Aktibistak kriminalizatzea da justiziaren jolas berria Europan, galdetu Vincenzo Vecchiri

  • Inork oraindik Vincenzo Vecchi zein den ez badaki, has dadila bere izena ikasten. Ez da mende hasierako anti-globalizazio manifestazioetan ibilitako aktibista soila. Hamabi urtetik hona Bretainian aterpetua, italiar justiziak estraditatu egin nahi du Mussoliniren garaiko lege batekin ezarritako kondena betetzeko. Protesta eta disidentzia oro kriminalizatzeko eta eskarmentua emateko krudelki pertsegitu duten pertsona bat ere bada Vecchi.

Urte askotan aterpetu duen Bretainiako herrian lan komunitario eta sozialak egin ditu Vecchik eta ezaguna da oso. Herrialde hartan jende andana mobilizatu da bere alde. Argazkia: Sousten Vincenzo / AFP

Lyongo apelazio auzitegiak emango duen epaiaren zain ari gara lerrook idazten. Martxoaren 24an erabakiko du Vincenzo Vecchi Italiara estraditatu ala ez, jatorriko herrialdean urte askotako zigor gogor bati aurre egin diezaion. Bere delitua? Duela bi hamarkada baino gehiago, anti-globalizazio manifestazio batean parte hartzea. Ez harritu irakurle, Mussoliniren garaiko lege bat gaur egungo errealitatera bihurritzen baduzu, ze kondena nahi duzu ateratzea?

Baina “Vecchi auzian” ez dago pertsona baten etorkizuna soilik jokoan, jurisprudentzia arriskutsua ere ezarri dezake Europar Batasunean. Orain arte nagusi izan den tipifikazio bikoitza hankaz gora jarriko luke: ez litzateke beharrezko izango ustezko delitua bi herrialdeetako kode penalean agertzea, iheslaria entregatzea eskatu duen epaileak lege faxista eta atzerakoiena ezarriko badio ere. Vince-ren aldeko herritar batzordeak adibide zehatz batez azaldu ohi du auziaren larria: zer gertatuko litzateke Poloniako justiziak euroagindua emango balu emakume bati abortatzen lagundu dion pertsona baten kontra? Eta espainiar justiziak erreklamatzen dituen politikari katalanen kasuan zer esan?

Vincenzo Vecchi 2019an atxilotu zuten Bretainian, ia hogei urte lehenago manifestazio batean parte hartzeagatik Italian duen zigorra betetzeko. Apelazio auzitegietan gora eta behera ibili da bere auzia. Argazkia: AFP

Vecchiren kontrako epaiketa duela hilabete egin zen Lyonen, prozesu luze baten ondoren, eta apelazioko abokatu orokor David Aumonier “firme eta seguru” agertu zen aktibista entregatzeko. Baina epaia dena dela ere, segurua den gauza bakarra da defentsak zein akusazioak helegiteak jarriko dituztela, eta eskubide zibilen aldeko borroka garrantzitsu baten enegarren geltokia izango dela honakoa. Rue89 egunkariak bere lerro burutan nabarmendu du Vecchik Lyongo epaimahaikideei esandakoa: “Zuena, epai morala izango da”.

Oroitzen 2001eko uztail hura?     

Irakurle askok oso gogoan izango du 2001eko uztailean G8aren gailurra zela-eta Genovan antolatutako kontra-gailurra. Milaka izan ziren hiri hartara joandako manifestariak, tartean Euskal Herriko ez gutxi. Italiako Gobernuak errepresio basatiarekin erantzun zuen garai hartan ernatzen ari zen mugimendu altermundialistaren kontra. Carlo Giuliani ingurumen aktibistak bere biziarekin ordaindu zuen atrebentzia hura. Eta beste askok ere, euren haragitan sufritu zuten poliziaren basakeria, Diaz eskolan antolatuta zegoen hedabideentzako zentroko sarraskian hortz guztiak galdu zituztenak tarteko. 600 zauritu eta 325 atxilotu. Amnistia Internazionalak salatu zuen “Bigarren Mundu Gerratik Mendebaldeko herrialde batean izandako giza eskubideen eta eskubide demokratikoen urraketa handiena” izan zela.

