Osasun mentala, taburik eta estigmarik gabe

  • Isilean eta ezkutuan sufritu ohi diren buruko gaitzek plaza publikoa hartu dute azken boladan. Pandemiak, sare sozialek eta gaiaz hitz egiteko prest dauden belaunaldi gazteek mahaigaineratu dute askoren egoera. Asko direlako arazo mentalen bat edo ondorio psikologikoren bat bizitzen ari direnak; hala diote datuek. Kezkagarria eta esanguratsua da depresioa, antsietatea eta gisakoak dituzten lagunen gorakada, baita suizidioak zenbat biderkatu diren ere, bereziki gazteen artean. Zer ari da gertatzen? Gaiaz gehiago hitz egiteak tabuak eta aurreiritziak apurtzea ekarri al du? Zein profilek dute buruko gaitza izateko arrisku gehiago? Nola prebenitu arazo psikologikoak, nola landu heziketa emozionala eta zer esan nahi du zehazki psikologoaren kontsultara joateak? Medikazioarekin uztartu behar al da? Baliabide publiko nahikoa inbertitzen al da? Eta zer du esateko kristalezko belaunaldia deiturikoak? Mahaiaren bueltan, galdera ugari plazaratu dizkiegu gure hiru solaskideei. Zalantzak argitu dizkigute Leire Pinedo psikologoak, Idoia Agirre psikiatrak, eta depresioa eta antsietate nahasmendua jasan dituen gazteak –Elena ezizena jarri diogu, anonimotasuna mantendu nahi baitu–.

Lucija Rasonja

Buruko osasuna lehen lerrora ekarri du gazte ugarik, sare sozialetan. Erori dira uste eta aurreiritzi batzuk, ala ilusio bat baino ez da?
Elena: Buruko osasunak presentzia du sare sozialetan, baina gazteok gauza guztiez hitz egiteko erabiltzen ditugulako sare sozialak, nolabaiteko anonimotasuna ere ematen digute, zenbait gauzaz hitz egiteko; horrek ez du esan nahi tabua existitzen ez denik. Dena den, kontuz ibili beharreko zerbait da, sarri gehiegi erakusten dugulako gure burua, eta gauza asko ez dira Twitterren ez gisakoetan kontatzekoak. Beharrezkoa da buruko osasunaz eta dituen ondorioez mintzatzea, tabua apurtzea, baina aldi berean autozaintza ere funtsezkoa da eta norberari gertatzen zaiona zabaltzea arriskutsua izan daiteke, zure errealitatea kontatzen duzunean beste pertsonei legitimitatea ematen diezulako zuk bizi duzun horretaz haien iritzia eman dezaten, eta inportantea dena ez da besteen iritzia –justu hori da momentu horretan behar ez duzuna–, errealitate hori egon badagoela adieraztea baizik. Tabua apurtzea ongi dago, baina horren gainetik dago autozaintza; gertatzen zaizuna kontatzeko prest ez bazaude, ez kontatu.
Leire Pinedo: Tabua existitzen da oraindik, nahiz eta egia den apur bat irekitzen ari dela kontua, sare sozialetan, hedabideetan... eta jende ezaguna ere agertu da bere esperientzia kontatzen. Apur bat modan ere badago, badirudi ongi ikusita dagoela buruko osasunaz hitz egitea, baina informazio desegokia zabaltzea ere badakar horrek eta batzuetan desitxuratu egiten da gaixotasun mentala zer den, indarkeriarekin lotzen da eta halakoak.
Idoia Agirre: Lehen ez ziren bistaratzen eta orain aldiz, sare efektua handia da: batek dio, besteak errepikatzen eta zabaltzen du... Tabua eta totema, bietatik egiten dugu buruko osasunarekin: batetik, ezkutatu. Bestetik, “hau horrela da” diogu, gero eta gehiago dakigulako kontu hauetaz, baina ez dakigu dena, eta gainera gure gizarte eta kulturaren seme-alabak gara, beste kultura batzuetan ezberdin erantzuten diote arazo edo egoera berari, maitasuna edota heriotza ezberdin ulertzen ditugulako, adibidez.
Elena: Gazte asko ezagutzen dut, nik izan nuen arazo antzekoak dituztenak, antsietatea eta abar. Batzuetan ukatzen dugu zerbait dugula eta uste dugu bakarrak garela, baina inondik inora, kontua da ez dela gaiaz hitz egiten. Twitterren haria egin nuen nola sentitzen nintzen kontatuz, eta nire adineko jende ugarik idatzi zidan, galdetuz nola bilatu laguntza, zein pauso eman, psikologora joateko nola egin... Inork ez digulako informazio hori guztia ematen.

