Tailerrak euskalduntzetik, gai sozialetan eragitera

  • Emun lan mundua euskalduntzeko helburuarekin sortu zen 1997an. Genero berdintasuna, parte-hartzea, gizarte erantzukizuna... beste hainbat esparrutan ere eragile da gaur egun, berrikuntza sozialaren hariari tiraka. Kooperatibako lau langilek haien bizipenak kontatu dizkigute, eta hitz egin digute genero berdintasunari lotutako legeez bezala euskararen esparruan ez dauden eskakizunez.

Inma Elexpuru, EIKA kooperatibako langileari azalpenak ematen. Hainbat enpresa barne-funtzionamendua euskaraz izan dadin egiten ari diren esfortzua nabarmendu digu Emuneko aholkulariak.
Inma Elexpuru, EIKA kooperatibako langileari azalpenak ematen. Hainbat enpresa barne-funtzionamendua euskaraz izan dadin egiten ari diren esfortzua nabarmendu digu Emuneko aholkulariak.

Arrasateko egoitza nagusian bildu gara Onintza Legorburu eta Inma Elexpururekin, eta Andoaingo bulegoan Mikeldi Zeberio eta Maite Indarekin. Lau aholkulariek kontatutakoak josi ditugu lerrootan.

Onintza Legorburu, 2018tik Emunen: Unibertsitate ikasketak burutu ostean jatetxe batean aritu nintzen lanean, eta bat-batean, 24 urterekin, bazoaz 1.000 langileko fabrika handi batera, hango usaina, zarata... haluzinatzen nuen. Tontakeria dirudi, baina zein arropa jantzi ere ez nekien. Bertan uzten dizkizuten bota bereziak, horiek dira zure erremintak. "Zer demontre ari naiz ni oinetako hauekin?", pentsatzen nuen. Bi mundu paralelo elkartzen dira. Jende unibertsitarioa, bulegoetan egotera ohituago dagoena, eta bagoaz, ez dakit, Ederlango fundizio batera adibidez, leku iluna, sua, jendea zikin-zikin... eta zu, han, Euskaraldiko ez dakit zer azaltzen. Irudipena dut, garai batean, Emuneko kideek askoz ere barneratuago zutela hori. Lehenbiziko euskara planak tailerretan-eta garatu ziren, langile euskaltzale asko zegoen, haizeak alde jotzen zuen, eta zu joatea hau eta beste azaltzera, munduko logikoena irudituko zitzaien. Gizartea aldatu egin da, ordea, eta lantokiak ere bai, euskararen aldeko mugimendua askoz ere apalagoa da. Lehen langileena joan eta Korrikarako dirua eskuz batzen zen. Izugarri lotsatuko nintzateke gaur egun hori egingo banu (kar kar kar).

Inma Elexpuru, 2000tik Emunen: Ni ohitua nago tailerretan ibiltzera. Sorpresa atseginak izan ditut. Bazoaz katean ari den langile batengana, makinaren aginte panela euskaratzeaz hau eta beste azaltzera, eta kasu egiten dizu! "Bai bai, segi, entzuten ari naiz", esaten dizute, begirada makinatik aldendu gabe. Benetan da eskertzekoa. Edo pandemian bizitakoak. Egoitza nagusia Etxebarrian duen EIKAko langileek, esaterako, hainbat egun pasa zituzten etxean, Enplegu Erregulazioko Espedienteak jarri ziren abian, segurtasun-protokoloak etengabe aldatzen zituzten... Zuzendaritzak aldaketa horien berri eman behar zuen, eta komunikazio guztiak euskaraz egin zituzten. Igande gauetan ere deitzen ziguten, hau eta beste zuzen idatzita ote zeuden galdetzeko, ongi komunikatu nahi zituztela eta. Krisi gogorrenetan ere euskara lehenetsi zuten, meritu handia dute. EIKA 1999an hasi zen Emunekin, barne funtzionamendu osoa euskara hutsez izateko helburuarekin. Kontratazioetan jasoa dago, erdaldunak hartu hartuko dituztela, baina modu inklusiboan. Euskara ikasteko baliabideak jartzen zaizkie eskura, tailer osoa erdaraz hitz egiten jarriko zenukeelako bestela. Halaber, bazkideek euskaraz jakin behar dute, enpresako lehendakari izatera hel daitezke-eta, ezin da atzera egin.

