Euskal Herrian kaleak bete diren bitartean, AEBetan erretreten gaiaz izaten ari diren eztabaida oharkabean pasa zaigu. Hango eskuin muturrak ere Gizarte Segurantzaren porrotaren mamua astindu du, eta senatari eta ordezkari errepublikarrak ari dira pixkanaka diskurtso oker hori zabaltzen, erretiro adina 70 urtera atzeratu eta pentsio sistema publikoa pribatizatzeko. Floridan, halakorik eginez gero, milioika lagun pobrezia erabatekoan eroriko litzateke.
Baionako karriketan Emmanuel Macronen erretreten erreformaren kontra atera diren milaka lagunek, entzungo balituzte Floridan eskuinak darabiltzan argudio ia igualak AEBetako Gizarte Segurantzaren berehalako “kiebra” iragartzeko, pentsatuko lukete hau dena mundu mailako plan bat dela, funts pribatuen lobbyak euren etxe-orratz distiratsu batean egositakoa. Baina zein gara herritar koitaduok gaizki pentsatzen hasteko…
Oraingoz errealitate bakarra da nor bere ogitik ari dela zopak egiten gai honen inguruan. Parisen, Olivier Dussopt Lan ministroak “oreka” argudiatu zuen erretreta sistemari egin guraizekada justifikatzeko –erretiro adina 62 urtetik 64ra atzeratu eta kotizatu beharreko urteak emendatu nahi ditu Frantziako Gobernuak–. Honela jaso zituen Le Parisien egunkariak mandatariaren hitzak: “Negoziaezina da. Bestela ez genuke etorkizuneko belaunaldiekiko erantzukizunik izango”.
Madrilen, kotizazio oinarriak progresiboki igotzea da Espainiako Gobernuko Gizarte Segurantzako ministro José Luis Escrivaren azken proposamena pentsioentzako, “belaunaldien arteko desorekak sistema tenkatzen duenerako prest egoteko”. Oreka edo desoreka, ideia berbera da zirku honetan: pentsio sistema publikoak errekara bidean daude gizartearen zahartzearen ondorioz, eta hori ez gertatzeko, jubilatuek diru gutxiago izan beharko dute kartilan hilabete hasieran.
Argudio makal horrentzat pentsiodunen mugimenduek eta sindikatuek badituzte alternatibak, esaterako pentsioak aurrekontuen bidez ordaintzea –AHTren obrak edo Leopard tankeak ordaintzen diren bezala–. Baina gaur gaurkoz, herrialde gehienetan unean uneko langileek ordaintzen dituzte erretiratuen pentsioak, eta sistema hori jadanik jasangarria ez denaren apoa irentsi du askok, ez bakarrik gurean, baita Atlantikoaren beste aldean ere.
Herritarrei zuzenean eragiten dien gai sentibera da, bistan denez, eta eskuina kontu handiz ari da sarea pixkanaka ixten, amuarraina bere diskurtsoan harrapatzeko
AEBetan badaramate denbora bat eztabaida bizian horrekin, eta adi jarraitu beharko genituzke hango ika-mikak, irakurle. 2022ko legegintzaldi erdiko hauteskundeetan –midterms izenez ezagunak– jadanik eztena sartu zuten alderdi errepublikarreko kongresistek, eta erretiro adina 67 urtetik 70 urtera –bai, ongi irakurri duzu– atzeratu beharko litzatekeela zioten euren hautes-programan. Alderdi Demokratak berehala heldu zion amuari #HandsOffMySocialSecurity ("Ken eskuak nire Gizarte Segurantzatik") traola biralizatuz. Errepublikar ordezkarien %75ak Gizarte Segurantza pribatizatu eta zaurgarrienentzako Medicare mediku asegurua ezabatu nahi dutela zioten.
