Moja Alferezaren ikonoa, eztabaida trans eta antikolonialerako akuilu

  • Erauso, Katalina (Moja alfereza deitua). Gipuzkoar abenturazalea”. 1603. urtean, nerabe izanda, komentutik alde egin eta, geroztik, gizonezko jantziekin bizi izan zela kontatzen digu Lur Entziklopediak. Ameriketan gizon zuriekin izan zituen liskarrak eta horiek eragin zizkioten zigorrak aipatzen ditu entziklopediak, ez ordea indigenen kontrako sarraskietan parte hartu izanagatik lortu zituen pribilegioak.

Bi pantaila erraldoietan proiektatu zuten ‘Ahots bat Erausorentzat' bideo-instalazioa. / AZ
Bi pantaila erraldoietan proiektatu zuten ‘Ahots bat Erausorentzat' bideo-instalazioa. / AZ

Pribilegio horien artean, alferezaren izendapena eta erregeak zein Aita Santuak Antonio Erauso bezala bizitzen jarraitzeko baimena, trabestismoa bekatua eta delitua bazen ere. Mugagabea da Moja alferezaren istorioak eragin duen saturazio kulturala: eleberriak, antzezlanak, filmak, komikiak eta artikulu akademikoen eztanda egon da nazioarte mailan, XVII. mendetik gaur egun arte. Katalina/Antonio Erausoren bi alderdik piztu dute eztabaida: genero-nortasuna eta 1625. urtean Madrilen argitaratu zuen autobiografiaren egiletza. Bertsio guztietan nabarmentzen da bere anaia dolu batean hil zuela, ez ordea ume indiar bat taldean akatu izanaz harro agertzen zela.

Onar dezagun behingoz: neskato abenturazalea gizon trans kolonizatzaile odoltsua izan zen. Inkisizioak genero disidentziak sutara bidaltzen zituen garaian, salbuespen estatusa lortu zuen konkistaren zein ebanjelizazioaren ideal patriarkalak gorpuztu zituelako.

Erausoren inguruko lilura puztu baino, figura historiko deseroso hau autokritikarako baliatzeko gonbitea egingo dugu LARRUN honetan, transfeminismoa eta antikolonialismoa ardatz hartuta, Katalina/Antonio-ren historia jaso duten hiru arte-erakusketetako partaideen bidez. Azken erakusketa, Ahots bat Erausorentzat, irailaren 26ra arte egon da ikusgai Bilboko Azkuna Zentroan. Transfeminismotik irakurketa garaikidea aurkeztea izan da Cabello/Carceller egileen eta Paul B. Preciado komisarioaren helburua. Alabaina, izenburua paradoxiko samarra da, Erausoren erretratua eta errelatoa heldu zaizkigulako, ez ordea kolonizatutako zein esklabizatutako genero-disidenteena.

Marrazkia: Joseba Larratxe, "Josevisky"

PAUL B. PRECIADO: "Erauso interesgarria da, maskulinitate patriarkalaren arauak urratu eta asimilatu zituelako aldi berean"

“Antonio naiz!”, errepikatzen du Mursegok Ahots bat Erausorentzat. Trans garai baterako epilogoa bideoarte piezarako sortutako abestian. Letra Helena Cabello eta Ana Carceller artista madrildarrek idatzi dute, Erausoren autobiografiaren berrirakurketa transfeminista egiteko helburuarekin. Haien ustez, “botere heteropatriarkalak entzun nahi zuen kontaketa” idatzi zuen Katalina Moja alferezak, Azkuna zentroko erakusketaren inaugurazioan azaldu zutenez.

Bideoaren lehenengo partean, egungo hiru pertsona trans ez-normatibo arituko dira Erausoren erretratuarekin solasean, tonu kritiko eta ironikoan. Adierazi diote genero- eta sexu-disidenteon arbaso dutela, baina ez daudela harro bere biografiaz.