Elena: “Beharrezkoa da buruko osasunaz mintzatzea, baina norberari gertatzen zaiona zabaltzea arriskutsua izan daiteke, beste pertsonei legitimitatea ematen diezulako zuk bizi duzun horretaz haien iritzia eman dezaten”

Zenbaterainoko kaltea egiten dute Mr. Wonderful mezuek, zoriontasuna eta ongi egotea norbere esku dagoela errepikatuz?
Agirre: Hemendik eta handik hartutako esloganak dira. Badakigu zer esan nahi duten, baina ez dira egokiak, eta gaizki pasatzen ari denari ez diote laguntzen. Mezu indibidualistak dira, eta norberak bere ardura hartzea ongi dago, baina egin dezakeen horren gaineko ardura hartzea, dena ez baitago norberaren esku.
Pinedo: Autolaguntzako mezuak ez dira lagungarri, bizitza ez delako horrelakoa. Bizitza errealean sufrimendua dago, emozio eta egoera desatseginak izaten ditugu, ez da egia edozer lor dezakezula gogoz desiatuz gero... eta horrelako mezuek ahulago egiten gaituzte, espero duguna ez dugulako lortzen, eta egokiagoa delako onartzea sufrimendua eta nahi ez ditugun egoerak biziko ditugula. Gainera, errudun sentimendua areagotzen dute, adierazten ari zaizkizulako txarto bazaude dela ez zarelako nahikoa saiatu.
Elena: Sufrimendua da gure bizitzako osagai ohiko eta inportantea, eta hori ulertzea eta onartzea aurrerapauso handia da, nire prozesuan hori ikasi dut. Jakina, inork ez du sufritu nahi, baina sufritzea egokitzen denean sufritu behar dela ulertzea ez da ohikoa, sarri arrazionalizazio etengabea egiten dugulako sufrimendu hori saihesteko, eta aldiz emozioak onartu egin behar ditugu, sentitzen dugunarekin bizitzen jakin, abiapuntu horretatik gainerako guztia garatzeari ekiteko.
   Aipatu ditugu sare sozialak; horietan zer egiten dugu? Dena perfektua dela irudikatu, tristezia existituko ez balitz bezala, eta emozio negatiboak ikusezin bihurtzea arazo handia da.
Pinedo: Egunerokoa ez delako izaten muturrekoa: ez oso triste egotea, ez sare sozialetako poztasun eta perfekzio hori. Egunerokoa da gosaltzea, lanera joatea, autobusa hartzea, aspertzea... eta sare sozialetako irudiekin konparatuta sentitu dezaket nire bizitza ez dela hain ona.
Elena: Mr. Wonderful mezuei aurka egin nahi dien esaldi bat bada, amorru handia ematen didana: “Ongi dago gaizki egotea”. Nik, gaizki nengoenean, kalera ateratzeari, ikasteari, harremanak izateari... utzi nion, eta irakurtzen nuenean “ez da ezer pasatzen triste egoteagatik”, pentsatzen nuen “bai, gauza asko gertatzen da”. Horregatik, tristezia onartu behar da, bai, eta eskubidea dugu triste egoteko, baina aldi berean ulertu behar dira tristezia horrek ekartzen dituen ondorioak, nire kasuan adibidez ez ezer egiteraino, pertsona izateari uzteraino... Gaizki egotearen ondorioak digeritzea sarri oso zaila da.
   Jendeak uste du gaizki egotea dela triste egotea eta tristezia horren atzean arrazoi handi bat dagoela, aita hil zaizula edo gisako zerbait, baina nire kasuan tristezia baino gehiago ezinegona bizi nuen –takikardiak nituen– eta ez zegoen arrazoi nagusi bat, ez zegoen trauma bat depresiora eraman ninduena, eta jendeari kosta egiten zaio hori ulertzea. Nik neuk ez nekien zer pasatzen zitzaidan, nekien bakarra zen etxean ohean botata pasatzen nuela eguna pertsianak jaitsita, eta psikologoarekin lantzen hasi nintzen hori bera, gaixotasuna bera, nola gestionatu egoera hori, ez horretara iristeko arrazoia.
Pinedo: Kasuan kasu ezberdina da. Batzuetan une jakin bateko arazoa da, esaterako lanean presio handia duzula eta antsietatera eraman zaituela, eta zure bizitzako gainerako eremuak ongi badaude, errazagoa da egoera horretatik ateratzea. Beste batzuetan atzean egon daitezke garatzen joan garen harreman motak, pentsamenduak edo beldurrak, gu kontziente ez izan arren. Adibidez, gure buruari eskatzea ahal duguna baino produktiboago izatea, jasotzen dugun mezua hori delako, daramagun bizimodua oso normalizatua dugulako. Begira pandemian zer gertatu den: zerbait larria bizi izan dugu, eta eskatu zaigu sistemaren gurpila elikatzen segitzea, agian behar genuena zenean gelditzea, pentsatzea, deskantsatzea...

