Leherketaren uhinak gaur arte ailegatu dira

  • Akira. Bi mila orrialdetik gora da Katsuhiro Otomo mangakak 1982tik 1990era bitarte argitaraturiko istorioa, sei tomo handitan –japonieraz tankobon deitzen zaie aldizka publikaturiko istorioak biltzen dituzten liburukiei–. Irakurtzeko astirik edota gogorik ez duten irakurleendako hiru solaseko laburpena: dena lehertzen da.

Lau hitzeko laburpena egitekotan egon naiz, akaberan dena lehertzen da hain zuzen ere, baina horrek laburpena hain laburra ez izatea ekartzeaz gainera, ez litzateke egia. Akiran, aldian behin dena lehertarazteko beharra sentitzen dute Otomoren pertsonaiek; Akiran, zenbait orrialdetik zenbait orrialdera, den-den-dena ez bada, estadio olinpiko batek edo zeruorratz erraldoi batek –edo batzuek– edo hegazkin-ontziren batek eztanda egin behar du, edo erroiztu, edo hondoratu, su eta ke hodei izigarrien artean.

Japoniako, Europako eta AEB-etako komikien bidegurutzean

1954ko apirilaren 14an Japoniako Miyagi prefeturan sortua, Katsuhiro Otomo Akiraren bi bertsioen sortzailea da, mangarena –komikia alegia, arestian erran bezala 1982tik 1990ra argitara emana– eta animearena –filma alegia, 1988an estreinatua, artean manga akitu gabea zelarik–, eta Akira da dudarik gabe haren famaren zutabe sendoena, baina bertze lan batzuen egilea ere bada. Komikiaren munduan, aipatzekoak dira, bertzeak bertze, Domu –1980koa, frantsesez eta ingelesez paratu zioten izenburuari jarraiki, Haurren ametsak euskaratuko genukeena, baina espainolez Amesgaiztoak izena duena– edo Memoriak –1990ekoa–; Batman ere marraztua du, The Third Mask (Hirugarren maskara) istorio laburrean, 1996ko Batman Black and White bilduman sartua. Animearen muduan ere Akira ez da haren lan bakarra izan, baina, irakurlea Interneten aise aurkitzen ahal den informazioarekin ez nekatzeko, hemen 2004ko Steamboy baizik ez dugu aipatuko.

Agian ez da mundu zabalean aho batez onarturiko egia, baina naski ez da gezur handia erratea Jiro Taniguchi dela komikigile japonarrietan europarrena. Bere estiloan, Katsuhiro Otomo ere aski europarra da, baina akaso komeniko litzateke hiru bideren artean kokatzea.

Otomoren eragin japoniarren artean, gaztetan irakurritako edo animazioko filmetan ikusitako bi izen aipatu behar dira nahitaez. Batetik, Osamu Tezuka (1928-1989), Astroboy-ren sortzailea, eta, bertzetik, Mitsuteru Yokoyama, 50eko hamarkadan Tetsujin 28-go manga sortu zuena, geroago, 60ko hamarkadan, animea ere izan zena. Pertsonaia nagusia, Tetsujin 28-go izeneko robota, Japoniatik kanpo Iron Man 28 edo Gigantor gisa ezaguna izan zen. Alde horretarik, segur aski ez da kasualitatea Akirari, erran nahi baita Akira pertsonaiari, zein eta 28. zenbakia eman izana.

Baina, Japoniako eraginekin batera, Europako zientzia fikzioaren itzala ere sumatzen da Otomoren estiloan, koloreetan eta gaietan; batez ere Frantziako zientzia fikziozko komigintzarena, eta, ororen gainetik, Jean Giraud Moebiusena (1938-2012), zeinarekin harreman pertsonala ere izan baitzuen. Eta, azkenik, AEBetako underground komikiaren eragina edo gustua ere ezin aipatu gabe utzi, aski nabarmena Akiran ageri diren gai batzuen tratamenduan, hala nola bortizkeria edo drogaren erabilerarena.

Manga eta animea

Segur aski, Akiraren irudirik ikonikoena Kaneda, gibeletik ikusia, itxura futuristako moto gorri aldera doanekoa. Eta, horrekin batera, Neo Tokion barnako moto lasterketak dira ezagunenak. Ez dira beharbada guti izanen Akira, funtsean, motozale errebeldeen istorio bat dela uste dutenak. Eta, neurri batean, hala da animean. Animazioko bertsioan gauzak dezente urruntzen baitira mangatik. Komikian pisu handia duten pertsonaia batzuk bigarren mailan agertzen dira –konparaziorako, Lady Miyako– eta pasarte esanguratsu batzuk –amerikarren parte hartzea, errate baterako– arruntean desagertzen dira. Izan ere, filma batez ere lehen tomoan dago oinarritua, eta tomo horretan du inportantzia motozaleen istorioak.

