskolako guraso elkartearen izenean


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Polizia gehiegikeria
Eneko Valdés eta Juan Calvo, Ertzaintzaren zaintzapean hilak: 30 urteko aldea, kointzidentzia gehiegi

1993ko abuztuaren 20an Juan Calvo bilbotarra hil zen Arkautiko Ertzaintzaren komisarian, atxilo zegoela. 2023ko uztailean ARGIAk heriotzaren inguruko informazio eta datu berriak argitaratu zituen, agerian uzten zituztenak Calvok jasotako tratu txarrak zein Poliziaren gezurrak... [+]


Udaltzainek bi lagun zauritu dituzte tiroz Barakaldon; horietako bat larri dago

Udaleko Segurtasun Sailak adierazi duenez, Arrontegiko zubiaren azpian izan da tiroketa, udaltzainak zulo bat estaltzera joan direnean.


Gomazko pilotak erabili al ditu Ertzaintzak Gasteizen, lehen aldiz Cabacasen heriotzaz geroztik?

Gasteizko Martxoaren 3ko manifestazioaren aurka oldartzean Ertzaintzak gomazko pilotak erabili zituela salatu zuten zenbait eragilek eta pertsonek sare sozialetan, argazkiz lagunduta. Salaketak ez zuen oihartzun handirik izan, baina egia balitz gertaera esanguratsu baten aurrean... [+]


Angel Berrueta omendu eta hogei urteren ostean aitortza ofizialik gabe jarraitzen duela salatu dute

Hogei urte bete dira ETA ez zion kartel bat jarri nahi ez zuelako Angel Berrueta hil zutenetik Espainiako polizia batek eta bere semeak. Iruñeko Donibane auzoan Berrueta omendu dute, eta justizia eta erreparazioa eskatu dituzte.

 


2024-03-14 | Irutxuloko Hitza
Alta eman diote Ertzaintzak zauritutako Realeko zaleari

PSGren aurkako partidaren aurretik izandako karga polizialean zauritu zuten pilotakada batez emakumea.


Eguneraketa berriak daude