Zaintza sistema feminismotik iraultzeko prozesuari hasiera emanen diote martxoak 8 kari

  • Denon bizitzak erdigunean. Zaintzak irauli dena aldatzeko lelopean abiatu berri du epe luzerako mobilizazioa Euskal Herriko mugimendu feministak. Otsailaren 1ean Gasteizen egindako prentsaurrekoan eman zuten dinamikaren berri. Ainhoa Olaso Sopelarekin hitz egin dugu eta azaldu dizkigu finkaturiko helburuak: negozio izatea utzirik, zaintza  "erantzukizun sozial" bihurtzea eta "guztiontzako eskubide kolektibo" gisa bermatzea.

"Denon bizitzak erdigunean" prozesuaren aurkezpena, otsailaren 1ean Gasteizen. Euskal Herriko Mugimendu Feminista

Geratzeko etorri da aurtengo martxoak 8ko leloa: Denon bizitzak erdigunean. Zaintzak irauli dena aldatzeko. Euskal Herriko mugimendu feministak gaur egungo zaintza sistema errotik aldatzeko prozesua aurkeztu berri duela, dinamika horren baitan kokatu nahi izan du Emakumeen Nazioarteko Eguna. "Epe laburreko borrokak eta arnasa luzeko prozesuak uztartu behar ditugu. Zaintza erregimena eraldatzea sistema osoa eraldatzea dela diogunean, ez gabiltza debalde hitz egiten", dio Ainhoa Olaso Sopela aktibista feministak.

Zaintzak guztiontzako eskubide kolektibo gisa bermatuko lituzkeen jendarte antolaketa batean jarrita helburua, egunez egun, herriz herri, asanbladaz asanblada eta borrokaz borroka egin nahi dute bidea. Hots, mugimendu feministak zurkaitz duen mobilizazio kolektibotik. Martxoak 8 indar horren erakusleiho izatea nahi dute: "Tokian toki zaintzaren gaia ez da berdin landuko, baina Euskal Herriko txoko ezberdinetan denok aterako gara txapel berarekin, prozesuaren bidetik, eta hori garrantzitsua izango da aurrera begira". Prozesuarekin bat egiteko deia luzatu diete "Euskal Herriko kide feminista guztiei" Gasteizen egin berri duten prentsaurrekotik. Aliantzak ere nahi dituzte, zaintzaren sektoreko lan baldintzak hobetzearen alde eta, oro har, zerbitzu publikoen alde borrokan dabiltzanekin.

Hausnarketak eta mobilizazioak batuz, 2023. urtea kargatua bezain aberatsa izanen dute, beraz, militante feministek. Baina ez dira zerotik abiatzen, eta leloak barnebiltzen duen proposamen politikoa findurik dute. Iazko otsailaren 19 eta 20an Gasteizen eginiko Zaintzarako sistema publiko, komunitario feminista baterantz jardunaldiak mugarri inportante izan ziren, eta hortik ateratako txostena bada dokumentu mamitsua zaintza-sistemari buruzko proposamen feminista hobeki ezagutzeko. Hasteko, erran bezala, zaintzak "eskubide kolektibo" izatea dute helburu. Eskubide hori ez litzateke bakarrik menpekotasun-egoeretarako, "bizi osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz, zaintza eskaini eta jasotzeko" bermea litzatekeelako.

Zaintza sistema "publiko-komunitarioa"

"Zaintza sistema publiko-komunitarioaren" proposamena landurik dute. Negozio logikatik ateraz, denontzat eskuragarri litzatekeen zaintza "unibertsala eta bidezkoa" bermatuko lukeen eredu publikoari osagai "komunitarioa" gehitu diote. "Komunitarioaz ari garenean, gehiago ari gara ideologiaz eta gure bizitzeko moduaz. Geroz eta indibidualistagoa izatera garamatzan sistema honetan, ikuspegi komunitarioa galtzen ari gara eta gure arteko zaintza harremanak birpentsatu beharrean gaude. Gure hiri eta herriak ere ez daude bizitza komunitarioa egiteko pentsatuta,  eta horiek aldatzea ere bada gure nahia", Olasoren hitzetan. Eskubide kolektibo bat izateaz gain, "erantzukizun kolektibo" gisa ere irakurtzen dute zaintza. Horretarako baldintzak zehaztu ditu Olasok: "Desmerkantilizazioa" eta "desfamiliarizazioa"; gizonen partetik "ardura hartzea"; komunitatearen inplikazioa eta harreman sareen sendotzea; politika publikoen aldaketak... Hain zuzen, zaintzak duen alde positiboaz kontziente –"komunaren gaineko erantzukizuna"–, birdefinitu eta berrantolatu beharra azpimarratzen dute, gure etxe, harreman, kale eta herrietako egunez egunekotik hasita.

