Zeruratzea

  • Nola irudikatzen da mina? Min fisikoa, gorputzean gertatzen dena, baina baita barrura sartu eta barruak jaten dizkigun min ikusezina ere. Mina; sufrimendua eta atsekabea. Artearen historian, baita kristautasunean ere, edo tragedia grekoari lotzen zaizkion erritual eta ospakizunetan, badago minaren errepresentazio aberatsa, non sakrifizioek, penitentziek edo zigorrek estetika liluragarri batean bat egiten duten. Lúa Ribeiraren argazkiek badute honetatik zerbait, baina badute ere anaitasunaz, aukera berrien esperantzaz eta John Waters-en pelikuletako kutsu kitch saturatu horretatik beste zerbait ere. Guztiaren gainetik, ordea, gizartean eraiki ditugun muga baztertzaileak zeruratzeko desira sumatzen da Ribeiraren argazkietan.


2023ko apirilaren 26an
'Sostiene cruz de madera' (
'Sostiene cruz de madera' (
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Mojak, lapurrak eta lorategiak interesatzen zaizkit. Gorputz ustelduan sorginkeria, hoteletako harrerak eta zeruko ateak. Mamuak, ehorztetxeetako zuzendariak eta grabitatea “. Hala laburbiltzen ditu Lúa Ribeira argazkilariak (A Pontes, Galizia, 1986) bere interesguneak, eta aipatzen dituen horien hatzak Donostiako Tabakalerako Artegunea aretoan ireki berri duen erakusketan topa ditzazkegu. Zeruratzea izenburua darama bost seriez osatutako erakusketak, eta, bertan, 2016. urtetik 2020ra bitartean egindako lanak aurkituko ditugu. Serieko hogeina bat argazki topatuko ditugu eta behin guztiak ikusita, Ribeiraren lan egiteko metodologia zein den susmatzen has gaitezke, bere motibo eta interesguneak identifikatu ditzakegu eta bukaerarako, testuinguru eta geografia ezberdinetan bere kamerak erretratatzen duen hori estilo jakin bati fidela dela baieztatuko dugu.

Kultura garaikide eta menderatzaileak dakartzan bazterketa-mekanismoak sortzen dituen errealitateak irudien bitartez zalantzan jartzeko asmoz dator Ribeira, edo behintzat lehen planora ekarri nahi ditu, azalera, denon bistara. Irudi horiek sortuz, irakurketa eta interpretazio onartuetatik kanpo dagoen horri so egiteko gonbitea luzatzen digu, ikusi nahi ez dugun hori parez pare jartzen digu, ez dago eskaporik, asimilatu beharreko errealitatea da. Sistematik kanporatuak izan diren pertsonak –etxegabeak, migratzaileak, aniztasun funtzionala duten emakumeak– dira askotan Ribeiraren argazkietan agertzen direnak. Argazkira heldu aurretik, ordea, prozesu luzea ematen da, elkar-ezagutza bat, topaketa bat, konfiantzazko ingurunea ehuntzen da, solasaldiak eta isiluneak elkarbanatu eta elkar ikusita, elkar errekonozituz, eta ondoren, akaso, argazkia helduko da. Eta argazkiak pasa den horren guztiaren istant bat besterik ez du irudikatuko, koloredun zapatila pare bat, irribarre leun bat, zigarroari zupada bat ematen dion gizona, negar malko batek blaitu duen rimmel beltza...

Lúa Ribeirak argazkilaritza dokumentaleko ikasketak egin zituen Galeseko Unibertsitatean eta egun Magnum agentzia prestigiotsuko kidea da, besteak beste, Cristina García Rodero eta Cristina de Middel-ekin batera. Antropologo baten antzera, ikerketa sakona eta bere gaien ikuspegi inguratzailea dakar Ribeirak, eta argazkilaritza topaketa horiek ahalbidetzeko bitartekari gisa darabil. Argazkilaritza "kolaboratzailea" egiten duela esaten du, irudietan agertzen direnak, kolaboratzaile gisa tratatzen baititu, haiekin bizitako esperientziak argazki bilakatzen baititu Ribeirak. Irudiak sortzeko garaian 50mm lentea erabiltzen du, gizakiaren begitik hurbilen dagoen lentea, kameraren bi aldeetan dagoen distantzia murriztuz, begirada ahalik eta errealena izan dadin ahalbidetuta.

