“Utzi aizkora
Sustraiak kolpatu
Eroriko da pozoiaren zuhaitza”
XIX. mendeko ludditen esaldia
Aizkorarik gabe ere badago zuhaitza botatzerik. Zuhaitza erabilita kapitalismoaren, patriarkatuaren eta zanpatzen gaituzten estatu errepresiboen ikur gisa; jakina, dirautela harro eta luzaz gure basoetako arbola ederrek! Bada, aizkorarekin hainbat zuhaitz ustel kolpatu genituen, baita koskor batzuk bota ere.
Aizkora utzi beharra eta, noraeza, dudak eta mudak. Nola erauzi baso kirastua, haritza zahar sendo zein kimu aske berriei bide emateko? Instituzioei lehentasuna emanez? Kalea betez eta astinduz? Herri mugimendua berrindartuz? Tresna berriak sortuz? Esku bereko hatzamarren gisan ulertu ditut nik beti horiek guztiak, atzokoak eta gaurkoak.
Instituzioengan sinesten ez badugu ere, izan daitezkeelako zuhaitza zaurtzeko arma eraginkorra; baina ez eurak bakarrik, ez eta egungo ordezkatze sistema sasi-demokratikoan sinesten dugulako ere. Gaurko erakundeak diren bitartean gutxi batzuen esku dagoen boterea, ez delako sekula egiazko askatasuna izango, botere delegazio horrek ukatzen duelako herritarren zuzeneko parte hartzea, erabakitzea, eta ekite bera.
Gutxi batzuen boterea vs Herri Boterea. Instituzioak vs Autogestioa –Burujabetasuna–. Kropotkinek esaten zuen moduan, iraultza ez delako agintarien aldaketa soil bat, baizik eta garapen soziala oztopatu duten botere horien guztien deuseztatzea, herriaren boteretzearen eskutik. Burgesiak, kapitalaren jabe den bitartean, ez duelako sekula inolako “esperimentu sozialistarik” garatzen utziko, instituzioen boterea bereganatzen badugu ere. XIX. mendean idatzi zituen hitzok badute, ene aburuz, gaurkotasun eskerga.
Ludditek, Ingalaterran zein munduko beste txoko batzuetan, mitologia eta irudimena lagun, euren lana lapurtzera etorri ziren makinak suntsitzen zituzten. Guk ere, Kantauriko hegiko herri zahar honetan, badugu asmatzeko gaitasun handia gure borroka berregokitzeko, aizkorarik gabe ere zuhaitz ustelak botatzen jarraitzeko. Gakoetako bat izan daiteke herri mugimendua indartzea eta horretarako tresna berriak sortzea; burujabetzaren aldeko herri mugimendu horretan aske ekinez, eraginkortasunez saretzea; instituzioak, helburu baino, beste tresna bat direla ulertzea; baita ekonomia sozial eraldatzailea gauzatzea, herri eta hiri proiektu txiki horien guztien sendotze eta biderketaz... Eta noski, kaleak astintzen jarraitzea, beti bezain gureak direlako. Oro ere ilusioz, Mab erreginak guri ere eman diezagukeen naturaren indarrarekin, eta arrazoiarekin. “Sorionekuak” gu!