Mikeldi Zeberio, 2007tik Emunen: Hizkuntza kudeaketa etengabea da. Erraza da atzera egitea, gizartean bezala enpresatan ere errealitatea aldatzen doalako. 2016an utzi nion euskara planetan lan egiteari, gehiago heltzeko gobernantzaren ildoari. Zapore gazi-gozoa uzten zidaten. Batzuetan lan egiten nuen norantz gindoazen ziur jakin gabe; bezeroen aldetik ez nuen ikusten trakzio gehiegirik, eta halere, urtearen amaieran euren balorazioa positiboa zen. Nik esaten nien: "Ez dugu gauza handirik egin, ordea". Baina eurek erantzun: "Ez ez, oso pozik gaude". Beste edozein hornitzailerekin ziur exijenteagoak direla, zergatik gurekin ez?, pentsatzen nuen. Irudipena dut maila bateraino ondo ikusten direla aldaketak, baina hortik aurrerakoak... Ekintza batzuk sinpatikoak dira, motibazioa bilatzen dutenak-eta, lehiaketak... asko gustatzen zaizkie, baina hasten zarenean egiturazko gauzak ukitzen...

Onintza Legorburu eta Inma Elexpuru, Arrasateko egoitzan. Legorbururen hitzetan, Emuneko perfila bada jende oso militantearena, euskara edo feminismotik datorrena, herrietan mugitzen dena.

Maite Inda, 2017tik Emunen: Iruditzen zait eraldaketa soziala eskatzen duten gai guztien lanketan daudela tope batzuen modukoak. Prozesu bati ekiteko arrazoiak desberdinak dira: horretan benetan sinesten dutelako hasten dira batzuk; giro sozialarekin bat egiteko besteak; edo errentagarritasun ikuspegitik, langileak trebatzeak enpresari mesede egingo diolakoan; edo marko legala betetzeko... Edonola ere, kasu guztietan, eraldaketa sozialak gauzak tokiz mugitzea eskatuko dizu, kontratazio irizpideak aldatzea, esaterako, genero kontuei heltzea, soldata arrakala, aniztasuna... Egiten duzuna modu berean egiten jarraitu nahi baduzu, ez ireki kaxa hori, aldaketak eskatzen dituelako.

M. Zeberio: Saltoki handietan, adibidez, ahalegin handia egin da paisaia linguistikoa euskalduntzen, kartelak eta beste; baina barrura begirako helburuetan, zuzendaritzako kideek eta langileek zer konbikzio duten, ba... Enpresetako pertsona gako batzuk oztopo izan daitezke, gauzak “ahaztu” egiten dituztelako, besteak beste. Esango nuke azken urteotan plan zehatzagoak egiten direla, lanketa espezifikoak pertsona espezifikoekin.

O. Legorburu: Emunek historikoki eduki du lan egiteko modu bat, presentzialagoa, enpresen barrutik gehiago lan egitearena, behetik gora... Hori aldatu egin da, ordea. Orain, egitea baino, eragitea dagokigu. “Behetik gora” polita da belarrirako, baina gauza batzuk errezagoak dira goitik behera eginez gero. Nik baldin badaukat alboan pertsonal-burua “hau horrela egin behar da” esaten, ba horrela egin behar da eta kito.

Berdintasun planak goitik behera sartu diren zerbait dira, legeak bultzatuta, baina asko dira berdintasunean sinesten dutenak, marketin estrategia hutsetik harago. Euskarari dagokionez, Bikain ziurtagiria lortzeko sartzen dira enpresa batzuk.

Mikeldi Zeberio eta Maite Inda, Andoaingo Martin Ugalde parkean. 90 lagun ari dira gaur egun Emunen lanean, eta denen artean 40 unibertsitate ikasketa baino gehiago dituzte burutuak (soziologia, filologia, matematika, ingeniaritza, filosofia, antropologia...). Indaren hitzetan, hori da Emunen potentzialitateetako bat.

