“Geure burua zaintzeko ezinbertzekoa da planeta zaintzea”

  • Kataluniako Greta Thunberg goitizenarekin identifikatzen du batek baino gehiagok Lucía Pàmpols Teixidó (Corbins, Katalunia, 2012). Familiarekin txangoak egitean topatutako zikinkeriarekin kezkatuta, Lulú Clean Planet egitasmoa abiatu du, zabor bilketak antolatzeko egitasmoa.

"Gure planeta da, beraz, gure etxea izango balitz bezala zaindu beharra dugu. Eta ez gara zaintzen ari". (Argazkia: Dani Codina)

Noiz eta nola jaio zen Lulú Clean Planet ekimena?
Duela urtebete, gutxi gora behera. Aitarekin batera mendian txangoak egiten genituenean zikinkeria pila topatzen genuen. Gehiegi. Halako batean zerbait egin behar genuela pentsatu eta aitari proposatu nion ingurumena zaintzeko ekimenen bat sustatzea. Hasieran, aitarekin batera egiten genituen bilketak: txangoa egitera joan eta poltsa batzuk eramaten genituen motxilan zikinkeria biltzeko. Baina, poliki-poliki, konturatu ginen guk egiten genuenarekin ez zela nahikoa, eta harago joatea pentsatu genuen. Hasieran, mugikorreko aplikazio bat sortu nahi genuen, baina garestiegia zenez Instagrameko profila sortzea erabaki genuen. Horrela jaio zen @LuluCleanPlanet. Jende gehiagorengana iristea zen helburu nagusia.

Zeintzuk dira zure erreferenteak?
Egia erran, ez dakit. Tira, Greta Thunberg jarraitzen dut eta egiten duena miresten dut. Bertzalde, ikaragarri gustatu zait Raül Hurtado, José Ibañez eta Claudia Mosqueraren Aturem la invasió liburua, gauza anitz ikasi ditut. Adibidez, bi orduz plastikozko botilak pilatuko bagenitu ilargiraino iritsiko ginatekeela jakin nuen. Pentsa!

Ingurumenaren aldeko aktibista zarela erranen zenuke?
Duela gutxi arte ez nekien zer zen aktibista izatea. Baina, hein batean bai, uste dut. Izan ere, gustatzen zaizkidan gauzak egiten ditut planeta zaintzeko ekimenen bitartez, eta ingurumena zaintzearen aldeko kontzientzia areagotzen saiatzen ari naiz. Beraz, bistaratzen ari naiz nire ekarpenik gabe jorratuko ez liratekeen gaiak….

Zenbateraino dago barneratuta zure adineko lagunen artean ingurumena zaintzearen garrantzia?
Bueno, denetarik dago… Erranen nuke gutxi batzuek kontzientzia hartu dutela, baina bertzeek ez. Egia da gelako lagun batzuek parte hartu dutela nik antolatutako bilketetan, babesa eman didate, baina bertze batzuek ez. Eta larriena da gauzak lurrera botatzen jarraitzen dutela… Paso egiten dute!

Eta helduek?
Hemen ere denetarik dago. Erranen nuke gehienak euren burua zaintzearekin kezkatuago daudela, planeta zaintzearekin baino. Eta nire ustez geure burua zaintzeko ezinbertzekoa da planeta zaintzea, planetarik gabe ezingo garelako bizi.

Eta, zer deritzozu enpresen edo boterea duten pertsonen jarreraz?
Kezkagarria iruditzen zait, plastiko gehiegi sortzen dutelako. Nik kartoizko enbaseak erabiliko nituzke beti…

Argazkia: Dani Codina

Nola antolatzen dituzu bilketak?
Hasteko, tokia aukeratzen dugu, zikinkeria aunitz dauden guneak identifikatuz. Gero, bideo bat publikatzen dut Instagramen deialdia iragartzeko; eguna eta ordua zehaztuz. Ondoren, hitzorduan bertan antolatzen gara eta gunea handia bada taldeetan banatzen gara. Zikinkeria guztia bildutakoan materialen bereizketa egiten dugu eta jasotakoa pisatzen dugu. Azkenik, behar den tokian botatzen dugu edo, udalaren babesa badugu, eurei eramaten diegu beraiek botatzeko.

Erakunde publikoen babesik ba al duzu?
Nire familiaren babesa dut beti, eta tarteka, laguntza puntualen bat jaso dugu, bai: bilketaren batean udalak poltsa bat prestatu du ura eta frutaren batekin eta bilketa egiteko behar dugun materiala erraztuz. Baina, normalean, ez dugu erakunde publikoen babesik izaten eta, beraz, guk antolatzen dugu gure kabuz.

