"Baimen libre eta informatuan" oinarritua izan dadila esku-hartzea

  • Sexuaren definizio bitarra berrikusi beharrean, nahiago gorputz intersexualak berrikusi, definizioak bere horretan segitzeko gisan. Askotarikoak dira sexu bariazioak –intersexualitateak– eta genitaletan, gonadetan edota kromosometan oinarrituriko dikotomia baino askoz zabalagoa da errealitatea. Ikuspegi patologizatzaile bati segi, 1955. urtean abiatu eta 1970eko hamarkadan sistematiko bihurtu ziren pertsona intersexualentzako operazioak edota hormonoterapiak. Gaur egun ere segitzen dute medikuntzaren esku-sartzeek. Alta, pentsa zitekeen azken 70 urteetan izandako gertakizun zenbaitek jarrera aldaraziko zietela: oinarrian dagoen Hopkins Paradigmaren gainbehera; 1990eko hamarkadan abiaturiko intersex pertsonen borroka; albo-kalte dramatikoen testigantzak; feminismoak egindako ekarpenak; giza eskubideen aldeko egiturek intersex pertsonen aldarriekin bat egin izana; arrazoi medikorik ezean umeen “mutilazioen” bukaera galdetu izana Nazio Batuen Erakundeak...

    Bariazioen eraginez osasuna arriskuan baldin bada, eskerrak medikuntzari. Arazoa da osasuntsu diren gorputzetan ere eskua sartzen duela, norma eta estereotipo sozialei erantzuteko. Oinarrian adostasun libre eta informatua izatea. Horra intersex aktibistek eskatzen dutena. Osotasun fisikorako eskubidea dutelako, sexu definizio normatutik at izanik ere. Bi intersex aktibistei egindako elkarrizketetan oinarritzen da LARRUN hau. Horretaz guztiaz hitz egin digute, medikuek zaurituriko gorputz horietatik. Haien bizipenak ezin dira orokortu, egia da, baina ezin dira ere isildu eta gorde.

Norberarekin bakean izateko baldintza gorputz normatibo bat izatean datzala konbentzituak dira medikuak; eta errotik uste dute norbanako orok duela naturalki bere gorputza normaren barnean nahi. Arazoa da norbanakoaren ordez erabakitzen dutela”. Janik Bastien-Charleboisen hitzak dira. Definizio normatiboan sartzen ez den gorputz bat tokatu zitzaion: gorputz intersexuala1 du. Pairatu ditu medikuntzaren irakurketa eta honek dakarren bidea: operazioa, emakumezkoaren sexu-definizio tradizionalean sarrarazteko. “Suertedun” kontsideratzen da alta, operazioa saihestearen alde eraman zuelako bataila bere amak; 17 urterekin bere kabuz hartu zuen erabakia, “jendartearen eta medikuntzaren presiopean plegaturik”. 1970eko hamarkadan sortutakoak, 31 urterekin ikasi zuen gorputz intersexuala zuela, OII Nazioarteko Intersex Erakundea deitu egituraren sortzaile Curtis Hinkle aktibistaren konferentzia batean kontzientzia harturik. Orduz geroztik, aktibismoan dabil Montrealeko unibertsitarioa, baimenik gabe bideraturiko interbentzio kirurgiko eta hormonalen bukaeraren alde. Interbentzioa bideratu nahi zaion horren baimenak “librea eta informatua” izan behar duela dio: informazio guztiak jasota eta norberetik presiorik gabe emandakoa.

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) horrela definitzen du intersexualitatea: “Gizonezko eta emakumezko gorputzen definizio tradizionalari ez dagozkion karaktere sexualekin (genitalak, gonadak edota kromosomak) sorturikoak dira pertsona intersexualak”. Bariazio natural multzo zabala izendatzen du terminoak; jaiotzan edo nerabezaroan ikusgai izan daitezkeenak, bariazio kromosomiko batzuk ez dutelarik kanpo-zeinurik ere. 2005az geroztik, “sexu-garapenaren nahastea” –Disorders of sex development edo DSD– izendapenarekin izendatuak dira intersexualitate bariazioak. Datu ofizialei segi, sortu berrien %1,7 da intersexuala, mila sortzeetatik hamazazpi.

