Trans genealogia bat

  • Juan van der Hamen y León margolariak 1625-28 inguruan Katalina Erausoren oliozko erretratua margotu zuen. “Moja alfereza” izendapenaz ere ezaguna zen pertsonaren erretratuan, kargu militar horren uniformez jantzita ageri da Erauso, garaiko metalezko bular-oskolarekin eta oihal margul batzuekin. Albotik erretratatua ageri da, azal zurbila du, adats ertaina darama eta begirada desafiatzailea du, barroko kolonialeko maskulinotasun jarrera adierazkorraz. Mihisearen goiko aldean honakoa irakur daiteke: “Alferez Doña Catalina de Herauso”. Cabello/Carceller artistek margolan hori artearen historiako lehen erretratu “transa” izan litekeela iradoki dute Bilbon daukaten erakusketan.

Argazkia: Azkuna Zentroa.
Argazkia: Azkuna Zentroa.

Izan ere, Cabello/Carceller (Paris, 1963/Madril 1964) artista kolektiboak Katalina Erausoren figura hartu du aztergaitzat Bilboko Alhondegian aurkeztu duen erakusketan: Ahots bat Erausorentzat -trans garai baterako epilogoa. Artistek Paul B. Preciado filosofo eta idazlearekin elkarlanean egin duten proiektua da; azken honek, komisariotza lanak egin ditu. Cabello/Carceller-ek 1990eko hamarkadatik daramate elkarrekin lanean, artearen praktika ikuspegi queer eta ez-bitar batetik lantzen, praktika bisualetan generoa eraikitzeko modu hegemonikoak zalantzan jartzen eta kontaketa alternatibo eta kritikoak eraikitzen. Horretarako, performanceak, bideoak eta argazkiak egiten dituzte eta beren praktika artistikoa idazketarekin, hitzaldiekin eta tailerrekin uztartzen dute.

Alhondegirako prestatu duten erakusketa Katalina Erauso pertsonaia konplexuaren eta enigmatikoaren inguruan hedatzen da. Erauso, 1585. eta 1592. urteen artean jaio zen Donostian, emakumezko sexua esleitu zitzaion eta Katalina izena eman zioten. Berari buruz idatzi diren biografiek diotenez, soldaduz jantzita ihes egin zuen moja-komentutik, eta Espainiako gortearentzat lan egin zuen alferez gisa inperioko domeinuak Txilen eta Mexikon hedatzen. Heriotza ugari utzi zuen bere atzean; beste askoren artean, maputxeen genozidioan parte hartzea egotzi zitzaion. Beti ere bere feminitatea ezkutatuta eta izpiritu makurra erakutsita, gizon-jantziak eramateko baimena eskatu zion Aita Santuari eta honen baiezkoa jaso ondoren, Antonio de Erauso izena hartu zuen. Horregatik, eta gaur egungo begietatik ikusita, genero-trantsizioko praktiken aitzindari gisa irakur litekeen figura da Erauso.

Baieztapen horrek ekar ditzakeen galdera, problematika eta kontraesanak Ahots bat Erausorentzat -trans garai baterako epilogoa (2022) ikus-entzunezkoan jorratzen dira, zalantza barik, erakusketako pieza zentrala. Bideo-lan hau ekoizpen berria da, eta bi-pantaila erraldoitan aurkezten da. Bertan, Erausoren erretratu historikoa interpelatzen duten hiru pertsona trans eta ez-bitarrak dira protagonistak: Tino de Carlos, Lewin Lerbous eta Mambi. Arestian aipatutako erretratu barrokoa medio, sexualitatea, arraza, kolonialismoa, mendekotasuna, baliabideen ustiaketa, biolentzia, gorputz ez-normatiboak, arauak eta legeak eztabaidagai hartzen dituzte eta, Erausoren ahalerazko erretratu poliedriko, koral eta eguneratua marrazten dute. Hirurek ala hirurek koadroan ageri den gizonez jantzitako soldadua zuzenean interpelatzen dute, gaurkotasunetik iraganeko denbora batera, eta Erausok, Mursegoren ahotsaren eta musikaren bitartez, erantzun egiten du, “dei egidazue Antonio” errepikapenaz abesti bikain batean.

Bideo-lana konplexua da, ñabarduratan aberatsa, behin baino gehiagotan ikustekoa, izan ere testuak daukan potentzialitatea izugarria da. Halaber, interesgarria da ikustea Erausok XVII. mendean hasi zuen ibilbideak nolako jarraitasuna daukan egun. Bideoak historiako bi garai elkarrekin solasean jartzeko gaitasuna du, eta Erauso egun biziko balitz, nolakoa izango litzatekeen espekulatzera gonbidatzen gaitu.    

