Haserrea eragin du Melillako sarraskiak

  • Melillako sarraskia estatuek bultzatzen duten "nekropolitikaren" ondorio dela salatu du hainbat kolektibok Bilbon eta Donostian egindako protestetan, eta polizia-indarren jarduna dela horren erakusgarri. 37 pertsona hil ziren ostiralean Maroko eta Espainaren arteko mugan, Gobernuz Kanpoko Erakundeek emandako datuen arabera. Astelehen arratsalderako elkarretaratzeak deitu dituzte Gasteizen eta Iruñean.

Mugek "hiltzen" dituztela salatu du dozenaka lagunek Bilbon / Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia

2022ko ekainaren 27an - 07:38

"Gerratik, errepresiotik eta miseriatik ihes egiten saiatzen direnentzako hilerria da berriro ere Melilla", salatu du SOS Arrazakeriak, igandean Donostiako udaletxe aurrean egindako elkarretaratzean. "Ehorzleak Marokoko eta Espainiako gobernuak dira, hesiak altxatu eta hedapen polizial-militar oso bat antolatzen dutenak, bizitzen eta errepresioaren kontura gure muga sakratuak urratzea eragozteko".

"Irudiek edonor beldurtzen dute", adierazi du erakundeak. "Aldiz, Espainiako Gobernuko presidentea pozik agertu da Marokoko poliziaren jardueragatik. Zein endekapen- eta galera-mailatara irits daitekeen iparraldea giza eskubideen aldeko adierazpenez betetako erakundeen aldetik, herrialde batzuen jarduera kritikatu nahi denean. Etika alde batera geratzen da gizatasuna kendu zaien pertsonei buruz ari garenean". Ehunka herritar batu dira SOS Arrazakeriak deitutako elkarretaratzera.

Argazka: @MikelArreseigor

"Espainiaren eta Marokoren arteko mugek hiltzen gaituzte"

Bilbon ere dozenaka lagun bildu dira igandean, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta CNAAE afrikar komunitateak deituta. Espainiako Estatuaren eta oro har Europaren "nekropolitikak" salatu dituzte. "Mina, amorrua, ezintasuna, lotsa. Ikusi dugu historiako gobernurik aurrerakoienak zoriondu egiten dituela Marokoko estatu hispanoko segurtasun-kidegoak, kontutan izan gabe haien ekintza bortitz eta deshumanizatu guztiak".

Argazkia: Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia

Gaur, Gasteizen, Iruñean eta Irunen

Gaur, astelehena, Melillan gertatua salatzeko elkarretaratzea deitu du Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, 19:00etan. "Melillako muga sarraskirik ez. Europa eta estatuen migrazio politika hiltzaile honi ez. NATOri ez", aldarrikatu du kolektiboak. Iruñean, bestalde, Sarasate pasealekuan egingo da kontzentrazioa, PSNren egoitzaren aurrean, "Justiziarik gabe bakerik ez!" lelopean. Mugak Zabalduz Karabanak, SOS Arrazakeriak eta PIM-MIG pertsona migratuentzako informazio guneak egin dute deialdia. Irungo Harrera Sareak ere deitu du elkarretaratzea, 18:30ean San Juan Plazan.

Lur-jota, polizia marokoarrek inguratuta

Nador hiriko Giza Eskubideen aldeko Marokoar Elkarteak bideo bat zabaldu du Twitter bidez. Dozenaka lagun ageri dira lurrean, itxuraz zauriturik eta erabat akituta, marokoar poliziek inguratuta. "Era inhumano honetan, bata bestearen gainean pilatuta, autoritate marokoarrek atxilotu zituzten Saharaz hegoaldeko dozenaka migratzaile hesiaren parean", salatu du erakundeak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Migrazioa
Polizia operazio "arrazista" Donostian: 29 lagun eraman ditu Poliziak identifikatzeko

Ostegun goizeko 8:00etatik 12:20era Polizia operazio handia egon da Donostiako Martutene auzoko etxe okupatu batean. Espainiako Poliziak, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak elkarrekin egin dute operazioa, “atzerritarren bulegoaren operazioa” dela azaldu dute. Donostiako... [+]


Lotsaren ituna

Duela aste batzuk Bartzelonan batu ginen Mugak Zabalduz karabanaren aurtengo ibilbidea eta helburua zehazteko asmoz. Uztailean Trieste eta Balkanetako mugara joango gara, berriro ere (bederatzigarren edizioa da) Europak sustatzen duen migrazio-politikak sufrimendua eta heriotza... [+]


Materialismo histerikoa
Atzerritar

Eta mugak igarota ere zer, muga azalean geratzen da, eta betirako, etengabe, da atzerritar barruan muga daramana, hain atzerritar, ezen ez duen guztiz pertsona ematen. Ezen hori baino ez dugun ikusten, hemengoa izanik ere bai, askotan, ijitoa bada, adibidez, atzerritarra... [+]


Frontexek bazekien ‘Adriana’ ontziko migratzaileak arrisku larrian zeudela, baina ez zuen ezer egin

Greziako kostaldean joan den urteko ekainean 720 migratzaile zeramatzala hondoratutako itsasontziaren kasuari buruzko ikerketa publiko egin du Europako Herritarren Defendatzaileak. Azaldu duenez, Frontex erakundeak ez du nahikoa "tresnarik" egoera horietan bere... [+]


Eguneraketa berriak daude