"Zahartuta dagoen gizarte batean bizi gara, baina fokua ez da adinekoengan jartzen"

  • Irailaren 17an manifestazio jendetsua egin zuten Madrilen, Beste zaintza eredu bat posible da lemapean. Estatuko Plataforma osatzen duten zaharren egoitzetako senideen elkarteek deitu zuten, tartean Zaintza Babesten federazioak. Instituzioei zein herritarrei argi utzi diete zaintza ereduak porrot egin duela, eta aldaketa beharrezkoa dela. Adineko pertsonen eskubideak aldarrikatu dituzte, eta gogorarazi dute borroka jendarte osoarena dela. Protestan egindako eskakizunei buruz mintzatu zaigu Monreal.

Zaharren egoitza bateko bi egoiliar eta langile bat, paseoan. / Argazkia: Dani Blanco.

Zergatik da garrantzitsua momentu hau manifestazioa egiteko?
Ikusten dugu pandemiak azaleratu dituela zaharren egoitzetako hainbat arazo, eta guk pentsatzen genuen oso nabarmena zela eredu aldaketa bat sortu behar zela, baina ikusi dugu gauzak ez direla aldatu. Gogoratu behar diegu politikariei orain daukagun ereduak ez duela balio; pandemiak agerian utzi du erresidentzietako hildakoen kopurua, bizi izan dituzten baldintzak... Gu baino okerrago egon dira konfinamenduan. Gainera, horrelako erresidentzietan daukaten dependentzia oso altua da, eta behar duten atentzioa, emozionala, senideena... falta izan zaie.

Autonomia erkidegoetako gobernuetara zuzendu zarete, datozen hilabeteetan osatu beharko dituztelako zahar etxeen kudeaketarako arau berriak.
Espainiako Estatuko gobernua saiatu da beste eredu bat sortzen, baina erresidentzien eskumena erkidegoetako gobernuek dute. Espainiako Gobernua, eredua aldatzeko saiakera horretan, akordio txiki batera ailegatu da erkidego batzuekin. Baina eredu horrek ez ditu betetzen guk eskatzen ditugun baldintzak, nahiz eta aurrerakoiagoa omen den. Guk [elkarteek] hausnartu dugu urte hauetan eta saiatu gara beste eredu bat sortzen, beste erkidegoetako eta Europako herrialdeetako ereduekin erkatuta.

Zer falta du Espainiako Gobernuak proposatutako ereduak?
Ea nola laburbiltzen dudan! Hasteko, parte hartzearen arloan dena dago egiteko. Erresidentzietan ez dago eredu bat familiek parte hartzeko. Legeak printzipioak ezartzen ditu, baina gero ez dago ziurtaturik. Egoitzetan egon behar da parte hartze kontseilu bat, non familiak ere egon behar diren; eskoletan kontseiluak dauden bezalaxe.

Instituzioetan ere parte hartu nahi dugu, Elkarrizketarako Mahai Zibil batean. Estatuko Mahai Zibilean eman digute ahotsa Plataformari eta guri, baina EAEn ez dugu aukerarik. Begira zer-nolako kontraesana den: estatuan gonbidatzen gaituzte, eta beraiek ez dute horren eskumena, eta erkidegoetan eskumena dute baina ez dago bermatuta gure presentzia. Eusko Legebiltzarrean eta batzar nagusietan egon gara eredu aldaketa eskatzeko, eta gogoratu diegu parte hartzearena; bai, sortu dute Mahai Zibil bat dependentziaren gaia lantzeko, baina gu ez gaude gonbidatuta horra. Elkarrizketa pribatu bat izan genuen Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen zuzendariarekin [Marian Olabarrieta], eta Euskadiko hiru elkartek eskatu genion formalki parte hartzea; ez digu erantzun, eta orain dela urte bat izan zen.

Xabier Monreal hainbat elkartetan dabil lanean zaharren egoitzetako eredua aldatu dadin. / Argazkia: Dani Blanco.

