Ines Osinaga musikari eta plazandreari BIRA kultur gunean egindako elkarrizketaren transkripzio mutua da hurrengoa. Solasaldian zehar, Maurizia Aldeiturriaga, Lourdes Iriondo eta Kai Nakairen ahotsak zein abestiak sanpleatuz eta horien bertsioak eginez jantzi zuen sortzaile feminista honek bere hitz-jario bizia, gardena eta gordina.
2016ko apirilean jantzi zituen azken aldiz botak Ines Osinagak Goseren kontzertu baterako. Haurdun zegoen eta laster itzuliko zela zin egin zien begira zituen ehundaka neskei. Baina ez zen itzuli. Osinagak maite du Amaia Arrazolaren ilustrazio-liburua, El meteorito, hala bizi izan duelako amatasuna: eztanda egin du bere identitatean, bere bizimoduan, bere sormenean.
Erdiondoko depresioaren eraginez, barruan musika itzali zitzaiola sentitu zuen plazandre honek. Insomnio gau batean, Miren Amurizaren zutabe bat irakurri zuen; Mercedes Sosaren Todo cambia kantaren letra euskaratu zuen bertsolariak. Ukelelea hartu zuen Osinagak, abestia jo, eta Amurizari audioz bidali zion, hurrengo mezuarekin: “Eskerrik asko. Gaur nire bizitza salbatu dostazu”. Geroztik, sormen handiko garaiak depresio eta dolu berriekin uztartu ditu, azken hauek ezkutatu barik. Izan ere, mikrofonoa eskuan izatearen ardura baliatu nahi du tabuak urratzeko.
“Gose musika taldeko abeslaria eta soinu jotzailea da”. Oraindik ez dute Wikipediako zure orrialdea eguneratu.
Ez da erraza izan identitate horretatik askatzea. Dolu guztietan bezala, egon naiz Ines harekin haserre, arneguka, faltan bota dut, baita soberan ere. Sei urteren ondoren, onartu behar dut oraindik telefono agenda askotan agertzen naizela Ines Gose bezala. Orain gai naiz Ines hori besarkatzeko, maitasunez begiratzeko eta eskerrak emateko. Egindako bidearen parte da.
Zure Wikipediako orrialdea eguneratuko banu, plazandre berba nabarmenduko nuke.
Kontzientziaz egin dudan hautua da nire burua plazandre gisa definitzea. Askotan esan dut ez naizela trikitilaria, nahiz eta trikitia jotzen dudan; horrek zerikusia du genero arrakalekin eta performatzen dugunarekin, besteak beste. Bi ofizio desberdin dira musikariarena eta plazandrearena. Ni musikaria naiz, baina gainera konturatu naiz gustatzen zaidala plazara ateratzea, plazan eragitea, espazio publikoa okupatzea, nire ahotsa uztea. Noski naizela plazandre, zer demontre! 25 urte daramatzat plazan! Onintza Enbeitarekin bat nator: plazandre garela esatea apropiazio ariketa bat da, esan digutelako plaza ez dela guretzat.
Orain dela hilabete batzuk hasi zara plaza berri batean eragiten: Instagram.
Bai, gustatzen zait story-en bidez gauzak kontatzea; amatasunei, biolentziei edota feminismoari buruz… Aurretik, sare sozialetan kuxkuxeatzen nuen, baina ez nuen ahotsik. Myspaceren garaian, Goseren blogean kriston lana egiten nuen. Bondage abestia atera genuenean, orria zentsuratu ziguten. Haserretu nintzen! Edukiak sortzen energia pila inbertitzen zenuen, eta edozein egunetan itxi zezaketen, segurtasun kopiarik gabe. Bestetik, sareek antsietate soziala ematen didate; horregatik ez daukat Whatsappik. Korapilo handia izan dut, baina erabaki dut espazio horretan nire ahotsa utzi nahi dudala. Lagun batek dio hasi berriaren bizipozarekin nagoela. Hala da!
Bideo batean azaldu zenuen hobe dugula emakumeen ikusgarritasuna sustatu baino, elkarri autoritatea ematea.