Gutxiago ala gehiago, hurbilagotik ala urrunagotik, denok dakigu zer nolako pisua duen sexuaren eta generoaren eraikuntzak. Gurea binarismoan antolatua da: gizonezkoak alde batean, emakumezkoak bestean; bakoitzari loturiko genero eta sexu ezaugarri zurrunekin. Sexuari dagokionez, kromosomek bideratu banaketari segi –gizonezkoentzat XY; emakumezkoentzat XX–, bi aldeei doazkie organo genital propioak –gizonezkoentzat zakila, barrabilak, prostata, semen-besikula, epididimoa eta Cowper guruina; emakumezkoentzat, ordea, alua, bagina, uteroa, umetoki-tronpak, obarioak eta Skeneren eta Bartholinen guruinak– eta gameto propioak –gizonezkoentzat espermatozoideak eta emakumezkoentzat obozitoak–. Definizio horrek “bigarren mailako sexu-karaktereak” dakarzki, hormona-inguruneak eragindakoak eta sexu eta genero definizio tradizionalean pisu handikoak. Bada, sexua bi multzotan sailkatzen duen sistema hori gezurtatzen duten gorputzak dira intersexualak. Ez da emakumezko edo gizonezko ez direla sentitzen –batzuk bai, baina hori, intersexualak ez direnetan ere gertatu daiteke–, baizik eta gizonezkoaren eta emakumezkoaren banaketa dikotomikoa zangoz gora jartzen dutela, ezaugarri biologikoak eta morfologikoak nahasiz.

Janik Bastien-Charlebois, erreportajea osatzeko elkarrizketatu intersex pertsona.

Gerta daiteke pertsona batek emakume-itxura arautua izatea sortzerakoan, baina bere baitan barrabilak ukaitea gorderik. Kalkulatutakoaren arabera, sexu-organoetako anomaliak 4.500 sortzetatik batean gertatzen dira (Hughes eta al., 2006) eta bariazio intersexualen gutxiengoak dira: 500 pertsona intersexualetatik bat, Europako OII egituraren arabera. Beste bat gizonezkoa sailkatua izan daiteke, XY kromosomoak ukanik, baina bere gorputzak androgenoei erresistentzia erakutsirik, itxuraz emakumezkoaren osagai normatuak izanen ditu –“androgenoekiko sentikortasun ezaren sindromea”, 1/13.000 sortzeren gain, ISNAren datuen arabera–. Gerta daiteke emakumezko identifikatuak ohikoa dena baino androgeno gehiago ekoiztea eta gizonezkoei lotzen zaizkien karaktereak garatzea edo klitoriaren tamaina ohikoa baino handiagoa izatea –“Giltzurrun gaineko hiperplasia”, 1/13.000 sortzeren gain–. Gerta daiteke norma baino zakil ttipiagoarekin edo barrabilik gabe sortzea, azkenean XY kromosomez gain, gutxienez X bat gehiago duelako –“Klinefelter sindromea”, iturrien arabera, 1/500 edo 1/1.000). 30 tipologia baino gehiago daude intersexualitatean. “Atipikoak eta ezegokiak dira gure gorputzak medikuntzarentzat”, dio Bastien-Charleboisek, autoritate honen arabera klitori bat handiegia izan daitekeelako eta zakil bat berriz ttipiegia.

Medikuntzako deontologiari segi, arriskuan dagoenari laguntza bideratu behar dio medikuak. Hori horrela, bariazio batzuk pertsonaren bizia arriskuan jarriz gero interbentzioa beharrezko da. Kontua da –eta horretan daukagu auzia– zaku berean sartzen dituztela kasu patologikoak eta osasuntsuak: guztiak dira konpondu beharreko “nahasmenduak”, gizonezko eta emakumezko banaketa bitarrean kokatzeko gisan. 1970eko hamarkadatik goiti orokortu ziren tratamendu kirurgikoak eta hormonalak. Gaur egun oraindik bideratzen dira, nahiz eta hastapenetan baino mediku gehiagok eman interbentzio-ezaren aukera.

