"Biktimei dagokienean, instituzioek ez dute berdintasunez jokatzen"

  • Orduko Eusko Jaurlaritzak –Carlos Garaikoetxea lehendakari–, ez zuen bertsio ofizialarekin bat egin. EAJren EBB ere ez zen ados: “Ondo baino hobeto prestatutako tranpa”. Donostiako eta Iruñeko gotzainak ere ez: “Ez dago etsaia akabatzerik, etsaia delako beste arrazoirik gabe”. Euskadiko Ezkerrako Juan María Bandrések Espainiako gorteetan orduko barne ministro José Barrionuevori esana: “Sarraski hutsa izan da”... Eta 40 urte, eta aitortza eta erreparazio zain. 1984, martxoak 22: Pasaiako Badia.

Pello Aizpuru, segadaren lekuan. (Argazkia: Dani Blanco)
Pello Aizpuru, segadaren lekuan. (Argazkia: Dani Blanco)Argazkia: Dani Blanco
Pello Aizpuru Arbelaitz. Azpeitia, 1963

Soldatzaile lanbidez, anaiaren memoriaren zaindari ezagutu dugu Pasaiako badian Dionisio anaia hil ziotenetik, Espainiako Poliziak garaiko arduradun politikoen begiradapean sarraski hura gauzatu zuenetik. Harrezkero, sarraski hartan hil zituztenen senideek eta gainerakoek nahi baino epaile gehiago ezagutu dituzte, behar baino tramite eta atzera-aurrera gehiago ibili dituzte 39 urte hauetan. Eta inoiz nekea nagusitu bada ere, edota etsipena, Pello Aizpuru, Arantxi Isart, Jabier Izura, Karlos Delas... ez dira errenditu, ez dute amore eman. Egia jakinik, aitortza eta erreparazioa dituzte helburu.

Pasaia Donibanen gaituzu, badian. “Segada, sarraskia, krimena”, horra hiru hitz hemen noizbait gertatua adierazten dutenak. Honaxe etorri gaituzu...
Familian izan genuen gertakari tamalgarri bat da hona etortzeko arrazoia. Anaia [Dionisio Aizpuru] zenaren heriotza, erailketa, jendeari berriro ere gogoraraztea, hemen gertatutako lau hilketak salatzea. 39 urte dira hura gertatu zenetik... Gure iritziz, kasua argi dago, argi samar, zer gertatu zen badakigu, baina aitortzarik ez dugu jaso. Horren guztiaren harira etorri gara Pasaiako badia honetara.

Sarraskiaren berri daukanari gertatua gogorarazi, esan duzunez. Ez dakienari, berriz, zer esango zenioke, hemen zer gertatu zela?
Eta ez dakienari nola azaldu? Ez da erraza… 1984ko martxoan, emakume bat [Rosa Jimeno] atxilotu zuen [Espainiako] Poliziak. Hitza, hala ere, ez da atxilotu, bahitu baizik. Alabaren berririk ez, eta gurasoak Donostiako Polizia etxera joan ziren, Rosa han ote zeukaten galdezka, eta ezetz esan zieten, ez zegoela han. Gurasoak Polizia etxetik irten, eta hantxe ikusi zuten alabaren autoa! Bistan zegoen alaba barruan zeukatena, gezurra esan zieten! Gurasoek salaketa jarriagatik ere, Poliziak ikerketarik ez zuen burutu. Eta nola egingo zuen, bada, Rosa beraien esku zeukaten-eta Donostiako Amarako Polizia etxean!