Ainara LeGardonen hitzaldi batean entzun nuen ideia hori. Askotan deitzen naute feminismoari buruz hitz egiteko. Guai dago baina, Uxue Alberdik esan bezala, badirudi bakarrik dugula autoritatea feminismoaren inguruan hitz egiten dugunean. Ikusgarritasuna lehiaketa bat da. Borroka egiten dugu gure artean, etengabe, karteleko emakumea izateko, martxoko zikloko musikari feminista izateko. Nik ez dut lehiatu nahi nire ahizpekin, nahi dudana da elkarri autoritatea eman, elkarri lekua egin. Ez dut horretarako sortu nahi eta, batez ere, ez dut hortik sortu nahi.
Zure musika jarri diot nire aitari, eta Kepa Junkeraren oinordekotzat hartu zaitu. Ziur nago etengabe gertatzen zaizula; ez ordea Maurizia Aldeiturriagarekin.
Kepak eragin dit, baina kontua ez da nork eragin didan, baizik eta nori ematen diogun erreferente izateko autoritatea. Esan didatenean Gose erreferente izan dela musika elektronikoa eta trikitixa batzeagatik, apaltasunez erantzun dut ezetz. Noski izan garela erreferenteak! Erreferente guztiak behar ditugu. Nik behar ditut Anari eta Kai Nakai. Adin batera arte, emakumeok ez gara erreferente, promesa baizik. Baina adin horretara heltzen garenean, gure gizonezko kideak musikari sakratuak direnean, guri amatasunari buruz galdetzen digute, edo “Noiz arte pentsatzen duzu plazan egotea ba?”. Noiz arte? Onintzak [Enbeita] esaten duen bezala, orain hasi da hau dibertigarria izaten!
Instagramen idatzi duzu: “‘Hil ezazu aita’ entzunaz hazi gara eta ama guztiak besarkatzea erabaki dugu”.
Azken aldian, euskal kulturari buruz entzun dudan diskurtsoa da transmisioa eten egin dela, gazteek ez dakitela nor den Mikel Laboa. Agian ez dago gaizki, agian aukera bat da, agian haria eten behar da. Eztabaidatu behar dugu nork duen lekua euskal kulturan, nork ez eta zergatik. Noren ahotsa heldu den nora. Zergatik Mikel Laboaren irrintziak baloratzen diren eta Mauriziak txarto kantatzen duen.
Nor da Maurizia?
Maurizia señora zoragarri bat da, plazandreon ama eta amama. Sinbolo gisa aldarrikatzen dugu, ia ikono pop gisa, hashtag eta guzti. Bada izateko modu bat. Galdetzen omen zioten: “Zergatik esaten duzu etengabe ‘Aupa Maurizia!’ kopletan?”. Eta hark erantzun: “Beitu, nik bi gizon dauzkat ondoan. Batek alboka jotzen du eta ahoa okupatua dauka; besteak soinua jotzen du baina hitz-totela da. Ez badut esaten, nork aupatuko nau ni?”. “Aupa Maurizia!” aldarri feminista da.
Proiektu kolektibo bilakatu da: “Mauriziak ez dau inor hil”.
Bai. Leire Palaciosi ikusi nion poltsa bat, “Deabruak ez dau inor hil”, eta aldarri hori otu zitzaidan. Olatz Salvador, Lorea Argarate eta Itziar Soraluzerekin nabil, baina andra desberdinak batzen gabiltza, Maurizia desberdinak plazaratzeko. Uxuek sarrera-testu bat idatzi zuen, arkitekto baten ikerketa batean oinarritua, Espainiako Estatuan erailketa matxistak non ematen ziren zerrendatzen dituena. Beldurgarria da: etxean, senarrak, etxean, senarrak. Ane Labakak eta Nerea Ibarzabalek ere koplak egin dizkigute. Chavela Vargasen doinu bat hartu dugu kopletan egiteko. Arin-arina perreo bihurtzen dugu. Beno, etorri ikustera!
"Adin batera arte, emakumeok ez gara erreferente, promesa baizik. Baina adin horretara heltzen garenean, gure gizonezko kideak musikari sakratuak direnean, guri amatasunari buruz galdetzen digute, edo 'Noiz arte pentsatzen duzu plazan egotea ba?'"
