Joanes Etxeberri, otoitz bertsotan eguneroko bizimodua erretratatu zuen idazle ahantzia

  • Ekainaren 4an Ziburun egingo den Euskal Liburu eta Diskoen Azokaren aurrekari moduan, maiatzaren 4an hitzaldia antolatu zuten Baltsan elkarteak, Maiatz argitaletxeak eta ARGIAk. XVII. mendearen lehen erdian, euskal literatur pizkundean Axular eta Argaiñaratz idazleekin batera aritu zen Joanes Etxeberriren lana azaldu zuen Céline Mounole-k : “Ziburuk XVII. mendetik hona hainbat idazle izan ditu. Ziburuko lehenbiziko idazlea da Etxeberri eta berau ezagutarazteko helburua du gaurko hitzaldiak, herrian ahantzia baita” esan zuen Herriko Etxean adi zituen 30 entzuleen aurrean. Euskaltzale orok ere ezagutu beharrekoa da, euskara eraman baitzuen “erdaren gainera”.

Céline Mounolek hitzaldia eman zuen Ziburuko Herriko Etxean maiatzaren 4an, bertako idazle ahantzia den Joanes Etxeberriri buruz. Ekainaren 4an egingo den Ziburuko Euskal Liburu eta Azokaren baitan antolatutako ekitaldia da.

2022ko maiatzaren 17an - 06:00
Kontestu historikoa: bale arrantza, kontra-erreforma (eta sorginen erretzea)

Céline Mounole-k hitzaldia hasi zuen oroitaraziz Ziburu XVII. mendean portu garrantzitsua zela, “ekonomikoki indartsua, besteak beste, balearen arrantza indartsu zelako garai hartan. Ziburuko gazte franko joaten zen Atlantikoaren bestaldera arrantzatzera. Etxeberriren obran itsasoaren erreferentziak ainitz dira eta arrantzaleak gogoan zituela idatzi zuen”.

Etxeberriren obra kontraerreforma katolikoaren baitan kokatzen da: “XVI. mendean protestantismoa hedatu zen Frantziako erresuma osoan, Calvinoren idatzien bidez. Horri aurre egiteko Trentoko Kontzilioa egin zuen Eliza Katolikoak eta erreforma bat ezarri zuen martxan, kontraerreforma gisa ezagutzen dena. Preseski XVII. mendean erreforma hori indar handiz zabaldu zen eta honi lotuta monastegi eta debozio gune anitz sortu ziren. Testuinguru horretan kokatzen da Ziburuko Les Recollets komentuaren eraikuntza, 1611-1613 artean eraiki zena”.

Doktrina katolikoaren oinarriak zabaltzeko eta jendeak federa ekartzeko liburugintzak izugarrizko garrantzia izan zuen eta debozio liburuen ekoizpena handitu zen: batetik, apaizentzako oinarrizko testuak sortu ziren, baina baita ere laikoentzako dokumentuak, formatu txikian, irakurterrazago izateko.

Testuinguru horretan eman zen lapurteraren loraldia: “XVII. mendearen lehen erdian lapurteraz idatziriko testuen kopurua handitu zen, halako boom bat gertatu zen, Euskal Herriko beste eskualdeetan ez bezala. Testu gehienak Donibane Lohizune, Ziburu eta Sara inguruetan idatziak dira”. Sei liburu idatzi ziren euskaraz, hau da, euskaraz pentsatu eta sorturiko liburuak, eta horiez gain erlijiozko testuen itzulpen anitz ere argitaratu ziren. “Kalitatean ere loraldia izan zen, maila handiko idazleak ziren: Joanes Etxeberri Ziburukoa, Joanes Haranburu, Pierre Argaiñaratz, Axular... Azken honen itzala gure garairaino heldu da, beste batzuk, aldiz, ahantzixeak izan dira”. XVII. mendearen bigarren erditik goiti, aldiz, itzulpenak edo egokitzapenak izango ziren nagusi eta euskaraz sortutako liburu bakarra idatziko zen.