Erakusketan beste bi areto daude, bata bestearen segidan, Cabello/Carcellerren praktika formatu ugaritan aurkezten dutenak. Obraren muina, ordea, bera da. Lost in Transition_poema performatibo bat (2016) piezan, zortzi monitore ikusiko ditugu espazioan sakabanatuta; erabat ilun dagoen espazioan argi-iturri bakarrak dira telebistak. Horietan, eskailera piko bat ageri da, eta bertan, maila horiek jaisten –dotore, zalantzati, sexy, temati-– trantsizionatzen ari diren pertsona ugari agertzen dira. Marcel Duchampen Nu descendant un escalier n° 2 obraren interpretazioa dirudien lan hau Valentziako IVAM Museoan grabatu zen, deialdi bati erantzun zioten parte-hartzaileekin. Deialdiak honela zioen: “Bilatzen dira trans, drag, genderfluid, genderqueen, queer, agenero… diren pertsonak, grabatutako performance xume batean parte hartzeko”.

Alboko aretoan, argazki galeria aurkituko dugu, erretratu garaikideen galeria, zehatzago esateko. Bertan, jaiotzan genero femeninoa esleitu zitzaien emakumeen erretratuak ageri dira, mendebaldeko zinemagintzan mugarri izan diren pelikuletako rol maskulinoak antzarazten: James Dean protagonista zuen Rebel Without a Cause, Marlon Brando The Godfather-en, Brad Pitt Thelma & Louise filmean… Argazki bakoitzaren ondoan, fitxa bat gehitzen da, artxibo bateko dokumentazioa bailitzan.

Erakusketako zoko ugaritara garamatzan ezohiko ibilbidea feltrozko oihalarekin dago estalia, ehun sendo eta opakua, historiaren opakotasunaren lekuko eta esanahi berrietara heltzeko pitzadurak sortu behar direla pentsatzera gonbidatzen gaituena. Halaber, bai ibilbidea, bai aretoak, ilunak daude, obretan erabiltzen diren foku eta lanparak dira espazioak argiztatzen dituzten argi-iturri bakarrak, eta iluntasun horrek, nolabait, Erausoren erretratu ilunarekin antzekotasunak ditu. Izan ere, iraganeko argi-ilunak nekez argitu daitezke gaur egunetik.

Gustatu zait ibilbidearen bukaera aldera markoztatuta topatu dudan gutuna. Donostiako Amara auzoan bada kale bat Katalina Erauso izena daramana. Cabello/Carceller eta Preciadok, Donostiako Udalari zuzentzen dioten gutunean kalearen izena aldatzeko eta Katalina/Antonio de Erauso izendatzeko eskari formala egiten dute. Keinu horrekin, erakusketan planteatzen diren galderak hiriko-paisaiari ere eragin diezaioketela erakutsi nahi dute, izendapen patriarkal eta bitarrak zalantzan jarrita, zaharkituak ditugun narratibak gainditzeko.

Preciadok bere hitzaldietan askotan esaten du gizartean eragiteko, akademia baino museoa duela nahiago, eremu irekiagoa eta iragazkoarragoa egiten baitzaio. Ahots bat Erausorentzat erakusketan lortu du –beste behin ere– ideiak eta usteak xaxatzea eta ausartagoak diren kontakizunei bidea zabaltzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
Jone Erzilla
"Denok ditugu esperientzia estetikoak, baina oso zaila da hori museo batean gertatzea"

Denbora darama “ingurua intentsifikatzeko gai diren horiei” begira eta horiekin lan egiten saiatzen, horretarako gertu duenari arreta jarriz. Irudietatik, hitzetatik, argitik eta horiek espazioan agertzeko duten forma eta moduetatik egiten du lan, batez ere. Orain... [+]


Erakusketa lehenago kenduko dutelako zentsura salatu du Iruñeko LKN artistak

Talde erlijioso batek eskatuta kenduko dute LKN artistaren obra Iruñeko Morea saltokitik: "Ez dut inoiz iraintzeko asmorik izan; nire begirada artistikoa eskaini nahi nuen".


Eulalia Abaitua, emakumeei begiratu zien argazkilaria

Euskal Herrian argazkigintzan emakume aitzindaria izan zen Eulalia Abaitua Allende-Salazar (Bilbo, 1853 – Bilbo, 1943). XX. mendeko euskal gizartea erakusten digute berak eginiko argazkiek: eguneroko jardunak, lanbideak, jaiak... jaso zituen. Emakume baten begiradak... [+]


2024-02-27 | ARGIA
Lurraren defentsan "Hamaika" erakusketa artistiko ibiltaria abiatuko dute Beran martxoaren 1ean

"Hamaika arrazoi lurraldea defendatzeko" izeneko erakusketa artistiko honetan, Euskal Herriko hamaika ilustratzailek parte hartu dute eta makroproiektu eolikoek kaltetutako Euskal Herriko zenbait familia eta bizilagunen hamaika testigantza ere jasotzen dira. Etxalarko... [+]


Eguneraketa berriak daude