Zenbateraino da garrantzitsua erakunde publikoen konpromisoa ingurumena zaintzerako orduan?
Euren konpromisoa ezinbertzekoa da, zerbaitetarako dira politikari, ezta? Eurek dute boterea eta, beraz, eurek kudeatu beharko lukete guk egiten duguna. Planeta pikutara botatzen badugu, ezingo dute botererik izan, gainera. Tira, ardura eurena da eta, beraz, funtsezkoa iruditzen zait ingurumenaren inguruko kontzientziazio honetan erakunde publikoek ere bat egitea.

Nola baloratzen duzu jendearen erantzuna bilketak antolatzen dituzuenean?
Baikorra naiz, jendea animatzen delako. Gainera, bilketa desberdinetan errepikatu duten lagunak ere badaude. Garrantzitsua iruditzen zait hori. Eta biltzen dugunaz gain, erabakigarria ikusten dut kontzientzia sortzen ari garela: gero eta jende gehiagok jarraitzen du egiten duguna eta interesa sumatzen dugu. Gustatzen zait ikustea bilketen ondotik jendea pozik bueltatzen dela etxera.

Irteeraren bat hitzartuta duzue orain?
Egia erran, ez. Nire gurasoek lan anitz dute eta Gabonak iristear direla kontuan hartuz, gehiago. Hala ere, hori gerta zitekeela ikusirik, eta bilketen erritmoa ez gelditzeko, #LuluCleanChallenge egitasmoa sustatu dugu: hainbat eskolatara gutun bat bidali genuen bilketak egiteko irteerak eurek antolatzeko. Parte hartzen ari diren guztien artean nire gurasoen FESTUC Teatre konpainiaren antzezpen bat zozketatuko dugu.

Zein uste duzu dela planeta zaintzeko erronka nagusia?
Batetik, plastikoa eta zikinkeria gutxiago sortzea. Eta bertzetik, gauzak lurrera ez botatzea eta fabrikek ke gutxiago ateratzea. Baina, horren gainetik erranen nuke garrantzitsuena dela biztanleriaren artean errespetua berreskuratzea, gainontzekoekin errespetuz jokatzen badugu ingurumenari ere laguntzen diogulako. Catalunya CleanUp Challenge egitasmoak erraten duen bezala, “ez da gure etxea, baina bai gure planeta”. Beraz, gure etxea izango balitz bezala zaindu beharra dugu. Eta ez gara zaintzen ari.

Aktibismo goiztiarra
“Lucía naiz eta 9 urte ditut. Xaviren arreba naiz, bikiak eta haur goiztiarrak gara, baina lehen unetik laguntzarik gabe arnastu nuen; nire aitak borrokalaria naizela dio beti. Corbins izeneko Lleidako herri txikian bizi naiz. Nire adineko haurrak bezalako neska arrunta naiz eta natura maite dut. Ingurumena niretzat altxor bat da, animaliak eta zuhaitzak ikusten ditudan bitartean aire garbia arnastu ahal izateko gunea, hain zuzen ere. Horregatik bihotzak eta gorputzak eskatzen dit nire esku dagoen guztia egitea, merezi duen bezainbertze zaintzeko planeta".

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekologismoa
2024-04-15 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsan mobilizazioa
"Ez da trantsizioa, espekulazioa da"

Euskal Herria Bizirik sareak antolatuta eta 84 eragilek deialdiarekin bat eginda, 2.200 pertsona manifestatu dira "Lurraren defentsan" Azpeitian, apirilaren 13an. Goizean bertaratu direnek lau tailer eta mahai-inguru baten bidez aztertu dituzte zein diren berdez... [+]


2024-04-10 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsan mobilizazio eguna apirilaren 13an Azpeitian
“Enpresen eskuetan gaude eta politikan ez dago horri galga jarriko dion inor; hori are larriagoa da”

Lurraren defentsan mobilizazio eguna deitu du Euskal Herria Bizirik sareak apirilaren 13an Azpeitian, "lurraldeari eta landa-eremuari eraso egiten dioten makroproiektuekiko arbuio sozial zabala erakusteko". Deitzaileekin bildu gara.


2024-04-08 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsan topaketak eta manifestazioa deitu ditu EH Bizirikek larunbata honetan Azpeitian

Lurraren defentsan Euskal Herria Bizirik sareak manifestazioa deitu du apirilaren 13 arratsaldeko 18:00etan Azpeitian, "lurraldeari eta landa-eremuari erasotzen dioten makroproiektuekiko arbuio sozial zabala erakusteko". Goizean gaiari lotutako hainbat tailer eta... [+]


Eguneraketa berriak daude