I. Agirre: “Badago halako aurreiritzi bat, haurtzaroa eta gaztaroa gatazkarik gabeko garai zoriontsuak bailiran, eta uste dut helduok egiten dugun tranpa dela, helduok bakarrik sufrituko bagenu bezala”

Gaia presenteago egon arren, sentsazio orokortua izan daiteke, “niri ez zait pasako, ni indartsua naiz psikologikoki”. Aldiz, datuek diote gutako askok izango duela buruko gaitzen bat bizitzan zehar. Ba al dago profilen bat, joera handiagoa izan dezakeena horretarako? Ba al dago jende psikologikoki “ahulagoa” eta jende “indartsuagoa”?
Agirre: Jorge Tizón psikiatrak hala dio: “Osasuna kontzeptu positibo eta orokorra da, eta batez ere, ez da osasuna ez egotea”. Alegia, osasuna ez da gaixotasunaren kontrakoa, osasuna da pertsona batek une batean lortu duen oreka, eta osasuntsua izan daiteke une batean gaixotzea, horrek aurrera egiten lagunduko badizu. Zerbait larria gertatu bazaizu, ezin duzu erritmo berean segi, gelditu eta zaintza leku bat bilatu behar duzu... Denok dugu une jakin batean gaixotzeko eta osatzeko eskubidea.
Pinedo: Gutako askok gaitz mentalen bat izango dugula diote aurreikuspenek eta kopuruak harritzen gaitu, ziurrenik buruko gaitzez ari garenean gaixotasun oso larriak datozkigulako gogora, baina nik egunerokoan kontsultan ikusten ditudan kasu gehienak ez dira larriak, gehiago dira une jakin batean ongi gestionatzen ez diren egoerak, edo zerbait pasa da eta erreakzio bat dago, maite duzun norbait hil dela esaterako. Joera handiagoa duten profilez galdetzen duzu; ez dago ahulagoa den profilik, baina bai neurotizismoari lotutako ezaugarriak dituztenak: emozio aldakor asko dituztenak, gauzak tentsio handiz edo erruduntasunez bizitzeko joera dutenak, sintoma fisikoen oso gain daudenak, edo zurrunak direnak eta aldaketetara egokitzeko zailtasun handiagoak dituztenak... Kontua da, izaera horiek indibidualizatzetik harago edo genetikoa dela pentsatzetik harago, batzuetan bizitako inguru eta egoerek garatu ahal izan dituztela gugan halako joera eta segurtasun-gabeziak.
Elena: Gehituko nuke sentsibilitateak ere zerikusia izan dezakeela. Gertatzen dena bost axola zaionak ziurrenik aukera gutxiago izango du antsietatea jasateko...
Pinedo: Bai, baina aldi berean, agian dena bost axola zaion horrek antsietatea ez baina indarkeria kontrolatzeko arazoak izango ditu. Buruko gaitzak askotarikoak dira, nahiz eta egia den bi ohikoenak depresioa eta antsietatea direla.
Elena: Eta “indartsu” eta “ahul” adjektiboak ez dira egokiak. Ni psikologikoki oso indartsua naiz, presioari adibidez oso ongi egiten diot aurre mentalki, berdin min fisikoari ere, eta begira, depresioa izan dut.
Pinedo: Denok ditugu gure puntu ahul eta indartsuak, eta puntu horiek ukitzen ditugunean erori egin gaitezke, bat eroriko da gurasoa hiltzen zaionean, eta beste bat beste zerbaitekin...