M. Zeberio: Lortu dira gauza batzuk, aireportuetan euskarazko oharrak jartzea, saltokietako paisaia linguistikoa euskalduntzea edota erakundeen egoitzetako harrerako langileek lehen hitza euskaraz egitea, baina barrura begirako helburuetan... Proiektu batzuek ez dute izan jarraikortasunik. 2008ko krisiak erraztu egin zuen euskararentzako partidak murriztea. Iruditzen zait erlaxatu egin garela; Emunera eskaera gehiago etortzen da berdintasunetik, euskaratik baino.

M. Inda: Geroz eta leku gehiagotatik deitzen digute, eta argi dago legeari lotuta dagoela hori. Nahiko genituzke euskararentzat horrelako neurriak. Betiko zalantza da: noraino egin behar da arautu edo derrigortu, eta noraino sustatu? Baina, besteentzat baliagarria dena, zergatik euskararentzat ez?

Euskararen esparrutik nator ni, eta ari naiz haren normalizaziorako ezaugarriak baliatzen genero berdintasun planak lantzeko, zapalketak orekatzeko estrategiak-eta. Eta alderantziz. Mainstream edo zeharkakotasunarena –berdintasun politikak txertatu behar dira erakunde bateko sail guztietan–, adibidez, nola egin euskararekin? Generoak definitua du estrategia hori, zer den mainstream, nola egituratu behar den, prozedurak, baliabideak. Legeak berak ezartzen ditu.

M. Zeberio: Hizkuntza gutxituen kasuan badira bi marko: instituzionala (Europako hizkuntza gutxituen karta, gomendioak jasotzen dituena), eta Hizkuntza eskubideen deklarazio unibertsala (herri eragileek 1992an sinatua Bartzelonan), baina ez dira legez betearazleak, ez dago derrigortasunik.

M. Inda: Hemen egin da sustapen politika baten alde, belaunaldi berriak euskaldunduta gizarte osoa euskaldunduko zelakoan; tesi horrek, ordea, huts egin du. Ez da egon derrigortasunik, sustapen politikak baizik. Badaude euskara planak bideratzeko laguntzak, baina legerik ez. Berdintasunari dagokionez nazioartekoa da markoa: gizartearen %50ak pribilegio gehiago ditu gainerako %50ak baino. Aipatzen da, esaterako, egoeraren adierazpenik gordinena biolentzia matxista dela. Euskararen marko legala ez dago hain definitua.

M. Zeberio: “Hizkuntza ordezkapena” moduko terminoak aipatuz gero, ausardia gehiagorekin jokatuko litzateke neurriak hartzerakoan. EAEko Estatutuak berak dio: euskara eta gaztelania dira hemengo hizkuntzak. Estatuan, arkitektura juridiokoa goitik beherakoa da, goikoak jarritako mugetatik ateratzen bazara... Konstituzioak berak jasotzen du gaztelania ikasteko derrigortasuna eta gainerakoak hitz egiteko eskubidea.

O. Legorburu: Berdintasunarekin askoz ere sentsibilizazio handiagoa dago euskararekin baino, gizarteko beste esparruetan bezalaxe. Noski, kontrakoak badaude, eta oso kontrakoak dira, gainera, haterrak dira oso haterrak, euskararen kasuan bezalaxe. Ez dira asko, baina zarata handia ateratzen dute, hormak jartzen dituzte... Orokorrean, ordea, ez dago azaldu beharrik zergatik abiatuko den berdintasun plana. Noski, diskriminazio positiboko ekintzak egiten hasten garenean azalpen gehiago eman beharko ditugu (kar kar kar).

