Egun bat Euskararen Errepublikan

  • Ekainaren 4an euskal kulturak hartuko du Ziburuko plaza. Baltsan elkarteak eta ARGIAk antolaturik, hirugarrenez egingo da Euskal Liburu eta Diskoen Azoka. Bertaratzen diren herritarrek etxeratuko dute aurtengo udarako irakurgai edo entzungai gustukorik, jai-giroan murgilduta: hango lagunak eta hemengo ezagunak agurtu; idazle, marrazkilari edo musikariren bati bere lana sinatzeko aitzakian zerbait galdetu; eztarria freskatuz bertso-komiki emanaldia gozatu; idazleen mahai-ingurua eta hitzaldiak belarri zorrotzez aditu...
    Hori guztia euskara hutsean, XVII. mendean euskal literatur pizkundeko idazle izan zen Joanes Etxeberriren herrian. Ziburu idazle belaunaldien zubi ere izango da aurten, Janbattit Dirassar omenduz eta zaildutako idazle hau Amaiur Epher gaztearekin buruz buru literaturaz elkarrizketan jarriz.

ARGIArekin batera Ziburuko azoka antolatzen duen Baltsan elkarteko kideak haien elkartearen atean. Argazkia: Dani Blanco.
ARGIArekin batera Ziburuko azoka antolatzen duen Baltsan elkarteko kideak haien elkartearen atean. Argazkia: Dani Blanco.

2022ko maiatzaren 29an

Euskara hutsean egiten den Euskal Herri mailako azoka bakarretakoa da Ziburukoa. Azoka antolatzeko argitaletxeekin harremanetan den Baltsan elkarteak zorrotz zaintzen du mahaietan erakusgai egongo diren liburu, komiki, disko, jolas eta gainerakoak erabat euskarazkoak izan daitezen. Izan ere, azoka da Ziburuk duen “euskara hutsezko egun bakarra”. Hala adierazi du Ladix Arrosagaraik, azoka prestatzen buru-belarri ari den Baltsan elkarteko kideak. Euskal Herri diglosikoan egun oso batez euskarak plaza bat irabaztea da azoka honen helburu nagusia: “Euskarazko ekoizpenak plazara ekarriz jendeari proposatzen diogu Euskal Herri euskaldun batean bizitzea egun batez. Zeren aldi oro gure eskubideak aldarrikatu behar ditugu, egoera deseroso aski gogorretan gara egunerokoan. Aspertuta gaude jendeari beti justifikatu beharrez zergatik egiten dugun euskaraz, eta gure hitza beti zanpatzailearen hizkuntzara itzultzera behartuak izateaz: euskaraz lasaitasunez eta naturaltasunez biziz eta gozatuz eraiki dezagun Euskal Herri euskalduna. Euskara ez dakiena baztertua sentitzen dela? Ba, egun batez ezagutzen du guk urte osoan pairatzen duguna!”. Plazan erabat euskaraz aritzeko aukera bermatzeko, Baltsan elkarteak bertako lau ostatuekin hitzartu du egun horretan zerbitzatzen arituko diren langileak eta jarriko den musika euskaldunak izango direla.

Gainerako egunetan, Euskal Herriko herri gehienetan bezala, “Ziburun oraindik burua itzultzen duzu norbait kalean euskaraz ari dela sumatzen baduzu”, Arrosagarairen hitzetan. Herri biziki euskalduna bazen ere, duela 60-70 urte beherakada handia izan zuela azaldu du eta egun euskara dakitenak %11 inguru direla. Hizkuntza berreskuratzeko ahaleginetan dira: “Bada jende bat AEKn dabilena, eta jende horri proposatu nahi genion egun bat euskaraz bizitzeko”. Irakaskuntzak bultzatzen du batez ere euskalduntzea, eta joan den urteko datuek diote Ziburuko hiru haurretik bi murgiltze sisteman edo elebidunean ari dela. Arrosagarai: “Anitz da baina jakina da gela elebidunetan ez direla euskalduntzen”. Euskara ikasten ari diren baina euskalduntzetik urrun dauden horiekiko zubi bat izan nahi du azokak: “Euskal mundutik nahiko urrun da jende hori, haurrak gela elebidunetara eramaten dituzte noizbait euskara jakin dezaten baina ez euskaraz bizitzeko helburuarekin, eta erakutsi nahi diegu zenbat gauza egiten den euskaraz, adin guztientzat eta genero guztietan”. Haurrak eskola elebidunetara eramaten dituzten familia erdaldunak ere azokara erakartzeko berariazko lana egin zuen Baltsan elkarteak iaz: herriko ikastetxe denekin jarri ziren harremanetan, eta proposatu zieten euskal kantu bat lantzea eta azokaren egunean Iturri Zaharrean egin zen haurrentzako ikusgarrian kantatzea. Haur hauek ikustera joan ziren gurasoek azokaren ate irekiekin egin zuten topo eta asko izan ziren beren seme-alabentzat irakurgai eta entzungaien bila aritu zirenak. Iazko arrakasta ikusirik, aurten ere egingo da haurren ikusgarria Iturri Zaharrean.