L. Pinedo: “Suizidioaren fokua soilik gaitz mentaletan jartzen badugu, beste arloetan ez dugu arreta jarriko; eta adibidez, bizimodu duina ezin eraman ahal izatea edota bizimodu prekarioa izatea ere badira arrisku faktore”

Zein dira aurreiritzi ohikoenak?
Elena: Bat-batean zoratu zarela, pertsona arraroa bilakatu zarela...
Agirre: Aipatu berri duguna, buruko gaitza jasatea ahul izatearekin lotzea.
Pinedo: Eta buruko arazoak gaitz oso larriekin lotzea, baina arazo psikologiko arinak dira gehiengoa, eta soluzio erraza izan dezakete.

Klase sozial baxuko jendeak buruko gaitz gehiago dituela diote ikerketek. Buruko osasuna klasista da?
Pinedo: Pobrezian eta prekarietatean bizi bazara, segurtasunik ez baduzu zure bizitzan, jatekoa izatea kezka bada, edo seme-alabek zein etorkizun izango duten... errazagoa da antsietatean edo depresioan jaustea.
Agirre: Nik nabarmenduko nuke zaintza guneekiko irisgarritasuna. Hau da, gaixo zaudelarik, iristen al zara zaintza gune horietara, behar bezainbeste eta behar bezala?

Ikerketek ere badiote emakumeek buruko gaitz gehiago dutela. Generorik ba al du buruko osasunak?
Pinedo: Batetik, presio gehiago dugu emakumeok, enpleguari zaintza lanak gehitu behar zaizkiolako. Bestetik, kulturalki emakumeek errazago eskatzen dute laguntza psikologikoa, eta beraz gehiago daude diagnostikatuta. Horrek ez du esan nahi gizonek buruko osasun hobea dutenik, baizik eta zailtasunei beste moduren batera egiten diotela aurre; alkohol edota droga kontsumoari begiratu beharko genioke.
Agirre: Interesgarria da, barneratuta ditugun ereduengatik helduaroan emakumeek errazago hitz egiten baitute kontu hauetaz, baina haur eta nerabeen estatistikei begiratuz gero, diagnostikatzen den gehiengoa mutila da, eta hipotesiek diote kutsu kulturala ere egon daitekeela atzean, ezintasuna nola adierazten duten batzuek eta besteek, autonomia, garapena, agresibitatearen adierazkortasuna...

Elena: “Kristalezko belaunaldia deitzen digute, helduentzat gara kristalezko eta ahul, belaunaldi gisa onartzeagatik ez gaudela ondo, salatzeagatik nola sentitzen garen. Niri iruditzen zait oso lan ona egiten ari garela, hori guztia salatzen”

Eta adinik ba al du osasun mentalak? Buruko gaitzen kopurua gazteen artean asko handitu dela diote datuek. Pandemiak zenbaterainoko eragina du honetan guztian, zenbateraino du eragina etorkizunerako askok duen perspektiba faltak?
Pinedo: Denak izan du eragina. Pandemian, esaterako, garbi geratu da zein funtsezkoak diren harreman sozialak gazte garaian.
Agirre: Batzuek krak egin dute pandemian, hori agerikoa da.
Elena: Eta gazteok dugun segurtasun eza ere izugarria da. Ikasketak amaitzen ditugu baina ez dugu lanik eta lana baldin badugu baldintzak oso prekarioak dira, 35 urtera arte gurasoen etxean bizi behar izaten dugu...
Pinedo: Ez gara justuak gazteekin, badirudi gazteen arazoak ez direla hain garrantzitsuak, entzuten dugu unibertsitate garaia dela bizitzako sasoirik onena, baina oraintsu gaztea izatea da Elenak esan duen hori guztia. Berdin nerabezaroarekin: etapa oso delikatua eta gogorra da, erreferentetzat genituen gurasoekiko harremana aldatzen da, lagunekikoak, emozioak kontrolez kanpo ditugu... eta helduontzat arazoak beste batzuk dira, lanari lotuta eta abar, baina ulertu behar dugu gazteak sentitu daitezkeela baztertuta, sentitu dezaketela inork ez dituela ulertzen ez kontuan hartzen, eta gainera norberarentzat norberaren arazoa inportantea dela beti.
Agirre: Badago halako aurreiritzi bat, haurtzaroa eta gaztaroa gatazkarik gabeko garai zoriontsuak bailiran, eta uste dut helduok egiten dugun tranpa dela, helduok bakarrik sufrituko bagenu bezala. Gizakiaren psikismoaren eraikuntza ere hor dago, gauza ugari inkontzientean uzten ditugulako, isilarazten ditugu, ahaztu... Haiekiko distantzia hartu nahi edo behar dugulako. Ukapena defentsa handi bat da, beharrezkoa, baina ez du esan nahi errealitate hori eman ez denik.
Elena: Kristalezko belaunaldia deitzen digute, helduek begiratzen gaituztelako gazte zirenean eurek zituzten beharrekin, eta egoera ez da berdina. Haientzat gara kristalezko eta ahul, belaunaldi gisa onartzeagatik ez gaudela ondo, salatzeagatik nola sentitzen garen. Niri iruditzen zait oso lan ona egiten ari garela, hori guztia salatzen, gure gurasoen belaunaldiak salatu ez izanak ez duelako esan nahi existitzen ez zenik. Gu kapazak gara esateko “begira, hau gertatzen zait, hau errealitate bat da eta arazo bat da, sistema ez dago prest honi aurre egiteko”.
Pinedo: Belaunaldi bakoitzak bere borrokak ditu. Nik ere ikusten dut bai kontsultetara etortzeko, bai kontsultetan emozioez hitz egiteko erraztasun handiagoa dutela gazteek, eta hori ona da. Lehenengo kontsultan heldua maiz beldur askorekin etortzen da, zer pentsatuko duten besteek, erotuta ote dagoen... eta gazteek naturaltasun osoz hartzen dute psikologoarenera joatea. Garrantzitsua da hori.
Agirre: Kristalezko belaunaldia entzuten dudanean zer pentsatua ematen dit, hauskortasuna iradokitzen didalako, baina baita gardentasuna ere. Gustatuko litzaiguke garden izatea, ulerterrazak, garaiotan dena jakin nahi dugulako eta dena eskura dugula uste dugulako, baina ez gara garden eta ulerterraz, izaki konplexuak gara, kontraesankorrak, subjektiboak... eta buruko gaitzekin gertatzen zaigu ez ditugula ulertzen. Horrek aztoratzen gaitu.