Mangan, berriz, kontakizuna korapilatsuagoa da, agertokiak askotarikoagoak, eta pertsonaien eta egoeren bilduma zabalagoa. Narrazio osoak hogeita hamarren bat urte lehenago zenbait haurrekin, haien gaitasunak hedatzeko eta garatzeko asmoz, egindako esperimentuetan du abiapuntua. Gaur egun –etorkizunean gaude, 2019. urtean– armadak altxatuak edo bahituak ditu –nondik begiratzen zaion– Tokio suntsitu zuen III. Mundu Gerraren ondotik haur berezi haietarik biziraun zutenak. Bakoitzak bere zenbakia du, 25, 26, 27, baina denak beldur dira noizbait 28.a, lotan dagoena, itzarriko ote den. Eta itzarriz gero, bere boterea kontrolatzeko gauza izanen ote den edo Neo Tokiora hondamendia ekarriko ote duen. 28.a. Hau da, Akira. Eta mangan itzarri, itzarriko da.

Komikiak edota zientzia fikzioa maite duten guziek ezagutu beharko luketen opus magnuma da ‘Akira’

Akiraren inguruan harilkatzen den matazaren aitzakian, pertsekuzioak izanen ditugu –batek kasik liburuki oso bat hartzen du–, Mad Maxen estiloko egoera postapokaliptikoa, intriga politikoak, traizioak, berradiskidetzeak, ustekabeko birak eta gogoeta sasimistikoak. Akiran, komikian, etengabe ari dira gauzak gertatzen baina, aldi berean, istorioak emeki-emeki egiten du aitzinera. Elkarrizketak ez dira guti, baina badira orrialde ugari batere hitzik ez dutenak eta, ondorioz, Otomoren marrazki ikusgarri eta detailez betearekin gozatzeko aukera ematen dutenak –tebeoak ez baitira irakurtzeko soilik–. Bertze Akiran ere, animean, etengabe gertatzen dira gauzak, baina akaso hasmentatik akaberara doan lerroa mangan baino zuzenxeagoa da. Halere biek, mangak eta animeak, hainbat ezaugarri eta gai konpartitzen dituzte. Hasteko, zer ikusten ari garen ulertzen ez dugularik ere –eta sentsazio hori tarteka izaten du irakurleak–, irudien dinamismoak eta indarrak aitzinera eramaten gaitu. Segitzeko, manga baino laburragoa izanda ere, animeak mangaren gai nagusiei eutsi die: dagoeneko aipatua dugun motozaleen kultura –interesgarria, horri dagokionez, 1976ko dokumentala, Godspeed You Black Emperor, Mitsuo Yanagimachik zuzendua–; gazteak, etorkizunik gabeak baina gobernuak erabiliak esperimentuak egiteko; politikarien ustelkeria; karrikako protestak, ageriagagoak filmean komikian baino. Eta, azkenik, bi formatuen erdigunean dagoen sinbolo nagusia: Akira lotan dago, baina inoiz itzarriko balitz, zer ekarriko luke haren indarrak, bertze desastre bat edo etorkizun berri distiranta? Akira paratzen duen tokian, irakurleak jar dezala Japonia, eta animea eta manga zeharkatzen dituzten nahia eta izua –II. Mundu Gerrako porrotaren eta okupazioaren ondotik Japonia behingoz esnatzeko desioa, eta, aldi berean, izu-laborria, Japonia esnatzeak zer ekarriko duen– ikusiko ditu. Japoniako pop kulturako bertze zenbait produktutan bezala –Godzilla da burura etortzen lehena–, Akiran gerraren itzala ere luzea baita: bonba atomikotik hasi amerikarren okupazioraino. Nolanahi ere, animean ez bezala, mangan bi mila orrialdetan pasatu diren desastre guzietarik bizirik atera direnek, gure motozaleak buru dutela, “laguntzera” etorririko nazioarteko armada Neo Tokiotik kanporatuko dute.