Zergatik ezkutatu zuen Espainiako Poliziak Rosa Jimeno bahiturik zeukana?
Beharbada, ordurako Rosa torturatzen ari zirelako, Pasaiako segada prestatzen ari zirelako, Komando Autonomoen kontra jotzeko eta eskarmentua emateko. Ez dut nik asmatu, ez dugu hildakoen senideok esaten, hemen ibili ziren polizien buruzagiek, edo zenbait buruzagi politikok, halaxe adierazi zuten. Eta hortxe PSOEko José Bonoren hitzak. Bono Espainiako Defentsa ministro eta Kongresuko presidente izan zen, eta bere liburuetako batean, (Les voy a contar / Kontatuko dizuet, 2012 ) kontatzen du alderdiko kide goren batek –Joaquin Leguinak–, esan ziola: “[Enrique] Casasena gertatu zenean, EAJrekin elkartu ginen, erreakzionatu egin behar genuela esan genien, Casasen heriotza ez zela bere horretan geldituko. Eta egun batean, gauez, Casas erail zutenek Bidasoa igaro zutenean, ordaina jaso zuten”. Halaxe esaten du, hitzez hitz.

Ordaina jaso zutela...
Zein izan zen ordain hura? Lau pertsonari 113 bala sartzea? 36 balazulo gure anaia zenari? Zazpi tiro garondoan?… Nola liteke, ordea? Lehenengo, tiro bat eman zioten, eta, gero, lurrean zegoela, beste sei tiro, bata bestearen segidan? Beste tiro bat begian zuen! Denera, 36 tiro jaso zituen! Nola gertatu zen? Nola izan liteke Polizia hain krudela, zer dela-eta ankerkeria hori? Basakeria hutsa izan zen!

Argazkia: Dani Blanco
"Gure Dionik 36 balazulo zituen. ‘Pelitxo’-k 28, eta tiro bat garondoan, eta beste bat begian. ‘Pelu’-k, 28 tiro, eta bat gehiago garondoan.
‘Txapas’-ek, 21”

Rosa Jimeno bahitu zuen Espainiako Poliziak. Hitzordua eginarazi zioten, kideak Pasaiara etorrarazteko. Lau kide hil ziren, bizirik atera zen bat, Joseba Merino.
Rosa [Jimeno] amu gisa ibili zuten. Hitzordua egin behar izan zuen, Poliziak gogor torturatu eta horretara behartuta. Kideak zodiac txalupa batean etorri ziren Ipar Euskal Herritik badia honetara, eta ordurako ehunka polizia zituzten zain, prest, han eta hemen. Besteak beste, Espainiako Poliziaren GEOkoak [Operazio Talde Berezia] etorrarazi zituzten Guadalajaratik [Espainia]. Eta, horretaraz gero, haiek Guadalajaratik etorrarazteak esan nahi du, nahi beste denbora izan zutela operazio hura guztiz antolatzeko eta prestatzeko.

Heldu da zodiac-a badiara…
Rosa hanketatik lotuta zeukan poliziak. Argi-seinaleak egin zizkien bere lagunei, eta badiara hurreratu zen zodiac-a. Eta, betikoa, “Alto, Polizia!” hots egin omen zuten. Rosa lotzen zuen sokatik tira eta eraitsi zuten, eta, segidan, tiro zaparrada. Baina tiro-segida, poliziak eta guardia zibilek zodiac-ean zeudenen kontra! Joseba Merino da lekuko, bera da segadatik bizirik atera zen pertsona bakarra. Esaten du zodiac-ean zegoela, eta tiroka hasi zitzaizkienean, jauzi egin zuela uretara. Tiro erauntsia atertu zuenean, Polizia bila hasi zen, eta uretan harrapatu zuten. Handik atera zenean, Josebak bizirik ikusi zuen gure anaia; atxilotuta zeukaten. Berdin zeukaten, Rafael Delas, hura ere uretatik aterata, bizirik, zauririk-eta gabe. Beste bi lagunak [José Mari Izura eta Pedro Mari Isart] ez zituen ikusi, ordurako hilak izan behar zuten.