Leire Pinedo (argazkilaria: Hodei Torres)

Gazte parrandazaleen irudiez bonbardatu gaituzte albistegietan. Ez al da hain justu parrandarik egin nahi ez eta etxeko gotorlekuan gordeta dagoen gaztea, kezkatu behar gaituena? Isolatzeko joerari mesede egin ote dio pandemiak?
Elena: Kale-zurruten afera helburu politikoak dituen asmakizuna izan dela iruditzen zait, ez dela eragin dituen eztabaidetarako adina. Eta etxean isolatzeari buruz, batzuen kasuan zuk diozuna gertatuko zen, beste batzuentzat agian aukera izan da gelditzeko, erritmo frenetikoan stop egiteko. Niri neuri ongi etorri zitzaidan itxialdia, justu depresiotik atera berri nintzelako, eta inongo presio barik eta azalpenak eman beharrik gabe lasai egoteko aukera izan nuelako.
Agirre: Isolamendua nik lotzen dut behartutako bakartzearekin, pribazioarekin, eta horrek frustrazioa dakar. Beste kontu bat da borondatez egindako erretiroa, zeren sarri gaztea bakarrik dago logelan, baina ez dago bakarrik, lagunekin jolasten edo hitz egiten ari da ordenagailuz. Gazte horrek zerbait ote duen ikusteko, datu gehiago beharko genituzke.

Suizidioen gorakada ere nabarmena dela diote datuek. Buruko gaitzak erantzunik –edo erantzun onik– izan ez duen seinale argiena al da suizidioa?
Pinedo: Suizidioa bakarrik gaixotasun mentalekin lotzea ez da zuzena; sufrimenduarekin lotuta dago, baina ez beti gaixotasunarekin, eta gaixotasun mentala duen gehiengoak ez du bere buruaz beste egiten. Buruko gaitza bada arrisku faktorea, ez da bakarra ordea, eta suizidioaren fokua soilik gaitz mentaletan jartzen badugu, beste arloetan ez dugu arreta jarriko; adibidez, bizimodu duina ezin eraman ahal izatea edota bizimodu prekarioa izatea ere badira arrisku faktore.
Agirre: Eta gehituko nuke gure gizartea krisian dagoela, Freudek aipatzen zuen Gizartearen ondoeza ere bizi dugula, eta gizarte moduan egin behar dugula gogoeta, gure gazteek nahiago badute hil, mundu honetan bizi baino. Azken finean, mundu hau asko da helduona, helduok  agintzen eta arautzen dugu, eta gure antolaketarekin zapalduta senti daitezke gazteak. Prekarietatea, ilusio falta... aipatu ditu lehen Elenak.

