Federiciren izpirik ez 'Akelarre' filman

  • Sorgin ehiza feminizidioa izan zela azpimarratu nahi du Pablo Agueroren filmak, baina zuzendariaren begirada heteropatriarkalak asmo feminista zapuzten du. Inkisidoreak euskal Sherezade moduko batekin duen obsesio erotikoak ardazten du istorioa. Ikertzaile feministek aipatzen dituzten alargun, sendalari eta emaginak ez dira agertzen.

    (Artikulu honen jatorrizko bertsioa Pikara Magazine hedabideak argitaratu du gaztelaniaz. ARGIAk euskarara ekarri du.)


2021eko apirilaren 23an - 15:37
'Akelarre' filmako fotograma honetan Garazi Urkola aktorea Katalin interpretatzen ari da. Gidoi heteropatriarkalak desitxuratutako bigarren mailako pertsonaietako bat da.

(Adi! Spoilerrak barra-barra)

Onartu behar dut kritika negatiboek baldintzatuta ikusi dudala Akelarre. Zinemagintzan lan egiten duen lagun batek bukaeraren spoilerra egin zidan, Audre Lorde parafraseatuz: "Ugazabaren tresnek ez dute sekula eraitsiko ugazabaren etxea". Gainera, tablet batean ikusi nuen, zatika, alaba nire arreta lortu nahian zebilela. Hortaz, agian nire iritzia desberdina izango litzateke pantaila handi batean murgildu izan banintz, aurreiritzirik gabe, entretenimenduaz gozatzeko prest. Aranzazu Callejaren eta Maite Arroitajauregiren soinu-bandaz gozatzea zen nire motibazio nagusia, jatorrizko musikarik onenaren Goya jasotzean erakutsi duten ahizpatasunaz liluratua. Eta hala izan da, egunak eman ditut "Ez dugu nahi beste berorik zure musuen sua baino" kantatzen eta akelarre feministekin amesten.

Akelarre-ren asmoa ona da, alegia, sorgin ehiza botere misoginoak antolatutako eta fundamentalismo erlijiosoak legitimatutako feminizidioa izan zela kontatzea. Historia XVII. mendean kokatzen da, Euskal Herriko kostaldeko herri batean. Gizonak marinelak dira eta haien absentziak emakumeei ematen dien askatasuna onartezina iruditzen zaio Inkisizioari. Deabruarekin harremanetan jartzeko sabbat zeremonia antolatzeaz akusatuak izan diren sei neska nerabe dira pelikularen protagonistak. Hautu horrek jende gaztearen interesa eta enpatia erakartzeko balio dezake, Yune Nogueiras aktoreetako bati egindako elkarrizketa batean irakur daitekeenez: "Akelarrek begiak ireki dizkit eta sorginen mundua beste era batera ikusarazi dit. Ordura arte, sorginei buruz irakatsi zidatena, hasteko, beste adin bat zutela zen. Tira, ez ziren gaur egungo neskak, baina sorgina izatea pentsatzen duguna esatea bada, gaur egun denok izan beharko genuke sorginak. Sorgin haiek gazteak ziren, ni orain naizen bezala, dibertitu nahi zutenak, eta dibertitzeagatik hegoak mozten zizkieten".

Aitzitik, sorginkeriagatik sutara kondenatutako emakumeen profil nagusia oso bestelakoa izan zen, ikertzaile feministen arabera. Kataluniako Ez ziren sorginak, emakumeak ziren kanpainari buruzko erreportaje batean, Meritxell Guàrdia eta Serentillek honela deskribatzen ditu: "Alargunak, sendalariak, emakume independenteak, migratuak, pobreak, baztertuak, genero rolak betetzen ez zituzten emakumeak. Guztira, 300 urteko tortura eta errepresioa izan zen, gure historiako feminizidio-gertakari handienetako bat. Eta, gainera, emakumeen ugalketa-jarduera eta arbasoen medikuntza-ezagutza kontrolatzeko eta usurpatzeko balio izan zuen".

Hau da, ez dut zalantzan jartzen Inkisizioak neska gazteak epaitu zituela basoan parrandan ibiltzeagatik, ardoa edateagatik, onddoak jateagatik eta sexuaz hitz egiteagatik. Baina jomugan zeuden andreak beste batzuk ziren, Akelarren ikusezin direnak, ez baitago pelikulan emakumezko sendalari, emagin edo migratuen arrastorik. Haatik, filman agertzen den adineko emakume bakarraren ekarpena protagonistari Audre Lordek gaitzetsiko lukeen gomendioa ematea da: bere gaztetasuna eta edertasuna arma gisa erabil ditzala inkisidorearekin botere harremana aldatzeko. Pentsa zer desberdin izango litzatekeen istorioaren garapena atso jakintsu horrek feminizidak intoxikatzeko edabe bat prestatu balu!