Guía la procesión ("Prozesioa gidatzen du"). Puente Genil-en, Andaluzian. (2019). Las Visiones ("Ikuskariak") seriekoa. (Lua Ribeira)

Epe-luzeko topaketa horietako bat Esclavas de la Virgen Dolorosa mojen kongregazio katolikoan eman zen. Ribeirak haurtzaroko udako oporrak igarotzen zituen herrixka galiziarrean zegoen kongregazio hau, herritik at. Bertan, aniztasun funtzionala duten emakumeak bizi dira, mundutik aparte, etenaldi betiereko batean. 2014an hurbildu zen Ribeira beraiengana, barrera ikusezin horiek zeharkatuta, emakume horiekin denbora pasatzeko asmoz. Hala, denbora igaro ahala, eta elkarren artean konfiantza izan ahala, antzerki-tailerrak antolatu zituzten, kongregazioak zuen lorategi berde zarbatsuan antzezten zituztenak eta topaketa horietatik dator Aristócratas [Aristokratak] seriea. Jatordurako prest dagoen mahai hutsa, egurrezko gurutze txikiz apaindutako logela, loredun mahai batean bueltan antzeztutako erretrato aristokratikoa. 

Josef Koudelka argazkilari txekiarrak frankismo berantiarrean Sevillako (Andaluzia) Aste Santuak erretratu zituen, prozesioetako jende pila horretatik haratago zegoen pusketei erreparatuz: kale huts batetik gurutzea arrastaka daraman gizon nazaretarra, prozesioei begira dauden umeak, tunika janztear dauden penitenteak… Ribeiraren Visiones ("Ikuskariak") serieak badu Koudelkaren argazkien arrastoa. Puente Genil (Kordoba, Andaluzia) herria aukeratzen du bertako Aste Santuko ospakizun erlijiosoak erretratatzeko, baina hemen ere prozesioa eta errituei buruzko aipamenak desagertu egiten dira. Ospakizunaren aldirietan gertatzen den hori da artistak bere kamerarekin harrapatuko duena:  nazaretarren jantzi gorriak bere testuingurutik aterata, prozesioetara joateko dotore jantzi den familia, kamerara serio begiratzen duen neskatila, errepidea gurutzatzen duen gizona ke laino batean galduta, Puente Genileko industria gunea… Espero den hura albo batera utzi, eta aldirietan gertatzen dena ekartzen du erdigunera.

Migrazioarekin eta gizonek altxatutako muga krudelek sortzen dituzten egoeretan murgiltzen da Ribeira La Jungla ("Oihana") eta Los afortunados ("Zorionekoak") serietan. Lehena Tijuana hirian dagoen oihan itsurako ez-leku baten izena da, eta bertara joan zen Ribeira, bidaia labur batean migrazio-krisiari buruzko argazkiak ateratzera ekimen kolektibo batean. Mugara iritsi eta gutxira, migratzaileek pairatzen zuten mespretxuaren testigu izan zen, baita migratzaileek sentitzen duten beldurraz ere. Melilla eta Marokoko muga ertzetan ere ibili izan da, Europako muga noiz pasa zain dauden gazteekin harremana egiten. Eta bizikidetza horretatik sortzen dira bi serie hauek, haiekin denbora pasatu eta haien istorioak ezagutzetik. Lotarako babesleku diren egitura prekarioak, oihana izan zatekeen berdez estalitako azalera, eguzkitik babesten diren gizonen arteko elkarrizketa, goizegi heldu egin diren gazteen biziraupena... 

Azkenik, Zeruratzeak Bristol (Erresuma Batua) hirian gertatzen ari zen etxerik gabeko pertsonen krisiari aurre egiteko asmoz sortu den proiektu da eta erakusketari izenburua ematen dion argazki-bilduma da. Ribeira hiriko parkeetan etxegabeekin elkartzen hasi zen, parkean bertan, hiriko logika eta dinamiketatik at. Lorategiko atmosferak, izaera mitologiko bat ematen die bertan agertzen diren pertsonei, aingeru edo zaindari bailiran. Kolore saturatuak, bibranteak eta irmoak dira nagusi Zeruratzear erakusketan. Erakusketako goiko solairuan, Ribeirak lan egiteko erabiltzen dituen koadernoko erreferentziak konpartitzen ditu publikoarekin, eta ederra da ikustea zein den argazki baten sorburua, lehen ideia hori, lehen zirriborroa eta konturatzea artistak dakarren ikusizko ezagutza guztia, ondoren, nola edo hala, bere argazkietan azaleratzen dela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
Tarsila do Amaral
Tupi or not tupi, that’s the question

1920ko hamarkadan, Brasilgo hainbat artista, idazle eta pentsalarik bere herriarentzako nortasun propioa eta modernoa sortzeko proiektu kultural berritzaileari ekin zioten. Horrela, Oswald de Andrade poetak Brasilgo modernitate kulturala izango zenaren gidaliburu gisa Manifestu... [+]