Wikipediara itzuliko naiz. Lourdes Iriondoren biografiaren hasieran jartzen du…
… ez esan! “Xabier Leteren emaztea da”.
Bai! Eta Xabier Leteren orrialdera jotzen badugu…
… “artista konsagratua da”.
Ez du aipatzen noren senarra zen.
Tontakeria bat dirudi, baina ez da. Euskal kulturaren genealogia plazagizonena da; gauza totxoak esan zituzten poeta horiena, haien artean elkartzen zirenak, Zumetak azal ezin ederrago bat egiten zien… Ez diot edertasunari uko egiten, baina kanona da! Eta Mauriziak kanonari egiten dio: tururu! Ohartzen naiz 40 urterekin eta 25 urteko plazandre ibilbidearekin esan ditzakedala horrelakoak.
Goseko Ines asko lotu izan da probokazioarekin, sexualitatearekin. Nola ikusten duzu egun?
Psss esan nezake, baina jartzen naiz 20 urteko neska horren azalean, begiratzen dut maitasunez, samurtasunez, eta esaten dut: “Aupa Maurizia, txikita!”. Virginie Despentesek idatzi zuen bezala, izan behar gara ederrak baina ez gehiegi, izan behar gara argalak baina ez argalegi, izan behar gara emakume baina ez larregi, izan behar dugu seduktoreak baina ez putak. Izan behar gara abeslari onak, bestela ez gara igoko eszenatokira, baina ez perfektuak. Mediokritateaz apropiatu gaitezen! Elkarrizketetan etengabe ateratzen zidaten sexuaren gaia, Gosek bazituelako pare bat kanta horri buruz. Baina bat edo bi, benetan! Hasierako kontzertuetan, lehengo ilaretan zulo bat zegoen, leku hori beti okupatzen zuten gorputzak deseroso sentitzen zirelako, nire botekin eta nire begiradekin eragiten nuena ez zelako nigandik espero zena. Neska bat desiratua agertu behar da, ez desiradun. Konturatu nintzen nire erotikarekin botere harremanei buelta emateko gai nintzela. Orduan, gona are gehiago moztu nuen, krask!
" Tabu pila batek zeharkatzen du amatasuna. Maitasun erromantikoa deseraikitzen hasi nintzenean bezala sentitu nintzen hasieratik: zenbat min eta gezur!"
Instagrameko argazki batean etzanda agertzen zara, biluzik. Bularretik esne-txorrotada bat ateratzen duzu, plazer keinuarekin, zure bi umeak begira dituzula. Probokatzeko bide berri bat topatu duzu?
Azken sei urteotan nire titiak plazan egon dira etengabe, baina nire gorputza erabat deserotizatu da, ama gisa irakurria naizelako. “Desirak ihes egiten dit ezpainetatik” idatzi nuen haurdunaldi batean; sentitzen nintzen dena haragi, dena sexu. Probokazioa baldin bada nigandik espero den hori zalantzan jartzea, edota jokoaren arauak gure alde erabiltzea, atsegin dut. Askotan plazandre moduan performatu nahi dudana ez dator bat nire intimitatean bizi dudanarekin. Shirley Manson Garbage taldeko buruak, Bilboko kontzertuan esan zuen: “Mikrofono bat eskuan edukitzea ardura bat da”.
“Ez dakit zergati bi titik beldurtzen zaituzten hainbeste” idatzi zenuen orduan. Aupa Rigoberta Bandini?
Rigobertarekin konektatzen dut edoskitzearekin izan dudan borrokagatik. Badirudi edoskitzea naturala dela, baina niretzat hautu politiko bat izan da, asko kostatu zitzaidalako. Horregatik, laktibismoa egiten dut. Maite ditut nire titiak eta maite ditut esnerik botatzen ez duten titi guztiak. Ohartu naiz nire titia esne txorrotada batekin agertzen denean, Instagramek ez didala zentsuratzen, algoritmoak ez duelako titiburu gisa irakurtzen!
Nola eragin du amatasunak zure sormenean? Blokeoaren beldur zinen.
