Ezkerretik eta periferiatik erdigunera, hirugarrenez

  • Mesiasa heldu da Brasilera, edo, behintzat, horrela ospatu dute brasildar askok Luiz Inácio Lula da Silvaren itzulera, salbatzailea balitz bezala. Gehiago zein ospatu duten ezin jakin: bere iritsiera edo bere aurrekariaren amaiera, ironikoki, Jair Messias Bolsonarorena; hain bihurtu baita dikotomiko herrialdeko egoera politikoa. Baina herrialdeko sektore askotara zabaldu dira poza eta itxaropena, batez ere gutxiengo etiketa daukaten pertsonengana: beltzak, pobreak, indigenak, LGTBQ komunitatea eta beste. Presidente batek baztertu dituenak besteak babestuko ditu, horixe da, hauteskundeen bigarren itzuli guztiz polarizatu baten ostean, zabaldu den mezu nagusia brasildarren artean. Eta Lularen hauteskunde programak horrelakorik hitz eman badu ere, ikusteke dago urte berriarekin batera presidente bilakatzean, bere agintaldiak zein bide hartuko duen.

Argazkia: EPA-EFE/Sebastiao Moreira.

Lula ez da berria, ezezaguna, brasildarrentzat. Presidente izan zuten bi agintalditan, 2003 eta 2010 artean. Aurretik ere, sindikalista famatua izandakoa da sektore metalurgikoan, eta Langileen Alderdiko sortzaile eta liderra da. Azken urteetan presoa ere izan da, eta, harekin batera, ultraeskuinaren zapalkuntzaren aurkako sinbolo –bere kartzelaldia bera isilarazteko ekintza gisa irakurri izan baita sektore askotatik–. Kartzelaldi horixe bera izan zen herrialdeko azken hauteskundeetan aurkeztea egotzi  ziona, eta, aurtengoetan, bere seigarren hauteskundeetan, lortu du hirugarren garaipena, 77 urterekin.

Irudi maitatua da Lularena bere herrialdean. Presidentetza utzi zuenean, 2010ean, herritarren %80ren babesa zuen. Ez da gutxiagorako, bere aginteko zortzi urteetan herrialdea norabide onean jartzeko gai izan baitzen. Dirulaguntzen programak jarri zituen martxan pobrezia egoeran zeuden biztanleei laguntzeko, horien artean ezagunena izan zen “Bolsa Família” delakoa, eta bere eta Rousseffen agintaldien artean 25 milioi lagun inguru irten ziren pobreziatik. Manos Unidas nazioarteko erakundearen txosten baten arabera, milioika biztanle horien ekonomiak hobera egitea ekarri zuen Lularen gobernuko programa horrek, baita gutxieneko soldataren igoerak edota lan merkatuaren egoera hobetu izanak ere.

Egungo egoera urrun dago ordukotik. COVID-19aren krisiak eta Bolsonaroren politikek eragin dute herrialdean ziurgabetasuna areagotzea, biztanleen erdia baino gehiago elikagai ziurgabetasunean geratzeraino (Red Penssan Brasilgo Subiranotasun eta Elikagai Ziurtasunerako Sarearen datuak). Egun, 33 milioi lagunek jasaten dute gosea herrialdean, eta 13,5 milioi daude muturreko pobrezia egoeran. Horretan ere etniak berebiziko garrantzia du, muturreko pobrezian daudenen %72,7 beltzak edo mestizoak baitira, iparraldeko estatuetakoak.

Desberdinen presidentea

Egoera horri eta gizarteko beste zenbait desparekotasuni egin beharko die aurre Lulak bere agintaldian. Garaipena eman dion hauteskunde programan, bere alderdiko joerari jarraiki, politika sozialak jarri ditu erdigunean. Egoera ekonomikoaren gainbehera ikusita, aberatsenei zergak areagotuko dizkien erreforma fiskal progresibo bat hitz eman du, baita kontsumoa bultzatuko duten neurriak hartzea ere. Bestalde, Eletrobas enpresa elektrikoa guztiz nazionalizatzea ere badu asmoa, edota, ingurugiroari lotuta, Amazoniaren gehiegizko esplotazioa gutxitzea.