“Zinez aztertzekoa litzateke gure idazle horiek zer jarrera izan zuten inkisizioaren ekintzen aurrean. Ez zuten horretaz deus idatzi. Isil ziren” Céline Mounole

Publikotik, entzule batek gogora ekarri du garai hartan sorgin ehiza izan zela: “Oso traumatikoa izan zen. Ziburu, Donibane Lohizune eta Zugarramurdiko gizonak itsasora joaten ziren eta herriak gizonez hustuta geratzen ziren eta emakumeek rol garrantzitsua zuten, baita serorek ere (mezak ematen zituzten, adibidez). Garai hartan gatazka oso handia zuen Ziburuko herriak Urtubiko jaunarekin. 1607an Pierre de Lancre etorri zen eta herritarrek sekulako erasoa jasan zuten. 1613an ekarri zituzten errekoletoak monastegira hain zuzen egoera baketzeko; Pier de Lancre badoa etxera eta Bertrand Etxauz [Baigorriko Etxauzia jauregiko jaunaren semea, hitzaldian aurrerago euskararen sustatzaile azalduko dena] ez dago oso pozik gertatu den guztiarekin, eta dio 'sekta zikin horiek' deuseztu behar direla baina ez dela tortura erabili behar de Lancrek egin bezala, badaudela beste modu batzuk eta hor dagoela Axular lan hori egiten, zauriak goxatzen eta Frantzian egosten ari zen kontraerreforma hona ekartzen. [Hitzaldian beranduago aipatua izango den] Materre ere herria heztera ekarri zuten, kontraerreformaren moldetan”. Mounolek galdera airean utzi zuen: “Zinez aztertzekoa litzateke gure idazle horiek zer jarrera izan zuten inkisizioaren ekintzen aurrean. Ez zuten horretaz deus idatzi. Isil ziren”.

Euskarazko liburugintzaren loraldiaren sorburua: hizkuntza gatazka

Elizak euskararen aldeko joera positiboa zuelako handitu ahal izan zen euskaraz idatzitako liburu kopurua XVII. mendearen lehen erdialdean: “Garai horretan ditugun euskarazko testuak erlijio testuak dira, beste gaiak XVIII. mendetik goiti landuko dira. Hor ikusten da elizak indar egin zuela euskarazko testuen garatzeko” adierazi zuen Mounolek.

Aldeko jarrera horren aktore izan zen Bertrand Etxauz (Baigorriko Etxauziako jaunaren semea), Baionako apezpikua izan zena 1599-1617 artean. Elizan pertsona boteretsua izateaz gain, Henry IV.aren gortean ere garrantzia handia izan zuen, haren erremusinaria izan baitzen: “Etxauzen izena anitzetan agertzen zaigu euskarazko idatzietan, beraz, egiazki bultzatzailea izan zen” gehitu zuen Mounolek.

Euskarazko liburugintzaren loraldia Esteve Materrerekin hasi zen: hau Frantziako idazle ezaguna zen, frantziskotarra. Euskara ikasi zuen eta Doctrina cristiana itzuli zuen euskarara, 1617an argitaratu zena. Hark idatzita utzi zuenez, Etxauzek bultzatu zuen horretara: “Ene euskarak bere lehenengo agurra zuri egin behar zerautzun, zeren nik hizkuntza honetan dakidan guztia zuri zor baitautzut. Zure erranagatik, zuk esfortzaturik, bihotz emanik eta hare egoiteko lekua ere zuk zerorrek Sarako herria seinalaturik, dakidana han ikasi baitut” idatzi zuen liburuaren sarreran, liburua Etxauzi eskainiz. “Etxauz gakoa dugu euskaraz idazteko mugimenduaren hastapenean. Garai hartan Sarako erretorea Axular zen. Materreren sarreran ikusten da liburu hori euskaratzeko ideia nondik heldu den: Etxauz apezpiku zen Baionako apezpikutzatik”.

Zergatik galdegin zitzaion frantses bati liburu horren itzultzea eta ez euskaldun bati? “Iduri luke errazago onartuko zela jainkoaren hitza euskaraz ematea Frantzian jadanik fama zuen frantses batek eginda” erantzun zuen Mounolek.

