Etorkizuneko liderrak elkar ezagutzen

  • Iragan uztailaren 16tik 19ra Gasteizko Letren Fakultatean eta Oihaneder Euskararen Etxean HIGA, Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketa egin zen. 32 hizkuntza komunitatetako 65 gaztek hartu zuten parte. Horietako bat izan zen Teija Kaartokallio (Inari, Finlandia, 1998), samieraz mintzatzen den gaztea.


2018ko urriaren 07an
Teija Kaartokalliok Sami herrian urtebete igarota ikasi zuen samiera, 
etxean ez baitzuen jaso hizkuntza. Argazkia: Zaldi Ero.
Teija Kaartokalliok Sami herrian urtebete igarota ikasi zuen samiera, etxean ez baitzuen jaso hizkuntza. Argazkia: Zaldi Ero.

2011n egin zen estreinakoz Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketa. Gasteizen, orduan ere. Harrezkero, HIGAk ez zuen biderik egin, aurten berriz antolatu arte. Ekimena ez da hutsetik sortua, hainbat erakunde dira tartean. Gasteizko Udaleko Gazteria eta Euskara Zerbitzua dira bultzatzaile, eta babesle, berriz, EHUren Arabako Errektoreordetza eta Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedra. Laguntzaileetan da, bestalde, Oihaneder Euskararen Etxea. Batzorde Akademikoak, berriz, Garabide, Kontseilua, Soziolinguistika Klusterra, Unesco Katedra eta Londreseko SOAS Unibertsitatearen bultzada izan du.

HIGAren zuzendari Beñat Garaiok adierazi dizkigu Topaketaren helburuak: “Gasteizko gazteei aukera eman nahi izan diegu beste hizkuntza gutxitu batzuetako hiztunekin harremanetan jarri eta hizkuntza biziberritzeko esperientziak ezagutzeko. Bestalde, euskararen aldeko jarrerak eta ekintzailetza areagotu nahi izan ditugu Gasteizko gazteen artean. Gainera, gazte ekintzaileak soziolinguistikan eta hizkuntza politikan trebatzea ere helburu izan dugu”. Gasteizko egonaldiak aukera eman die partaide guztiei “geroan ere harremanak eratzeko, dela hizkuntzen biziberritzeko esperientziak trukatzeko, dela hizkuntza kooperazio ekimenak antolatzeko ere”. Horretan, Garabideren filosofiari jarraiki ari da HIGA.

Munduan topaketa bakarra da

HIGAren zuzendariak parte-hartzaileen motibazioa goraipatu du: “Beharbada, horrelako topaketa baten beharra sentitzen zuten, edo aukera baliatu nahi zuten, besterik gabe, baina oso parte-hartze aktiboa izan zen, topaketako giroa oso gertukoa, eta hemendik aurrera gauzak egiteko grina, berriz, bistakoa. Beren hizkuntzen alde lan egiteko gogoa dago liderrak edo etorkizuneko liderrak izango diren gazte horietan. Parte-hartzaileak, gutxi-asko, beren hizkuntzak biziberritzeko ekimenetan ardurak dituzte, edo hainbat egitasmoren sorreraren atzean daude”.

Horri dagokionez, HIGA topaketak nork bere konpromisoa berresteko bidea eman du. Garaiok esan digu: “Azken egunean, gazteok norbanako bezala hartu beharreko zenbait konpromiso zehaztu eta sinatu genituen; 22 guztira. Bertan geunden 65 kideok hitzetatik ekintzetara pasatzen bagara, hizkuntza gutxituen biziberritzean eragina izango du, seguru. HIGAko parte-hartzaileek euren komunitatearen garaipenen berri eman zuten, adieraziz hizkuntzen biziberritzea konkista txikiz osatutako mugimendua dela, eta hainbat esparrutan garaipen horiek lortzen ari direla”.