Neurri horietako zenbaitek tentsioa sorrarazi dute alderdiaren barnean. Agerikoena izan da gastuen sabaia arautzen duen legea; alegia, gobernuak errespetatu beharreko gastuen muga. Lula muga hori altxatzearen alde agertu da, diru publiko gehiago erabiltzearen alde, alegia; baina bere alderdian kontu ekonomikoak lantzen dituztenek, Perseu Abramo Fundazioaren gidaritzapean, ezezkoa eman diote neurri horri.

Lula sindikatu metalurgikoko hitzaldi baten ostean, 1979an.

Alderdikideekin soilik ez, hauteskundeetan lagun izan dituen beste hamar alderdiekin ere adostu behar izan du programa. Izan ere, Langileen Alderdiko siglekin aurkeztu bada ere, Lularena ez da izan, tradizionalki ulertzen den bezala behintzat, alderdiaren hautagaitza. Izar gorridun alderdiaz gain, –kanpainan aurrera egin ahala kolore gorria galdu eta zuri bihurtu dena– bestelako babes asko izan ditu Lulak, ezkerretik hasi eta ia zentroraino heltzen direnak, eta izena Alderdiak eman badio ere, koalizio moduko batean aurkeztu da: Itxaropenaren Koalizioa delakoa. Bertan agertu dira PSOL Sozialismoa eta Askatasuna alderdia, Brasilgo Alderdi Komunista, Rede eta beste sei alderdi. Bigarren itzulian kanpoan geratu ziren beste alderdi politikoetako zenbaitek ere berarentzat eskatu dute botoa, eta Lularen zerrendara gehitu da Simone Tebet, MDB Brasilgo Mugimendu Demokratikoko hautagaia.

Lularen blokeak, kolore eta joera anitzetakoak, parean izango ditu Bolsonaro buru duten alderdi eskuindar eta ultraeskuindarrak. Herrialdeko sektore kontserbadoreenen babesa izango dute azken horiek, baita gero eta indar handiagoa duen Eliza Ebanjelistarena ere. Berebiziko garrantzia izan du azken horrek hauteskunde kanpainan, zurrumurrua zabaldu baitzen Lula ez zela fededuna, eta “deabruarekin ituna” sinatua zuela. Lulak berak gezurtatu behar izan zuen hori, eta katolikoa dela berretsi. Kontuan hartuta Bolsonaroren blokeak ordezkari gehiago dituela diputatuen ganberan, bi bloke handietatik kanpo kokatzen diren eta ideologia jakinik ez duten alderdiekin egin beharko du bat Lulak, aurretik Bolsonarok egin bezala. Aurreikusi daiteke, ordea, Lularen programa progresistak oztopoak izango dituela aurrera joateko.

Kartzelaldiaren itzala

“Bizirik lurperatu nahi izan ninduten, eta hemen nago”. Lularen hitzak dira horiek, hauteskundeen emaitzak jakin berritan eman zuen hitzaldian. Mezua argia da, Bolsonarori eta bere inguruko botere politiko eta ekonomikoei zuzendua, eta kartzelaldiari egiten dio erreferentzia; berak eta bere jarraitzaileek kartzelan emandako urte eta erdia bera isilarazteko saiakera gisa ulertu izan baitute.

Epaiketak eragin du Lularengan, eta iritzi publikoa bananduta dago gaiaren inguruan

2018an sartu zuten kartzelan Lula, hainbat delitu egotzita. Ustelkeria eta dirua garbitzea leporatu zizkieten berari, bere emazte Rosângela da Silvari, alderdiko eta gobernuko zenbait kideri, eta baita Aécio Neves PSBD oposizioko alderdi nagusiko liderrari ere. Delitu horiek Petrobras petrolio enpresako kontratuen bidez egitea leporatu zioten presidente ohiari. Sergio Moro epaileak bederatzi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zion, eta apelazio epaimahai batek beste urte bi eta erdi luzatu zion gerora: guztira hamabi urtekoa zen zigorra. Moro epailea 2019an Bolsonaroren gobernuko Justizia ministro bihurtu zen.