Giza Eskubideen Europako Epaitegiak Italia zigortu zuen Genovako 2001eko gertakariengatik, baina poliziarik ez zen sekula kartzelara joan

Giza Eskubideen Europako Epaitegiak 2015ean Italia zigortu zuen gertaera horiengatik, baina poliziarik ez zen sekula kartzelara joan, amnistiatuak izan zirelako. Aldiz, manifestazio horretan parte hartu zuten hainbat lagunen kontra, setakeria handiz jokatu du italiar justiziak. Vincenzo Vecchi da horietan azkena.

1990eko hamarkadatik Lonbardiako antiglobalizazio taldeetan ibilitakoa, Vecchik, beste askok bezala, Genovan egin zuen protesta 2001ean. Horregatik, eta 2006an izandako martxa antifaxista batean izateagatik, hamairu urteko kartzela zigorra ezarri zioten, bera azaltzen zen argazki soil batzuetan oinarrituta.

Horretarako, Benito Mussolini diktadorearen garaitik indarrean dagoen lege fosilizatu bat erabili zuten epaileek, Alfredo Rocco ministro faxistak 1930ean sorturikoa. “Gure kode penala, kode politiko bat da”, esan zuen agintari italiarrak lotsagorritu gabe, Noam Chomsky hizkuntzalariak eta beste hainbat pertsona ezagunek Vecchiren sostengurako egindako idatzian gogorarazi duten moduan. Lege horren arabera, devastazione e saccheggio (“txikizioa eta lapurreta”) gertatu diren eszenatoki batean egotea nahikoa da, pertsona batek zigor gogorrak jasotzeko gertakari horri “babes morala” emateagatik.

Poliziek 2001ean Genovako Diaz eskolan egindako sarraskia eta ehundaka atxilotuei emandako tratua salatu zuen Amnistia Internazionalak. Argazkia: Italiako Errepresioaren Behategia.

Gauzak horrela, 2011n Vecchik hanka egin zuen kartzelara ez joateko. Baina Italiako Gobernuak pazientzia handiz jarraitu du bere arrastoa urtetan, aurkitu duen arte: 2019an Bretainiako Rochefort-en-Terren (bretoiez Roc'h-an-Argoed) herrian atxilotu zuten jendarmeek, Sant-Gravezera lanera zioala.  

Auzitegiek amen esan arteko bidegurutzea

Urte guztiotan Vecchi ez da ezkutuan ibili: lan komunitarioak egin izan ditu herrian, bizilagunen etxeak margotzen aritu da, jarduera sozialetan parte hartu du... Bere atxilotzea ez zen oharkabean pasa, eta ez da harritzekoa otsail honetan Lyongo justizia jauregiaren atarian egindako eserialdian, Bretainiatik joandako jende andana egotea, Soutien Vincenzo (Babestu Vincenzo) batzordekoen deiarekin bat eginez. Horrez gain, Milandik autobus bete lagun ere joan zen, Genovako G8aren gailurreko errepresaliatuei laguntza legala ematen dien taldeak antolatuta.

Epaia dena dela ere, defentsak eta akusazioak helegiteak jarriko dituzte; eskubide zibilen aldeko borroka garrantzitsu baten enegarren geltokia izango da honakoa

Prozesu gorabeheratsuaren kronologia osoa Vecchiren babeserako komitearen webgunean kontsultatu dezake nahi duenak. 2019tik hona kasua Rennes, Angers eta Lyongo apelazio auzitegietatik igaro da, eta aldiro, fiskalak Parisko Kasazio Auzitegian errekurritu ditu euroagindua ez onartzeko hauen erabakiak.