Hamalau euskaldunek hartu zuten parte. Atzerriko 32 hizkuntzatako ekintzaileekin esperientziak partekatu zituzten, eta finean, beren trebakuntza hobetu zuten, “hizkuntza-komunitate bezala munduan dugun lekua aurkitzen laguntzen du HIGAk, eta gure hizkuntza biziberritzearen esperientzia kanpoko hizkuntza gutxituen egoeraren ezagutzarekin aberasteko ere balio du”.

Hiztun gazteen bigarren topaketa honen emaitzak ikusita, partaideek topaketa maiztasunez antolatzeko deia egin zuten. “Munduan bakarra den ekimena dela iruditzen zaigu eta esanguratsua da Gasteizen eta Euskal Herrian antolatu izana. Hainbat argitalpen eta forotan goraipatu da Gasteizen berezitasuna, sozialki baldintza egokiak dituelako hainbat jatorri eta helburutako ekimen sozialak aurrera eramateko”. Jakina denez, eta besteak beste, hizkuntza gutxituen esparruan Oihaneder Euskararen Etxeak Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituak ezagutzeko zikloa antolatzen du, eta bi urte dira, bestalde, Gasteizko Udalak, Topagunearekin eta bertako eragileekin batera, Anhitzak Gasteizko Hizkuntz Aniztasunaren Topaketa antolatu zuenetik. Azken honi dagokionez, hor da #HIGA2020 traola, esperientziak jarraipena izan dezan.

Samiera Finlandian

Teija Kaartokallio (Inari, Finlandia, 1998) samieraz mintzatzen etorri zen Gasteiza. “Europarik iparrenean hitz egiten da samiera, Finlandian, Suedian, Norvegian eta Errusian. Hantxe dituzu samiak. Bederatzi samiera hizkuntza ditugu, hizkuntzak, eta bakoitzaren barruan, hizkelgiak dituzu. Ni, Finlandia partetik nator, non hiru samiera hizkuntza diren. Haietako bat hitz egiten dut, Norvegia partean ere hitz egiten dena, hain zuzen”. 4.000 ipar samiera hiztun dira Finlandian, eta beste 2.000 hiztun, berriz, dituzte beste bi samiera hizkuntzek herrialdean. “Sami izena du gure herrialdeak, ez du estaturik, baina herria da”.

Hego Finlandian jaioa da Kaartokallio, ipar samiera hitz egiten den eremutik kanpora. “Ez nuen etxean ikasi. Amak ere ez du oso ondo hitz egiten. Hala ere, senideak ditugu iparraldean, ama jaio zen alderdian, eta beti joan izan gara senideak bisitan. Urtean bi bidaia ere egiten ditugu senideak ikustera joateko. 1.200 kilometrora bizi dira, baina joaten gara. Haiek samieraz mintzo dira, beti ari dira samieraz, eta belarria egina daukat. Bestalde, han bizi izan nintzen urtebetez, eta hantxe ikasi nuen, egiaz, samieraz”. Ordu arte, suomieraz hazi zen Kaartokallio, gehiengoaren hizkuntzan. “Suedia alderdian, suedieraz hazten dira samiera hiztunak. Norvegia aldean, norvegieraz. Errusia partean, errusieraz. Samiera ez den beste hizkuntzaren batean, gehiengoarenean, haziak gara samiok”.

Finlandian jaioa, hangoxe egoera ezagutzen du ondoen. “Samierak Errusian du kinkarik handiena. Egokiena, aldiz, Norvegian. Desagertzeko zorian dagoen hizkuntza da, baita gehiengoaren hizkuntza den Finlandiako partean ere, hau da, iparraldean”. Eta, hain zuzen, bertan du lege estatusa samierak. “Han, legearen arabera, samieraz egin litezke ikasketak, baina legearen arabera besterik ez, zeren eta askotan ez baitago baliabiderik, ez irakaslerik ez beste”. Hala ere, samiar gazteriaren %65 samiera gehiengoaren hizkuntza den eremutik kanpo bizi da, non samierak batere babesik ez duen.