Cabellok eta Carcellerrek urteak eman dituzte Erauso lantzeko ideiari bueltaka. Erakusketaren aurkezpenean aitortu zuten erakarpena bezainbesteko gaitzespena eragiten ziela pertsonaiak: "Espainiako Inperioaren sarraski eta suntsiketa kulturalean parte hartu zuen, arrazakeria eta misoginia adierazi zituen, eta daga eskuan bizi izan zen. Disentsutik egin dugu lan, ikusteko zer balia dezakegun egungo testuinguruan”. Horregatik, orainaldia eta iraganaren arteko bidaia prestatu dute: Erausok artxibo historikoetan utzi zituen arrastoetara heldu aurretik agertu zaizkigu Judith Butlerren Genero nahasmendua saiakeran oinarritutako performancea eta Hollywoodeko aktoreak imitatzen dituzten drag king-en argazkiak. Cabello/Carcellerrek Donostiako Udalari egin dion eskaeraren kopiarekin itxi dute erakusketa: Amarako Katalina Erauso kalearen izena alda dezala, Katalina/Antonio agertzeko.

Nazioartean ospe handia duen Paul B. Preciado filosofo kuirra izan da erakusketaren komisarioa. Burgosen jaioa, amama barakaldoarra zuen eta Moja alferezaren historia askotan entzun zuen txikitan. “Genero femeninoa esleitu dizutenean eta beste identifikazio bat duzunean, nire kasuan bezala, badakizu Erausok egin zuen ezohiko bidaiak zure bizitzarekin zerikusia duela”. Tokiko historian genero- eta sexu-disidentzien narratibak aurkitzeko premia nabarmentzen du Preciadok, AEBetara begiratu ordez. Pikara Magazine-rako egindako elkarrizketaren laburpena da hurrengoa.

"Erauso aldarrikatu nahi duenak arazo bat izango du, klase altuko figura ilun bat delako, bere inguruko botere-sareak baliatu zituena indarkeriaz, arrazakeriaz eta misoginiaz blaitutako prozesu batean"

Ikono feminista, lesbiko edota trans gisa hartu da Erauso.
Hori guztia zen, eta ez zen ez bata ez bestea. Sexu- eta genero-identitateak modu segmentatuan pentsatzen ditugu egun. Aldiz, Erausok ez du kontakizun itxirik ahalbidetzen, askotariko interpretazioak baino. Jakina, komentutik ihes egin izana genero-emantzipazioko prozesu gisa uler daiteke. Lesbianismoari dagokionez, biografietan Don Juan moduko bat bezala aurkeztua izan da, baina ez zen ezkondu eta ez zitzaion emakume zehatzik ezagutu. Trans identitateaz hitz egitea are zailagoa da, bere garaian generoaren nozioa ere ez zegoelako garatuta. Halere, titiak zanpatzeko plasteak erabiltzen zituen, binder-a gogorarazten duen praktika. Ez zaigu interesatzen Erausori behin betiko nortasuna ematea, historiarekin eta orainarekin dugun harremana arakatzea baizik. Erauso aldarrikatu nahi duenak arazo bat izango du, klase altuko figura ilun bat delako, bere inguruko botere-sareak baliatu zituena indarkeriaz, arrazakeriaz eta misoginiaz blaitutako prozesu batean.

Koroaren eta Elizaren babesa bilatu zituen etengabe…
XVII. mendean ez zegoen emakume alferezik eta, beraz, izendapen hori generoa egiaztatzeko modu bat da. Gizarte garaikidean, balidazio-esparruak arlo mediko-juridikora mugitu dira. Nik neuk baliozkotze-prozesu bat igaro behar izan dut pasaporteak nire identitatea isla dezan, eta horrek ematen dit lasai bidaiatzeko aukera. Erauso interesgarria da, maskulinitate patriarkalaren arauak urratu eta asimilatu zituelako aldi berean.

 

  Hiru pertsona trans garaikidek interpelatzen dute Erauso erakusketaren pieza nagusian. / AZ
“Indarkeria baliatu zuen Erausok bere gizontasuna legitimatzeko eta zaurgarritasunari erantzuteko”

Ezagutzen ditudan gizonezko trans eta intersex historikoak armadei edota gerrillei lotuak egon dira, hala nola, Amelio Robles koronel mexikarra eta Florencio Plá Messeguer makia.
Erausoren autobiografia irakurri nuenean arreta eman zidan zenbat harrotzen den egilea bere ekintza bortitzez; esajerazio puntu bat ere badago. Indarkeriaren erabileraren bitartez gizon gisa legitimatzen zuen bere burua. Erauso ez balitz konkistan inplikatutako figura militarra, eta klase altukoa, ez luke aukerarik izango izena aldatzeko, ezta Aita Santuaren aitortza jasotzeko. Genero praktika disidente askoz gehiago egon ziren, baina esparru militarrekin zerikusia dutenak edo botere judizialarekin harremana izan dutenak heldu zaizkigu, administrazio-ziurtagiriak daudelako. Feminismoaren hedapenak emakume zientzialari edo artista andana azaleratu duen bezala, ikerketa historikoaren metodologia aldatu beharko litzateke, beste subjektu batzuk ager daitezen.