Teknologia
Ilusioan bizi

Pasa den astean, itzalaldian, gure burua zaurgarri ikusita, pertsona asko hasi ginen ikertzen, gertatutakoa ulertzeko asmoz: zelan funtzionatzen du elektrizitatea garraiatzen duen azpiegiturak? Zergatik geratu da zaharkitua? Elektrizitatearen fenomeno fisikoak liluratzen nau,... [+]


Emakumeek lan munduan izandako garrantzia islatu dute Arabako Arte Ederren Museoan

Arabako artisten 35 lan paratu dituzte Emakumea. Familia eta lana erakusketan, Gasteizen. Aukeraketa egiteko, kanpoan utzi dituzte historian zehar emakumeak sarritan margotu izan diren beste egoera eta estereotipo batzuk, eta lanari lotutakoei eman diete garrantzia. Urriaren... [+]


Estatua perfumatuak

Eskultura grekoerromatarrek bere garaian zuten itxurak ez du zerikusirik gaurkoarekin. Erabilitako materiala ez zuten bistan uzten. Orain badakigu kolore biziz margotzen zituztela eta jantziak eta apaingarriak ere eransten zizkietela. Bada, Cecilie Brøns Harvard... [+]


Lanartearen gomendioak erakunde publikoei, beka eta sari sistema duina eta etikoa helburu

Erakunde publikoen bekak eta sariak. Kritika eraikitzaile bat izeneko dokumentua plazaratu du Lanartea elkarteak. Berria-k zabaldu du laburpena, eta txostena eskuraturik, hemen duzue elkarteak erakunde publikoei egiten dien gomendio sorta.


“Noizbait ere gauzak bukatu egin behar dira, konplitu dugu Argia Sariekin”

Behin batean, gazterik, gidoi nagusia betetzea egokitu zitzaion. Elbira Zipitriaren ikasle izanak, ikastolen mugimendu berriarekin bat egin zuen. Irakasle izan zen artisau baino lehen. Gero, eskulturgile. Egun, musika jotzen du, bere gogoz eta bere buruarentzat. Eta beti, eta 35... [+]


Kolono europarrek Afrikan lapurturiko 500.000 artelanak itzultzeko ariketa nekeza

Azaroaren 4an itzuli die Frantziak benindarrei Katakle errege-aulkia, duela 132 urteko triskantzan frantses kolonoek lapurtu zietena. Memoriaren, aitortzaren eta ondare kulturalaren izenean, Europan zehar dituzten lapurtutako 500.000 objektuak berreskuratu nahi dituzte Afrikako... [+]


Wikipediako 2023ko argazki onenak: naturako argazki ikusgarriak nagusi

Wikimedia Commons-en biltzen dira Wikipedian erabiltzen diren lizentzia libreko fitxategiak: irudiak, argazkiak, audioak, bideoak… Une honetan 110 milioi fitxategiko bilduma erraldoia osatzen dute. 2006an hasi ziren urteko argazki onenak aukeratzen. 2023koak hautatu berri... [+]


Yun Ping. Aldiro etxera itzuli
“Inor ez da gauza bakar bat, ezta gauza oso itxi bat ere”

Uda osoan ikusgai egon dira Yun Ping artistaren argazkiak Donostiako Cibrian galerian. Identitate-prozesuak dituzte langai, generoaren eta arrazializazioaren bidegurutzean. Irailaren 12an, erakusketaren aktibazio eta itxiera gisa, Yun Pingek performance publiko bat egin zuen,... [+]


Zergatik daude Renfeko trenak inoiz baino grafiti gehiagorekin margotuta?

Garraio publikoaren zerbitzuaren gainbeheraren barruan, alde estetiko hutsa bada ere, ohikoa bilakatu da trenak margoturik ikustea eta, behingoagatik bada ere, ez da arrazoi ekonomiko hutsengatik, langileek azaldu dutenez.


Montse Borda. Pinturaren artisaua kobazuloan
“25 urtez astebururo fabrikan ari naiz, baina horrek astegunetan tailerrean egotea ahalbidetzen dit”

Iruñeko Arrosadia auzotik pasatzen naizen aldiro sartzen dut burua Santa Marta kaleko tailerrean. Hor da Montse normalean: potetxoan pintzela sartu, trapu batean ia pintura dena kendu eta pintzela mihisean igurzten, begiztan. Bere espazio-denboran sartu naiz gaur eta... [+]


2024-09-24 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 4. eguna
Hurbilekoa beti da hunkigarria


Eguneraketa berriak daude