Eta gertatu zen. Nire lehenengo erdiondoan, musika itzali zitzaidan barruan. Ez nuen trikitia jantzi nahi, nire gorputza errefusatzen nuelako. Nire beldurrik handiena zen: “Eta ez badut inoiz musika berriro egiteko gogorik?”, “Eta agortu baldin badira estribilloak?”. Gerora jakin nuen erdiondoko depresioa izan nuela eta ez zitzaidala niri bakarrik geratu. Ez dut honi buruz hitz egiten ni neu osatzeko (horretarako terapiara noa), baizik eta inportantea delako plazan honi buruz hitz egitea. Tabu pila batek zeharkatzen du amatasuna. Maitasun erromantikoa deseraikitzen hasi nintzenean bezala sentitu nintzen hasieratik: zenbat min eta gezur! Jendeak esaten zidan: “Ai, ze ondo haurdun zaudela!”. Behin erantzun nuen: “Ba ez nago ondo”. Espero da gure mina isilik eramatea. Ez dugu zertan haurdun zoriontsu izan behar beti, zer demontre!
Erdiondoko depresioaz gain, beste bi tabu hautsi dituzu: indarkeria obstetrikoa eta heriotza gestazionala.
Haurdunaldi guztiak ez dira bukatzen bizirik jaiotzen den ume osasuntsu batekin. Uste horrek kaiola batean sartzen gaitu, sekulako sufrimendu eta bakardadearekin. Hiru haurdunaldi izan ditut eta bigarrenean hildako ume bat erditu nuen. Esaten dizutenean dena ondo joango dela… Beti ez da ondo joaten. Alutik ez da beti bizitza jaiotzen, eta bizitza ez da beti alutik jaiotzen. Paula Bonet ilustratzailearen liburu zoragarria erosi dut, Roedores. Cuerpo de embarazada sin embrión, baita enbrioi baten bere margolana ere. Oraingoz ezin izan dut Alaine Agirreren Karena irakurri, mina ematen didalako. Baina ahotsa eman behar zaio min horri.
"Denok gara alabak, gure belaunaldia biolentzia obstetrikoz inguratuta jaio da eta zauri hori sendatu gabe dago. Oraindik ere, erditzean gugandik espero da otzanak izatea"
Eskerrak feminismoak zeharkatu ninduela amatu aurretik! Nire amak izan ez zituen erremintak izan ditut, gertatu zitzaidana kudeatzeko. Denok gara alabak, gure belaunaldia biolentzia obstetrikoz inguratuta jaio da eta zauri hori sendatu gabe dago. Oraindik ere, erditzean gugandik espero da otzanak izatea. Erditze errespetatua gure eskubidea da, baina txikien eskubidea ere bada indarkeriaz inguratuta ez jaiotzea. Benetan sinesten dut hori bermatzeak mundua aldatu dezakeela.
Musikaz bete da zure barrua berriro. Egun Joseba Sarrionandiarekin kolaboratzen zabiltza. Zertara zoaz martxoan La Habanara?
Depresioaren alta hartu nuenean, irakaskuntzako nire lanean eszedentzia eskatu nuen. Bestela ezingo nuke sortu, Mauriziaren proiektu kolektiboa dinamizatu… Zor bat nuen nire buruarekin: nola izango litzateke lanaldi osoko sortzaile banintz? Sortzeak denbora eskatzen du, eta denborak dirua.
Orain dela hamar urte musikatu genituen Joseba Sarrionandiak idatzitako testuak, eskuz esku Euskal Herrira etorri zirenak. Orain, Joseba hemen dagoela, ni neu joango naiz Kubara, La Habanako Mauriziekin biltzera. Nolakoak izango lirateke kanta horiek hain txuriak ez balira? Horixe erakutsiko du Itsasoa da bide bakarra proiektuak.
Maribi Ugarteburuk, EHNE Bizkaiaren enkarguz, herrialdeko hamar emakume baserritarren bizi historiak batu ditu Erein, Borrokatu, Bizi liburuan. Azken mende erdian Hego Euskal Herrian nekazaritzan eta abeltzaintzan izandako gertaerak bizi izan dituzten emakumeak dira protagonista.