Mugak bereizten duena euskarak batzen du

“Hastapenetik antolatzaileak mugaz bi aldetakoak baikara, muga hori gainditzen dugu euskarari esker”, berretsi du Arrosagaraik; izan ere, euskarazkoa eta nazionala izatea da azokaren bokazioa: “Nazionala izatea nahi dugu bai antolatzaileen aldetik, bai argitaletxe eta idazleen aldetik eta baita publikoaren aldetik ere. Denbora pixka bat beharko da hori lortzen. Hastapenean normala da inguratzen den jende gehiena Iparraldekoa izatea, baina iazko azokan jendea etorri zen Nafarroatik, Gipuzkoatik...”.
Urteak pasa ahala Euskal Herria bitan zatitzen duen muga hori hor dugu “eta saltarazi behar dugu”, aldarrikatu du Arrosagaraik. Lehenik, gure buruan diren mugak eraistea proposatu du: “Egunean zehar liburu aurkezpenak egiten dira azokan eta ohartu gara argitaletxeak aurkezpen horietarako proposamenak egiterakoan saiatzen direla Iparraldeko idazleak hautatzen. Ados, Iparraldean da azoka, baina nazionala da, liburu bat aurkezteko gure irizpidea liburuaren interesa da, ez idazlearen jatorria”.

Iazko ZirriBorroka (argazkia: Dani Blanco). Aurten ere egingo da bertsoa eta marrazkia uztartzen dituen bat-bateko emanaldia.
Parte-hartzea handitzen

2019an egin zen lehenbizikoz Euskal Liburu eta Diskoen Ziburuko Azoka, ARGIAk 100 urte bete zituela ospatzeko. Komunikabide honek Ziburun dituen lagunei esker, azoka hau elkarlanean antolatzeko harremana hasi zuten Baltsan elkarteak eta ARGIAk.

Eguzki galgatan, jende multzo txiki baina interesgarriekin eguna partekatu izanaren poza utzi zuen lehen edizioak. Hamazazpi argitaletxe eta 52 metro mahai, zenbakitan esanda. Eta karpa estuan atzera eta aurrera, tarteka jende errekak eta tarteka soilguneak. Hasiera bat zen, xumea bezain goxoa.

Pandemiak eten zuen azokaren haria urtebetez, eta 2021ean egin zen bigarren edizioa. Lehenaren oroitzapen politak, itxialdiaren osteko kale-egarriak eta euskara jende artean aurrez aurre elikatzen denaren kontzientziak ekarri zuten parte-hartze sendoa, bai argitaletxe kopuruan eta bai ikusleen aldetik ere. 22 argitaletxek eman zuten izena eta 62 metro mahai behar izan ziren haien erakusgaiak paratzeko. Egun osoan ibili zen jendea mahairik mahai plaza osoa estaltzen zuen karpa barruan eta karpatik kanpo ere plazan giro aparta egon zen.

Hirugarren azoka honetan parte hartuko duten argitaletxeen kopuruak gora egin du berriz: 33 izango dira eta 92 metro mahai osatuko dituzte denen artean.

Bederatzi idazleren hitzaldiak eta Kultur emanaldiak

Azoka goizeko 10:00etatik iluntzeko 19:00etara egongo da zabalik, indarrak hartzeko 13:00etik 15:00era itxiko bada ere.
Egun osoan izango dira kultur emanaldiak: Janbattit Dirassar eta Amaiur Epher idazleen arteko solasaldia 10:15ean; haurrentzat ikusgarria 10:30ean; bertsoa eta komikia bat-bateko jardunean uztartzen dituen bertsoZirriborroka 12:30ean, zeinetan bertsotan arituko diren Miren Artetxe eta Igor Elortza eta marrazten Axpi eta ZaldiEroa; Ni banna irlandar folk taldearen emanaldia 13:30ean; Pantzo Irigarairen umorezko bakarrizketa 15:15ean; eta eguna biribilduko duen Adar folk taldearen kontzertua 20:00etan.