Elena: “Ikasi nuen ezin niela ingurukoei eskatu gertatzen zitzaidana ulertzea, hain da konplexua eta ulergaitza. Hortaz, jendeak zer egin dezakeen laguntzeko? Epaitzen ez bazaitu, ez da gutxi”

Ikuspegi egokitik jorratzen al dugu suizidioa hedabideok?
Pinedo: Faltan botatzen dut pautak ematea, txarto nagoenean zer egin, nora jo... Indarkeria matxista jorratzean baliabideen berri ematen den gisan. Baina bestela, suizidioa ikusgarri egitea ongi dago, iruditzen zait positiboa dela honetaz hitz egitea, akatsak akats, jada badakigulako honetaz hitz egiteak ez duela imitazio efektua sortzen. Beren buruaz beste egiten saiatu dela eta gero hortik nola atera den kontatzen duen jende ezagunaren esperientziak ere lagungarriak dira.
Agirre: Hori da, informazio erabilgarria ematea da gakoa.
Elena: Komunikazioaz ari bagara, beste heriotza batzuk saihesteko diru publikoa inbertitu den moduan, esaterako auto istripuak murrizteko kanpainetan-eta, honetan ere inbertsio handiagoa egin beharko litzatekeela uste dut.

Idoia Agirre (argazkilaria: Dani Blanco)

Psikologora joatea da buruko osasuna zaintzeko modua?
Pinedo: Denok joan behar dugu psikologora? Behar ez baduzu, ez duzu zertan joan. Aldaketaren baten aurrean urduri egotea eta gau horretan lo gutxiago egitea normala da, baina insomnioa hilabete luzatzea ez. Noiz joan psikologora? Bada, ezin duzunean zure bizitza nahi duzun moduan bizi (ezin duzu lanera edo eskolara joan, harremanetan zailtasunak dituzu honengatik, oinarrizkoenean ez dizu gorputzak erantzuten eta adibidez goserik ez duzu...).
Agirre: Zaintzeko modu asko dago, eta kasuan kasu norberak egin behar du bere bidea, baina bide horretan erraz eta irisgarri izan behar du osasungintza publikoaren aukerak: gobernuari dagokio osasun zerbitzu egokia bermatzea, espezialisten eta familiako medikuen arteko harremana behar bezala artikulatzea, gizarte zerbitzuak eta osasungintza ongi saretzea... Eta osasun zerbitzu egokia dagoenean, jendeak erraz egiten du horrerako bidea, min fisikoa dugunean medikura erraz egiten dugun gisan.
Elena: Nire esperientziatik, ondo egonda ere gomendatuko nuke psikologoarenera joatea. Lagunartean ikusten dudana da antzematen dela zeintzuk joan garen psikologora eta zeintzuk ez, hiruzpalau urte terapian izan ostean orain badakidalako zerbait gertatzen zaidanean zer egin, emozio horrekin nola jokatu, oso sistematizatuta eta ikasia daukat. Eta ikusten dut psikologora joan ez diren lagun askori arazoak elur-bolaren moduan handitzen joaten zaizkiela. Horregatik da inportantea emozioak lantzea heziketan.