Defendatzaileek diote tratamenduak hobetu direla, operazio-teknikak ez direla hastapenetakoak. Ez du hori gezurtatzen Bastien-Charleboisek: “Bai teknikak hobetu dira. Erran dezakezu 'hobeki mutilatzen'dutela, baina segitzen dute mutilatzen. Auzia ez datza horretan: pertsonaren baimen libre eta informatua izatea nahi dugu”. Haien gorputzen patologizazioa bukatzea nahi dute intersex pertsonek2, besterik gabe, osasuntsu daudelako –bariazio bakar batzuk arriskugarriak izanik, komeni da xeheki begiratzea bariazioari, jakiteko zer duen oinarrian: osasuna ala estetika–. Behin hasiz gero, interbentzio kirurgikoak eta hormonalak luzaz pairatu behar izaten dituztelako askok; denboran gorputza aldatuz doalako edota konplikazioak agertzen zaizkielako. Izan daiteke jaioberrian egindako operazio bakarra, ia ondorio psikologiko eta fisikorik gabekoa, eta eskerrak. Baina ez da guztiontzat horrela –esku artean dauzkagu bi testigantza, eta bilatuz gero anitz daude interneten–. 2020ko AEBetako ikerlari Amy Ro­senwohl-Macken ikerketak ondokoa azaleratu zuen: 198 heldu intersexualen artean –orain arte dagoen lagin esanguratsuenetarikoa– %43ak du osasun fisikoa “txarra edo erdipurdikoa”; buru osasunarentzat %53ak du “txarra edo erdipurdikoa”, eta %32 entseatu da suizidatzen. Medikuen partetik zifra gutxi daude, tamalez.

XX. mende hasieran bereganatu zuen jaioberriaren sexuaren identifikatzeko funtzioa medikuntzak

Zaila da datuen eskuratzea, baina Bastien-Charleboisen determinazioari esker lortu da jakitea adibidez Quebecen –8,5 milioi biztanle–, 2015az geroztik organo genitalen 1.380 operazio baino gehiago burutu dituztela hamalau urtez petikakoetan, hauetarik 838 bi urte baino gutxiago daukatenetan. 838 hauetarik %73tan hipospadiasaren moldaketarako da, hau da, pixa ateratzeko zuloa zakilaren puntan kokatzeko, “pixa zutik egiteko gisan” –ez da broma, hau da gurasoei ematen zaien arrazoia–. Arrazoi estetikoa agertzen zaigu ere aluaren inguruko ezpainen tamaina ttipitzeko bideraturiko 35 operazioetan.
Herri gehienetan bideratzen dira oraindik osasun-arrazoi gabeko interbentzioak. Funtsean, Frantziako Estatua kritikatu zuen 2016an NBEren Torturaren Aurkako Komiteak, eta 2018an Nazio Batuen Haurren Eskubideei buruzko Komiteak zuen Espainiako Estatuaren jarrera salatu, “giza eskubideak urratuz”, adostasunik gabeko “praktika kaltegarriak” bideratzeagatik.

Maltako Adierazpena

2013an izenpeturiko Maltako Adierazpenak garrantzia handia du auzi honetan. Pertsona intersexualen ordezkari diren 30 egiturek ondokoa adierazi zuten: “Ozen adierazi nahi dugu intersex pertsonok benetakoak garela, eta munduko eskualde eta herrialde guztietan gaudela. Beharrezkoa da intersex pertsonen sostengatzea, beraiek bideratu ditzaten dagozkien lege, politika eta gizarte aldaketak. Intersexuon Lehen eta Bigarren Nazioarteko Foroen printzipioak berresten ditugu, intersex pertsonon aurkako bereizkeriak bukatu daitezen, eta gorputzaren osotasunerako eskubidea, autonomia fisikoa eta autodeterminaziorako eskubidea bermatzeko”.