Tetsuo, Stranger Things, Terminator

Berrogei urte pasatu dira Katsuhiro Otomo Akira marrazten hasi zenetik, eta oraindik irakurlea liluratzeko indarra duen lana da. Ez da soilik manga gustuko duen orok irakurri beharko lukeen lana; orokorrean, komikiak edota zientzia fikzioa maite duten guziek ezagutu beharko luketen opus magnuma da. Akira 1988an hasi ziren AEBetan argitaratzen, Marvelen parte zen Epic Comics-en eskutik. Jatorrizko manga zuri eta beltzean egina badago ere, edizio amerikarra koloretan egitea erabaki zuten. Otomok hautatua, Steve Oliff arduratu zen AEBko edizioari kolorea emateaz, eta haren lanak mangakaren oniritzia izan zuen. Orobat, Otomok onartu zuen orrialdeen hurrenkera mendebaldeko ohituretara moldatzea; alegia, irakurleak ezkerretik eskuinera irakurriko luke komikia, ez eskuinetik ezkerrera, Japonian ohikoa den bezala. Gaur egun, bi bertsioak erraz eskura daitezke, zuri eta beltzekoa, eskuinetik ezkerrera irakurtzekoa dena, edo mendebaldartua, Oliffen kolorearekin. Biak dira eder-ederrak, eta normalean jatorrizko bertsioa nahiago izaten dudan honek aitortu behar du bertsio koloreztatua ere ikaragarria dela.

Arnold Schwarzenegger ('Terminator') eta Tetsuo  ('Akira')

Akiraren eragina, animearena zein mangarena, gaur egun artio ailegatzen da. Tetsuo du izena pertsonaia nagusietarik batek, eta segur aski ez da kasualitatea Shinya Tsukamotoren Japoniako ziberpunkaren maisulanak, 1989an estreinatuak, Tetsuo izena izatea. Tsukamotoren filmean protagonistaren gorputza errotik aldatuko da metalarekin bat egin ahala, eta Otomoren mangan ere aldaketa ikusgarriak izanen ditu Tetsuoren gorputzak. Izan ere, Tetsuoren beso metalikoak –galdu duen egiazko besoaren ordezkoak– gogora ekartzen du Terminator-en bigarren partean Arnold Schwarzeneggerrek erakusten duen beso metalikoa. Etor gaitezen honatago: 80ko hamarkadako erreferentzia bilduma den Stranger Things telesailean gobernua, sekretupean, esperimentuak egiten ari da botere telekinesiko bereziak dituzten haur batzuekin. Hara! Akiran bezala. Eta lerro hauek idatzi bitartean zinema aretoetan dagoen Eskil Vogt-en De Uskyldige (Errugabeak) filmean, hiru haurren botere mentalek hobeki funtzionatzen dute elkarrekin sinkronizatzen badira, berriz ere Akiran gertatzen den bezala.

Komikiaren eta zientzia fikzioaren klasiko bat da Akira, eta oraindik haren eragina nabarmena da gaur egun, berrogei urteren ondotik, sortzen ari diren hainbat lanetan. Guri, orain, falta zaigun gauza bakarra da noizbait Akiraren liluraz euskaraz gozatu ahal izatea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Komikiak
2023-12-15 | ARGIA
'Ño' komikiaz solasaldia, gaur Bilboko La Sinsorga kulturgunean

Ño komikiaren testuen egile Miren Artetxe eta Eli Pagola, eta Maitane Gartziandia ilustratzailea Bilboko La Sinsorga kulturgune feministan (Askao Kalea, 9) izango dira gaur, arratsaldeko 19:00etan, haien lanaz hitz egiteko.


Euskarazko komikien HernaniKomik II. azoka

Azaroaren 17an eta 18an izango da, ostiralez eta larunbatez, Hernaniko Atsegindegi plazan


Mikroa eskuan eta irribarrea ezpainetan

Ño!
 

Testuak: Eli Pagola eta Miren Artetxe
Ilustrazioak: Maitane Gartziandia
Argia, 2023

------------------------------------------------------

Komikia hasi aurretik eta amaitu ondoren bai azal eta kontrazalean, bai tapa eta barruko tapetan informazio... [+]


2023-09-27 | ARGIA
‘Ño!’ komikiaren erakusketa inauguratuko dute ostegunean Hernanin

Maitane Gartziandia, Eli Pagola eta Miren Artetxe egileek komikiaren lan prozesua eta mamia azalduko dituzte Kulturarteko Plaza Feministan irailaren 28an, komikiaren marrazki originalez lagunduta. Urriaren 5ean Iruñeko Laban aurkeztuko dute beren lana egileek.


Eguneraketa berriak daude