Artean bizirik ditugu zodiac-ean etorritako hiru lagun: zuen anaia Dionisio Aizpuru, Rafael Delas eta Joseba Merino...
Poliziak, orduan, eskuak buru atzean jartzera behartu zituen hirurak, eta banan-banan identifikatzen hasi zen. Joseba Merino identifikatu zutenean, alboratu egin zuten, eta gure anaiari eta Delasi, berriz, esan omen zieten: “Jo eta bertan hilko zaituztegu!”. Eta hartu eskopeta eta bertatik bertara hil zituzten biak. Gau hartan bertan, autopsia. Paco Etxeberria zen egun hartan guardiako forentse, eta berak aztertu zituen gorpuak. Etxeberriaren arabera, Rafak [Delas] bertatik bertara egindako eskopeta tiro bat jaso zuen; esan zuenez, gorpuak hamaika posta zeuzkan, elkarren oso ondoan denak. Merinok esaten duenarekin bat dator autopsiaren emaitza, alegia, lehenengo tiro zaparrada bat izan zela, eta, gero, bigarren tiroaldi bat, gure anaia-eta hiltzeko. Lekukotasun gehiago ere badira, eta denek ere bi tiro zaparrada izan zirela baieztatzen dute.

Odol hotzean hil zituzten, nahiz bertsio ofizialak besterik dioen.
Bertsio ofizialak esaten du Poliziak altoa eman ziela, komandokideek tiroka eraso ziotela, eta haiek erantzun egin zutela. Poliziak epaileari adierazi zion hainbat argazki zituztela, eraso horren froga, eta bidaliko ziotela argazki-txostena. Beraiek, poliziak, harkaitzetan gorako petrilean zeudela, eta komandokoek botatako tiroek egindako zuloen argazkiak zituztela. Baina delako argazki-txosten hori inoiz ez zen epailearen eskuetara iritsi. Eta nahiz eta epaileak froga hori Poliziari behin eta berriz eskatu, inoiz ez zuen jaso. Paco Etxeberriak dioenez, gorpuei autopsia egiteko garaian, [Donostiako] Polloe hilerrian, bizitzan lehenengo aldiz, Poliziak bideoz grabatu omen zuen autopsia. Polizia, bideoz, kamera handi bat hartuta, autopsia grabatzen! Grabazio hori ere ez da inoiz agertu.

Dionisio Aizpururen eta Pedro Mari Isarten hilkutxak Azpeitiko kaleetan.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari Xabier Aizarnaren telegramak argi uzten du batzar nagusietan ez zutela bertsio ofiziala sinistu eta gertaera “erailketatzat” jo zutela.

 

Zer bide egin zuen kasuak? Epaitegietan, esan nahi dut.
Testigantzak eduki arren, eta Paco Etxeberriaren autopsiaren emaitzak izan arren, hilketak gertatu eta hiru hilabetera, ekainean, epaileak artxibatu egin zuen kasua. Buruz ari naiz, baina uste dut esaten zuela “deliturik egin dela aztarnarik ez dagoelako”. Halakoren bat. Gure Dionik 36 balazulo zituen. Pelitxo-k [Pedro Mari Isart] 28, eta tiro bat garondoan, eta beste bat begian. Pelu-k [José Mari Izura], 28 tiro, eta bat gehiago garondoan. Txapas-ek [Rafael Delas], 21; bularrean jasotako eskopeta tiroa, eta beste tiro bat garondotik sartu eta kopetatik ateratakoa, goranzko norabidean. Paco Etxeberriak ondo baino hobeto zehazten du tiro horren goranzko norabide hori. Orduan, nola izango da posible, badia ezagututa, poliziek goitik behera egitea tiro, eta Txapas-ek goranzko norabidean jasotzea garondoko tiroa? Eta horiek denak hor izanda, nola da posible epaileak kasua artxibatzea, handik hiru hilabetera?

"Tiro egin ez zuten pertsonak, odol hotzean hil? Eta tiro egin bazuten ere, hotzean hil? 113 bala behar al zituzten lau pertsona haiek atxilotzeko?”