Bide horretan, sexu karaktere bariazioen “despatologizazioa” galdetzen dute, adibidez, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) Gaixotasunen Sailkapenetik kentzea intersexualitatea. 2019an MOEk berritu sailkapenean “arazo” gisa segitzen du, sexua “normalizatzeko” betekizuna berretsiz. Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisario Dunja Mijatovicek gogor salatzen du: operazio hauek “tratu krudel eta ahalkegarriak” izan daitezke, ez baldin badira medikuntza ikuspegitik justifikatuak. Europar Batasuneko Giza Eskubideen Agentzia eta Europako Parlamentua ildo beretik doaz: “Pertsona intersexualen baimen libre eta informaturik gabeko operazioen debekatzea gomendatzen dugu”. Amnesty International eta Human Rights Watch egiturek ere “giza eskubideen urraketatzat” dauzkate.

Intersex aktibismoaren emaitza da iritzi hauen plazaratzea. 30 urte besterik ez ditu mugimenduak eta urtez urte zabalduz doa, gorderik atxikitako errealitatea bistaraziz. Inbisibilizazioarekin bukatzea eta tabua apurtzea, horra duten beste helburu politiko bat.

Sexu karaktere bariazioen 'despatologizazioa' galdetzen dute, adibidez, MOE-k Gaixotasunen Sailkapenetik kentzea intersexualitatea

1993an osatu zuen Cheryl Chasek AEBetan ISNA Intersex Society of North America izeneko lehen elkartea, Anne Fausto-Sterling biologista feministak The Sciences-en plazaraturiko The Five Sexes: Why male and Female are not Enough (“Bost sexuak: zergatik arra eta emea ez diren nahikoak”) artikuluari erantzunez. “Urrunago joanen naiz baietsiz infinituan moldagarria den continuum bat dela sexua, kategoriek inposaturiko hertsapenak gainditzen dituena”, Fausto-Sterlingen hitzetan. Garrantzia handiko ekarpena izan zen, zientzia munduan oihartzun handikoa gainera. Borroka horren historiari lotu aitzin, begira diezaiogun, laburzki bada ere, medikuntzak gorputz intersexualei buruz izandako jarrerari.

“Gorputz anormalak”

“Hermafrodita”, “intersexuala” eta orain “sexu garapen nahastea”. Hitz ezberdinak erabili izan dira gorputz hauek izendatzeko. Zehaztu beharra dago XX. mendea arte ez zirela medikuen esku artean, eta sistema juridikoak zuela finkatzen sexua. “Berez ez doa medikuntzak pertsona intersexualak bere gain hartzea, prozesu sozio-historiko baten emaitza da”. XX. mende hasieran medikuntzaren autoritatea indarra hartuz joan zen, modernizazioarekin batera. Jaioberriaren sexuaren identifikatzeko funtzioa bereganatu zuen, batez ere sortzeak emaginen eskuetatik ospitaleetara pasatzearekin. Gorputz intersexualen kontrola orduan hasi zen, “benetako sexua” –gizonezkoa edo emakumezkoa– definitzeko ezaugarriak finkatzeko erronkarekin. Lehenik gonadetan jarri zuten baldintza, baina laster konturatu ziren ez zela baitezpada argi, demagun, bien ezaugarriak dituzten obotestisen kasuan. Barne-sekrezioetan –hormonak izendatzeko erabilia zen terminoa– jarri zuten soa, nerabezaroa itxoin behar zela ziotelarik mediku batzuk. “Mediku batzuen frustrazioa eragiten zuen, aniztasun handia zegoelako praktiketan, kasu kontraesankorrekin gainera. Tarte zalantzatia uztearekin ez ziren eroso, ume intersexualak ahal bezain laster ordenan sarrarazi behar zirela zioten”.

Lawson Wilkins medikua (beltzez) dugu interbentzioak sistematizatzeko erabakiaren oinarrian. Ondoan dauka John Money ezaguna ere.