“Nahiz eta elizaren sektore batek bat egiten zuen erlijiozko testuak euskaraz idaztearekin, beste sektore bat ez zen arras ados"

Hizkuntz gatazkak haien testuetara eraman zituzten bai Materrek bai Joanes Etxeberrik. “Nahiz eta elizaren sektore batek bat egiten zuen erlijiozko testuak euskaraz idaztearekin, beste sektore bat ez zen arras ados. Joanes Etxeberrik hala aditzera ematen du bere Manual debozionezkoa liburuaren bigarren zatian, eskaintza egiten baitio orduko Baionako apezpiku Claude Rueil-i (zeinak ez zekien euskaraz) euskaraz, adieraziz ulertuko duela zergatik zuzentzen zaion euskaraz" [artikulu honetako bertso guztiak egungo idazmoldera ekarri ditugu, irakurtzeko errazago izango delakoan]:

Hartarakotz obra hunen patroin zaitut hautetsi

Gaizki erraileaz zeren baitituzu gaitzetsi.

Zuri eskaintzen darotzut, othoi guarda ezazun,

Inbidiosen mihiak lizun eztiezazun.

Erregeak behar ditu defendatu jendeak,

Hizkuntza batekoak hain ongi nola bertzeak.

Mounolek ondorioztatu zuen: “Beraz, elizgizon indartsuen babesa xerkatzen dute euskarazko egileek, kolpeak biltzen baitituzte. Etxeberrik geroago idatzi zuen elizara eramateko liburua Etxauzi eskaini zion, nahiz ordurako ez zen Baionako apezpikua. Baina horrekin fama handia duen gizon baten babesa eta onarpena xerkatzen du. Testuinguru erlijiozko eta hizkuntz zapalkuntzazko testuinguruan sortu ziren euskarazko testuak XVII. mendearen lehen erdialdean”.

Frantsesa erdi mailako klasean indartu ahala, euskaraz sortutako liburuak urritu

Euskaraz idazteko mugimendua aski fite gelditu zen, XVII. mendeko bigarren erdialdean azkarki jaitsi zen euskarazko liburu kopurua. Zergatik? “Kontuan hartu behar da XVII. mendearen lehen erdian, euskarazko liburugintza loratu zenean, frantsesa ez zela hain sartua hemengo herrietan. Jende askok euskara baizik ez zekien, edo beste hizkuntza bat jakitekotan, latina zekien. Formakuntza jasotako jendeek latinez ikasi zuten irakurtzen baina mintzatu euskara egiten zuten. Egoera hori izanik, euskarazko testuen beharra bazegoen” azaldu zuen Mounolek.

Baina XVII. mendearen bigarren erdian frantsesa sartu arau, maila ertaineko jendeek ez zuten gehiago euskarazko liburuen beharrik, zuzenean frantsesezko testuetara jo zezaketelako. Horrela jausi zen euskarazko liburuen ekoizpena, bai kopuruan bai kalitatean.

Hogeita hamar lagunek bete zuten Ziburuko Herriko Etxeko gela Joanes Etxeberriren hitzaldia entzuteko.
Joanes Etxeberri “Ziburukoa”, euskara eman zuena “erdararen gainera”

Zergatik eransten zaio Joanes Etxeberri idazleari “Ziburukoa” izenondoa? “Preseski bazelako beste Joanes Etxeberri bat, Sarakoa. Hura laikoa zen, medikua eta beste gisa bateko obra utzi zuen” azaldu zuen Mounolek. Ziburuko idazlearen arrastoa jarraitzea zailtzen duen beste elementu honen berri ere eman zuen, irriak eragin zituena: “Orduko sortze eta hiltze dokumentuak aztertuta, Joanes Etxeberri ainitz zen garai hartan”.

Etxeberriri buruz dauden datu urriak eman zituen ikerlariak: “1580. urte inguruan jaio zela dirudi eta 1638. urterako zendu izanen zela. Badakigu hark idatzitako gutunak bazirela, baina zoritxarrez haren eskuizkribuak ez dira guganaino heldu. Gaur arte heldu diren bakarrak haren hiru liburuak dira”. Baina zorionez, haren liburuen berezitasuna paratestuak dira eta “testuaren aitzineko edo ondoko idatzi horiek informazio handia ematen digute hari buruz”. Familia aberatsekoa zen, jesuitetan ikasia eta Teologian doktorea. “Baina zaila da jakitea apaiz modura izan zuen ibilbidea. Diote 1638. urtean Ziburuko erretorea zela” gehitu zuen Mounolek.