AEBetako Ordezkarien Ganbera errepublikarren menpe geratu da. Baina, fundamentalisten babes faltagatik ganberako buru izendatzeko izerdiak bota dituen Kevin Maccarthyk, Etxe Zurian Joe Bidenekin egindako lehen bileran ez du aipatu ere egin pentsioak murrizteaz ezer –AEBetako zorraren sabaia gainditzea saihesteko irtenbide bakartzat duten arren–. Donald Trump bezalako pribatizatzaile peto batek ere eskatu du Gizarte Segurantza ez ukitzea. Herritarrei zuzenean eragiten dien gai sentibera da, bistan denez, eta eskuina kontu handiz ari da sarea pixkanaka ixten, amuarraina bere diskurtsoan harrapatzeko.
Estresatu gauza inportanteez
“Estresaturik zaude okerreko gauzengatik. Floridatarrek Gizarte Segurantzaren ‘konponketarekin’ gehiago dute galtzeko”. Izenburu deigarri horrekin argitaratu du zutabea Frank Cerabino kazetariak Floridako The Palm Beach Post egunkarian, guri Alternet.org ezkerreko atariaren bidez iritsi zaiguna. Cerobinok dio herritarrak beste eztabaida batzuetan nahasita dabiltzala –ez garrantzi gutxiagokoak, transen eta beltzen eskubideak tarteko–, baina arazo askoz larriago baten aurrean daudela: eskuinaren etengabeko esfortzua Gizarte Segurantzari hesteak ateratzeko.
Eta eskuinaren horzkadak izen bat du Floridan: Rick Scott. Estatu horren ordezkaria da AEBetako Senatuan –lau milioi boto lortu zituen–, eta Gizarte Segurantzaren programa suspenditu behar dela defendatu du behin eta berriz, “porrot eginda” dagoelako. Scottek Rescue America (“Amerika erreskatatzea”) izeneko hamabi puntuko plana dauka esku artean Senatuko hurrengo hauteskundeetarako, bere ideologiaren margolan eder bat: haurrek eskolan bandera egunero musukatzea, poliziari diru gehiago ematea, Mexikoko mugako hesia amaitu eta Donald Trumpen izena jartzea, gizon eta emakumeen arteko bereizketa… “Abisatzen dizut: plan hau ez da bihotzez ahulak direnentzako”, dio Scottek bere webguneko agur mezuan.
Cerabinok dioenez, senatariak herritarrari sinetsarazi nahi dio Gizarte Segurantzako funts fiduziaroa 2034 urtetik aurrera “lurrundu” egingo dela. Baina administrazio federalak emandako datuen arabera ez da horrela: aurreikuspenen arabera 2034an funtsa agortzen hasiko bada ere, soilik langileek egindako ekarpenekin, pentsioen %78 ordaintzerik izango da oraindik. Aldiz, Ordezkarien Ganberako errepublikarrek eskatzen duten neurri nagusia ezarriko balitz –erretiro adina 67 urtetik 70era atzeratzea–, “herritarrek jubilazioagatik %23 gutxiago kobratuko lukete”, azpimarratu du kazetariak.
“Gizarte Segurantzari egindako ekarpenen dirua hartu eta Wall Street-i entregatu nahi zaio”
Matt Bruening (ezkertiar blogaria)
Horretarako Matt Bruenig blogari ezagun eta People's Policy Project (Herri Politikarako Proiektua) ezkerreko think tank-aren sortzaileak emandako datuak ditu. Bruenigek bere erakundearen webgunean dio erretiro adina igotzea eta Gizarte Segurantza diru gabe geratzea bi ideia lauso direla, “politika berbera deskribatzen dutenak”. Blogariaren ustez legea moldatu daiteke, Gizarte Segurantza diru gabe geratuz gero, pentsiodunei automatikoki murrizketak egin beharrean, aberatsenei zergak automatikoki igotzeko; “polita litzateke", dio.
Bruenigek garbi du atzean zer dagoen: “Gizarte Segurantzari egindako ekarpenen dirua hartu eta Wall Street-i entregatu nahi zaio”; alegia, pentsio funtsen lobbyek pribatizatu egin nahi dutela.
