"Euskarazko hedabideak ez daude Jaurlaritzaren lehentasunetan"

  • Euskarazko hedabideei euskara sustatzeagatik legez dagokien dirulaguntzak Eusko Jaurlaritzarekin negoziatzen luze aritu da Hekimen, Euskal Hedabideen Elkartea. Baina euskarazko komunikabideentzat lortutako dirulaguntza nahikoa ez den bitartean sektorea egonkortzeko, 6 milioi euro banatu ditu Jaurlaritzak batez ere gaztelaniazko medioak laguntzeko, berriro ere agerian utziz zein hedabide indartzen eta zein baztertzen duten gure instituzioek, diru publikoarekin. Hekimeneko koordinatzaile Igor Astibiarekin hitz egin dugu.

"Jaurlaritzatik esan digute ez dagoela baliabiderik mahai gainean jarri ditugun eskaerak asetzeko, eta bat-batean lehenengo 5 milioi euroko dirulaguntza eta hurrengo urtean 6 milioi eurokoa atera dute". Argazkilaria: Dani Blanco

Hedabideen artean 6 milioi euro banatu ditu Jaurlaritzak 2022 bukaeran, COVID-19ak eragindako kalte ekonomikoei aurre egiteko dela argudiatuta. Urtebete lehenago 5 milioi euro banatu zituen eta orduan bezala orain ere Vocento taldea eta Noticias taldea dira diru publikoz lagunduenak. Orduan bezala orain ere, euskarazko hainbat hedabide diru partida horietatik kanpo utzi ditu Jaurlaritzak, tartean ARGIA.
Komunikazioaren mundua aldaketa sakonak bizitzen ari da eta joera orokor horri gehitu zaizkio pandemia, bizitzaren garestitzea (tartean argindarrarena eta paperarena)… eta horrelako laguntzak behar-beharrezkoak dira eraldaketa egiten laguntzeko, kontua da laguntza horren diru banaketa hori nola egiten den. 2021ean Jaurlaritzak dirua banatu zuen inongo deialdirik egin gabe, dirulaguntza zuzen bidez, eta 2022an nolabaiteko irizpideak jarriz egin dute banaketa, baina berriz ere irizpide horiekin lerro-talde berak lehenetsi dituzte, talde handienak, hain justu alderantziz behar lukeenean: zaurgarrienak eta behar handiena dutenak lehenetsi beharko lituzke diru publikoak, irabazirik ez duten hedabideak. Indartsuenak indartzen dituzten dirulaguntza hauek zer pentsatua eman beharko ligukete.
  Egindako diru banaketa hizkuntzaren ikuspegitik aztertzen badugu, are larriagoa da: euskararen herri honetan hizkuntza normalizazioaren alde ari diren hedabideak berriro ere kanpoan geratu dira: 2021ean ia guztiak eta 2022an gehienak. Talde handienak saritu eta euskarazko komunikabideak kaltetu dituzte.
  6 milioi hauen banaketa egiteko, irizpide batzuk ezarri ditu Jaurlaritzak, baina irizpide horien hautaketa ez da ulertzen erraza. Egunerokotasuna da jarri duten irizpideetako bat, baina zer da egunerokotasuna, gaur egun denok eremu digitalean ari zaretenean dagoeneko? [hain justu, astekaria dela argudiatuta utzi du ARGIA diru banaketa honetatik kanpo Jaurlaritzak] Kanpoan geratu dira baita ere hedabide espezializatuak… Zein hedabide unibertso nahi dugu? Diru banaketan lehentasunak ezarri behar badira, gure ustez irizpide bezala hizkuntzak pisua izan behar luke eta berdin herri ikuspegia lantzeak, baina euskarazko komunikabideei kalte egiten dien irizpidea jarri dute: irismena.

"Berriro ere talde handienei abantaila eman diete Jaurlaritzatik. Ez dakit tranpa dagoen, baina desabantaila bai, eta erakundeek ez lukete desabantaila sustatu behar"

Dela horrelako dirulaguntza berezien bidez, dela publizitate instituzionalaren bidez (alegia, instituzioek zein hedabidetan jartzen duten publizitatea, diruz ordainduta), diru publikoz beti berdinak indartzeak eta beti berdinak bazter uzteak zein desoreka sortzen du?
Panorama desorekatu batetik gatoz, eta desoreka apaldu beharrean, desoreka areagotu baino ez dute egiten halako dirulaguntzek. Publizitate instituzionalean desoreka sekulakoa da eta hor erabilitako irizpide bera erabili dute azken dirulaguntza honetan ere: irismena [zenbat herritarrengana iristen den hedabide hori]. Baina irismena zeren arabera? Euskarazko komunikabideok irismen oso handia dugu euskarazko hartzaile potentzialak kontuan hartuz gero, baina populazio guztiarekiko irismena hartzen da kontuan eta berriro ere kaltetuta ateratzen gara.

Gaztelaniazko nahiz euskarazko hedabideak denak joko-zelai berean jarri eta irismen handiagoa dutenak saritzea “tranpa” da, jakinik hartzaile potentzial erdaldunak hartzaile euskaldunak baino gehiago direla?
Hori da. Zaku berean sartu gaituzte denok, eta normalizatu gabeko hizkuntza batean ari garen heinean, ezin dugu hor lehiatu.