Hemeretzi hilabete egindakoan, ordea, kalera atera zen Lula, epaiketa prozesua irregularra izan baitzen. 2021ean Epaitegi Goren Federalak bertan behera utzi zituen zigor horiek. Epaimahai horrek berak ebatzi zuen Morok ez zuela inpartzialtasunez epaitu Lula. Kausa batzuetan absoluzioa eman zioten, delituak egin ez zituela ebatzita; besteetan zigorrak bertan behera utzi zituzten, bere eskubideak errespetatu ez zirela argudiatuta. Absoluzioa eman zioten kasuetako bat izan zen "Quadrilhão do PT" kasua moduan ezagutu zena: bertan Lulari eta Rousseffi egotzi zieten, alderdiko beste kide batzuekin batera, erakunde kriminal bat sortzea. “Aurkeztutako salaketak erakusten du egon zela ekintza politikoa kriminalizatzeko saiakera bat”, azaldu zuen Marcus Vinicius Reis Bastosek, absoluzioa eman zien epaileak.

Lula eta bere ondorengoa, Dilma Roussef, honek presidente kargua hartu zuen egunean, 2011n. / Argazkia: Reuters, Paulo Whitaker.

Legea aldeko izanda ere, epaiketa prozesuak izan du eragina Lularen irudian. Presidentetza utzi zuenean herritarren babes ia osoa zuen, eta egun ere oso irudi ona izan arren, epaiketak eragin du berarengan, eta iritzi publikoa bananduta dago gaiaren inguruan: Quaest enpresak ekainean egindako inkesta batek dio bozka emaileen %48k uste duela zigorra egokia izan zela; %43k, aldiz, kontrakoa esan zuen. Aurkakotasun hori nabaritu da Lularen aurka zabaldutako protestetan. Errepideak itxi dituzte, Bolsonaro bera ere mintzarazi dute blokeoez, eta aldarrikatu dute ez dutela presidente “ustelik” nahi.

Polarizazio erabatekoa

Dena ez da izan poz eta jai Lularen garaipenarekin. Boto ezkutu asko egon bada ere, (Bolsonarori lortu dituena baino hamasei puntu gutxiago aitortzen zizkioten inkestek) Bolsonaroren bozkatzaileetako zenbaitek jarraitzaile sutsutzat aurkeztu dute beren burua eta bere alde atera dira kalera.

Zatiketa ez da abstraktua, ez da hitz politikoetan egin ohi diren buruko mapen tankerakoa: banaketa erreala da Brasilen, mapan ageri da, ukigarria da. Iparralde beltz eta indigenan, nekazalguneak eta pobrezia orokortua dauden lurraldeetan, bozka masiboa jaso du Lulak. Hegoalde zuria, Sao Pauloko eta Rio de Janeiroko metropoliak dituena, botere ekonomikoa eta lursail jabe handienak dituena, Bolsonaroren alde agertu da.

Gutxiengo etiketadunen presidentea heldu da, beraz, boterera. Pobreen Lula, beltzen Lula, indigenena, LGTBIQ komunitatearena. Gutxiengoena izango da, bere babesleak gehiengoa badira ere. Alegia, gutxiengoak gehiengoa dira Brasilen, beren burua beltz izendatzen dutenekin bakarrik biztanleria erdia baino gehiago baitira (%56 dira, Brasilgo Geografia eta Estatistika Institutuaren arabera). Gutxiengotik gehiengora heldu da, gutxigatik bada ere, eta bere bozka emaileen eta ordezkatzen duen fronte zabalaren aniztasunari heldu beharko dio, hitz emandakoak beteko baditu. Ez du bide erraza aurretik Lulak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Brasil
Sei herrialde gehiago Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzan

Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzak Johannesburgon egin duten azken goi-bilerako eztabaidagai nagusia izan da partaide gehiago onartzea. Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Iran, Egipto, Argentina eta Etiopia gonbidatu dituzte.


Amazoniako indigenen lurrak deforestatzaileen esku utzi ditzakeen legea onartu du Brasilgo Kongresuak

Amazoniako lurrak demarkatu eta indigenenak direla aitortzeko muga gehiago jarriko dituen legea onartu du Brasilgo Kongresuak. Luiz Inácio Lula da Silvaren gobernuak legea kritikatu du eta "araututako genozidio" bat dela esan du. Indigenek hainbat egun daramate... [+]


Henry Forden utopia, besteen distopia

Amazonia, 1928. Ford automobil konpainiak Fordlandia izeneko herria eraiki zuen oihanean, Amazonasen ibaiadar Tapajosen ertzean.


Eguneraketa berriak daude