Azokaren ondoan paratuko den beste karpa batean liburu aurkezpenak izango dira. Guztira 9 sortzaile, Euskal Herriko kolore guztietako lanak aurkeztuko dituztenak: 11:30ean Asel Luzarragak Esan gabe doa nobela aurkeztuko du; 12:00etan Lizar Begoñak Gepardo japoniarrak olerki bilduma plazaratuko du; 15:45ean komikiaz arituko dira Arranotxu-ren egile ZaldiEroa eta Sasi artean Elgeta-ren egile Koldo Izagirre, Garluk Agirre eta Dani Fano; 16:30ean itzulpenaz mintzatuko da Austerlitz liburua euskaratu duen Idoia Santamaria; 17:15ean Sendabelarrek dakitena liburuaren egile Garbiñe Larrea gaiaz mintzatuko da; eta 18:00etan Jokin Urainek Txomin Aurrera Bolie liburua izango du mintzagai.

Zer diote argitaletxe eta diskoetxeek?

Xabiroi aldizkariaz arduratzen da Dani Fano komikigile eta editorea. Ziburuko Azokaren lehen edizioan egon ziren, iaz ere bai eta aurtengoan ere pozik joango direla dio.

Azken urteetan euskal komikiak garai onak bizi ditu eta azoketan ongi mugitzen direla dio Fanok: "Gutxienez, bada euskarazko komiki gosea". Bere esanetan, harreman polita sortzen da gune horietan, lanak sinatzen dira, irakurlearen aurrean marraztu... "eta giroa ederra da". Pozik iaz eta itxaropenez da aurten: "Salmenta ona egin genuen iaz eta aurten ere ongi ibiltzea espero dugu". Ziburukoa komikilarientzat plaza berezia dela dio: "Ongi zaintzen gaituzte. Hor daude antolakuntzan Adur Larrea eta Ladix Arrosagarai, biak ere komiki munduari lotuak. Beraz, leku on batera joango gara Ziburura".

Baga-Biga diskoetxea iaz egon zen Ziburuko Azokan eta aurten ere han izango da, temati. Diskoetxeko Ritxi Aizpuruk dioskunez, iaz ez zuten saldu: "Esperientzia txarra izan zen alde horretatik, baina diskoetxeek eta argitaletxeek  halako ekimenak bultzatzen ez baditugu nork sustatuko ditu? Kulturak behar ditu halako ekimenak".

Argazkia: Dani Blanco.

Ezaguna den gisan, CDen salmentak gainbehera handia bizi du aspalditik, "2010etik-edo gero eta gutxiago saltzen da", diosku Aizpuruk. Diskoetxeek euren burua berrasmatu behar izan dute eta haien jardunean, gaur egun egiten duten zeregin handiena kontzertuen kudeaketa da: "Diskoa batez ere aurkezpen txartela da, gastuen ikuspegitik ez du bere burua estali ere egiten".
Garai zailak bizi ditu musika ekoizpenaren salmentak, eta sektorean ere adi dira, "ea musika zein euskarrirantz joango den ikusteko". Baina ez da Ziburuko azoka bakarrik, iaz Durangoko Azokan egin ziren murrizketekin, musikak ez zuela saldu azaldu du Aizpuruk, "eta hala ere, egon egin behar da".

Baltsanek aurten lanketa berezia egin du diskoetxeekin, haiekin elkartuta. Iaz argitaletxe gutxi izan ziren azokan eta aurten hamar diskoetxe edo autoekoizle bertaratzea lortu dute. "Horiek denak batera egongo dira azokako gune batean, argitaletxeen artean sakabanatu ez daitezen”, adierazi du Arrosagaraik. Musikariek diskoez gain kamisetak, afixak eta gainerakoak saldu ahalko dituzte, haien zaleengandik babes ekonomikoa jasotzeko beste modu batzuk baitira.

Idazleak, musikariak, argitaletxeak, diskoetxeak, Baltsan elkarteko kideak, ARGIAko langileak, denak Ziburuko plazan izango dira ekainaren 4an, eguna gozatzeko gorputzaldiarekin. Eta zuk, zer asmo duzu egun horretarako?