Kritika askok Akelarre alegatu feminista gisa aurkeztu du, baina asmo horrek talka egiten du zuzendariaren begirada heteropatriarkalarekin.
Begirada maskulinoa

Akelarre filmaren zuzendaria Pablo Aguero da, Katell Guillou belgikarrarekin batera gidoia sinatzen duen argentinar zinemagilea. Kritika askok Akelarre alegatu feminista gisa aurkeztu du, baina asmo horrek talka egiten du zuzendariaren begirada heteropatriarkalarekin. Abdellatif Kechicherena, Adelen bizitza pelikularen zuzendaria, gogora ekarri dit. Urdina kolore beroa da nobela grafikoaren egokitzapena dugu eta Julie Maroh komikiaren egileak gogor kritikatu zuen Kechiche emakumeen arteko sexuaren "erakustaldi kirurgiko, hotz, pornografiko eta gustu txarrekoa" egiteagatik. Akelarren ez dago sexu eszenarik, baina gidoiak filmaren bigarren partearen erdigunean protagonista eta gizonezko epailearen arteko tentsio sexuala jarri du.

Kamerak Ana Ibarguren pertsonaiaren sorbalda eta ipurdi biluzia laztandu duenean gogoratu dut Alicia Maciasek Pikara Magazine-n publikatu zuen artikulu bat. Male gaze (ingelesez, begirada maskulinoa) kontzeptua azaltzen zuen, Laura Mulvey zinemagintzaren teoriko eta feministak proposatutakoa, gizon heterosexualen desioak asetzen dituen ikus-entzunezko obrak deskribatzeko erabilgarria. Horietan hiru begirada maskulinok egiten dute bat: kameraren atzean dagoen gizonarena, gizonezko pertsonaiarena eta gizonezko ikuslearena. Dinamika hori hauteman dut nik Anak epailearen gozamenerako orgasmo baten itxurak egiten dituenean, Meg Ryanen pertsonaiak Harryk Sally aurkitu zuenean komedian nola.

Gainera, sei gazteetatik (sorpresa!) neska eder normatiboa da protagonista, bilauaren sexu-fantasiak gorpuztu ditzakeena, eta baita pelikularen sortzailearenak ere. Inkisidoreek lagunei ilea mozten diete umiliatzeko, baina Anaren adats luzea salbatzen dute. Pena da, bolleron ikono diren heroi kaskamotzen indarra ikusita, hala nola, Ripley tenientea Alien pelikulan, Mad Maxeko Imperator Furiosa ala Vendetaren V-ko Evey Hammond.

Halaber, begirada patriarkalak sutara kondenatutako gazteen arteko harremana kaltetzen du. Gidoiak Anari arreta guztia eman dio eta bigarren mailako pertsonaiak itxuragabetu ditu. Protagonistaren lidergoa bertikala da; berak bakarrik asmatzen du defentsa estrategia, lagunen ezinegonak eta ekarpenak entzun gabe eta herriko emakumeen laguntza jaso gabe. Eta haren estrategia ez datza emakumeen matxinada bat antolatzean, baizik eta marinelek salbatuko dituztelakoan denbora irabaztean. Azken eszenan, amildegitik ihes egiteko modua ere Anak erabakitzen du eta gainerakoak bere atzetik doaz. Haien gurasoak imajinatu ditut kargu hartzen.

Laburbilduz, filmak kontsigna feministak darabiltza, hala nola “Ez dago ezer arriskutsuagorik dantzan egiten duen emakume bat baino”, baina hutsalak dira begirada heteropatriarkala uneoro gailentzen delako. Begirada horrek, gainera, ez dio orijinaltasunari mesede egiten. Alegia, Akelarrek kontatzen digun istorioa betikoa da, Sherezaderen Mendebaldeko bertsioaren tankera hartzen du eta.

Transgresoreagoa litzateke, esaterako, Aixa de la Cruz idazle bilbotarrak Diccionario en guerra liburuan aipatzen dizkigun dildo psikotropikoak agertuko balira: "Beleñoa, estramonioa, mandragora eta belladona erditze-minak arintzeko erabiltzen ziren. Zenbait antropologok diotenez, baita sorginek akelarreetan hegan egiteko prestatzen zuten ukendua egiteko ere. Erratzaren makila ukenduarekin igurzten eta alutik sartzen zutelako irudikatu omen dira sorginak erratz gainean”.