Eskaintza periodistikoaren pluraltasunari eta herritarren informazio eskubideari zein neurritan egiten dio kalte diru publikoaren banaketa desorekatuak?
Euskaraz ari garen sektoretik nabarmendu ohi dugu hizkuntzaren ikuspegitik egiten dugun ekarpena, baina ez da hori bakarrik, aniztasunaren eta informazio eskubidearen ikuspegitik ere egiten dugu ekarpena, gure funtzio soziala hizkuntzaren normalizaziotik harago doalako. 6 milioi euroen diru partida justifikatzeko, hain justu hedabideok dugun funtzio sozial hori nabarmendu dute administrazio publikotik, baina berriro ere talde handienak lehenetsi eta diru poltsa handiena haiengana baldin badoa, sektorean denok bizi dugun eraldaketa prozesu sakonari aurre egiteko abantaila ematen zaie. Gerta daiteke abantaila horri esker hedabide talde handi horiek etorkizunean tresna eta produktu erakargarriak eta berritzaileak eskaini ahal izatea eta guk ez. Ez dakit tranpa dagoen, baina desabantaila bai, eta erakundeek ez lukete desabantaila sustatu behar, alderantziz. Aniztasuna eta ikuspegi ahalik eta gehien bermatzea bultzatu behar lukete erakundeek, laguntzen bidez. Komunikazio sistema anitza sustatu beharko luke funtzio publikoak, funtzio soziala eta funtzio kritikoa indartzeko, ez ikuspegi bakar bat.

Euskarazko hedabideen dirulaguntza ere hor dago, legez eman beharrekoak. Hiru urte daramazue negoziatzen, eta sektorea egonkortzeko eskatu duzuen diru kopurua gehitzea ezinezkoa zela entzun duzue Jaurlaritzatik. Bat-batean, ordea, 6 milioi euroko diru partida atera du, gehienbat gaztelaniaz funtzionatzen duten hedabideen artean banatzeko.
2019an lortu zen dirulaguntza eredu berri bat adostea, hain justu ez dadin egon irismenaren baitan, baizik sortzen diren berri eta edukietan oinarrituagoa, ekoizpenean, hedabideen egonkortasuna bermatzea eta hedabideen arteko lehia gainditzea helburu. Pauso garrantzitsua izan zen, baina hiru urte hauetan ez dugu lortu orduan finkatutako kostu estandarrak eguneratzea –2018-2019ko kostuen arabera ari gara, eta agerikoa da kostuak asko handitu direla– eta ez dugu lortu ezta ere dirulaguntzaren poltsa hori era esanguratsuan handitzea, benetako kostuak estali ahal izateko. Eusko Jaurlaritzatik esan digute ez dagoela baliabiderik mahai gainean jarri ditugun eskaerak asetzeko, eta bat-batean lehenengo 5 milioi euroko dirulaguntza eta hurrengo urtean 6 milioi eurokoa atera dute. Bai, harriduraz hartu dugu, eta azkenean lehentasun kontua da, politika publikoez ari garen heinean beti baita lehentasun kontua, eta dirudienez euskarazko komunikabideak ez daude Jaurlaritzaren lehentasunen artean, gutxienez diru banaketan hori da ikusi duguna.
  Euskarazko komunikabideen ordezkaritza dugun Hekimenetik jarraituko dugu behar den foroetan eragiten, euskarazko komunikabideen sektorea lehentasunen artean koka dezaten.

Lehentasun kontua dela diozu. Ez dago borondate politikorik euskarazko hedabideak lehen lerroan jartzeko?
Hedabideen Mahaia interlokuzio foro egonkorra jarri genuen martxan Jaurlaritzarekin eta positiboki baloratzen dugu, ikusten dugu gurekin intelokuzio hori mantentzen duen sailak baduela gure sektorea sustatzeko borondatea, baina gero, ikusitakoak ikusita, diru banaketa beste nonbait erabakitzen dela dirudi. Ogasunak langa jartzen dio Jaurlaritzako sail bakoitzari, eta guri esan zaigu aurrekontuetan ez dagoela baliabide handitze esanguratsurik gure sektorearentzat. Eragiten jarraituko dugu, urteroko aurrekontuetan poltsa hori handitu dadin, bi helbururekin: batetik sektorearen egonkortasuna bermatzeko, eta horrez gain sektoreak beharrezko dituen berrikuntza prozesuak sustatu ahal izateko.