Samierak badu telebista saio bat edo leihatila bat. “Bizpahiru minutuko albistegia da. Ez da egunkaririk, aldizkariren bat... Aukera handirik ez. Gaitz erdi, Norvegiako aldean bestela da egoera, eta hango samieraren produkzioez baliatzen gara Finlandian. Muga hor da, baina mugaren gainetik dabil samiera. Gure hizkuntza baino geroagokoa da muga”. Kaartokalliok dioenez, senideak dira Finlandia eta Norvegiako samietan, eta jende mugimendua gauza ohikoa da.

Etorkizunari buruz ez da guztiz baikor. “Indigenak gara samiok, baina gure eremu naturaletik, tradiziozkotik kanpo bizi gara asko, gure kulturatik aparte, eta kultura eta hizkuntza batera datoz. Kulturarik gabe, ez duzu hizkuntza zeureganatuko, eta hizkuntzarik gabe, nekez jabetuko zara, osoki, kulturaz. Bata bestearekin datoz. Samiok, berriz, hirietara ari gara, eta horrek kultura aldatzea dakar ezinbestean”. Eta hizkuntzari eusteko lanak areagotzea. “HIGAn ikusi dudanez, zailtasun bertsuak partekatzen ditugu hizkuntza gutxituetako hiztun guztiek, nahiz bakoitzak bere espezifikotasunak dituen”. Erantzunik ez dute, aurrera egiteko erabakia hartua besterik. “Erantzunik ez, baina funtsezko galderak egiten asmatu dugu, bederen!”, bukatu du irribarrez Kaartokalliok.


ASTEKARIA
2018ko urriaren 07a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sami herria
Sami hizkuntzak elur-hitzak soberan ditu aldaketa klimatikoarengatik

Elurra, izotza, eguraldi hotza... izendatzeko ehunka hitz ditu sami herriak. Artikoa epeltzen ari da, ordea, eta hitz batzuk gero gutxiago erabiltzen dituzte. Batez ere, izokin arrantzako eta elur-oreinen zaintzako hiztegia ari da galtzen.


2023-05-10 | ARGIA
Sami bat Euskal Herrian izango da makroproiektu eolikoen aurkako haien borroka azaltzeko

Sami Kontseiluko kidea, ikerlaria eta ekintzailea den Eva Fjellheim Euskal Herrian izango da: "Lurraren defentsan Euskal Herria Bizirik" manifestazioan parte hartuko du maiatzaren 20an Gasteizen eta bi hitzaldi emango ditu Azpeitian eta Aramaion.


2023-04-02 | Karlos Zurutuza
Samien eta maputxeen borroka, Statkraften parke eolikoen aurka

Norvegiako berriztagarrien erraldoiaren hainbat proiektuk ondoeza eragin dute maputxe eta sami herriengan. Epaileek ere ilegaltzat jo dituzte azpiegiturak, baina gobernuek ez ikusiarena egiten dute. Giza eskubideen aldeko aktibista ospetsuek ere bat egin dute protestarekin,... [+]


Greta Thunberg atxilotu dute Statkraftek samien lurretan dituen eolikoen kontrako protestan

Samien herri indigenaren lurraldeetan novergiar multinazionalak eraiki dituen zentral eolikoen kontrako protesta batean atxilotu dute ekintzaile ekologista ezaguna, beste hainbat manifestarirekin batera.


Sami herri indigenak bere lurraldearen gaineko eskubide batzuk berreskura ditzake

30 urteren ondoren, Gallivareko (Suedia) tribunal batek Zirkulu Polarrean dagoen Girjaseko sami herri indigenari eman dio beraien herrialdean arrantzatzeko eta ehizatzeko eskubidea. Garan irakur daitekeenez, 1993. urtean kendu zieten eskubidea berreskuratu du komunitateak. Dena... [+]


Eguneraketa berriak daude