"Geroz eta indibidualistagoa izatera garamatza sistema honek; ikuspegi komunitarioa galduz doanez, gure arteko zaintza harremanak birpentsatu beharrean gaude"
Ainhoa Olaso Sopela

Arlo komunitarioaren eta publikoaren arteko harremana zer nolakoa izanen den kolektiboki adostu beharko dela dio mugimendu feministak, horrek "gobernantza-eredu berri bat" suposatzen duelako. Instituzio publikoen papera "ezinbestekoa" dela diote, tartean, legearen aldaketak behar direlako: "Egoera konkretuetan zaintzarako eskubidea bermatzeko berariazko politikak sustatuko dituzte, eta, aldi berean, gainerako politikak norabide horretara aldatzeko bultzada izango dira", Gasteizko txostenean irakurri dezakegunez. Instituzioekin zer nolako harremana izanen luketen galdeturik, Olasok dio ez dela erronka erraza: "Argi dugu egiten ari garen aldarri batzuek ezinbestean instituzioetatik egin beharreko aldaketak behar dituztela. Badakigu ez dela kontu erraza, gauza asko sartzen direlako jokoan (alderdien arteko interesak, alderdiek enpresa pribatuekin dituzten interesak, hauteskundeak…), beraz, ez da egun batetik besterako aldaketarik etorriko". Hori horrela, ez dute oraindik argi planteamendua:

"Zehaztu gabe dugu instituzioekin izango dugun harremana, baina egiturazko aldaketak eskatzera gatoz, eta egiturak mantentzen dituztenak instituzioak badira, orduan zehaztu beharko dugu harreman hori zein izango den".

Martxoaren 8aren baitako mobilizazioetariko bat. Argazkia: Dani Blanco

Zaintza-sistemaren iraultzeak formakuntza eta pedagogia lan handia eskatzen duela badakite, hori guztia kulturala delako. "Zaintzek merezi duten aitortza soziala izateko eman beharreko aldaketa material eta kulturalak bultzatu beharko dira, eta hemen, hezkuntzak duen rola garrantzitsua izan daiteke", Olasoren arabera. "Zaintza eredu emantzipatzailea" iparrorratz, "zaurgarritasuna eta interdependentzia aitortuko dituen elkarrekiko zaintzaren kultura" zabaldu nahian dabiltza. Eredu hori deskribatzeko orduan, ondoko osagaiak zerrendatu ditzakegu: "Zaintza ez da harreman dikotomiko bat, guztiok eman eta jasotzen dugu zaintza bizitzako momentu ezberdinetan"; heteronormatibitatetik kanpo kokatu beharrekoa da; osasuna eta gorputz anitzen aukerak kontuan hartu behar dira; eta bizitzen –beraz, zaintza-harremanen– dibertsitatea aitortu behar da.

Urgentziazkoa: duintasuna zaintzaileentzat

Aldaketa sistemiko eta kultural hori ez denez egunetik biharamunera bideratuko, epe laburrean lortu beharreko lehentasuna argi dute: zaintza lanen duintzea. "Borroka hau denon bizitzak duintzeko prozesua da, eta horregatik identifikatzen ditugu urgentziazko aldarri moduan atzerritartasun legea edota zaintza lanen erregimena aldatzearena", Olasok azaldu duenez. Etxeko langileen eskubideen errespetua, zaintzaile guztien erregularizazioa, emakume pentsiodunentzako erretreta duina eta erresidentzietako aldarriei erantzutea dituzte urgentziaz lortu beharreko eskaeren artean.

Proposamen iraultzailea izanik eta botere hegemonikoaren jarreraz kontziente, ondokoa zehaztu zuten prozesuaren aurkezpenean: "Krisi hau ez da konpontzen azaleko soluzioekin. Badakigu orain edonork hitz egiten duela zaintzaren garrantziaz. Baina guk ez dugu isilaraziko gaituen promesa faltsurik nahi. Konponbidea ez da digitalizazio handiagoarekin izango, ezta ikuspegi ‘komunitarioaz’ era abstraktuan hitz egitearekin ere, non zaintzen feminizazioa eta familiarizazioa  erreproduzitzen den. Gure diskurtsoaz jabetu dira edukiz husteko, eta guk proposamen eta neurri zehatzez bete nahi dugu". Martxoak 8 izanen da eduki horren berri jasotzeko eguna. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Martxoak 8
Zapi morea

Andre zahar dotorea senarraren besotik zihoan gurutzatu ginenean. Bistaz ezaguna, oker samar zegoela ikusi nuen, adinaren ajeak. Benetako señora eibartarra: perlazko lepokoa; ilea kardatuta harro-harro, ostirala izanda, ile-apaindegian goizean egon zela ezagun zuen. Gure... [+]


2024-03-10 | Leire Artola Arin
Emakumeak borrokan, instituzioak entzungor

Martxoaren 8a egun garrantzitsua da mugimendu feministarentzat, eta azken urteetako olatuari jarraiki, aurten ere ehunka herri eta hiritako kaleak beteko dituzte emakume langileen eskubideen aldeko aldarriz. Azaroaren 30eko greba orokorraren ildotik, zaintza eskubide publiko eta... [+]


Jone Gil Landaburu, Euskal Herriko Mugimendu feministako kidea
"Gure indarra instituzioen hipokrisiaren eta diskurtsoez jabetzeko ahaleginen gainetik dago"

Azaroaren 30eko Greba Orokorretik "indartuta" eta "saretuta" atera dira feministak. Jone Gil Landaburu, Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideak nabarmendu du horri esker mugimendu feministak zaintzaren auzia erdigunean jarri duela. Horrez... [+]


2024-03-04 | Leire Artola Arin
Martxoaren 8an “bizitzekin negoziorik ez” egiteko aldarrikatzera kalera aterako da EH Mugimendu Feminista

Martxoak 8a “borroka eta salaketa eguna” dela gogorarazi du Euskal Herriko Mugimendu Feministak, eta mobilizazioetara batzeko deia zabaldu du. Aldaketa kultural eta instituzional sakonak eskatu ditu, emakumeen aurkako indarkeriei aurre egiteko.


Eguneraketa berriak daude