"Euskarazko hedabideen arteko lehia gaindituko duen dirulaguntza sistema adostu beharko genuke, ezin dugulako egon elkarri begira, bakoitzak zenbat diru jaso duen: perbertsoa da"

Sektorea egonkortzeaz ari zara, baina euskarazko hedabideen dirulaguntzetan, kostuek gora egin duten garaiotan, aurreko dirulaguntzetan baino diru gutxiago jaso duen hedabiderik bada.
Bai, euskarazko hedabideentzako dirulaguntzen egungo ereduak oraindik hutsuneak ditu. Bat bada oso esanguratsua eta urteotan behin eta berriz esan diegu: ekoizpen handitze esanguratsu bat edo hedabide berri bat deialdira aurkezteak ekarri behar du horietara bideratzeko baliabide gehiago, bestela emaitza da poltsa mugatua izanik beste hedabideei eragiten diela, alegia besteei dagokien dirutik hartzen dela, eta hori da euskarazko hedabideentzako azken dirulaguntzetan gertatu dena. Egoera paradoxikoa da: berez berri ona da euskarazko hedabide berri bat sortzea eta ez genuke kezkaz bizi behar, baina proiektu berri batek eragiten du besteei dirua murriztea, eta horri gehitu behar diogu bizitzaren –kostu estandarren– garestitzeak erabat gainditu duela 2019an adostu genuen diru poltsa.

Azken finean, euskarazko hedabideen dirulaguntzek lehian jartzen gaituzte komunikabide batzuk eta besteak. Bestelako formularen bat hobesten al duzue, bakoitzak dituen beharrei erantzuteko aproposagoa?
Hori da, lehia gaindituko duen sistema berri bat adostu beharko genuke, ezin dugulako egon batzuk besteei begira, bakoitzak zenbat diru jaso duen: perbertsoa da. Hedabideek behar dutena da berme bat ziurtatuko diena egiten duten lan horren araberako baliabideak izango dituztela, deialdi bakoitzaren aurrean ziurgabetasuna nagusitu ez dadin, eta formulak egon badaude horretarako, dela hitzarmen bidez edo beste bide batzuk erabiliz. Borondate politikoa dagoenean denetariko formulak daudela ikusi dugu: 2021ean 5 milioi euro banatu zituzten inongo deialdirik egin gabe, 2022an deialdia egin zuten baina baldintza gutxi eta jakin batzuk jarrita…

Formatuen, euskarrien, kazetaritza ereduen… berrikuntza zeinen inportantea den aipatu duzu. Instituzioetatik laguntzen ari al dira bide horretan, sinesten al dute apustu horretan?
Ez da erraza izaten ari beste sektoreekin egiten den bezala berrikuntzarako gure sektorera diru bat bideratzea lortzea. Eusko Legebiltzarreko alderdiekin bi erronda egin ditugu eta hasieran hitz politak ziren dena, baina gero apenas bideratu den dirurik. Eusko Jaurlaritzatik esan ziguten berrikuntzarako dirua behar bazen, proiektuak jartzeko mahai gainean, eta hala egin dugu, proiektuak aurkeztu ditugu, baina proiektu horiek behar duten baliabideen %3 inguru baino ez dute onartu. Jaurlaritzak zein errelebantzia ematen digun euskarazko hedabideei, hori da gakoa, eta jarraituko dugu saiatzen, botereguneetan aintzat har gaitzaten. Poliki-poliki ari gara bide horretan.

Hekimenen erronka nagusiak zein dira epe labur-ertainean?
Baliabide gehiago eskuratzea; sektorearen ezagutzan eta hobekuntzan pausoak ematea; eta elkarlanean sakontzea. Azken finean, sektorea eraldaketa prozesu bizian dago eta Hekimenetik prozesu horiek laguntzea da gure funtzioa, hedabideei formazioa eskainiz, elkarlana sustatuz, baliabideak eskuratuz…

Irudian, Hekimeneko eta euskal instituzioetako ordezkariak pandemia garaiko argazki batean.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskarazko hedabideak
ETBk 40 urte
Ardatz bertikala, erabakien adierazle

40 urte bete ditu euskal telebistak, eta 40 urteko ibilian goitik behera aldatu dira gauzak: telebista konbentzionala etxe batzuetan egotetik, guztietan presentzia hartzera pasatu da; baina egun, ikus-entzunezkoak nahieran ikusteko gehiago baliatzen da telebista,... [+]


2024-04-02 | ARGIA
Arrosa sareak Basaburuan egingo ditu aurtengo topaketak, Esan Erran irratiaren eskutik

Arrosa Irrati Sareak Nafarroan ospatuko du lehen aldiz komunikazio librearen aldeko eguna. Mende laurdena bete berri duen Esan Erran irrati txikian dute hitzordua, apirilaren 13an, Basaburuan. "Guretzat elkartzeko egun bat da, elkar gehiago ezagutu eta elkarlanaz... [+]


2024-03-04 | ARGIA
Hekimenek konpromisoak eskatu dizkie erakunde publikoei euskarazko hedabideak garai berrietara egokitzeko

Datozen eraldaketa sakonen aurrean euskarazko hedabideek iraungo badute, erakunde publikoei prozesuak azkartzeko laguntza eta konpromisoak eskatu dizkie Hekimenek, herri ekimeneko euskarazko hedabideen elkarteak.


Euskal Hedabideen Urtekaria Euskalerria Irratian aurkeztu du Behategiak

Trantsizio digitalarengatik eta lehengaien garestitzeagatik, 2023 urtea zaila izan dela nabarmendu du Hekimeneko zuzendari Igor Astibiak


Eguneraketa berriak daude