Ez zenuten etsi, ordea. Artxibatzea ez beste behar zenuten.
Urtea baino lehen, kasua berriro irekitzea eskatu genuen. Besteak beste, Joseba Merinori deklarazioa hartzea, haren testigantza ez zen-eta aurreko prozeduran agertzen. Eta ireki zuten, baina ez zuten lanean segitu. Epaileak horretarako daude, fiskala horretarako dago, baina ez ziren saiatu. Bitartean, guk abokatu ibili genituenek ere lanari utzi zioten, eta justizia administrazioak bere lana betetzen ez zuela gelditu ginen, ez aurrera, ez atzera.

Zer diozu garai hartako ezker abertzale ofizialaren edo HBren jarreraz?
Nonbait, harreman onik ez zegoen Autonomoen eta ETAko kideen artean. Baziren haserreak eta sesioak. [Komando Autonomoek] Enrique Casas hil zutenean [1984, otsailak 23], Pasaiakoa baino hilabete lehenago, ezker abertzaleak gogor kritikatu zituen Autonomoak, eta haien ekintzak. Garai gogorra zen, batzuk alde batera, besteak beste aldera zebiltzan, eta guk ere sumatu genuen babes falta hori, ezker abertzale ofizialarena, nahi baduzu. Zenbait adierazpen, egia da, mingarriak gertatu zitzaizkigun. Herri [Azpeitia] mailan besterik izan zen, herrian ondoan izan ditugu jendea eta udala, alkatea EAJkoa nahiz ezker abertzalekoa izan. Herrikoak ziren Pasaian hildako bi, Pelitxo eta gure anaia, eta nik uste herriak kolpe gogorra jaso zuela, ez ziola begiratu bi herritar haiek talde batekoak ziren, edo bestekoak.

39 urte, eta borrokan segitzen duzue, aitortza eta erreparazio eske…
Duela hogei urte-edo, Santi González hartu genuen abokatu, eta berak ekarri gaitu oraingo egoera honetaraino. Hasieran indartsu geunden, uste genuen aurrera egingo genuela, epaileek eskaerak onartuko zizkigutela, baina laster ohartu ginen epaileek eskatzen zituzten ikerketa berri guztiak Poliziari berari eskatzen zizkiotela! Eta, jakina, erailketa haien egilea Polizia bera izanda, ez du inoiz kolaboratu. Eta nola kolaboratuko du, bada, erruduna bera izanda! Are okerrago, kolaboratu ez, eta oztopatu egin ditu gure ahalegin guztiak, ezerezten saiatu da. 2004an, adibidez, kasua preskribitzen saiatu ziren, baina Donostiako Auzitegiak esan zuen ezetz, ez zegoela preskribitzerik, kasuak irregulartasun asko ageri zituela. Adibidez, gorpuak tokian bertan altxatu beharrean, handik kilometro batera altxatu zituztela; bala-zorroak ez zirela ageri, odol arrastorik ezin izan zutela ikusi… Poliziak ezabatu egin zituen odol arrastoak! Halaxe jardun zuen Poliziak, dena estali eta ezkutatu nahian. Kolaboratu?

Ez duzu esperantzarik.
Haiek kolaboratuko duten esperantzan ez dago bizitzerik. Hortik ez dugu ezer lortu. Bata bestearen atzetik jaso ditugu ukoak, sufrikario hutsa izan da. Batean, Polizia; bestean, froga gehiago eskatu, eta epaileak ezetz, ez zituela onartzen. Ez dakit zenbat epaile ezagutu ditugun ere. Batzuk, gazteak, hasiberriak ere bai, eta zer egin behar zuten, duela hainbat urtetako kasuari berrekin?… Eta, horrela, zailtasunak gero eta handiagoak izan dira. Bide nekagarria izan da, gogorra, nekeza. Azkenean, instituzioetako bidetik ere jotzea erabaki genuen, eta horixe zaigu mingarriena, instituzioek gurekin duten jarreraz jabetzea: hamaika aldiz salatu dugu Poliziaren eta epaileen aldetik ez dela borondaterik kasua guztiz argitzeko, baina horixe bera esan behar dugu gure instituzioei dagokienean. Hainbeste elkarbizitza, giza eskubide, bizitzeko eskubide eta gainerako, diskurtso horixe egun osoan, eta guri kasurik ez. Gure kasua, zer?