The Johns Hopkins medikuntza unibertsitateko Lawson Wilkins ospetsuak zabaldu zuen esku-hartzeak ahal bezain goiz egin beharraren segurtamena. Ondoko Harvard Unibertsitatean tesia idazten zebilen John Money besapean hartu eta 1955ean finkatu zuten gaur egun oraindik eragina duen postura: identitatea plastikoa da, “psikosexualki neutroa” da jaioberria, baina berehala eta zorrozki bideratu behar zaio genero bat. Ahal bezain goiz “konpondu beharreko anomalia” da intersexualitatea –Moneyren arabera, hemezortzi hilabeteak aitzin eta gehienik bi urteak arte–. Nola? Faloari begiratu eta bagina-penetrazio bat egiteko nahiko handia bada, orduan gizonezko sexua esleitu, bestela emakumezkoa. Ikuspegi heterosexual eta heteroarautua, bete-betean. Hopkins Paradigma izenez ezaguna da 1970eko hamarkadan sistematizaturiko esku-sartze hau.

1990eko hamarkada: lehen arrakalak

Moneyren eskutik pasatako David Reimer umearen bizipenen argiratzeak eragin zuen sekulako lurrikara 1997an. 1965ean, osasun arazo batzuengatik zirkunzidatu behar zituztela Reimer biki sortu berriak, Davidi nahigabean kaltetu zioten zakila. Arazoa Moneyri aurkeztu eta gurasoei argi utzi zien zakil hondatu batekin gizonezko ezin zitekeela izan. Emakumezkoa izan behar zuenez, 22 hilabeterekin operatu, Brenda izendatu eta emakumezko bezala hezten hasi ziren, hormonoterapia gehituz nerabezaroan. “John/Joan kasua” izenpean, Daviden kasuaz informatzen segitu zuen Moneyk, bere teoria frogatzeko kasu interesgarria zitzaiolako: gorputz “normaletan” ere bideratu zitekeen “sexu zuzenketa”. Daviden bizia ordea ez zen Moneyek goraipatzen zuena: traumak, depresioak, emakumezkoa ez sentitzea, gurasoei abisua eman izana suizidatuko zela Moneyren ikustera berriz joanez gero. Hamabost urte zituela, bere historia aitortu zioten gurasoek. Hortik aurrera gizonezko identifikatu zen eta interbentzio kirurgiko eta hormonalak abiatu zituen oinarrizko gorputzera itzultzeko. 1997an berea kontatu zion Milton Diamond sexologo ospetsuari, eta baimena emanik, honek zabaldu zuen egia. John Colapintok argitaraturiko As Nature Made Him: The Boy Who Was Raised as a Girl (“Naturak egindakoa: neska baten heziketa jaso duen mutikoa”) liburuan xeheki kontatzen da nola Moneyk ez zituen kontuan hartzen Reimeren bizipenak eta gaizki-izateak. Lurrikara eragin zuen medikuen artean, baita jendartean ere, lehen aldikoz ukan zelako gordetako errealitate honen berri. 38 urterekin suizidatu zen David Reimer.

Garai berean hasi ziren antolatzen intersex pertsonak. Harrotasunetik eta determinaturik. Hastapen batean medikuekin hitz egitea posible zela uste bazuten ere, laster konturatu ziren haiekiko “oso bortitzak” zirela eta haien bizipenei “elkor” segitzen zutela.

30 urte besterik ez ditu intersex mugimenduak eta urtez urte zabalduz doa, gorderik atxikitako errealitatea bistaraziz

Horrek guztiak ekarri zuen 2000. hamarkadatik aitzina Hopkins Paradigmaren ahultzea. Consortium Modeloak indarra hartu zuen: 2005ean, Chicagon egin endokrinologo pediatren elkarteen nazioarteko kongresuan abiatu zen interbentzio modelo berria. Protokoloa berrikusi, pazienteen eta medikuen arteko hartu-emanak garatu eta pertsona intersexualen segipen pertsonalizatuagoa bideratzea zuten xede. 2016an Journal of Pediatric Urology komunikabide zientifikoak publikaturiko ikerketa batek argitaratu zuen, ordea, praktiketan ez zela aldaketarik. “Intersexualitate”-aren ordez “sexu garapen nahaste” terminoa erabiltzea erabaki zuen urte berean medikuak, unibertsitarioak, ISNAko kide batzuk eta guraso elkarte batzuk biltzen zituen DSD Consortium taldeak, ofizialki estigmatizazioen kontra egiteko. Bariazioak hiru multzotan banaturik dituzte: 46,XX –nahasmen bat ukan arren, emakumezkoak direnak–, 46,XY –nahasmen bat ukan arren, gizonezkoak direnak– eta bestelako “anomaliak”. ISNAren baitan sekulako krisia eragin zuen eta 2008an desegin zen. Izendapen patologizatzailea eta “intersexualitate” hitzaren baztertzea ez ziren begi onez hartu.