Fama handiko gizona omen, bere hiru liburuetan agertzen dira bere adiskideek haren ohoretan idatziriko bertsoak. Horietakoak dira Irigoiti medikuak jarritako koplak:

Zaharturik zihoala euskara erortzera

Etxe berrian sarturik berriz doa sortzera .

Erdaldunak ahal doazke zein bere herritara

gogat eginik galduko ez dutela euskara.

Aspaldion zegoena guztiontzat azpiko

Etxeberrik altxaturik goren mailan da jarriko.

Euskaldunak hel bekizkit haren ohoratzera

zeren euskara eman duen erdararen gainera.

Mounolek zera ondorioztatu zuen: “Lagunek laudorioz eginiko bertso guztietan aipatzen da Etxeberriren gaitasuna olerkien idazteko, baina bereziki azpimarratzen da euskaraz egin izana”.

Etxeberriren hiru liburuetan bertsozko poesia

Etxeberrik argitaratu zuen lehen liburua Manual debozionezkoa da, 1627. urtean argitaratua lehen aldiz, eta 1669. urtean bigarren aldiz.

Bigarren liburua da Noelak eta bertze kanta espiritual berriak, 1630. urte inguruan emanak. Eguberriko kantuak eta jainkoaren eta santuen ohoretan kantatzekoak bildu zituen bertan. Arrakasta izugarria izan zuen, XVII. mendean sei edizio izan baitzituen.

Azken liburua, Elizara erabiltzeko liburua da. Ez dakigu noizkoa den lehena baina orain arte iritsi den bigarren edizioa 1665ekoa da. Bertsoa eta prosa nahasten ditu bertan. Denbora zer den azaltzen du eta egutegiak dakartza, urte horretakoa eta ondoko hogei urteetakoa. Horren ondoan azaltzen ditu kristauen betebeharrak, doktrinaren oinarriak, otoitzak... “Formatu aldetik desberdina da, txiki-txikia baita, sakelan elizara eramatekoa”, Mounolek azaldu zuenez.

Etxeberriren lehen obra, Manual debozionezkoa, hurbiletik azaldu zuen Mounolek, “bereziena baita, bai edukiz bai kalitatez. Euskarazko bertsotan emana da eta bertso horiek kantatzeko eginak ziren”. Etxeberrik sarreran aitortu zuen zergatik eman zuen bertsoz:

Ikusirik nola bainaiz jaiotzez euskalduna

gure nazioa dela kopla maite duna.

Hartakotz diat bertsuz ezarri

lasterrago ikas eta maizago aipagarri.

Jarraian Etxeberriren hainbat bertso irakurri zituen Mounolek, entzuleen gozagarri. Hona, adibidez, heriotzaz idatzi zuena, pobre zein aberatsak berdintzen dituela adieraziz:

Pobre aberatsak

O kurela odoltsua naturaren burrerua,

Araitzina hobiratu üen gure ama Eva.

Geroz eztiok barkatu handi edo ttipiri,

Bainan dituk munduaren kontra armak muthiri.

Hasta duenari diok jaurtikitzen gezia,

Eta zahar, gazteari idekitzen bizia.

Nola pikatzen baititu segak belar ferdeak,

Hala azpiatzen dituk puxant, eta pobreak.

Errege eta arloteek hala ditek frogatzen,

Ezen hi haute nagusi beretzat ezagutzen.

Nihork ezin iguriki ziezekek hireei,

Bi aldetara ebakitzen duten arima zorrotzei.

Hire tragakaren kontra eztuk erredolarik,

Ez landetan zauriaren sendatzeko belarrik.

“Etxeberrik irudi anitz erabiltzen ditu, ez da otoitz sinpleak egitera mugatzen, erretorika handiko testuak dira" Céline Mounole

Mounolek bertso hauen balio poetikoa nabarmendu zuen: “Irudi anitz erabiltzen ditu, ez da otoitz sinpleak egitera mugatzen, erretorika handiko testuak dira. Helburua irakurlea hunkitzea da eta horrela fededun egitea”. Etxeberrik biziaren une zehatz bakoitzerako otoitz bat sortu eta Manualean jaso zuen, beraz, eguneroko bizitzaren berri zehaztasun handiz eman zuen, adibidez, badira haur txikientzat otoitzak: haurra eri denean zer kantatu behar den, haurra sendatu denean jainkoari eskerrak emateko zer kantatu, haur txikia hiltzen denean zer kantatu... Badira baita ere eguraldiaren araberako otoitzak: tximista ikustean, euria aditzean, eguzkia eta ilargia ikustean zer kantatu... Baditu bidaiatzeko otoitzak: zorte ona izateko, enkontru txarren aitzinean esan beharreko otoitzak... Baditu erromerietako otoitzak, beila egiteko otoitzak... Eta badira itsas bidaietako otoitzak, “eta hauek dira berezienak” iragarri zuen Mounolek.