Pasaiako segada erabat eta zeharo argitzeko borondaterik ez gure instituzioek, alegia.
Gure kasua garbi-garbia da. Baliabide guztiak dituzte, Eusko Jaurlaritzak bere garaian egindako txostena, adibidez, epaileek esandako hura, komandokoek ez zutela tiro egin, alegia. Tiro egin ez bazuten, zer gertatu zen? Tiro egin ez zuten pertsonak, odol hotzean hil? Eta tiro egin bazuten ere, hotzean hil? 113 bala behar al zituzten lau pertsona haiek atxilotzeko? Eta gainerako zehaztasunak: garondoko tiroak, bertatik bertakoak… Basakeria hori, alegia. Hortxe daude testigantzak, zeren zain daude instituzioak? Ez dugu ulertzen. Beti dute aitzakiaren bat. “Izan ere…”, batean, eta “Izan ere...”, bestean. Beti dute aitzakiaren bat guri babesa ez emateko. “Izan ere...”, beti.

Argazkia: Dani Blanco

Instituzioen aldetik, Eusko Jaurlaritzatik, babes gabezia sentitzen duzue hemengo segadan hildakoen senideek?
Bai. Eta hori ere salatzea erabaki dugu. Ia 40 urte daramatzagu alde batera eta bestera, frogak biltzen eta gainerako lanetan. Eta zenbat ordu, eta zenbat buruhauste, eta zenbat energia… Bitartean, gurasoak hiltzen ari zaizkigu. Lau hildakoen gurasoetan, gure ama [Maria Pilar Arbelaitz Peña] da bizirik dagoen bakarra! 88 urte betetzera doa! Dokumentala [Pasaiako Badia, sarean ikusgai] egin zuten, eta han gure amari aitortza jasotzeari buruz galdetu zioten, eta galdera jaso eta ikustekoa zen nola argitu zitzaion aurpegia amari, nola eskertuko zukeen! Hiltzera doala esaten du amak, eta egiaren aitortza jaso gabe hilko dela. Horretarako eskubiderik ez dago! Ez gara 1936ko Gerra garaiko kontuez ari! Instituzioek, Jaurlaritzak-eta, behar duten guztia daukate, eta ez dute urratsik egiten.

Esan duzunez, zeuen ama dugu, hildakoen gurasoetan, bizirik dagoen bakarra...
Gurean ez zen politikaz hitz egiten, kontzientzia politikorik ez zuten gure gurasoek. Beti zen “Kontuz ibili!”, “Ez saltsan sartu!”, etxe askotan aditzen zirenak. Gure anaia hil zutenean ere, aitari ez zitzaion gustatzen omenaldietan-eta parte hartzea. 2013an hil zitzaigun aita, eta, harrezkero, ama bai, etorri izan da ekitaldi  batzuetara. Eta une gogorrak bizi izan dituen arren, uste dut gustura sentitu dela, jendearen babesa sentitu duela. Eta halaxe hartu zuen parte dokumentalean. Gainerako gurasoek merezi zuten, eta gure amak ere merezi du: aitortza.

Biktimak alde batean, biktimak bestean.
Hitza guztiz erabilia dela iruditzen zait, kasik madarikatua, hitz manipulatua. Nik, adibidez, ez daukat neure burua biktimatzat. Ni, hildako baten senitartekoa naiz. Biktima, haiek izan ziren, haiek erail zituzten. Ez zait biktima hitza batere gustatzen. Eta ikusi nola tratatzen dituzten biktima batzuk, eta besteak, eta penagarria iruditzen zait.

