Instituzioak, autogestioa(k) eta zioak

“Utzi aizkora
Sustraiak kolpatu
Eroriko da pozoiaren zuhaitza”

XIX. mendeko ludditen esaldia

Aizkorarik gabe ere badago zuhaitza botatzerik. Zuhaitza erabilita kapitalismoaren, patriarkatuaren eta zanpatzen gaituzten estatu errepresiboen ikur gisa; jakina, dirautela harro eta luzaz gure basoetako arbola ederrek! Bada, aizkorarekin hainbat zuhaitz ustel kolpatu genituen, baita koskor batzuk bota ere.

Aizkora utzi beharra eta, noraeza, dudak eta mudak. Nola erauzi baso kirastua, haritza zahar sendo zein kimu aske berriei bide emateko? Instituzioei lehentasuna emanez? Kalea betez eta astinduz? Herri mugimendua berrindartuz? Tresna berriak sortuz? Esku bereko hatzamarren gisan ulertu ditut nik beti horiek guztiak, atzokoak eta gaurkoak.

Instituzioengan sinesten ez badugu ere, izan daitezkeelako zuhaitza zaurtzeko arma eraginkorra; baina ez eurak bakarrik, ez eta egungo ordezkatze sistema sasi-demokratikoan sinesten dugulako ere. Gaurko erakundeak diren bitartean gutxi batzuen esku dagoen boterea, ez delako sekula egiazko askatasuna izango, botere delegazio horrek ukatzen duelako herritarren zuzeneko parte hartzea, erabakitzea, eta ekite bera.

Gutxi batzuen boterea vs Herri Boterea. Instituzioak vs Autogestioa –Burujabetasuna–. Kropotkinek esaten zuen moduan, iraultza ez delako agintarien aldaketa soil bat, baizik eta garapen soziala oztopatu duten botere horien guztien deuseztatzea, herriaren boteretzearen eskutik. Burgesiak, kapitalaren jabe den bitartean, ez duelako sekula inolako “esperimentu sozialistarik” garatzen utziko, instituzioen boterea bereganatzen badugu ere. XIX. mendean idatzi zituen hitzok badute, ene aburuz, gaurkotasun eskerga.

Ludditek, Ingalaterran zein munduko beste txoko batzuetan, mitologia eta irudimena lagun, euren lana lapurtzera etorri ziren makinak suntsitzen zituzten. Guk ere, Kantauriko hegiko herri zahar honetan, badugu asmatzeko gaitasun handia gure borroka berregokitzeko, aizkorarik gabe ere zuhaitz  ustelak botatzen jarraitzeko. Gakoetako bat izan daiteke herri mugimendua indartzea eta horretarako tresna berriak sortzea; burujabetzaren aldeko herri mugimendu horretan aske ekinez, eraginkortasunez saretzea; instituzioak, helburu baino, beste tresna bat direla ulertzea; baita ekonomia sozial eraldatzailea gauzatzea, herri eta hiri proiektu txiki horien guztien sendotze eta biderketaz... Eta noski, kaleak astintzen jarraitzea, beti bezain gureak direlako. Oro ere ilusioz, Mab erreginak guri ere eman diezagukeen naturaren indarrarekin, eta arrazoiarekin. “Sorionekuak” gu!

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


ASTEKARIA
2022ko abenduaren 11
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Eguneraketa berriak daude