Sei gazteetatik (sorpresa!) neska eder normatiboa da protagonista, bilauaren sexu-fantasiak gorpuztu ditzakeena, eta baita pelikularen sortzailearenak ere. Inkisidoreek lagunei ilea mozten diete umiliatzeko, baina Anaren adats luzea salbatzen dute.
Berrikuspen feminista

Sorgin ehiza kapitalismoa eta Estatu Modernoaren sorreran botere faktikoek erabilitako estrategia bat zela azaldu du Silvia Federicik Caliban eta sorgina saiakeran. Bizitza komunaleko eta aberastasunaren banaketako esperientziak erreprimitzeko balio izan zuen, esklaboen merkataritza eta Amerikaren konkista eta espoliazioa gauzatu ziren garaian. Federiciren esanetan, “Elizak heresiaren akusazioa erabili zuen insubordinazio sozial eta politiko mota orori eraso egiteko", baita bere moralaren aurkako jarrera sexualen kontra egiteko ere; besteak beste, antisorgailuen erabilera eta taldeko sexu harremanak.

Halaber, Sorginak, emaginak eta erizainak Barbara Ehrenreich eta Deridre Englishen entseguaren abiapuntua da kondenatutako emakume gehienak nekazariak artatzen zituzten sendalari ez-profesionalak zirela eta aberatsek suspertutako medikuntza patriarkalaren jaiotza haien errepresioan oinarritu zela.

Akelarrek, ordea, ez du horren berri ematen. Gidoia inkisidoreen galdeketan zentratzen da eta ez da ausartzen heresiagatik epaitutako emakumeen urraketak eta desobedientziak irudikatzen, euskal matriarkatuaren mitoa modu lausoan elikatzeaz harago. Zinema aldizkari batean irakurri dut pelikulak "sorgin ehizaren berrikuspen zuhurra" egiten duela, baina esango nuke gidoia idatzi dutenek ez dutela ezagutu edo aintzat hartu ikerlari feministek egin duten berrikuspena.

Horietako batek, Amaia Nausia Pimoulierrek, 2019an Iruñean egindako sorgin ehizaren historiari buruzko lehen topaketa feministan hizlari izan zen eta Twitterren onartu dit ez duela Akelarre ikusi beldurra ematen diolako. “Emakumezko aktoreak ikusita bakarrik (gazteak, ederrak), ziurta diezazuket ez datozela bat sorginkeriak salatutako emakumeen profilarekin (alargunak, adinekoak). Historia oso desberdina izan zen: XVI-XVII, Patriarkatuaren sendotzea, kapitalismoaren eta Estatu modernoen sorrera = Diziplina soziala”.

Agian, filmak balio izango du sorgin ehizarekiko interesa sortzeko eta ikusleak ezagutza kolektibo feminista horretara bideratzeko. Hala espero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sorgin ehiza
Ander Berrojalbiz. Heretikoz, sorginez, Elurzuriz
"Gizartea ezin da ulertu gizakiaren parte magiko sobrenatural hori gabe"

Akelarre saiakera argitaratu zuen 2021ean, eta, iaz, berriz, perla urregorrizko bat: Elurzuriren hiru heriotzak. Grimm anaien ipuin ezaguna berridatzi zuen, eskuizkriburik zaharrena abiapuntu harturik, Grezia zaharreraino joanez, eta Elurzuriren istorioko zenbait elementuri... [+]


2023-08-04 | Cira Crespo
Ipuina
Pedro Ruiz de Egino hil da -'Nerium Oleander'-

Hala Pedro Ruiz de Eginoren hilketa nola hemen agertzen diren beste lekukotza batzuk dokumentuetan jasotako gertaera historikoak dira. Izen bat bera ere ez da asmatua.


Euskaraz hitz egiten zuen katua

Ezkarbarte (Nafarroa), 1576. Ozkoidi eta Lizaso komisarioak Orikain auzo nagusira joan ziren ustezko sorginkeria kasu bat ikertzera. Martirikorena etxeko Mari Martin zen ustezko sorgina. Eta Juan Lizasok Juan San Martin lekukoaren testigantza jaso zuen idatzia auzi larriago bat... [+]


2022-12-11 | Reyes Ilintxeta
"Inkisizioak salbatu zuen jende pila hemen Euskal Herrian, sorginkeria aferetan"

Milaka agiri arakatu ditu Paul Arzakek azken 53 urteetan. Nafarroan izan diren ehunka sorginkeria prozesuetako datuak bildu ditu 443 orrialdetako Sorginkeriarena gurean liburu mardulean eta ateratzen duen ondorio nagusia da XV-XVI. mendeetako sorginkeria akusazio masiboek... [+]


Eguneraketa berriak daude