Badago hirugarren parte hartze bat: legez, adineko pertsona bakoitzari egin behar zaio Banakako Arreta Plan bat (BAP) egoitzetan. Plan horretan familiak parte hartzea inportantea da, eskakizunak eta beharrak baloratzeko: garbiketa, medikazioa… Baina normalean familiek ez dakite existitzen dela, ez delako jendarteratzen.

Zertan lagundu dezake parte hartzeak?
Eskoziako adibidea esanguratsua da. Egoiliar baten senideak parlamentuan eskatu zuen lege bat behar zela, ziurtatzeko pandemia eta katastrofe kasuetan egoiliarrarekin beti egon behar dela familiako erreferentziazko norbait, aurrez aurre, atentzio emozionala bermatzeko; zeren ikusi baitzuten ondorioak oso latzak zirela. Anne’s Law legea [2021] egiten ari dira horregatik. Begira parte hartzea nola joan den: behetik gora. Hemen ez dago ezer ez. Beste pandemia bat balego, zer gertatuko litzateke? Ikasi dugu zeozer?

"Adinekoek euren kabuz ezin badute parte hartu,
norbait egon behar da eurak ordezkatzeko"

Zuen eskarietan azpimarratzen duzue ikuskarien eta langileen kopurua.
Ikuskariei dagokienez, hainbat kexa egiten ditugu familiartekook, baina kutxa batean geratzen dira. Ikuskaritza indartu behar da. Bizkaian, adibidez, zortzi ikuskari bakarrik daude gizarte zerbitzu guztietarako. Gainera, bat-batean eta abisatu barik etorri behar dira, ikusteko arazoak daudela, eta ez da hori egiten.

Bestalde, langileen baldintzak ez dira onak, eta zaintzaileak ez baditu baldintza onak, horrek ondorioak dauzka gure guraso eta familientzat. Bat gatoz langileen borroka eta eskakizunekin. Ez dira ailegatzen egin behar den guztia egiteko, azkar eta txarto egin behar dute; esku eta begi gehiago beharrezkoak dira, kalitatezko arreta duina emateko. Elkarteek harreman ona daukagu langileekin, eta guk ez dakizkigun gauza asko beraiei esker dakizkigu, lekuko zuzenak direlako.

Gure eskaera hauxe da: egoiliar bakoitzak egunean bost orduko arreta zuzena izatea, bi goizean, bi arratsaldean eta bat gauean. Horrek esan nahi du egunean zehar behar dela geriatriako laguntzaile bat lau egoiliarreko. Eta oso urrun gaude hortik, egungo legearekin ez da betetzen.

Sektorearen pribatizazioa ere gogor kritikatu duzue.
Batzuetan hemengo politikariek esaten dute pribatua eta publikoa elkarrekin egon behar direla. Baina pribatizazioa itzela izaten ari da, eta publikoa galtzen ari da. Araban oso nabarmena da, baina Bizkaian ere %80-90 inguru pribatua da. Guk pentsatzen dugu osasun arreta guztiz publikoa izan behar dela; gure eskubidea da. Zahartzen ari da gure populazioa, bada, umeentzako pediatrak dauden bezalaxe, pentsatu behar dugu geriatriako osagile bereziak egon behar direla adinekoentzat. Gure elkarteko medikuak kalkulatu du Osakidetzako aurrekontuaren %1arekin geriatriako sistema hori posible litzatekeela, eta biztanle kopuru jakin bakoitzeko geriatriako laguntzaile publiko bat bermatu ahalko litzatekeela.

"Langileen baldintzak ez badira onak, ondorioak daude egoiliarren zaintzan"

Pribatizazioak zein ondorio eragin ditu?
Negozio bat da, eta negozio baten helburua da dirua irabaztea, eta hori kontraesanean dago legearekin: legeak dio arreta soziosanitarioa unibertsala eta subjektiboa izan behar dela eta, beraz, ezin da negozio bat izan. Betetzen omen dute legea... baina ondorioa argia da: baldintzak txarrak direla. Janaria, ekipamenduak zaharkituta daudela, langileen kopurua oso-oso minimoa dela, eta abar.