Kromosometan oinarrituriko sexu dikotomia –emakumezkoentzat XX eta gizonezkoentzat XY– baino zabalagoa da errealitatea.

2003an sorturiko OII Nazioarteko Intersex Erakundeak gogorki kritikatu zuen aldaketa. Bastien-Charleboisek ere joko maltzur bat ikusten du 2005eko aldaketan: “Estigmatizazioaren aurka egiteko bidea dela diote, baina berriro ere boterea haien eskuetan atxikitzeko urratsa izan zen. ‘Benetako sexu’ bat badagoenaren ideiarekin segitzen dute: benetako emakumezkoa edo gizonezkoa dago, gure kasuan ‘nahasmen batzuekin’. Gure arteko elkartasuna hautsi nahi izan dute, esperientzia ezberdinak ditugula sinetsaraziz. Gure gorputzak baliogabetu izanaren bizipen partekatuan eraikia dugu gure identitate politikoa, eta bariazio ezberdinetakoak batzen ditu mugimenduak”.

Denbora aitzina doa eta baimen libre eta informatuaren bermea ez dute lortzen. Sekulako boterea duen autoritatea delako medikuntza eta badakite “inertzia egoera” batean izanik nekez lortuko dutela egoera iraultzea. Horregatik dituzte aliatuak nahi jendartean. Horregatik dira giza eskubideen aldeko egiturekin harremanetan. Bide legegiletik pasako da aldaketa: “Sentsibilizazio lan handia dugu egiteko, medikuntzaren autoritatearen parean uzkur direlako legegileak. Baina hau da bidea, behartuak ez direino ez dituztelako praktikak aldatuko”.

Ez da erraza norbere gorputz intersexuala maitatzea

Bere burua intersexual edo intersex izendatzea ez da urrats erraza. Testigantza anitzetan ikusi daiteke berandu ikasten dutela intersexual direla, gorputz hauen ezabatze-prozesuagatik eta horri buruzko tabuagatik –bi elkarrizketatuei dagokionez, batak 31 urterekin eta besteak 38 urterekin ikasi zuen–. Ttipi-ttipi zirenean hasitako operazioak edota hormonoterapiak dira; hitz zientifiko ezezagun batzuez izendatutako bariazioak dira; maiz gurasoekiko harremanean isilduriko kontua da; eta mediku txostena eskatuz gero errefusatua izan ohi zaie. Kontzientzia hartuz gero, guztiak ez dira militantziari lotzen, handiegiak izan daitezkeelako traumak, gorputz anormala ukaitearen sentimendua eta gaizki-ezak. Aktibismoari lotzeko orduan, beste traba bat izendatzen du Bastien-Charleboisek: medikuntzako literatura eskuratzeko, irakurtzeko, ulertzeko eta liseritzeko zailtasunak. Ez da erraza, terminologiagatik, oztopo ekonomikoengatik eta “emozionalki oso bortitza” zaielako hiztegi patologizatzailearen liseriketa.

Maltako Adierazpenaren izenpetzaileak, 2013an (intersexday.org).

Hala ere, geroz eta gehiago dira inplikatzen, batez ere belaunaldi berrietan. Internetek erraztu du bidea. Asko ekartzen die aktibismoak: “Balio handikoa da, isolamendutik ateratzen garelako, luzaz pentsatu dezakegulako bakarrak garela munduan. Esperientzia partekatzea aberatsa da eta ulertua izateak asko dakar, lasaigarria da. Guretik jartzen ditugu hitzak, eta hori asko da, luzaz estaliak izan garelako gailentzen gaituen autoritatearen kontzeptuez. Noski, toxikoa ere izan daiteke, traumengatik suntsituak daudelako batzuk eta horrek harremanak zailtzen dituelako –konplexua da: despatologizatzeko balio digu, baina aldi berean, begi-bistaratzen digu bizitutako bortizkeriaren heina eta hori gogorra izan daiteke–”.