Argitaratutako oharrean, EHGAM Euskal Herriko Sexu Askapen Mugimenduak ohartarazi du "faxismoa eta ideia faxistak" zabaltzen ari direla mundu mailan, eta "erresistitzeko prest" daudela: "Beldurra baino askoz handiagoa da sentitzen dugun amorrua".
Tramite burokratikoetan murgilduta dago Ed Rojas. Kolonbian jaio eta bizi, 2022an Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterra egin zuen EHUn. Baina titulua amaitu eta hiru urtera, ez du lortu bere izenean jasotzea. Arrazoia? 2022an ez-bitar markagailua jarri zuen bere... [+]
Mauleko Chaumes gasnategian langile eta CGTko sindikatu ordezkaria izandako gizon baten kontrako lau salaketa dira pausaturik, eta Larraine gaineko Iratiko Txaletetan lankide ukandako bosgarren emakume batek ere gehitu du berea. Uztailaren 3an iraganen da auzia Pauen. Erasoa... [+]
Gazte batek etxetik atera eta psikologoarenera joateko bizi dituen beldurrak eta barne gatazkak lantzen ditu ‘Barruko dardara’ film laburrak. Maider Arrutik (Errenteria, Gipuzkoa, 2003) sortu du, eta agorafobia nola bizi duen ikusaraztea du helburu. Bere bizipenetan... [+]
Maitasun erromantikoari lotuta, nerabe askok normalizatuta eta barneratuta du bikotekideak mugikorraren eta sare sozialen bidez kontrolatu nahi izatea. “Inportantea da ziberbiolentzia gisa identifikatzea, eta ez maitasun seinale gisa”, gogorarazi dute ikertzaileek.
Lagun marika batek deitu dit galdetzeko nola salatu dezakeen hurrengoa: joan zen Akarlandara, EHUren parean dagoen parkera, eta komun publikoetan bi tiporekin zegoela, udaltzainen bizpahiru kotxe agertu ziren super azkar, poliziak sartu ziren komunera borrekin hormak kolpatzen,... [+]
Javier Escudero Pascual (Iruñea, 1979) “poz-pozik” dago erretiroa hartuta nahi beste gauza egiteko astia duelako. Nafarroako Aspace kirol klubeko motordun aulkiko futbol taldeko jokalaria da. Duela urtebete sortu zuten taldea, eta hirugarren geratu dira... [+]
Irungo Alarde Parekidean sortu berri den Meaka konpainiako kapitaina da Nagore Olaskoaga. Alarde Tradizionala vs. Parekidea, “kopuruak direnak dira, baina oso pozik gaude gazte askok eta askok hartzen dutelako parte Alarde Parekidean, eta beraiek dira gure herriaren oraina... [+]
Ekainaren 14an egingo da Hernanin San Juan jaiak iragartzen dituen 30. Preludio kontzertua. Aurten emakume bat izango du zuzendari musikal: Judith Montero Imaz. Behin batuta hartuko, eta emakumeek musika ondarean egindako ekarpena ekarri du fokupera. Berarekin eta Hernaniko... [+]
Señora Sariketaren V. edizioa izan da 2025ekoa, benetan berezia: aurtengo bertsolari parte-hartzaileak plazak utziak zituzten andre eta genero disidenteak izan dira. Binaka egin dute plazara itzulera, saioetarako giro goxo eta xamurra lagun.
Neska transexual baten ama, haurtzaroan bere genero identitateagatik bullyinga jasan zuen gizona edota LGTBI kolektiboko nikaraguar erbesteratua ezagutu eta horietakoren batekin bizipenak partekatu eta solastatu nahi duenak aukera izango du datozen egunetan Nafarroako sei... [+]
Sexu-erasoak, bikotekideen edo bikotekide ohien erasoak eta bestelako senideek egindakoak hartu dituzte kontuan zenbaketan. Bizkaian, %29 egin dute gora salatutako sexu-erasoek.
13 urteko mutil bat da Adolescence telesailaren protagonista, bere eskolako neska bat erailtzeagatik atxilotua. Lau kapitulutan zehar saiatuko gara ulertezina ulertzen, baina gidoilariek ez digute azalpen errazik emango, baizik eta bullying dinamika nahasiak, manosferaren eragin... [+]