Salatu duzue ez dela ikerketarik egin COVID-19aren pandemiako ondorioak aztertzeko: milaka egoiliarren heriotza eta praktika desegokiak zergatik onartu diren jakin nahi duzue. Zertan dago orain?
Salaketak egin dira, baina justizia astiro-astiro doa. EAEn egon dira kasu batzuk non hildakoa erraustuta jaso dutenez, kasua itxi duten; “ez dago ezer ikertzeko”. Beste kasuren bat irabazi da: Nafarroan orain egon da kasu bat non egoiliar batek salaketa jarri zuen eta lortu duen zigortzea. Halere, elkarte moduan historia asko jaso ditugu pandemia garaian, gauza izugarriak ikusi ditugu. Esaterako, ospitalera lekualdatzea behar zuten pertsona batzuk erresidentzietan geratu zirela. Ez dugu uste aztertuko denik pandemian gertatutakoa. Zeozer ikasi dugu? Ez dakit. Gizarteak ere egin behar du hausnarketa.

Nola helarazi herritarrei adinekoen eskubideak borrokatzea guztien eskubideen alde egitea dela?
Elkarteak egiten du lana alde horretatik: jardunaldi teknikoak egin ditugu, eta kalean jarraituko dugu arazo hau azaleratzen, baina zaila da. Bilbon hainbat manifestazio egin ditugu pentsionistekin. Oso harreman ona dugu haiekin, zeren, nahiz eta batzuk oso ondo egon, ikusten baitute arazoa dagoela. Denon erronka da, ez da bakarrik nire gurasoen kontua, nire etorkizuna ere bada. Nik eredu hau ez dut ikusi nahi. Baina erresidentzietan senitartekoek ere beldur handia dute, pentsatzen dutelako borrokatzen badute plaza kenduko dietela.

Irailaren 17an manifestazio bateratua egin zuten Madrilen egoitzetako senideen elkarteek. / Argazkia: Babestu Elkartea.

Komunikabideen papera ere garrantzitsua da, hedabide publikoek egin behar dute lana; gai hau eztabaidetan egon behar da, zeren populazioa zahartuta baitago. Larria da izan dugun egoera. Non geratzen dira txarto pasatu dutenak? Fokua ez dago jarrita adinekoengan, baina zahartuta dagoen gizarte batean bizi gara.

Jakina da egoiliar batzuek besteek baino mendekotasun handiagoa dutela, baina, oro har, senideei zer eskakizun egiten dizkizuete?
Zaila da, zeren haietako asko kognitiboki ez baitaude ondo. Nire aitak, adibidez, alzheimerra dauka; ez daki nor naizen, ez daki zer jan duen gaur, zer kontatuko dit? Horregatik da garrantzitsua ordezkari bat edukitzea, autonomo gutxi dagoelako erresidentzietan. Adibide bat jartzearren, Bizkaiko Aldundiak 2020an egindako inkestaren kasua. Familiei galdetu ziguten ea zer pentsatzen genuen erresidentzien kalitateaz, guk hara sartu ezin genuen garaian. Emaitzak ezin hobeak izan ziren, 8tik gorako notarekin. Nola erantzun zuten dena ondo zegoela, gu ezin baginen sartu? Han daudenek esango dute, daukaten dependentziarekin, ondo doala dena? Gainera, galdetzen zuten ea egoiliarrak zergatik sartzen ziren erresidentzietan, eta soilik %1,2k erantzun zuten eurek nahi zutelako zela. Oso esanguratsua da; galdeketaren emaitzak oso onak badira, eredua oso ondo badago, zergatik erabakitzen du %1,2k bakarrik hara joatea? Kontraesan izugarria da, inkesta ez dago ondo.