"Bai teknikak hobetu dira, ‘hobeki mutilatzen’ dute. Auzia ez datza horretan: pertsonaren baimen libre eta informatua izatea nahi dugu"
Janik Bastien-Charlebois

LGBT komunitatearen parte kokatzen dute intersex identitatea, pairatzen dutena “heteroarauaren emaitza” delako. Gainera, intersex pertsonen artean badaude gayak, lesbianak eta transak. Hala ere, kolektiboen artean elkar entzuteko joera eskasegia dela dio Bastien-Charleboisek, eta bakoitzarena errespetatuz aitzinatu beharra azpimarratzen du. Identitate politikorik ez inposatzea funtsezkotzat dauka Bastien-Charleboisek eta hitz bakoitza arreta handiz aukeratzeko moduan nabari zaio hori. Horrentzat dute intersexual eta intersex ñabardura egiten –lehenarekin, sexu bariazioan jarriz arreta, bigarrenarekin, identitate politikoan–. Adibidez, kolektiboki ez dute hirugarren generorik aldarrikatzen, intersexual batzuen urruntzea eragin dezakeelako. Baina ez dira ere genero binarismoaren defendatzaile, arrazoi beragatik. Batzuk identitate ez-bitarrean badabiltza ere, asko dira gizonezko edo emakumezko identifikatzen: Australiako 2016ko ikerketa batean galdekaturiko intersexualen %75 genero binarismoan kokatzen da.

Gehiago ikasiko dugu jarraian doan elkarrizketari esker. Intimoa eta politikoa juntaturik, lehen pertsonan azaldua zaigulako.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: LGBTI
LGTBI pertsonak armairutik ateratzeko beldur dira lantokian

LGTBI kolektiboko hamar lagunetik bederatzik sekretuan mantentzen du bere sexu-joera laneko nagusien aurrean, eta lautik hiru ez da armairutik ateratzen lankideekin. Zergatiez, beldurrez eta arriskuez hitz egin dute Espainiako LGTBI+ Federazioak egin duen ikerketan.


Elena Guinea. Guztiontzako guneak sortzen
“Taberna bat edukitzea ardoak ateratzeko bakarrik, paso”

Etxe honetan askok ezagutzen dute Elena Guinea: 2021eko abenduan aldizkariaren azalean agertu zen, titi bakarrarekin eta irribarretsu, alboan zituela Sandra Barkaiztegi eta Olatz Mercader. Iñurri elkartearen (Min)bizi podcastean entzungo zuten beste hainbatek —Argia... [+]


Bilboko eraso homofoboa Legebiltzarrera iritsi da

Santomasetan bi homofobok sudurra apurtu zioten 23 urteko gazte bati eta kasu horren harira hainbat galdera egin dizkio Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Jaurlaritzari, LGBTfobiari aurre egiteko neurrien inguruan. Bilboko EHGAMek ere badu zer esana: "Zisheteronorma babesten... [+]


2024-01-08 | ARGIA
LGBT+ eragileek Baionako apezpikua salatu dute Aita Santuak bikote homosexualez esandakoa desitxuratzeagatik

Eliza katolikoak abenduaren 18an argitaratu zuen Fiducia supplicans agirian bikote homosexualak bedeinkatzeko aukera eman zuen. Abenduaren 29an, beste agiri baten bidez, Marc Aillet Baionako apezpikuak Aita Santuaren hitzak bere modura interpretatu zituen. Bere elizbarrutiko... [+]


2023-08-24 | Ilargi Manzanares
Pertsona trangeneroen aurkako erasoak handitu egin dira

Eraildako Trans Pertsonen Behatokiak egindako “Trans hilketen monitorizazioa” txostenean 2021eko urriaren 1etik 2022ko irailaren 30era 44 herrialdeetan izandako 327 pertsona transen hilketak salatu dira.


Eguneraketa berriak daude