Hain justu, heziketa emozionala funtsezkoa dela azpimarratu ohi da. Nola hezi behar dugu gure burua, emozioak gestionatzen ikasteko?
Elena: Hasteko, heziketa emozionala prebentzioa da: txikitatik erakutsiko baligute tristezia maneiatzen, gaztetan ez gintuzke hain gogor joko, ez genuke izango sentsazio hori, “eta orain zer? Zer egin behar dut sentsazio honekin?”. Baina nire psikologoak gorroto du aipatu duzun “gestionatu” hitza; nik esaten nion “ez dakit emozio hauek nola gestionatu”, eta berak erantzuten zidan: “Ez duzu tristura gestionatu behar, egin behar duzu tristura hori hartu, onartu, dolua pasa, aurrera egin”. Mila gauza egin nituen, hori nola egin ulertu nuen arte, eta nik nire prozesua garatu dut, niretzat oso baliagarria, baina uste dut norberak berea bilatu behar duela, denentzat ez duelako gauza berak balio.
Pinedo: Emozioak onartu behar ditugu, bai, eta baita ulertu ere, zergatik ditugun, nola erlazionatzen diren gure jokabide eta pentsamenduekin. Emozio guztiek dute beren esanahia, eta arreta eskaini behar diegu, batzuetan oso azkar goazelako eta ez garelako konturatzen, gorputza oihuka ari zaigula. Emozioak baliagarriak dira, haserreak laguntzen digu mugak jartzen, beldurrak zenbait arrisku ez hartzen, tristeziak doluak pasatzen eta ingurukoekin konektatzen... baina batzuetan gain hartzen dute eta gure bizimodua kontrolatzen dute, ez digute gure bidea egiten uzten. Beste sentsazioek ez gaituzte maila horretan kateatzen, gose naiz baina erabaki dezaket beranduago jatea, ez dut bizi gose sentsazio hori aldatu behar dudan zerbait bailitzan, emozioekin egiten dugun gisan. Joka dezagun berdin emozioekin: haserre baldin banago, agian da harreman batzuetan ez ditudalako mugak behar bezala jartzen. Lehen aipaturiko Mr. Wonderful mezuek ez dute laguntzen: “Pozik egon behar duzu”. Bada, ez beti: haserre zaude eta beharbada hori da onena une horretan, edo zerbait txarra gertatu zaizu eta triste egotea dagokizu, eta zenbat eta gehiago saiatu emozio hori ukatzen eta saihesten, areagotu egingo da. Bai egin dezakeguna da emozioak orekatu: lanean agobiatuta banago, korri egitera edo musika entzutera joango naiz, horrek lasaitzen banau. Emozio negatiboak ezin ditugu saihestu, baina positiboak gehitu ditzakegu, orekatzeko.
Agirre: Esango nuke azken urteetan badagoela joera arrazoia eta emozioak uztartzeko heziketan, haurrekin dabiltzanengan behintzat ikusten dut emozioen mundua nola zaintzen duten, gero eta gehiago. Baina konplexua da, norberak ere ezberdin ulertu ditzakeelako emozioak, eta kultura bakoitzak eta are belaunaldi bakoitzak bere heziketa emozionala daukalako.

I. Agirre: "Batzuetan, terapia egin ahal izateko, pazientearen aztoramendu, beldur edo antsietate maila jaitsi behar duzu, eta horretan lagungarri da pilula. Pilulak bihurtu behar ez duena da gure ardura kentzeko tresna"
L. Pinedo: "Pilulak ematen duen mezua da: sentitzen duzun hori ez dago ongi eta kendu egingo dizut; eta terapiaren mezua da: sentitzen duzuna normala da zure egoeran, eta aldatu behar duguna da egoera edo egoera horrekin duzun harremana"

Inguruan dagoen jendeak nola lagundu dezake? Prebentziotik hasita, ba al dakigu identifikatzen norbait ez dagoela osasunez ongi, buruko zerbait denean?
Elena: Nire gurasoek ikusten zuten ez nengoela ondo, baina ez zekiten zer egin laguntzeko. Amak ohean botata ikusten ninduen, eta esaten zidan, “sentitzen dut ama bezala huts egin dizudala”. Jendeak ez zuen ulertzen eta ikasi nuen ezin niela ingurukoei eskatu gertatzen zitzaidana ulertzea, hain da konplexua eta ulergaitza. “Zergatik ez zara irteten kalera?” galdetzen dizute, eta ez dakizu zer erantzun, ez dakizulako zergatik ezin duzun irten kalera, baina ezin duzu irten. Hortaz, jendeak zer egin dezakeen laguntzeko? Epaitzen ez bazaitu, ez da gutxi.
Agirre: Gaixo dagoena errespetatu eta ez inposatu.
Pinedo: Pentsa, batzuetan norberak ere ez daki zer behar duen, nola eskatuko diozu laguntza besteari. Gainerakoek gaitza identifikatzea ere beti ez da erraza, oso onak garelako ezkutatzen.
Elena: Gaitza eremu fisikora igarotzen den arte, ondorio fisiko edo fisiologikoren bat duen arte, ez da identifikatzen, nire ustez.