Itzul gaitezen Cerabinok bere zutabean dioenera. Ikerketa batzuen arabera estatubatuarren herenak Gizarte Segurantza 62 bete bezain pronto kobratzea aukeratzen du, nahiz eta horrek pentsio txikiagoarekin penalizatzen dituen. Batez ere ikasketa maila baxuagokoak eta nekazal eremukoak dira: ez dute beste erremediorik, ezta pentsio-plan pribatuetan inbertitzeko dirurik ere. Kazetariaren arabera, Floridan odoltsua da egoera: “Gizarte Segurantzarik gabe, adinekoen %37,8 pobreziaren mailaren azpitik biziko litzateke”. Gaur egun 65 urtetik gorako 1,5 milioi floridar pobre daudela kontuan edukita –biztanleriaren %6 inguru– sei bider jende pobre gehiago lirateke. Eta horiek ez ditu inork erreskatatuko.
ELA sindikatuak deituta, beste hiru greba egun egingo dituzte Gipuzkoako erresidentzietako eta eguneko zentroetako langileek aste honetan, asteazkenetik ostiralera (hilak 24tik 26ra). %100eko lan kontratuak eskatuko dituzte, baita soldata arrakalarekin amaitzeko eskatu ere; LAB... [+]
Irailaren 10a izanen dute protestarako lehen hitzordua. 2018 urteko Jaka Horien mugimenduaren segipen gisa ikusten dute anitzek deia, nahiz eta alderdi politikoak eta sindikatuak dinamikari lotu izanak ezberdintzen dituen biak. François Bayrouren austeritate politikaren... [+]
Usurbilgo Kalezar auzoko Egurtzegi zaintzadun etxebizitzak zaharren egoitza tradizionaletako logeletatik bereizten dira, bizilekuak eskainiz. Usurbilen zaintza eredu kolektiboaren alde lan egiten dute, zeinak pertsonak eta horien lehentasunak erdigunean jartzen dituen. ARGIAk... [+]
Osasungintza publikoaren aldeko Olatu Txuria plataformak deituta, osasun etxe duin baten eta osasungintza publikoaren aldeko manifestazioa egin dute Martuteneko, Txomiñeneko eta Loiolako bizilagun ugarik, auzo horietako kaleetan zehar. Hiru auzoetako eta hiriko beste auzo... [+]
Langileek azaldu diote Aiaraldea Komunikabideari enpresaren proposamena ez dela konponbidea eta, horren ondorioz, hirugarren greba egunari eutsiko diote.
Correosen bidalketa zerbitzuan "kaosa" eta "kolapsoa" nagusi den bitartean, enpresa publikoak Axa aseguru etxearekin akordio bat iragarri berri du. Ekainaren 1erako, Correosek Espainiako Estatu osoan dituen 800 bulegoetan Axaren aseguruak egin ahal izango dituzte... [+]
Correosen “kaos” egoera salatu zuen Gasteizko LAB sindikatuak apirilaren 16an. Hilabetetan bidalketak “kolapsatuta” egon direla jakinarazi zuen, eta Alde Zaharra, Salburua eta Santa Luzia auzoetarako soilik 10.000 posta bidalketa zeudela pilatuta... [+]
Irailetik mediku euskaldunik gabe daude Elizondoko (Nafarroa) herritarrak. Horrez gain, udan medikurik gabe geratzearen beldur da Baztango Osasun Plataforma. Ekainaren 4an, bizikleta martxa egingo dute herrian.
Administrazio publikoarentzat Gipuzkoako zahar etxeetan lan egiten duten langileen euskara eskakizunak (B1 eta B2 mailak) “neurriz kanpokotzat” jo zituen iaz Donostiako epaitegi batek. Epai horren aurka Gipuzkoako Foru Aldundiak jarritako helegitea atzera bota du... [+]
Bizkaian eguneko zentro publikorik ez duen eskualde bakarra da. Elkarretaratzea eginen dute apirilaren 27an, 12:00etan, Sopelako (Bizkaia) Udaletxeko plazan.
Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]
Nafarroako funtzio publikoan 30.000 langile zeuden grebara deituta asteazken honetan. Deialdiak jarraipen desberdina izan du sektorearen arabera, eta sindikatuek salatu dute foru gobernuak "abusuzko" gutxieneko zerbitzuak ezarri dituela nahita.