Gaur egungo ikuspegitik, zer interesatzen zaizu Erausori buruz?
Lagungarria da ikusteko nola igaro den sexualitatearen ulerpena paradigma teologiko-politikotik paradigma zientifiko-mediko-farmakologikora. Erausok, biziraupen-estrategiagatik bada ere, finkoak ez diren genero-praktikak zituen; Europara itzuli zenean, aita santuaren bulda izan aurretik, emakume gisa identifikatu zen berriro ere, eta ondoren gizon gisa eman zituen azken urteak. Gaur egun, erregimen bitarretik irtetea proposatzen ari dira aktibista transak. Genero-berresleipenak eskatzea beharrezkoa izango ez den paradigma administratibo-juridiko bat behar dugu.

Zenbait diskurtso feministak transexualitate maskulinoa pribilegio patriarkalarekin lotzen dute. Aurreiritzi hori berresten du Erausoren historiak?
Gizon trans baten gizontasuna ez da inoiz guztiz onartua izango gizarte heteropatriarkalean. Esango nuke Erausok egiten duen indarkeriaren laudorioak XVII. mendeko armadetan bizi zuen muturreko zaurgarritasunari erantzuten ziola. Trantsituarekin pribilegio-postura igarotzen garela esan ohi da, baina ez da egia. Gizonezkoen pasaportea izan arren, poliziaren aurrean biluztu behar bagara, zaurgarritasun itzela biziko dugu. Transfobikoa da emakume transei haien iragan maskulinoa leporatzea eta, era berean, transfobikoa da gizon transok patriarkatuan integratzen garela pentsatzea.

Erausoren historia balia dezakegu identitate transen kontrako erasoei erantzuteko?
Erausok ez digu ezer legitimatzeko balio, bere biografia kolonialista eta nazional-katolikoan ez baitago ezer berreskuratzeko. Eskuin muturreko trans mugimendu hipotetiko bat inspiratu lezake! Hori da interesgarriena: figura heroikoa ez denez, historiaren Irakurketa konplexuagoa egiteko aukera ematen digula.

 

Josebe Iturriozen testigantza

Argazkia: Dani Blanco

“Gaztetatik ezagutu nuen Erauso. Mugimendu feministako emakume ni baino zaharragoek kontatu zidaten historia. Hasieran, Juana de Arcorekin gertatu zen moduan, erreferente lesbiko gisa irakurria izan zen gure inguruan; ez genuen transexual edo transgenero bezala ulertzen. Banekien Ameriketara joan zela eta kolonialista bat izan zela, baina ez zegoen irakurketa oso kritikorik Donostian. Antonio Erauso da historian daukagun gizon trans legal baten lehenengo erreferentea, benetan onartua izan zena. Baina hil arte gizon gisa bizitzen utzi zioten figura oso kolonialista eta arrazista izan zelako, eta maskulinitatearen eredu hegemonikoa hartu zuelako. Hortaz, erreferentzia inportantea da jakiteko garai haietan eta historian zehar errealitate transa existitu dela, baina batez ere interesgarria da hausnartzeko zer maskulinitate eta feminitate eredu gorpuztu nahi ditugun egungo pertsona transok. Betiko maskulinitate matxista erreproduzitu ordez, maskulinitate propioa garatzearen aldekoa naiz ni".

 

Leslie Feinbergen Borrokalari transgeneroak liburuko pasarteak

 

“Deabruzko gauza bat ikusi nuen”, idatzi zuen Álvar Nuñez Cabeza de Vaca kolonialista espainiarrak XVI. mendean. “Bekatuzkoa, izugarria, perbertitua, zitala, higuingarria, antinaturala, nazkagarria, lizuna”.
Bi Espiritu jendearen gaineko kronika sentsazionalista horiek erabili zituzten, geroago, “justifikatzeko” genozidioa, natiboei lurrak eta baliabideak ebastea, eta kulturak eta erlijioak suntsitzea.