Izan ere, liburu honen bigarren zatiaren hasieran, Etxeberrik abisu eman zien batez ere marinel irakurleei, azalduz zergatik idatzi zuen berariaz marinelentzako bere liburuaren zati handi bat: itsasoa omen fededun gehien sortzen dituen trantzea. “Zer den ez badaki debozionea, itsasora parti bedi ikasteko moldea” zioen Etxeberrik. Hemen bertsozko kantua osorik:

Itsasturi irakurtzaileari abisua

Ea zer den ez badaki nor debozionea,

Itsasora parti bedi ikasteko moldea.

Errefauak hala zien araitzina kantatu,

Zeren urtan ohi diren gaitz handiak gertatu.

Han dabilanak xoil maiz dik ahoan Jangoikoa,

Ilkhi eta badu ere ahanzten ondikoa.

Hemen ditiat bada otoitz batzuk hangotz formatu,

Marinel behar duenak gogoan dezan hartu.

Ezen moment oro dituk xol handi arriskuak,

Non handiro baitabiltza jendeak izituak.

Marinelen emazteak goizean dituk senardun,

Eta ditxa aldaturik, arratsean alargun.

Orain aberats burgesa, aurki moian gabea,

Zeren ureko ona den haizearen parea.

Ofizio gaitzena duk ere itsasokoa,

Zeinak errazki ahanzten baitu lehorrekoa.

Nekeez bertze alde duk herioa hurbila,

Zenbat lodi baita untzi belariaren kila.

Hartarakotz, marinela, suplika zak Jainkoa,

Egiten dukela othoitz gaitzen eredukoa.

Arren begira diezan periletik bizia,

Eta segura izerdiz moian irabazia.

Baita trabailu handiak eure hobenenera,

Pietoski errezibi diezaken aldera.

Eta hala Jangoikoak Itsasoarenetik,

Guardatuko an puxantza bereaz periletik.

Ondotik agertzen dira itsas munduko jendeek egiteko otoitzak: bidaia ona egiteko, ontzia babesteko... Hauek dira famatuenak eta jendeari arreta gehien deitzen diotenak. Mounolek irakurri zituen bertso sortetako bat hauxe da:

Balea kolpatu eta

Jauna, geure arte baino gehiago zureaz,

Balea zauritu dugu arpoinaren kolpeaz.

Arren bada egiguzu (Jaun puxanta) grazia,

Sarri gelditzeko arrain Itsasoko handia.

Gutarik garabik zauritu gabe bere indarraz,

Segadetan dabilala buztan edo bularraz.

Edo txalupa irauli gabe kilaz gainera,

Edo berekin eraman gabe uretan behera.

Arren begira gaitzazu gaitz hauek guztietarik,

Eskerra diezazugun itzul lehorrerarik.

Irabazia da handi, perila ere handia,

Begira diezazugu printzipalki bizia.

Arrantzaleen hainbat bertso irakurri zituen Mounolek eta publikoaren artean eman zuten zeresanik: batek aipatu zuen balea arrantzatzeko momentu bakoitzerako otoitza baduela Etxeberrik eta horregatik, jakin nahiko lukeela ea idazlea bera egon ote zen arrantzaldi haietakoren batean, izan ere, “hain garbi esaten ditu gauzak, iduri du bizitu zituela”. Liburu horrek itsas gizonei kultura gehiago emateko balio izango zuela ere aipatu du. Beste batek horri buruz galdera pausatu du: “Baina arrantzale batek irakurriko ote zuen?”. Mounolek erantzun zuen arrantzaleek bertso hauek kantuz ikasiko zituztela: “Memoria oso landua zuten garai hartan eta horrela ikas zitzaketen, batek irakurri eta besteek belarriz ikasita”.

Céline Mounolek hitzaldi amaieran adierazi zuen Joanes Etxeberrik ez duela herrian haren izena daraman karrikarik ez plazarik.
Zergatik galdu da Joanes Etxeberriren itzala?

Mounolek azaldu zuen Oihenart XVII. mendeko poetak izugarri begi txarrez ikusi zituela Joanes Etxeberriren lanak: “Haren poesia ez zitzaion batere gustatu; erabili zuen errima mota haren ustez pobrea; izan zuen hiperbatoirako joera (usu hitzen ordena aldatzen baitu) eta horrek eragindako gramatika berezia...”. Baina Mounolek gehitu zuen Oihenartek poesiaren bestelako ikusmoldea zuela, “frantses poesiaren ereduko bertsogintza garatu nahi zuen euskaraz. Eta ikuspegi horretatik ikusi zituen begi txarrez Joanes Etxeberriren lanak, baita Bernat Etxeparerenak ere”. Etxeberrik, aldiz, bere lanetan tradiziozko bertso eredua erabili zuen, 15 silabako bertso lerroa.

XVIII. mendean Manuel Larramendik aipatu zuen Etxeberri bere hiztegian. “Baina haren ondotik ahantzia izan da, Axular ez bezala”. Hala ere Etxeberriri buruz egin diren lan akademikoak aipatu zituen Mounolek: “Isaac Atutxak bazuen asmoa Etxeberriren hiru liburuen edizio berria egiteko baina zoritxarrez ez zuen burutu”; Beñat Oihartzabalek hainbat lan egin zituen Etxeberrik bertsoetan erabilitako hizkuntzari buruzkoak; Aurelia Arkotxak erakutsi zuen garai hartan ohikoa zela latinaren egiturak erreproduzitzea eta hortik esplikatzen dela Etxeberriren hizkuntz berezitasuna eta estetika barrokoa erabiltzen zuela.

Etxeberriren lana plazaratuko zuten edizio berriak falta izan zirela nabarmendu zuen Mounolek: “Horrek ere ekarri du Etxeberriren obra jendartera ez zabaldu izana. Aldiz, Etxepare eta Axularren lanak XIX. mendeko berpizkundean berrargitaratu egin ziren”.

Baina Etxeberriren lanak bere garaian itzal handia lortu zuela oroitu zuen Mounolek, gogora ekarriz Noelak liburua sei aldiz argitaratua izan zela eta eliza askotan erabilia. Gaur egunera arte iritsi da hor agertzen den Oi Eguberri gaua kantua, Ipar Euskal Herriko elizetan gau horretan kantatzen dena eta Azkuek bere Cancioneroan bildu zuena.

"Hontsa litzateke karrika, plaza edo auditorio on bat izatea Ziburuk Joanes Etxeberriren izenarekin”

Mounolek hitzaldia bukatu zuen Lafitten esaldi honekin: “Etxeberrik euskaldunen bihotzetan ez luke sekula hil behar”. Eta azken eskari hau jaulki zuen: “Euskaldunak eta Ziburuko herria zorretan dira Etxeberrirekin, egin duen ekarpenagatik. Espero dezagun Etxeberriren lanak behar bezala baloratuko direla eta euskaldunek haren berri izanen dugula eta haren ohoratzeko keinu zenbait egingo direla: ontsa litzateke karrika, plaza edo auditorio on bat izatea Ziburuk Joanes Etxeberriren izenarekin”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka
40 argitaletxek eta diskoetxek parte hartuko dute Ziburuko Azokan

Ekainaren 1ean iraganen da azokaren bosgarren edizioa. Liburu aurkezpenak, kontzertu ttipiak zein bestelako ekitaldiak, egitarau oparoa osatzen dabiltza Baltsan elkartea eta ARGIA.


2023-06-20 | ARGIA
1.200 pertsona batu, eta 1.100 liburu eta diska saldu ziren Ziburuko Azokan

Joan den ekainaren 3an egin zen Ziburuko 4. Euskal Liburu eta Disko Azoka eta antolatzaileek –Baltsan Elkartea eta ARGIA–  balorazio orokorra egin dute. Azoka handituz joan da bere erritmoan, urratsez urrats, urtetik urtera baieztatuz 2019ko hastapen hartan... [+]


Eguneraketa berriak daude