 

JANBATTIT DIRASSARRI OMENALDIA ETA ZUBIBURU MAHAI-INGURUA

Idazle belaunaldi zahar eta gazteen arteko zubia ere izan nahi du azokak eta asmo horrekin berrikuntza hau badakar aurtengo egitarauak: "Zubiburu" mahai-ingurua. 10:15ean Janbattit Dirassar Ziburuko idazleari omenaldia egingo zaio eta bera izango da jarraian egingo den mahai-inguruko hizlarietako bat, urteetako esperientziatik mintzatuko dena. Ondoan izango du Amaiur Epher Izpurako gaztea, eta bien artean osatuko dute literatur solasaldia. Dirassarrek ARGIAri zera adierazi dio: "Eskertzen dut omenaldia, baina ekainaren 4an zinez omendu behar duguna euskara da. Hori da etorkizuna, atxiki behar duguna".

Dirassar aita-semeak. Janbattit Dirassar idazlea omenduko du aurtengo Ziburuko Azokak. Herriko Etxeko euskara hautetsi den Jen Mixel Dirassarrek aitortu du horregatik "poz bikoitza" duela aurtengo azokarako.

Janbattit Dirassar 1937an jaio zen Hazparnen eta 18 urterekin joan zen Ziburura bizitzera, Sud Ouest egunkariak Donibane Lohizunen aritzeko lotu zuenean. Aspaldiko urte luzetan Herria astekariko kazetaria da. Literatur lan hauek ditu argitaratuak: Hegiko bordatik (1995, Elkar) liburuan haurtzaroko oroitzapenak kontatu zituen, Bihotzeko mina (1997, Elkar) eleberrian ezinezko maitasuna hartu zuen ardatz, Bele Xuriak (2013, Elkar) liburuan jasoa du bizitzako eta egungo munduko hainbat gairi buruzko bere iritzia.

 

(EUSKARAREN) ITURRI ZAHARREAN HAURREN IKUSGARRIA

Mimo handiz prestatzen du Maddi Zubeldiak haurrentzako ipuin kontaketa berezia. Iaz egin zen lehen aldiz: “Gure nahia zen euskarazko ekitaldi baten inguruan Ziburuko eskola guztietako haurrak elkartzea. Eta bestalde, haurrak azokara erakartzea. Horretarako sortu genuen ipuina, eta haurrek ipuin kontaketan zehar kantu bat kantatuz hartu zuten parte”. Iazko arrakasta ikusita, aurten ere prest dute haurren ikusgarria.

Aurtengoak lau urtaroak izango ditu gai: “2019an ipuin musikatu bat sortu genuen. Testua idatzi nuen eta Xano Halsouetek musika jarri zion. Pentsatu genuen aurtengorako ipuin hori birmoldatu eta txotxongiloen laguntzaz ematea, bisualagoa izan dadin, euskara maila oso ezberdina baita ikasleen artean. Bernadette Lurok antzeztuko du eta haurrek parte hartuko dute eskolan landu duten kantua kantatuz”.

Lau urtaroak zeharkatuko ditu Ama Lurrak pausa behar du ipuinaren hariak eta Halsouetek honentzako sortutako musika elektronikoa da ipuina kontatu artean entzungo den soinu banda. Haurrek tarteetan eskusoinuaren eta kitarraren laguntzaz emango  dituzten kantuak lau urtaroei lotuak dira, euskal kantutegian aski ezagunak direnak. 

Iaz egin zen lehen aldiz ipuin kontaketa, Iturri Zaharrean. Maddi Zubeldia: “Txoko magikoa da eta euskararen iturri zaharretik edaten jarraitzen dugula adierazi dezake”. Argazkia: Dani Blanco.

Zubeldiak hasieratik argi izan du Iturri Zaharraren plazan egin behar zela haurren ikusgarria: “Ziburutarrentzat oso leku magikoa da eta ez zaio aski zuku ateratzen leku horri. Ikusgarrirako oso egokia da, plazatik hurbil izanik ere aparte dagoen txokoa da, badu bere nortasuna eta soinua ongi ateratzen da. Iturriaren bueltan jendea biltzeko lekua da. Eta sinbolikoki adierazten du iturri beretik edaten jarraitu behar dugula, iturri zaharretik, eta beraz, euskararen transmisioan dugun erronkarako leku aproposa da”.