--------------------------------------------------------

Parte hartzean sinesten denean

 

2004tik ari da lanean Emun Nafarroan. Iruñerriko merkataritza plana lehendabizi, eta ostean Fagor Ederlan Tafalla, Mapsa... Mondragon Korporazioko kide izateak lagundu zuen enpresa horietan euskara planak abiatzen. Gobernantzari lotutako egitasmoetan ere ari da lan egiten Emun, eta zentzu horretan bi proiektu nabarmendu dizkigu Maite Indak: Bakaikuko Udalaren plan estrategikoa –Nafarroako Gobernuak saritua–, "Hemendik 10 urtera herria hutsik ikusi nahi duzu?" galderaren bueltan eratu zena, non auzolanaren balioa ordenantza batean jaso zuten; eta Mimukai, Larraun-Leitzaldean elkarlana eta tokiko garapena bultzatzeko proiektu komunitarioa. Nafarroan, Atarrabian ireki zuen lehenbizi bulegoa Emunek, baina Berriozarrera lekualdatu ziren gero.

Gobernantzaren esparruan, Gipuzkoan egin du batez ere lan Mikeldi Zeberiok. Esperientzia positibo moduan hainbat ekimen aipatu dizkigu, tartean Getariako terrazen ingurukoa, Oñatiko aurrekontuen bueltakoa edota Oiartzungo skate parkearena, non jende askok parte hartu zuen, ume eta gazte mordoxkak barne.

"Askotan galdetzen didate: 'Baina jendeak horrelakoetan parte hartzen al du?'", dio. "Herritarrentzat gai inportantea baldin bada, bai, areago instituzio horrek ibilbide bat duenean egina parte hartzearen inguruan, sinesgarritasuna duenean horrelako prozesua abiatzeko". Sarri, arrakala sortzen da herritarren eta administrazioaren artean, mesfidantza ere bai batzuetan, eta erakunde asko ari da bizilagunen hitza aintzat hartzen, nahiz eta guztiek ez duten parte hartzea modu berean ulertzen. Emuneko kidearen hitzetan, "ez da nahikoa" webgunean informazioa publikatu eta udaletxeko oholean iragarki bat eta erreklamazioetarako beste zerbait jartzea, 2016ko EAEko udal legeak markatzen dituen gutxienekoak betetzearren.

Onintza Legorburu "Debagoiena 2030" proiektuan ari da lanean, 2050erako adimentsua, inklusiboa eta klimatikoki neutroa izango den Debagoiena bateranzko eraldaketa bultzatzea helburu duen lankidetza sarean. Trantsizio energetikoa sustatzeko Arrasaten, Bergaran edota Oñatin abiatutako prozesuak aipatu dizkigu, besteren artean.

--------------------------------------------------------

Kooperatiben izaerak, legearekin talka

 

Gaur egun, 50 langile edo gehiago dituzten Espainiako Estatuko enpresek berdintasun plana izateko betebeharra dute.

Enpresek egoeraren diagnosia egin behar dute lehendabizi, zeinak azaleratuko dituen datu “delikatu” xamarrak: soldata arrakala zenbatekoa den, kontziliazio neurriak zenbatek har ditzaketen eta hartzen dituzten, plantillaren datuak generoari dagokionez, postu bakoitzerako zenbat gizon/emakume kontratatu diren azken urteetan, aginte organoetan zenbat gizon/emakume dauden... Ostean, diagnosiak azaleratutako hutsuneak betetzea helburu, berdintasun plana osatuko da, mahai negoziatzaileak onartu beharko duena, administrazioetan erregistratu baino lehen.

Kooperatibetan –Emunen bezero askoren kasuan– zer ari da gertatzen? Sindikaturik ez dagoenez, zailtasunak daude estatuak markatutakoak betetzeko eta, ondorioz, lizitazioetan plana izateak emango lituzkeen puntuak lortzeko. Mahai negoziatzailea eratu eta plana erregistratzeko kooperatibak derrigortuta daude sektorean nagusi den sindikatuari dei egitera, baina horrek esan nahi du enpresaz kanpoko norbaitek barne-informazioa eskuratu eta genero gaiei buruzko erabakietan parte hartze zuzena izango duela.

Emunek prozesu osoan hartzen du parte: mahai negoziatzaileak gidatzen, diagnosia egiten, eta plana osatu, erregistratu eta inplementatzen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gizartea
2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude