Ekaitz perfektuak harrapatuta

  • Pablo Gonzalez kazetaria Polonian atxilotuta daukate duela ia hiru hilabetetik. Maiatzaren 29an amaitzen zaio behin-behineko espetxealdia Errusiako espioi izatea egotzita, eta erreportaje hau ixtean, epaiketarako data zehatzik ez dute jakinarazi oraindik. Hamar urteko espetxe zigorra du jokoan. Bitartean, Poloniak, Europar Batasuneko kide gisa derrigor errespetatu behar lituzkeen eskubide ugari urratu dizkio, besteren artean, familiarekin edo konfiantzazko abokatu batekin harremanetan jartzekoa. Pablo edo Pavel –bere herrian ezagutzen duten bezala– nor den eta zer gertatu zaion berreraikiko dugu erreportaje honetan.

Pablo Gonzalez, Nagorno Karabakh-eko gerran bere etxea defendatzen geratu zen emakume batekin. (Argazkia: Familiak utzia)
Pablo Gonzalez, Nagorno Karabakh-eko gerran bere etxea defendatzen geratu zen emakume batekin. (Argazkia: Familiak utzia)

"Ni ez naiz guda kazetaria, guda asko kubritu edo kubrituko ditudan arren. Zonalde jakin bateko berriemailea naiz. Eremu horretan guda badago, guda jorratuko dut, baina hor ez badago gudarik, ez naiz beste guda batera joango, hegazkin, drone, tanke eta abarri buruz asko jakinagatik. Zergatik? Ez dudalako ekarpenik egiten. Ez baduzu hango hizkuntza hitz egiten, ez baduzu historia ezagutzen... zertarako guda batera joan? Guda dagoelako bakarrik? Adrenalina subidoia daukazulako? Nik ez dut hori defendatzen”.

Pablo Gonzalez Yagüe mintzo da, gaur egun Polonian atxilo daukaten kazetaria. Iazko irailean publikatu zuten Vivir la guerra dokumental laburrean egin zituen adierazpenok, pertsona honek nola pentsatzen duen ezagutzeko lan bikaina da. Bere aitona 1936ko gudan Euskal Herritik Sobietar Batasunera ihesean bidalitako milaka haurretako bat izan zen. Bere ama han jaio zen, eta Pablo ere bai, Moskun, duela 40 urte. Gaur egun Bizkaiko Nabarnizen bizi da, ezkonduta dago eta hiru seme ditu. Filologia eslaviarra ikasi zuen Bartzelonako Unibertsitatean eta 2010ean El Correoren multimedia masterra egin ostean hasi zen kazetaritzaren munduan murgiltzen. Gaur egun politologiako doktore tesia prestatzen ari da EHUn. Hitz egiten ditu errusiera, poloniera, gaztelania, ingelesa eta katalana, eta euskara ulertu egiten du.

“Erabaki dut nire espezializazioa izatea Europa Erdialdea, Europa Ekialdea, Balkanak, espazio post-sovietarra eta Kaukasia. Nik eremu hori kubritzen dut, gehiago ez. Nire lan nagusia da ulertzea eta azaltzea. Zerbait azaldu behar, baina ulertzen ez baduzu, gaizki ari baikara. Ondorengoa nire iritzia da, baina uste dut ofizioan zabalduta dagoela, batez ere eskola zaharrekoen artean: jendea formatzearen eta gauzak azaltzearen arteko ariketa da kazetaritza. Zuk ezin dituzu gauza batzuk azaldu, aurretik ez baduzu jendea formatu oinarrizko informazioarekin. Ez baduzu azaltzen nor diren A eta zergatik daramaten X denbora leku horretan, ezin duzu azaldu zergatik altxatu diren B-ren aurka, zein den beren harremana B-rekin, zergatik dagoen C, zergatik dagoen D begira... Analisi hori egiteko, lehenik eta behin, zuk jakin behar duzu”, zioen aipatu ikus-entzunezkoan.

Ukrainako gudan argi bila

“Kemen abenturazaleak eta nazioarteko kazetaritzan karrera egin nahiak batu gintuen –Gonzalezen errugabetasunaren alde lekukotza indartsua idatzi du bere kide Juan Teixeira fotokazetariak Eulixe webgunean, Sobre Pablo González y la menguante libertad de prensa du izena artikuluak (Pablo Gonzalezi eta murrizten doan prentsa-askatasunari buruz)–. Azken hamarkadan leku ugaritan izan gara, beti Europa Ekialdean. Gainera, hasi eta gutxira, estatu kolpea jazo zen Ukrainan, 2014 urtean. Askorentzat berria izan arren, zortzi urtean 13.000 hildako eragin ditu gatazka triste horrek eta herrialde hura sei aldiz bisitatu dugu elkarrekin”.

Ondorengo herrialdeetan ibili da freelance gisa kazetari lanak egiten, batez ere Gara, Público eta La Sextarako: Ukraina, Georgia, Armenia, Azerbaijan, Nagorno Karabakh, Bielorrusia, Polonia, Iran, Siria, Israel, Palestina, Lituania, Letonia, Estonia, Kosovo... beti bere kabuz eta bere kriterioen arabera informatzen.

"Ukrainako gerrak 13.000 hildako eragin ditu zortzi urtean eta sei aldiz izan gara elkarrekin han”. Juan Teixeira fotokazetaria

2016ko abuztuan, DCLeaks.com webguneak filtratu egin zituen George Soros handikiak mundu osoan bultzatutako fundazioen 2.576 barne-dokumentu. Filtratutako txostenetako batean (ikusi hemen dokumentua), Marta Ter eta Nicolas de Pedro kazetariek egindako "Twitterren batetik Errusiaren eta bestetik Ukrainaren aldeko iritzi-sortzaileen zerrenda” bat zegoen. Hor agertu zen Pablo Gonzalez lehen aldiz “errusiarzale” gisa definituta. Bere lagunek uste dute zerrenda horretan sartu zutela ez ziolako kontakizun ofizialari men egiten, eta libreki, bateko eta besteko kontaktuak baliatuz,  bestelako kontakizun bat egiten zuelako Donbasseko gerraz.

2022ra etorrita, gogora dezagun urtea hasi genuela NATOren eta Errusiaren arteko talka geroz eta handiago batekin, hasieran dialektikoa, Ukraina epizentro gisa hartuta. AEBek hilabeteak zeramatzaten esanez errusiarren inbasioa berehalakoa izango zela –gerora, III. Mundu Gerraren aukeraz hitz egitera iritsi zen Biden–. Gauzak horrela, urtarrila amaieran Gonzalezek eta Teixeirak erabaki zuten berriro ere hara joatea, lehen eskutik ikustera ea zenbateraino zen egia esaten ari zirena.

Egun horietan, Gonzalezek publikoki adierazi zuen Errusiaren balizko inbasioaren aurkako bere posizioa, urtarrilaren 22an idatzitako txio honekin: “Busti egingo naiz: gerrarik ez. Aurkakoa esaten duena, gutxien-gutxienez, jendea hiltzera animatzen ari da. Era guztietako justifikazioak, barkatu esatea, txorakeriak dira. Errusia Ukrainan gehiago sartzeari, ez. NATO Ukrainan gehiago sartzeari, ez. Gerrarik ez!”.

Nahiz eta guda-hotsak entzun, logikak eta geopolitikan adituek zioten Errusiak ez zuela Ukraina inbadituko. Putinentzat mugimendu suizida zatekeela, Europarentzat arrisku handia eta halako egoera bat interesatzen zitzaien bakarrak AEBak liratekeela. Horixe bera pentsatzen zuten han elkarrizketatu zituen era guztietako jendeek, eta horixe adierazi zuten publikoki zuzeneko konexio ugaritan La Sexta telebistan. Oker zeuden, ordea.

Ustekabeen hasiera

Espainiako La Sexta telebista katerako egin behar zuen konexio batean hasi zen dena okertzen. Honela kontatzen du Teixeirak: “Ukraina ekialdean geunden, Avdeevka izeneko herri batean, frontetik kilometro gutxira. Militar ukrainarren baimenarekin, herriaren erdialdera joan ginen, borroka frontetik hain gertu bizi ziren herritarren bizitza nolakoa zen kontatzera. Amaitutakoan, Pablok erabaki zuen zuzeneko bat egitea atzean militarrak zituela, beti geratzen baita ikusgarriago telebistan. La Sextatik 45 minutuz eduki gintuzten han zain, elurpean. Geroz eta urduriago zeuden militarrek galdetzen zuten ea zer arraio egiten zuen burusoil horrek hor zutik, tripode baten gainean mugikorra jarrita”. Azkenean, militarrak gogaitu, material guztia ezabarazi, Gonzalezen pasaporteari argazkia atera eta handik bota zituzten.

Gonzalez, La Sextan zuzenean sartzeko zain.

Gau hartan bertan, Ukrainako zerbitzu sekretuen deia jaso zuen, esanez beren bulego nagusira joateko albait azkarren. “Nahiz eta lana genuen egiteko, Kievera itzuli ginen. Han Pablo galdekatu zuten lau orduz, errusiarren agentea izatea egotzita ondorengo froga indartsuekin: Gararako idaztea eta Laboral Kutxako kreditu txartela izatea, beren arabera, Errusiak finantzatua. Hain zen zoroa dena, Pablok ez zuela oso serio hartu. Uste zuen torlojuak estutzen ari zitzaizkiola, bere lan periodistikoetan hitzak neurtu zitzan”. Errusieraz ondo jakiteak eta inguruaz zuen ezagutzak ere harritu zituen zerbitzu sekretuak, Gonzalezek gero kontatu zuenez. Azkenean, hiru eguneko epean Ukrainatik alde egitera “gonbidatu” zuten, kanporatze agindu formalik gabe.

Berehala jakin zuen ordea, une horietan, Espainiako zerbitzu sekretuak Euskal Herriko bere familiako etxean, bere amarenean eta gaztaroko lagun baten Kataluniako etxebizitzan izan zirela galderak egiten eta esaten Gonzalez Errusiaren soldatapeko agentea zela. Berehala jarraipena amaitzea eta herrialdea uztea erabaki zuten, beren segurtasunagatik.

Gonzalez, harrituta

“Kontu berarekin agertu ziren denen etxeetan. Esaten zieten Errusiako zerbitzu sekretuetako edo inteligentzia militarreko edo horrelako zerbaitetako agentea naizela, ea inork susmorik ba ote zuen, ea bazekiten zerbait, beraiek jakin bazekitela. Denek erantzun zieten ez zekitela zertaz ari ziren, ea zer uste zuten. Nire jatorria errusiarra dela? Baietz. Denok egon gara eta han (...). Ez da inolako sekreturik. (…) Ea diru asko kudeatzen dudan? Ba justukoa, nire kontu korrontea begira dezakete. Nire zaharraren laguntza jasotzen dudala noiz edo noiz? Ba bai. Bi pisu ditu Moskun alokairuan eta nire partea ematen dit. Baina oso diru kantitate txikiak dira. Duela 15 urteko auto bat daukat eta xahutzen dudan diru bakarra lanerako tresnak erosteko izaten da. Guztia pitokeria iruditzen zait”.

Harrituta eta haserre zegoen. Etxera itzuli zenean goiko mezu hori bidali zion audio gisa lagun bati, gerora Público egunkariak argitaratu duena

Nabarnizko etxean egon zen, eta aste horietan ez zen inor berarekin berriro harremanetan jarri. Bitartean, gainera, albiste bonba gertatu zen: otsailaren 24an Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuen, mundu mailako albiste bilakatuz horrenbeste ezagutzen zuen herrialdea. “Nahiz eta Pablok jakin ez zela segurua, erabaki zuen Poloniara bidaiatzea. Pentsatu zuen ikertua izan ostean konturatuko zirela ez zuela ezkutatzeko ezer”, dio Teixeirak. “Gonzalezek bazituen zantzuak zerbait potoloa egosten ari zela jakiteko, bazekien zerbitzu sekretu ukrainar eta espainiarrek berekiko deskonfiantza zutela. Eta hala ere, lanera joan zen, nolabaiteko koktel batean nahasiz bere axolagabetasuna, beharra, errugabetasun sentimendua eta lan profesional onean fedea”. Oraingoan Poloniara joan zen, gudak eragindako exodoaz informazio foku bat zen.

Izango al du irakurleak gogoan Errusiaren erasoa hasi zenean, beste albiste askoren artean, zabaldu zela Poloniak ez ziela bere herrialdean sartzen uzten zuriak ez ziren iheslariei? Paradoxak zer diren, bere kazetari lanarekin Gonzalezek aurpegia atera zion gau hartan atxilotu eta bere eskubideak nabarmen urratuko zizkion estatuari. Otsailaren 27ko txio honetan, zera zioen hiru argazki atxikita.

“Zenbait informaziok diote Poloniak ez diela uzten pasatzen Ukrainatik doazen eta zuriak ez diren herritarrei. Hori EZ da egia. Muga zabalik dago edonorentzat! Argazkiotan ikus daitezke nigeriarrak, Afrikako ikasleak eta Bangladesheko herritarrak. Denek utzi dute Ukraina atzean”.

Gonzalez Polonian, muga igaro zuten errefuxiatu afrikarrei buruz informatzen igorri zuen txioko argazki bat.

Gau hartan, goizeko ordu txikietan atxilotu zuen herrialde hartako inteligentzia zerbitzuen elitezko taldeak, Errusiako espioi izatea egotzita, eta horrenbestez, ekaitzak bete-betean harrapatu zuen.

Oinarrizko eskubideen urraketa ugari

Otsailak 28. Goizeko 7:00ak. Oihana Goirienaren telefonoak jo du –hemen berarekin egin dugun elkarrizketa– eta bestaldean senarraren ahotsak dio atxiloturik daukatela Rzeszów hirian, zerbitzu sekretuen egoitzan. Soilik hori, ongi dagoela eta lau ordu daramatzala atxilo. Ordutik ia hiru hilabetetan ezin izan dute berriro elkarrekin hitz egin, eta Gonzalezek ezin izan du bere burua defendatu iritzi publikoaren aurrean. Erabat inkomunikatuta daukate, soilik Espainiako kontsulak eta han ezagun batzuek proposatu dioten abokatuak hitz egin dute berarekin. Kontsulak esan duenez, Gonzalezek argi eta garbi esaten du errugabea dela.

"Jende askorekin biltzen naizela? Politikariak, politologoak... joder,
hori da kazetaritza”, Pablo Gonzalez

“Mamuak ikusi nahi dituzte ez dauden lekuan –zioen Gonzalezek lagunari bidali zion audio mezuan–. Izartxoak eta plusak irabazi nahiko dituzte esanez zerbait garrantzitsua desartikulatu dutela. Esan diezadatela orduan zer sekreturen bila joan naizen, non sartu naizen. Behintzat adibide bat. Eta gainera, kontrakoa da: beti ibili naiz urrun horrelako gauzetatik, paso egiten dut, ez dut behar, nire materialak saltzen dira. Jende askorekin biltzen naizela? Politikariak, politologoak... joder, hori da kazetaritza. Zentzu horretan ez dakit zer asmatuko duten, erridikulua da”.

Publiko egin den informazio ofizial bakarra Poloniako gobernuaren ohar bat da, atxilotu eta egun gutxira, non esaten duten Poloniako Zigor Kodearen 130 artikulua aplikatu diotela eta hamar urte arteko espetxe zigorra eror dakiokeela, baina oraingoz, behin-behineko atxiloaldia finkatu diotela.

Nortasunarekin gaizki-ulertua?

Poloniatik familiari heldutako gutun ofizialean, kazetaria aipatzeko, Pavel Rubtsov eta Aleksei Rubtsov izenak erabili zituzten. Senideek prentsari argitu diotenez, Gonzalezek errusiar pasaportean duen deitura eta bere aita dira, hurrenez hurren. Izan ere, bere gurasoak banatzean hartu zuen Pablo Gonzalez deitura –Pavel errusiar izenaren itzulpena eta amaren abizena–, baina haiek ez zituen aldatu errusiar dokumentazioan.

Teixeirak bere artikuluan salatzen duenez, lehen egunotako minaren erdian, zenbait hedabidek, hala nola El Correok eta La Voz de Galiciak, gezurra publikatu zuten, esanez Gonzalez “pasaporte faltsuekin” harrapatu zutela. Afera hau azaltzeko, Boye abokatuak dio dokumentazio guztia aurkeztu eta zinpeko itzulpenarekin helarazi dutela, guztia Getxoko udalak emana.
Kazetariaren senideek eta lagunek salatu dute aurrekaririk gabeko kasua dela Europar Batasunean eta Poloniak bere aurka dituela dioen frogak “erabat zirkunstantzialak” direla, denak bere jatorri errusiarrarekin lotuta. Espainiako Gobernuaren jarrera ere kritikatu dute, “Poloniari ahalbidetuz Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Karta ez betetzea, 18 artikulu urratuz, nahiz eta dokumentu hori loteslea izan EB-ko herrialdeentzat”.

Kazetari deserosoa

“Orain denak gaude Ukrainakoarekin topera, jendea lur azpian errefuxiatuta eta gatazkak eragindako arazoak. Duela urte eta erdi Karabakh-eko gatazka lehertu zen eta gehiengoak ez zion kasu zipitzik egin. Eskala txikiagokoa izan zen, baina beldurgarria hala ere. Askoz biolentoagoa izan zen, begiramen gutxiagorekin alde guztien partetik. Ni han izan nintzen jarraipena egiten, hau jarraitzen ari naizen bezala eta agian etorkizunean beste batzuk jarraituko ditudan bezala. Eta egiatan, moral bikoitz honek izorratzen nau, barkatu biraoa”. Hau Vivir la guerra dokumentalean zioen iaz, hurrengo adierazpena bezala.

Gonzalez, atzean misilen batek utzitako kraterra duela.

“Zu han [gudan] bisitan zaude. Hori ez da zurea. Hara iritsi zara, ikusi eta bazoaz. Mezuak bidaliko dizkiezu beste leku batean dauzkazun lagun, senide eta abarri, futbol edo saskibaloiko zure taldeak edo zure musika talde gustukoenak zer egin duen eta abar informatuko zara. Bizitzak aurrera darrai. Kontziente zara hura ez dela zure errealitatea eta zu ez zaudela hor, nolabait esateko, borroka egiteko. Egun asko entzuten da kazetaritza aktibista eta abar. Ahalik eta ongien eramaten saiatuko zara. Gauzak perspektibarekin ikustea da gakoa. Gudan gauzak handietsi egiten dira, eta saiatu behar da gauzak bere momentuko balorearen arabera hartzen. Adibidez, zerutik hegan etorri den burdin puska batek etxe hori suntsitu eta pertsona bat hil du. Horri buruz informatuko duzu, gertatu dena azaldu eta aurrera jarraituko duzu. Ezin zaio garrantzi gehiago edo gutxiago eman. Eta gero ikusiko duzu munduak aurrera jarraitzen duela, munduari ez zaiola axola zer gertatu den, eta ezagutu duzun jende hori guztia, edo hil dena edo borrokan jarraitzen duena, munduari ez zaiola pitorik axola. Aurre egin behar diozu horri eta saiatu munduarekin ez gehiegi haserretzen, ez baita munduaren errua bizitzak aurrera jarraitzea”.

Ondorengoa idatzi zuen sare sozialetan atxilotu baino egun batzuk lehenago. “Preso eta hildakoen argazki piloa dago gatazka honetan. Ez dut bat bera ere argitaratuko; ez alde batekoa, ez bestekoa. Pertsonak dira, batzuek hala ziren, eta familiak dauzkate. Biktima ere badira. Garrantzi edo interes informatibo handikoa izan ezean, ez argitaratzen saiatuko naiz".

“Pablo dudarik gabe lekuko deserosoa zen Ukrainan –dio Teixeira kideak–, inongo filtrorik gabe informatzea erabakia zuelako, ezagutza handiarekin, zintzotasunez eta etikatik. Horrek abiarazi du amesgaizto hau”.

Ea behingoz amaitzen den.

Free Pablo Gonzalez kanpaina

Kazetaritzaren sektorean egonezina eragin du Gonzalezen atxiloketak, eta ehunka euskal kazetarik –ARGIA osoak edo Berriak, besteren artean–, Espainiako Estatuko kazetari askok, Europako Kazetarien Federazioak edo Mugarik Gabeko Kazetariek eskatu dute argitu dezatela gertatutakoa eta berehala utz dezatela aske. Amnistia Internazionalak ere exijitu du bere familiarekin harremanetan jartzeko eskubidea errespetatzeko eta bermatu dezatela epaiketa justua izango duela.

Hemen Twitterreko Free Pablo Gonzalez kanpainaren profila .

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kazetarien aurkako jazarpena
2024-04-29 | ARGIA
Pablo Gonzalez kazetaria aske uztea eskatu dute beste behin Nabarnizen

Apirilaren 28an 42 urte bete ditu Pablo Gonzalezek. Kazetariak 26 hilabete daramatza Poloniako kartzela batean, Errusiaren alde espioi aritu dela egotzita. Gonzalezek idatzitako gutun bat irakurri du Oihana Goirienak. “Hor zaudetela eta ez nagoela bakarrik jakitea... [+]


Jesús Rodríguez kazetariak erbestera jo du Auzitegi Nazionalaren jazarpenaren aurrean

Joan den azaroaren 6an Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel García-Castellón epaileak hamabi pertsona auzipetu zituen Tsunami Democratikoa auzia dela eta. Ostegun honetan ezagutu zen hiruk atzerrira ihes egin dutela, tartean Jesús Rodríguez La... [+]


2024-03-01 | Axier Lopez
Prentsa askatasunaren aurkako sokak ez du etenik: oraingoan AraInforen kontra jo dute

Enpresa batek kereila jarri du Aragoiko AraInfo hedabidearen eta haren bi kazetariren aurka, baita Zaragoza en Común-eko zinegotzi baten aurka. Zaragozako Udalak enpresa horri emandako dirulaguntzen inguruan, komunikabide independenteak argitaratutako informazioari... [+]


2024-02-22 | Gedar
Absolbitu egin dituzte 'Cubainformación'-eko kazetari bat eta Euskadi-Cuba elkartea

Aurreko astean, Madrilen epaitu zituzten José Manzaneda kazetaria eta Euskadi-Cubako legezko ordezkaritza, artikulu baten harira: AEBen blokeoaz hitz egiten zen idatzian. Sei urteko espetxe-zigorra eta 70.000 euro inguruko zigor ekonomikoa eskatzen zituen akusazio... [+]


2024-02-16 | Axier Lopez
Pablo González kazetariari espetxealdia luzatu diote zortzigarren aldiz

Hilaren 28an bi urte beteko ditu Poloniako kartzelan Euskal Herriko kazetariak. Poloniako justiziak ostegun honetan erabaki du beste hiru hilabetez luzatzea behin behineko espetxealdia.


Eguneraketa berriak daude