2021ean Kasazio Auzitegiak Europar Batasuneko Justizia Auzitegira eraman zuen gaia, eta honek, interpretazio lauso bezain harrigarri bati atea ireki zion: ez dela beharrezkoa bi herrialdeen zuzenbideetan delituak berdin-berdinak izatea pertsona bat entregatua izateko. Eskandalu bat. “Arrazoizkoa al da, hogei urte geroago inor bere herrialdera itzularaztea Mussoliniren lege batekin ezarritako kondena betetzeko, Frantzian (sic) berme guztiekin integraturik dagoenean?”, galdetu du Vecchiren abokatu Maxime Tessierrek, erresistentzia gaiak lantzen dituen La Réleve et la Peste aldizkarian.

“Arrazoizkoa al da, hogei urte geroago inor bere herrialdera itzularaztea Mussoliniren lege batekin ezarritako kondena betetzeko, Frantzian (sic) berme guztiekin integraturik dagoenean?”

Emilio Quadrellik egindako Genova 2001, una storia del presente (“Genova 2001, oraingo historia bat”) idazlanean –Italiako Errepresioaren Behategiak zabaldua–, oso argi ikusten dira G8ko kontra-gailurreko errepresioaren helburuak: “Ezabatu behar zen kapitalismoaren globalizazioarekin eta bere pentsamendu bakarrarekin kritikoa zen edozein”. Eta hori justifikatzeko, errelato oso bat sortu zen manifestarien kontra egiteko. Testuinguru horretan kokatzen dute Vecchiren kontrako ondorengo jazarpen judiziala Italiako Errepresioaren Behategitik. Eta geroztik, munduko eliteek zenbat aldiz erabili ote dute estrategia bera, protesta mugimendu oro kriminalizatu eta zapaltzeko?

Seinalatzea, pertsegitzea, eliminatzea

Goiko galdera horri erantzuna bilatu nahi dionak, irakurri dezake duela gutxi OMAL Latinoamerikako Multinazionalen Behategiak eta Bakea eta Duintasuna erakundeak elkarrekin kaleratu duten Criminalización del derecho a la protesta: patrones, actores e instrumentos (pdf) (“Protesta eskubidearen kriminalizazioa: patroiak, aktoreak eta tresnak”) txostena. Juan Hernández Zubizarreta, Erika González eta Pedro Ramiro dira egileak eta Europako zein Hego Amerikako kasuak aztertu dituzte, Europako Parlamentuko Ezkerra taldeak eskatuta.

Genovako G8ko
kontra-gailurreko errepresioa justifikatzeko errelato oso bat sortu zen. Testinguru horretan kokatzen du Vecchiren kontrako jazarpen judiziala Italiako Errepresioaren Behategiak

Azaldu dutenez, protesta sozialaren kriminalizazioa “neoliberalismoaren belle epoque-ren gainbeherarekin batera zabalduz doan fenomenoa da”, eta hainbat patroi jarraitzen ditu: botere korporatiboa zalantzan jartzen duten pertsonak eta erakundeak seinalatzea –iritzi publikoari sinetsaraziz herritarren interes orokorraren kontra daudela–; erreprimitzea eta pertsegitzea; eta azkeneko horrek funtzionatuko ez balu, zuzenean “eliminazio fisikoa”.

Kriminalizazio prozesu horren aktore nagusia Estatua da, egileek diotenez: estigmatizazioa, judizializazioa, espioitza, mehatxuak, zigor kodeen erreforma, biolentziaren monopolioa… dira ohiko tresnak; baina enpresetako think tank-ek eta talde parapolizialek ere laguntzen diote zeregin horretan.