Joseph François Lafitau misiolari frantsesak gaitzetsi egin zuen Aintzira Handien mendebaldean, Louisianan eta Floridan aurkitu zuen Bi Espiritu jendea, baina agerian utzi zuen jatorrizko herriek ez zutela halako aurreiritzirik: “Uste dut ohorea dela halako izaera…”, idatzi zuen 1724an, “erlijio-zeremonia guztietan hartzen dute parte, eta aparteko bizi horren lekukotzak ekartzen die maila handiko pertsonatzat hartuak izatea”.

Kolonizatzaileek Bi Espiritu jendearenganako zuten erreakzioa laburbiltzeko, Antonio de la Calancharen hitzak balia daitezke. Calancha kargudun espainiarra zen Liman. Calanchak idatzi zuen ezen Vasco Nuñez de Balboak Panaman barna espedizioa egitean, ikusi zituela “gizonak emakume gisa jantzirik. Balboak ikasi zuen sodomitak zirela, eta erregea eta beste berrogei bota zituen bere zakurretara, jan zitzaten; oso ekintza zuzena, espainiar ohoragarri eta katoliko bati dagokiona”.

Erausori buruzko euskal bibliografia

Erauso Kateriñe (1962): Katalina Eleizegi antzerkilariak idatzitako drama historikoa.
Katalin Erauso (1976): Autobiografiaren itzulpena eta moldaketa, Iñaki Azkune historialaria.
Katalina Erauso (2013): Aitor Zuberogoitia kazetaritza irakasleak idatzitako biografia.
Katalina Erauso (2008): Maite Ithurbideren pastorala.

Artikulu akademikoak
¿Catalina Erauso era vasca? Representaciones identitarias entre género, sexualidad y nación (Catalina Erauso euskal herritarra zen? Generoa, sexualitatea eta nazioaren arteko errepresentazio identitarioak). Amaia Alvarez Uria.
Género e identidad en la sociedad del siglo XVII. (Generoa eta identitatea XVII. mendeko gizartean). Nerea Aresti.

Ondoko elkarrizketa hauek ere Larrun honetako atalak dira:

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Dekolonitatea
2024-03-13 | Euskal Irratiak
Amaia Bessouet: «Afrikar gazteek ez dute gehiago Frantziaren mespretsua onartzen»

Malin, Burkina Fason eta Nigerren Frantzia haizatua da. Mendebaldeko potentziek haien eragina galtzen ari dira Afrikako kolonia zaharretan. Afrika frankofonoko populazioa bereziki gaztea da, eta ez du frantses kolonialismoa zuzenki ezagutu. 35 urtez peko gazteek populazioaren... [+]


Deskolonizazioa eta Gobernuz Kanpoko Erakundeak

II. Mundu Gerra amaitu ostean, Afrika eta Asia aldeko herrialdeen deskolonizazio prozesua abiatu zen. Izan ere, herrialde horietako soldaduek parte hartu zuten Alemania eta beronen aliatu faxistak garaitzen eta “esker on gisa”, menpeko herrialde horiei... [+]


Leo Bueriberi. Guztizalea
"Gauzak esploratzea gustatzen zait, nora helduko naizen jakin gabe"

Bere burua aurkezteko eskatu diodanean, ipurterrea dela esan dit Leo Bueriberik, eta aulkian jesartzeko moduan ere nabaritzen zaio nekez egoten dela geldirik. Hiru ordu-laurdenean hamaika gai jorratu ditugu –irratigintza, musika, aktibismoa...–, eta zenbat gehiago... [+]


Azukre Beltza erakusketa
Kubako esklabista arabarraren historia ikusgai Gasteizen

Julián de Zulueta y Amondo esklabista arabarra eta bere negozioak ardatz hartuta Azukre Beltza erakusketa “murgiltzailea” sortu du Irati Antía Zuaznabar gasteiztarrak, eta asteazkenean inauguratuko du hiriburuko LABE espazioan. Zulueta XIX. mendeko... [+]


Eguneraketa berriak daude