Mingarri da hori ere…
Izango ez da, bada! Berdintasunik ez dago. Hainbat aldiz eraso diote hemengo badia honetan dagoen oroigarriari. Txikitu zuten batean, hemengoek esan ziguten gau hartan guardia zibilak ibili zirela herrian. Guk Eusko Jaurlaritzari berri eman, Gogora institutuari ere bai, eta alferrik, hitz erdi bat ere ez gure alde. Oroigarriak puskatzeak behin baino gehiagotan gertatu dira, salagarriak dira kasu guztiak, baina alde batekoak direnean, hantxe biltzen dira instituzioetako ordezkariak; beste aldekooi gertatzen zaigunean, gure ondoan inor ez dugula sentitzen dugu. Biktimei dagokienean, instituzioek ez dute berdintasunez jokatzen.

"Testigantzak eduki arren, eta Paco Etxeberriaren autopsiaren emaitzak izan arren, hilketak gertatu eta hiru hilabetera, ekainean, epaileak artxibatu egin zuen kasua”

Duela bost urte, kasua beste behin itxi zuten. Orain, aldiz, irekita dago, eta orduko poliziei-edo deklarazioa hartuko die epaileak Donostian...
Kasua itxi zutenean ere, epaileak esan zuen hura giza bizitzaren kontrako delitua izan zela, lau hilketa gertatu zirela, baina ez zekitela nor izan ziren egileak. Estrasburgoko Auzitegian helegitea jarri, baina ez ziguten onartu. Hurrena, berriz, Joseba Merinok zenbait irudi ikusi zituen Interneten, eta Pasaiakoan parte hartu zuten hainbat polizia ezagutu zituen! Irudiak hartu, eta epaitegira jo genuen. Epailea berria zen, eta kasua ireki zuen, eta Pasaiako badian egun hartan egondako poliziak inputatu gisa deklaratzera deitu ditu. Eta, deklaratu aurretik, errekonozimendu diligentzia bat egingo da, ea Rosa Jimenok eta Joseba Merinok polizia horiek ezagutzen dituzten.

Esperantza horixe duzue...
Oso zaila izango da, baina oso zaila izan da orain artekoa, zaila da egunero. Estatua bera ari da bere burua ikertzen, hortxe dago beti estatuaren inpunitatea, zailtasunak ikaragarriak dira. Herriko [Azpeitia] udala gurekin batera ari da, akusazio partikularra da, eta haren abokatuak [Aiert Larrarte] esaten du lehen lana eginda dagoela, delitua egon zela onartu digutela, baina epaileek ez dakitela delitua nori leporatu, dokumentazioa galdu egin dela. Benetan ari al dira? Benetan, inork ez al daki krimen hartan zeinek hartu zuen parte? Zeinek eman zituen aginduak? Baten batek jakingo du, seguru, eta guk instituzioei laguntza eskatzen diegu: egia osoa jakin nahi dugu, eta, egiarekin batera, aitortza eta erreparazioa.

                                                                                       *          *          *

Dokumentala
"Etxean gordeta dauzkagu garaiko egunkariak –guztiz hori eta ajatuta–, baita hainbat dokumentu, froga eta telebista-irudi ere. Behin, Pasaian hildakoen senideon lan-taldera Yuri Agirre eta Xabi Otamendi gazteak bildu zitzaizkigun, ikus-entzunezkoetan trebeak, eta laster ikusi zuten dokumentala egiteko nahi beste material genuela. Eta Jaurlaritzak pausorik ematen ez zuela ikusita, testigantzak jasotzea erabaki genuen, geroko: Rosa Jimeno, Joseba Merino, orduko Jaurlaritzako buru Carlos Garaikoetxea, Paco Etxeberria forentsea, Barricadako El DrogasBahia de Pasaia kantuaren egilea–, El País egunkariko Fernando Orgambides, senideak… elkarrizketatu genituen, eta sumarioko hainbat dokumentu –ez gure iritziak, gero!–, bildu genituen. Hori eta gehiago egin dugu. Jaurlaritzaren borondatea baizik ez dugu falta”.