Hainbat adibide ematen dituzte txostenean: Ekuadorko herri indigenen mobilizazioen kontra 2022an abiatutako kanpaina mediatikoan, esaterako, narkotrafikoarekin lotu zen mugimendu hura –Peruko egungo protestekin egiten ari diren bezalaxe–. Eta hemendik gertuago, Espainiako Estatuan, oraindik indargabetu gabe dagoen Mozal Legea baliatuz Hipotekek Kaltetutako Plataformako kideek jasotako isunak dituzte aipagai: Katalunian bi urtetan ehunka isun jarri dizkiete, 200.000 euroko zorra pilatzeraino, “jadanik oso prekarizaturik dagoen biztanleriaren zati batengan”.

Kriminalizazioaren diagrama honekin, protesta soziala indargabetzeko erabilitako estrategia zein den azaldu nahi izan dute OMAL eta Duintasuna eta Bakeako kideek.

Hau guztia ez da berria, pentsatuko du irakurleak. Euskal Herrian baditugu beste mila adibide, aspaldikoak zein oraintsuagokoak: intsumituak, AHTren kontrako ekintzaileak, disidente politikoak, ikasleak, Biarritzeko G7ko kontra-gailurreko atxilotuak... denak izan dira, gehiago edo gutxiago, estrategia makabro horren jostailu. Baina joera da kezkagarriena: “Denak aditzera ematen du etorkizun hurbilean kriminalizazio prozesua hedatzen joango dela –diote txostenean–; krisi ekonomiko, ekologiko eta energetikoaren larriagotzeak desberdintasun sozialak handitu eta gatazkak areagotuko baititu. Horren aurrean, elite politiko eta ekonomikoek hesi bat jarri nahi dute egiturazko aldaketak blokeatzeko”.

Beraz, Vecchi auzia denon auzia ere bada, denok giltzapetuko gaituen hesia delako.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Altermundialismoa
Hirigintza-antolaketan bizikleta bideak sartzeko kanpaina abiatu du Bizi-k

Frantziako Ingurumen Kodearen L228-2 artikuluak dio hiribideen berritze orok bizikletaz ibiltzeko antolaketak barnebildu behar dituela. Betebehar hori betetzen ez duten Herriko Etxeak identifikatzeko deia luzatu die Bizi talde ekologistak herritarrei.


2023-10-25 | ARGIA
Pello Zubiriaren ‘Planeta Prekarioan’ liburua argitaratu du ARGIAk, XXI. mendeko krisi eta erresistentzien kronikak

Gaur egungo eta etorkizuneko mundua ulertzeko gakoak eskaintzen dituen ezinbesteko liburua kaleratu du ARGIAk, Pello Zubiria Kamino kazetariaren eskutik. Aldizkariaren Net Hurbil sailean hogei urtez egindako artikulu mamitsuetatik abiatuta, munduko bazter askotako krisi eta... [+]


2023-10-10 | Euskal Irratiak
Euskal Herria Burujabe ekitaldian maila lokalean eragiteko deia luzatu du Bizik

Metamorfosia ekologiko eta soziala bultzatzen duten alternatiben erakusleiho bat Baionan. Euskal Herria "burujabe, solidario eta iraunkorraren" aldeko ekimena ospatu du Bizi mugimendu ekologistak asteburuan, Lapurdiko hiriburuan. Parte hartze kopuruak antolatzaileek... [+]


Klima larrialdiari aurre egiteko alternatiben eta gogoeten topaleku izanen da Baiona asteburuan

Euskal Herria Burujabe "festa herrikoi eta ekintzailea" antolatzen ibili da Bizi! mugimendu ekologista, lurralde "jasangarri, solidario eta burujabea" osatzen duten alternatiben ezagutzeko asmoz.


2023-09-21 | Euskal Irratiak
Milaka pertsona bildu nahi lituzke Bizik, 'Euskal Herria Burujabe' topaketetan

2013ko Alternatiba Egunetik hamar urtera, 10.000 pertsona bildu nahi ditu Bizi mugimendu ekologistak bi egunez Baionan. ‘Euskal Herria Burujabe’ topaketak antolatu ditu urriaren 7tik 8ra, lurralde iraunkor, solidario eta burujabe baten aldarrikatzeko.


Eguneraketa berriak daude