Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktorea da Marije Luengo Valderrey (Bilbo, 1958) EHUko irakasle eta ikertzailea. Hark koordinatu du unibertsitateak udan ezagutarazitako azterlan bat, jokabide ekologikoari buruzkoa. Enpresa Zuzendaritzari buruzko master baten ikasleei hamabi urtez (2008tik 2020ra) galdetu ostean, krisialdian eta oparoaldian jokabide hori zertan bereizten den aztertu dute, hain zuzen ere.
Jokabide ekologikoa. Zer da hori?
Bi hanka ditu. Batetik, hasierako etapatzat har dezakeguna, aktibismo ekologiko esaten dioguna, kontzientzia hartzea: “Den-dena zabor-poltsa berean sartu eta edukiontzi marroira eraman beharrean, hondakinak bereiziko ditut; garraiobide publiko gehiago eta bizikleta gehiago erabiliko ditut, gehiago ibiliko naiz oinez; gehiago berrerabiliko dut; apur bat kontzienteagoa izango naiz”. Hau da, printzipioz behintzat kosturik ez duen jokabide ekologikoa. Ez zara ezer erosten ari, jarrera edo jokamoldea aldatzen ari zara, besterik gabe.
Eta bigarren hanka?
Kontsumo ekologikoa. Erosketak egitera joaten naizenean, produktua ekologikoa izateaz gain, jatorriari ere begiratzen diot, ea hurbilekoa den. Izan ere, Australiatik datorren angurri bat erosten badut, produktua modu ekologikoan ekoitzia izan arren, nire jokabidea ez da oso ekologikoa. Hau da, denak izan behar du jasangarria, “ekologikoa” edo “bio” etiketak izateaz harago. Produktuak inguratzeko plastikozko estalki gehiegi erabiltzeari ere begira dakioke, esaterako.
Orduan, kontsumo ekologikoaz ari zarenean, elikagaiei buruz ari zara soilik?
Printzipioz, edozeri buruz. Jantzi ekologikoak, autoak (elektrikoak, hidbridoak)... Ingurumena kontuan hartzen duen oro. Baina gehien ikusten den arloa, edo hurbilen duguna, erosketa-saski deritzon hori da: badakigu tomatea alboko herrikoa dela, eta ez daukala pestizidarik. Beharbada zailagoa da oinetako batzuk erostean lehengai ekologikoz eginda daudela jakitea.
Zein izan da zuen ikerketaren ondoriorik aipagarriena?
Jokabide ekologikoari dagokionez, garrantzi txikieneko faktorea dela jakitea ekologikoa zer den eta zer ez den, edo horrek izan ditzakeen onurei buruzko informazioa izatea. Garrantzirik handiena motibazioa eta hautematen den efikazia dira. Hau da, norberak sinestea hori ona dela. Jakitea edo ez jakitea baino gehiago, nik pentsatzea niretzat eta besteentzat ona den zerbait egiten ari naizela. Hori da funtsezkoena, sarritan pentsatzen dugun arren “jendeak ez du halakorik erosten ez dakielako, ez dagoelako behar adina informazio...”. Kontuan izan behar da, gainera, ikerketa egiteko masterreko ikasleei galdetu zitzaiela; hau da, Marketin Ekologikoa izeneko ikasgai bat hartzen ari ziren maila jakin bateko pertsonei. Zer edo zer badakite, eta interesa dute. Baina, hala ere, haien jokabide ekologikoan, aktibismoan zein kontsumoan, eraginik handiena duen faktorea ez da ezagutza, baizik eta sinetsi egiten dutela. Pertsonalagoa da, eta nortasunarekin zerikusia du, usteekin, jasotako hezkuntzarekin... Ez horrenbeste gobernuak edo ez dakit zer elkartek kontatzen dutenarekin. Eta, argi eta garbi, momentuz garrantzi txikiena duena marketina da. Enpresek ez dute arlo hori behar bezala lantzen.
Krisialdia eta oparoaldia konparatu dituzue.
Bai, eta marketinaren alorrari dagokionez, bistan da krisi garaian kontsumo ekologikoak behera egiten duela. Aktibismoak ez, ordea.
Kontsumo jaitsiera hori kontsumo orokorrean gertatzen denaren parekoa izaten da?
Ez, handiagoa da. Ez askoz, baina bada. Izan ere, produktu ekologikoak, printzipioz behintzat, garestiagoak dira. Oparoaldi ekonomikoan gaudenean, haien prezioak ez du inolako eraginik erosteko erabakian. Haatik, krisi ekonomikoa dagoenean, prezioa bigarren faktorerik garrantzitsuena da, kontsumitzeko edo ez kontsumitzeko erabakia hartzeko orduan.
Zein da lehenengoa?
Lehenengoa produktua bera da beti. Balizko kontsumitzaile ekologikoak uxatzen dituen kontu bat da produktu ekologikoek, ustez (hori da ondo azaltzen ez den gaietako bat), gutxiago irauten dutela. Arinago iraungitzen direla. Badago kontzientzia duen jendea, baina “ezin dut aste osorako erosketarik egin” ideiagatik, ez dute ekologikorik kontsumitzen. Eta marketinak ez du funtzionatzen, horri dagokionez.
Kontsumitzaile ekologikoen portaera fenomeno konplexua dela esan duzue.