Lubakiak
“Garai batean, lubakiak zeuden. Pertsona batzuk zeuden alde batean, besteak bestean. Baina ez dakit oraindik ere ez ote duten lubakiek irauten. Jakin nahiko nuke zenbat orri eskaini ote dizkion Pasaiakoari Gipuzkoan gehien saltzen den egunkariak. Zein jarrera izan du, zein segimendu egin dio kasuari? Hutsaren hurrena. Batzuek ez dute honetaz hitz egin nahi, ez zaie interesatzen. Beste batzuek, berriz, guztiz alderantziz jokatu dute, bestelako jarrera dute gurekiko, eta Euskal Telebista ere, azkenaldian, informazio zabala ematen ari da. Kasua ez ahazten laguntzen digu horrek, egunera ekartzen, gertatu zena gogoratzen, eta belaunaldi berriei azaltzen”.

Egiak


1984ko martxoaren 22aren aurreko egunetan, Espainiako Poliziak Komando Autonomoetako kide Rosa Jimeno atxilotu zuen. Torturapean, kideekin hitzordua egitera behartu zuen. Pasaiako badia zen lekua. Laster, Poliziak segada prestatu zuen. Ehunka poliziak hartu zuen parte, GEO indar bereziak tartean zirela. Bost laguneko komandoaren zodiac txalupa badiara heldu orduko, tiroka eraso zien Poliziak, atxilotzeko saiorik gabe, eta Pedro Mari Isart eta José Mari Izura hil zituzten.

Bizirik ziren Rafael Delas, Dionisio Aizpuru. Zodiac-etik harkaitzetara eginarazi zien Poliziak, eta hantxe bertan hil zituzten, bertatik bertara eta odol hotzean. 113 balazulo zituzten lau gorpuek.

Bizirik zen Joseba Merino ere, uretara jauzi eginda. Guztia ikusi zuen. Lekuko izan zen. Bera ere harrapatu zuten. Enrique Casas hiltzeaz akusatu, eta kondenatu zuten. Hamazazpi urteko kartzela zigorra bete zuen. Rosa Jimenok hiru urteko kondena bete zuen.

Hildako lau lagunen gorpuak badiatik kilometrora eraman zituen Poliziak. Gorpuak altxatu zituzteneko, ez epaileak ez forentseak (Paco Etxeberria), izan zuten ohiko aztarnak biltzeko modurik: odol arrastoak, gorputzen kokatzea, bala-zorroak… Autopsiak erakutsi zuen Poliziak postak erabili zituela –galarazia egon arren–, baina balistika frogarik ez zuen agindu epaileak.

Epaileak ez zuen agindu “operatiboan” parte hartu zuten poliziak identifikatzekorik. Epaileak ez zuen poliziak galdekatzerik agindu. Epaileak argazki txostena eskatu zion Poliziari. Ez zion bidali. “Desagertu... galdu...”. Epaileak auzia artxibatzea erabaki zuen 1984ko ekainean, sarraskitik hiru hilabetera. Epailea, Eduardo Calvo Rojas, Espainiako Auzitegi Goreneko epaile izan zen gero, hainbat urtez. Handik hona, 40 urteko bidea egitera doaz hildakoen senideak, garaian atxilotuak, adiskide eta lagunak, auzo eta herritarrak...

1984ko otsaila

Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde garaia zen. Otsailaren 26a zen eguna… Ordurako, urtea lehenago, 1983ko urtarrilean, abiarazia zuen PSOEk –Felipe Gonzálezek Espainiako Gobernuaren presidentetza hartu eta hiru hilabetera–, ZEN (Iparraldeko Gune Berezia) plana, estatuko parlamentuaren esku hartzerik gabe. ETAren eta ezker abertzalearen kontrako plan horretatik etorriko zen GAL antolatzea.