"Etxeko laguntza da instituzioek bultzatzen dutena, haientzako errazagoa baita; zuretzat da arazoa"

Erresidentziara eramaten ditugu, guk ezin dugulako gehiago egin. Elkarteko denok pasa ditugu fase guztiak: etxean eduki, norbait kontratatu, eguneko zentrora eraman, eta azkena da erresidentzia. 3. mailako mendekotasuna dutenean arreta osoa behar dute. Etorkizuneko eredua pentsatu behar dugu: erresidentzia txikiak ala handiak? Nik uste dut txikiak izan behar direla, eta tokikoak, erabaki ahal duzuna zure auzoan geratzea. Nire aita hemendik pasatzen da [bere auzoko parketik, erresidentziaren alboan] eta aurkitzen ditu bere bizitzan topatu dituen lagun berberak.

Etorkizuneko eredu horretan nahiko zenukete etxeko laguntza bultzatzea?
Hori da instituzioek bultzatzen dutena, haientzako errazagoa baita; zuretzat da arazoa. Etxean? Bai, ezin hobeto. Baina horrelako dependentziarekin baliabide asko behar dira eta familiak liberazioa behar du. Sistema osoa aldatu beharko litzateke; batzuetan errazegi hitz egiten dugu horrelako ideiei buruz. Utopikoa da eta zaintza eredu berri bat sortzerakoan erdigunean egon behar du ideiak, baina letra txikia idatzi behar zaio. Zein baldintzatan, igogailurik gabeko etxebizitzekin zer egin, horrelako dementziarekin behar duten medikamentu eta osasun tratamendu guztiak nola eman, eta abar. Zaintza ez da zortzi orduko lana, 24 ordukoa da.

Teknologia berriak sartuko dituztela ere diote. Oso ondo daude teknologia berriak, baina uste dut adinekoek eskubidea dutela giza harremanak sortzeko. Hori ziurtatu behar da, nahitaez, pertsonak behar ditugu. Teknologien laguntza izan dezakegu, baina ezin dugu oinarritu etxeko sistema bakarrik gailu edo robotetan. Hori gizartearen porrot handia izango litzateke.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zaharren egoitzak
2023-10-11 | ARGIA
Elizondoko adinekoen egoitza publifikatu du Baztango Udalak

Orain arte kudeaketa zeraman enpresa pribatuarekin kontratua eten eta Patronatuko Batzordeak erabaki du Zaintza Lanak SL udal enpresa publikoren esku uztea egoitza. Eraikinean obrak egingo dituzte eta egoiliarrentzako lekua murriztuko dute eraberritze lan horien ondorioz.


2023-08-22 | Ilargi Manzanares
Pentsiodunak Bilboko jaietan mobilizatu dira

Milaka pentsionista atera dira kalera astelehenean, txistulariekin eta konpartsekin batera, Bilboko Aste Nagusiaren oihartzuna aprobetxatuz. Hainbat erreibindikazio egin dituzte, hala nola 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.


Analisia
Publiko-pribatu elkarlana

Urkulluk askotan aldarrikatu du sistema kapitalistaren muinean dagoen publiko-pribatu elkarlana, baina lotura hori gaur zertan den azaltzeko inolako asmorik gabe. Publikoa osagarria eta menpekoa denean, ezin dituenean merkatuaren interesak zanpatu, eta lege bidez inposatutako... [+]


2023-05-23 | ARGIA
Greba berria hasi dute Arabako egoitza pribatuetako langileak

Maiatzaren 23 eta 24an grebara deitu dute Arabako zaharren egoitza pribatu eta etxebizitza komunitarioetako langileek. Patronalaren “blokeoa” salatu dute ELAk eta LABek, eta soldata igoera eta lanaldi murrizketa jasoko dituen lan hitzarmena eskatu.


Grebaren azken egunean, Bizkaiko erresidentzietako langileek ez dute baztertzen lanuzte gehiago egitea

Otsailaren 1ean zortzi eguneko greba abiatu zuten Bizkaiko erresidentzietako eta eguneko zentroetako langileek. Lan baldintzen hobetzea eta zentroetan eskaintzen den arreta ereduaren errotiko aldaketa exijitzen ari dira. Asteazkena dute azken greba eguna, baina ez dute... [+]


Eguneraketa berriak daude