Edozein kontsumitzaileren portaera da konplexua, eta kontsumitzaile ekologikoarena are konplexuagoa izan daiteke. Lehenik, ikuspegia aldatu behar duelako, gutxieneko ezagutza izan, eta, hortik abiatuta, motibatu. Denok dugu aldez aurretik geureganatuta kontsumitzaile arruntaren jokabidea: beharra duzu, bazoaz eta erosten duzu. Kontsumitzaile ekologikoaren kasuan aldagai ugarik eragiten dute: gizarteak eragiten dizu, familiak ere bai... Faktore ekonomikoak daude, iraungipenaren kontu hori, eta, gaur egun ez hainbeste, baina lehen snob bat zinela leporatu ahal zizuten, halakoak erostea ezohikoa zen eta. Beste aldagai bat ahalmen ekonomikoa da. Hemen, Getxon, errazago da produktu ekologikoak aurkitzea, adibidez. Hemengo erosle-nitxoa handiagoa baita. Dena den, zabalduz doa, eta orain, saltoki handietan behintzat, produktu ekologiko asko dago prezio onargarrian.
“Gaiari buruzko azterlan sakonagoa daukagu egiteke (irailetik aurrera lantzen hasteko asmoa dugu), baina datuak biltzen eman genituen hamabi urteetan ikusi genuen, jokabide ekologikoari dagokionez, desberdintasun esanguratsuak daudela generoaren arabera. Ondorioa da emakumezkoak kontzientziatuago daudela. Izan ere, gizonek baino garrantzi txikiagoa ematen diete bai prezioari bai produktuari. Gizonek askoz gehiago begiratzen diote prezioari, eta produktua hurbilago eskuratu ahal izateari. Motibazioa antzekoa da batzuengan eta besteengan, baina marketinaren pertzepzioa oso bestelakoa da”.
Ekologistak Martxanek Bandera Beltzak 2025 txostena argitaratu du, urtero legez, "itsasertzeko kutsadura eta ingurumen-kudeaketa txarraren kasu esanguratsuenak ezagutarazteko". Hego Euskal Herriko kostaldeari dagokionez, Bilboko superportuari eta Getariako arrain... [+]
Gladys Gogoan elkarteak eta Eguzkik Gladys del Estal ekologistaren omenezko ekitaldia antolatu dute igande honetan. Gladys del Estal duela 46 urte hil zuen Guardia Zibilak Tuteran, nuklearren aurkako mobilizazio batean. 1979ko ekainaren 3an gertatu zen, energia nuklearraren eta... [+]
Maiatzaren 16tik 18ra izango da kanpaldia, AHTk eta berriztagarrien proiektu batek "mehatxaturiko" Arabako Uribarri Jauregi herrian. "Desjabetu nahi dituzten eremuetan erresistentzia antolatzeko dugun gaitasuna erakutsi eta kaleak betetzetik mendiak hartzera pasako... [+]
Ekologistak Martxan taldeak ohartarazi ostean Donostiako Ategorrieta hiribide inguruan airearen kutsadura maila oso handia dela, udaletik zalantzan jarri dute erabilitako metodologia eta adierazi dute errepide horretan dagoen estazio ofizialaren datuak hartu behar direla... [+]
Donostiako Zurriola Haur Hezkuntza, La Asunción eta The English School ikastetxe inguruak eta Bilboko Kontxa Eskola eta Calasancio-Escolapios dira nitrogeno dioxidoaren muga legala gainditzen dutenak, Ekologistak Martxanek hainbat eskola ingurutan egindako azterketaren... [+]
Obrak "abiadura handian" doazela deitoratzen dute makroproiektuaren kontrako kolektiboek. Landetako THT Ez taldeak hitzaldia antolatu du apirilaren 27rako, ozeanoei buruzko nazioarteko hainbat aditurekin, tartean, Paul Watson baleen aldeko ekintzaile... [+]
Alemanian zentral nuklearren itxierak izan duen “eragin negatiboa” kontuan izateko eskatu dio erakunde horretako buru Fatih Birolek Pedro Sánchezen exekutiboari. Iberdrola, Naturgy eta Endesa multinazional elektrikoak ere presio egiten ari dira itxiera egutegia... [+]
Badira bi aste beste behin makroproiektuei kaleetan oposizio argi bat erakutsi geniela. Milaka eta milaka pertsona atera ginen kalera dinamika suntsitzaile honek amaitu behar duela aldarrikatzera. Bada, dirudienez horrek ez du lurraren suntsiketaren aldeko politikarietan inolako... [+]
Zedarriak enpresari taldeak armagintza sustatzera deitzeak eta Jaurlaritzak horrekin bat egiteak "haserrea" sortu diela diote sinatzaileek. Mundu mailako egoera "inoiz baino larriagoa" dela uste dute, eta "Euskal Herriaren etorkizuna oztopa dezakeen... [+]
Ez dezazuela lotura hau Ezkiotik bilatu, ez eta Altsasutik ere, are gutxiago Ebro ibaia Castejonetik zeharkatuz. Euskal Yaren eta Nafarroako AHTaren arteko lotura, edo hobeto esanda, loturak, dagoeneko errealitate bat dira. Pluralean dauden lotura horiexek dira kezkatu beharko... [+]
Jauzi Ekosizialeko kideek antolatzen duten bigarren edizioa da. Euskal Herriko trantsizio ekosozialak "inoiz baino premia handiagoa" duela adierazi dute, "datozen aldaketa sakonen aurrean trantsizio justua nahi bada".