Donostia dekolonialaren aldeko aldarria

  • Urriaren 12a baliatu dute, ibilbide komentatu baten bidez, Donostiaren iragan eta orain koloniala agerian jartzeko. Lau geldialditan lekuarekin loturiko datu eta irakurketak egin dituzte: Plaza Berrian, Santa Maria Elizaren aurrean, Trinitate enparantzan eta Okendo plazan. Amaieran Donostia dekolonialaren aldeko manifestua irakurri eta ildo honetan lanean jarraitzeko borondatea adierazi dute.


2022ko urriaren 12an - 17:08
Okendo almirantearen estatuari bizkar emanez irakurri dute manifestua. (Argazkia: Joseba Parron / Irutxuloko Hitza)

Urriaren 12an egiten diren aldarrikapenei beste buelta bat eman eta ikuspegi dekoloniala gehitu nahi izan diote aurten zenbait herritarrek. Estefania Quilezek hartu du hitza eta "Donostia dekoloniala izan da eta hala da oraindik ere", aldarrikatuz hasi dute ibilaldia. Adierazi dute historia beste ikuspegi batetik planteatuta, herritarren bizitzak eta munduan egoteko modua aldatu nahi luketela. Hego Ameriketatik datorren komunitatearekiko harremanak ere beste leku batetik planteatzeko beharra adierazi dute.

Lau geldialdi egin dituzte eta Xalba Ramirezek Irutxuloko Hitzan eginiko kronikan xeheago jasotzen dira bertan esandakoak. Lehenengoa irteera puntua: Plaza Berria. Ofizialki Konstituzio Plaza, baina plaza eraiki zutela 300 urte bete diren honetan, azken urteetan honen izen aldaketaren alde lanean ari den taldeko kide Dani Goñik hartu du hitza eta plazaren izenaren inposizioa kokatu du. Adierazi du aurrera begira ekimen berriak prestatzen ari direla gaia sozializatzen jarraitzeko.

Santa Maria elizaren parean izan da bigarren geldialdia. Caracasko Gipuzkoar Konpainiaren diru-ekarpenari esker eraikitako eliza. Markel Ormazabalek kokatu du batetik konpainia hori nola sortu zen eta gaiarekin loturiko zenbait gertaera kontatzeko baliatu dute parada. Aipatu dute matxinada herritarra gertatu berria zela aduanen leku-aldatzeari lotuta, eta horrek eragin zuzena izan zuela konpainia horrek zenbait hamarkadaz ia Hego Amerika osotik Euskal Herrira garraiatzeko merkantzien monopolioa lortzeko. Kokatu du, konpainia honek kakaoa eta beste lehengai batzuk ekartzen zituela jakina dela, baina historia ofizialetik kanpo utzi ohi dela nork jasotzen zituzten lehengai horiek: Afrikatik eramandako esklaboek. Horrez gain, konpainiak akzioak zituen beste konpainia batzuetan, hala nola, esklaboen salerosketan zebiltzan enpresa batzuetan. Horrez gain, Ormazabalek azaldu du 1766ko Azpeitiko matxinadaren aurkako errepresioa, Karakasko konpainiak finantzatu zuela.

Hirugarren geldialdia Trinitate enparantzan izan da. Bere garaian, Donostiako kartzela zaharra izan zen, Ormazabalek azaldu duenez. Plaza horrekin zerikusia duten anekdotak lotu ditu, besteren artean, espetxe horretan izan zituztela hamaika esklabo, Udalak salmentan jarri zituela eta zein familiek erosi zituzten: Errazkin, Aiertza...

Azkenik, Okendo almirantearen estatua dagoen plazan amaitu da ibilaldi komentatua. Donostia dekolonialaren manifestua irakurri du Estefania Quilezek. Joseba Parronek eginiko bideo honetan manifestuaren testua entzun daiteke eta ibilaldiko irudiak ikusi.

 

Antiguan, esklabista eta kolonizatzaileen aurkako kanpaina

Donostiako Antigua auzoan, Sortuk kartel informatiboak jarri ditu zenbait kaleren izenen jatorria azalduz. Bideo hau egin dute Negu Gorriaken Irakatsitako historia kantuarekin eta bertan ikus daiteke ekimena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Dekolonitatea
2024-03-13 | Euskal Irratiak
Amaia Bessouet: «Afrikar gazteek ez dute gehiago Frantziaren mespretsua onartzen»

Malin, Burkina Fason eta Nigerren Frantzia haizatua da. Mendebaldeko potentziek haien eragina galtzen ari dira Afrikako kolonia zaharretan. Afrika frankofonoko populazioa bereziki gaztea da, eta ez du frantses kolonialismoa zuzenki ezagutu. 35 urtez peko gazteek populazioaren... [+]


Deskolonizazioa eta Gobernuz Kanpoko Erakundeak

II. Mundu Gerra amaitu ostean, Afrika eta Asia aldeko herrialdeen deskolonizazio prozesua abiatu zen. Izan ere, herrialde horietako soldaduek parte hartu zuten Alemania eta beronen aliatu faxistak garaitzen eta “esker on gisa”, menpeko herrialde horiei... [+]


Leo Bueriberi. Guztizalea
"Gauzak esploratzea gustatzen zait, nora helduko naizen jakin gabe"

Bere burua aurkezteko eskatu diodanean, ipurterrea dela esan dit Leo Bueriberik, eta aulkian jesartzeko moduan ere nabaritzen zaio nekez egoten dela geldirik. Hiru ordu-laurdenean hamaika gai jorratu ditugu –irratigintza, musika, aktibismoa...–, eta zenbat gehiago... [+]


Azukre Beltza erakusketa
Kubako esklabista arabarraren historia ikusgai Gasteizen

Julián de Zulueta y Amondo esklabista arabarra eta bere negozioak ardatz hartuta Azukre Beltza erakusketa “murgiltzailea” sortu du Irati Antía Zuaznabar gasteiztarrak, eta asteazkenean inauguratuko du hiriburuko LABE espazioan. Zulueta XIX. mendeko... [+]


Eguneraketa berriak daude