1983ko urriaren 16an, Lasa eta Zabala desagerrarazi zituen GALek. Abenduaren 19an, Baionan, Ramon Oñederra errefuxiatua hil zuen GALek. Abenduaren 28an, Donibane Lohizunen, Mikel Goikoetxea Txapela-ren kontra atentatu zuen GALek. Handik hiru egunera hil zen. 1984ko otsailaren 8an, Hendaian, Angel Gurmindo Stein eta Bixente Perurena Peru hil zituen. GAL.

Otsailaren 16an, hauteskunde kanpaina betean, Iñaki Ojeda hil zuten GEOkoek Barakaldoko Gurutzeta auzoan. Larri zauritu zituzten Juan Manuel Piriz eta Juan Manuel González. Javier Rubio eta Josu Olabarria ere atxilotu zituzten, eta gogor torturatu. Orduan ere, hurrena Pasaiako badian bezalaxe, bi tiro-segida aditu zituzten auzoek: hemeretzi balazulo jaso zituen Iñaki Ojedak; horietatik zazpi, bihotzean. Pirizek hamabi tiro jaso zituen; hiru, Gonzálezek.

Otsailaren 23an, Enrique Casas hil zuten Komando Autonomo Antikapitalistek. Martxoaren 22an, Pasaiako segada. Garaiko PSEko buruzagi Ricardo García Danboreneak esana bete zen: “Hildako bakoitzaren truke, bost hilko ditugu”.
Begia begiaren. Eta Espainiako Estatuaren inpunitatea, gaur arte irauten duena.

Argazkia: Dani Blanco

AZKEN HITZA

Akordatzen al zarete

“…
urak beltz datoz Pasaian
urak beltz dakartza Pasaiak
eztarritik urdailean behera ezin pasa …
urak beltz dakartza Pasaiak
eta gu oraindik ur beltz haien tintaz
gabiltza idazten egunak …
(Pasaiako urak ezin pasa)

akordatzen al zarete nor duzuen aldamenean une honetan
akordatzen al zarete non gauden
akordatzen al zarete nondik gatozen
eta nora joan nahi dugun …
akordatzen al zarete nolako egunsentia
argituko duen
akordatzen al zarete erori zirenen izenekin
akordatzen al zarete erori zirenen ametsekin
akordatzen al zarete

(Jose Luis Otamendi, Pasa ez diren urak Pasaian, poema atala)

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Estatuen biktimak
Estatuaren edo eskuin muturreko taldeen lehen hamabi biktima onartu ditu Nafarroako Gobernuak

Eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen lehen hamabi aitorpenak egin ditu Nafarroako Gobernuak. Beste hirurogei espediente aztertzen ari da.


Estatuaren biolentziaren 41 biktima onartze bidean da Nafarroako Gobernua

Asteazken honetan prozesu horren berri eman du Martin Zabalza motibazio politikoko Biktimen Aitortzarako eta Erreparaziorako Batzordeko lehendakariak. Ostegunean, Egiari Zor Fundazioak eta Nafarroako Torturatuen elkarteak pauso garrantzitsua dela adierazi dute Iruñean... [+]


2024-01-24 | Ahotsa.info
Nafarroako Auzitegiak atzera bota du 1978ko Sanferminetako gertaeretako helegitea eta elkarteak berriro aurkeztuko du kereila

Sanfermines-78: gogoan! elkarteak, German Rodriguezen ahaideek, 1978ko sanferminetako gertaeretan larriki zauritutako pertsonak eta Iruñeko Peñen Federazioak 2019ko urtarrilean kereila bat paratu zuten 1978ko sanferminetan, Iruñean, jazotako poliziaren... [+]


Torturatu eta hil zituztenetik 40 urtera, Zabala eta Lasa ez dituzte oraindik terrorismoaren biktimatzat hartu

Datorren igandean, urriaren 15ean, beteko dira 40 urte GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala Baionan bahitu zituela. Guardia zibilek torturatu eta hil ondoren, oraindik ez dituzte terrorismoaren biktimatzat hartu.


Eguneraketa berriak daude