 

JOANES ETXEBERRI: ZIBURUKO LEHEN IDAZLEA ETA EUSKAL PIZKUNDEKO BERTSO JARTZAILE AHANTZIA

Maiatzaren 4an hitzaldia antolatu zuten Baltsan elkarteak, Maiatz argitaletxeak eta ARGIAk. XVII. mendearen lehen erdian, euskal literatur pizkundean Axular eta Argaiñaratz idazleekin batera aritu zen Joanes Etxeberriren lana azaldu zuen Céline Mounole-k: “Berau ezagutarazteko helburua du gaurko hitzaldiak, herrian ahantzia baita. Ontsa litzateke karrika, plaza edo auditorio on bat izatea Ziburuk Joanes Etxeberriren izenarekin”, proposatu zuen Herriko Etxean adi zituen 30 entzuleen aurrean. Euskaltzale orok ere ezagutu beharrekoa da, euskara eraman baitzuen “erdaren gainera”.

Etxeberriri buruz dauden datu urriak eman zituen ikerlariak: “1580. urte inguruan jaio zela dirudi eta 1638. urterako zendu izanen zela. Familia aberatsekoa zen, jesuitetan ikasia eta Teologian doktorea. Badakigu hark idatzitako gutunak bazirela, baina gaur arte heldu diren bakarrak haren hiru liburuak dira: Manual debozionezkoa (1627), Noelak eta bertze kanta espiritual berriak (1630) eta Elizara erabiltzeko liburua (bigarren edizioa 1665ekoa)".

Céline Mounole Ziburun maiatzaren 4an, Joanes Etxeberriri buruzko hitzaldia ematen.

Mounolek azaldu zuen kontraerreformaren testuinguruan eta elizak sustaturik loratu zela euskal pizkundeko liburugintza oparoa Saran, Lapurdin eta Donibane Lohizunen, baina orduan ere hizkuntza gatazka bizi zutela eta euskal idazleek elizako eta herriko jende boteretsuen babesa eskatzen zutela liburuen sarreretan, jaso zitzaketen erasoetatik babesteko.

Osoki bertsoz idatzi zuen Manual debozionezkoa liburutik hainbat pasarte irakurri zituen Mounolek. Irakurlea hunkitu eta fedearen arrastoan sartzea helburu zuen Etxeberrik, eguneroko bizitzako egoera zehatz bakoitzerako kantatzeko moduko bertsoak idatzi zituen. "Baina ez da otoitz sinpleak egitera mugatzen, irudi anitz erabiltzen ditu, erretorika handiko testuak dira". Arrantzaleentzat berariaz idatzi zuen lanaren zati handi bat. Bale arrantzak indar handia zuen garai hartan Ziburun, eta hona haientzat idatzi zituen bertsoak:


Jauna, geure arte baino
gehiago zureaz,
Balea zauritu dugu
arpoinaren kolpeaz.
Arren bada egiguzu
(Jaun puxanta) grazia,
Sarri gelditzeko arrain
Itsasoko handia.
Gutarik garabik zauritu
gabe bere indarraz,
Segadetan dabilala
buztan edo bularraz.
Edo txalupa irauli gabe
kilaz gainera,
Edo berekin eraman gabe
uretan behera.
Arren begira gaitzazu
gaitz hauek guztietarik,
Eskerra diezazugun
itzul lehorrerarik.
Irabazia da handi,
perila ere handia,
Begira diezazugu
printzipalki bizia.

 

Hitzaldiaren kronika osoa ikusgai hemen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka
Maiatzaren 2an hasiko da Ziburuko Azokaren Azokaldia

Ziburuko 5. Liburu eta Disko Azoka ekainaren 1ean egingo da, baina aurrez, maiatzean, beste lau hitzordu mamitsu eskainiko dituzte Lapurdiko lau txokotan.


40 argitaletxek eta diskoetxek parte hartuko dute Ziburuko Azokan

Ekainaren 1ean iraganen da azokaren bosgarren edizioa. Liburu aurkezpenak, kontzertu ttipiak zein bestelako ekitaldiak, egitarau oparoa osatzen dabiltza Baltsan elkartea eta ARGIA.


2023-06-20 | ARGIA
1.200 pertsona batu, eta 1.100 liburu eta diska saldu ziren Ziburuko Azokan

Joan den ekainaren 3an egin zen Ziburuko 4. Euskal Liburu eta Disko Azoka eta antolatzaileek –Baltsan Elkartea eta ARGIA–  balorazio orokorra egin dute. Azoka handituz joan da bere erritmoan, urratsez urrats, urtetik urtera baieztatuz 2019ko hastapen hartan... [+]


Eguneraketa berriak daude