Artatze psikologikoa vs pilula dikotomiatik haragokoa da errealitatea?
Elena: Kasuan kasu. Hasieran oso jarrera ezkorra izan nuen medikatzearekiko, ez nuen ezer hartu nahi, baina gero pilulak oso garrantzitsuak eta beharrezkoak izan zaizkit, normaltasuna mantentzen lagundu didate, normala ez zen egoera batean. Medikatzea eta terapia, biak uztartu ditut eta pilulak uzteko ordua iritsi zenean, pixkanaka uzten diren arren, beldurra izan nuen, berriz lehenera bueltatuko ote nintzen. Baina ez da horrela, utzi ditzakezula esaten dizutenerako prest zaude horiek gabe aurrera egiteko.
Agirre: Nire praktikan, pilula eta terapia biak izan daitezke osagarri, une jakin batean. Batzuetan, terapia bera egin ahal izateko pazientearen aztoramendu, beldur edo antsietate maila jaitsi behar duzu, egonkortasun bat eman, eta horretan lagungarri da pilula, baliabide bat gehiago da. Mentalizazio prozesua aurrera eramateko, behar bezala komunikatu ahal izateko, autoerregulazioa beharrezkoa da, eta batzuetan autoerregulatzen laguntzen du medikamentuak. Gainera, medikamentua bolada baterako da, prozesu bat du eta gero kendu egiten da, beharrezkoa ez denean. Pilulak bihurtu behar ez duena da gure ardura kentzeko tresna, gurasoen etxean bizitzen jarraitzearen pare, gurasoek dena egin diezaguten.
Pinedo: Pilulak bai, baina behar direnean. Hasteko, pazienteari informatu behar zaio zein aukera dauden. Osasungintza publikoan adibidez, batzuetan behar baino gehiago errezetatzen dira pilulak, ditugun baliabideen araberako erabakia delako; alegia, psikologo nahikoa ez badago, edo psikologoak hilabete barru ikusiko bazaitu, pilulara jotzen da, ordezko gisa, eta arazoa enkistatzeko arriskua dago. Beste batzuetan, erabiltzen da estaltzeko hainbat gertaeraren aurrean dagoen erreakzioa, normala den erreakzioa baina bizi nahi ez duguna, esaterako doluetan. Pilulak ematen duen mezua da: sentitzen duzun hori ez dago ongi eta kendu egingo dizut; eta terapiaren mezua da: sentitzen duzuna normala da zure egoeran, eta aldatu behar duguna da egoera edo egoera horrekin duzun harremana.

L. Pinedo:  "Osasun publikoak psikologoa jartzen dizu, baina maiztasuna oso urria da, zorte ona baduzu hilean behin izango duzu saioa psikologoarekin, eta maiztasun horrekin lan ona egitea ezinezkoa da. Ahal duenak pribatura jotzen du"

Hori lantzen da psikologoan...
Pinedo: Sarri ez daukagu oso garbi zer esan nahi duen psikologora joateak, uste dugu gure arazoak kontatuko ditugula eta kito. Eta ez da hori, edo ez da hori bakarrik.
Elena: Psikologoarenera joan nintzen lehenengo aldian ez nekien zer egin beharko nuen, ez da medikura joatea bezala; hitz egiten duzu, baina hurrengo saiora bitarte egin beharrekoak bidaltzen dizkizu... Eta psikologoarekin feeling ona izatea oso inportantea da. Pentsa, nik hiru psikologo izan nituen, niretzat egokiena aurkitu nuen arte.
Pinedo: Eta hori arazo handia da, ez delako erraza zuretzat ona den psikologoa aurkitzea. Psikologo bakoitzak dugun lan egiteko modua paziente batzuentzat ona da eta beste batzuentzat ez, edo pertsona batzuekin lan egitea adibidez ez da komeni, psikologooi ere gauzak gertatzen zaizkigulako eta adibidez indarkeria matxistaren biktima banaiz eta jokabide horiek dituen gizona etortzen bazait paziente gisa, zaila izan daiteke konektatzea.
  Bestalde, osasun publikoak psikologoa jartzen dizu, baina maiztasuna oso urria da, zorte ona baduzu hilean behin izango duzu saioa psikologoarekin, eta maiztasun horrekin lan ona egitea ezinezkoa da. Ahal duenak pribatura jotzen du...
Elena: Eta oso profesional onak daude osasungintza publikoan, baina maiztasun hori da arazoa, ez dago jarraikortasunik. Bi astean behin edo hilean behin joatea, muturreko egoeran bazaude, ez da nahikoa.
Pinedo: Paziente asko daude, agendak beteta ditugu... Baliabide gehiago behar da.

Buru osasuneko baliabideak indartu behar ditu administrazioak?
Elena: Bai, osasun arretak integrala izan behar duelako, fisikoa eta mentala.
Pinedo: Eta argi izanez terapiak indartzea epe luzerako inbertsioa dela, hurrengo urteetarako prebentzioa.
Agirre: Baliabide gehiago behar da eta aldarrikatu behar da, baita langileen lan baldintzak hobetzea eta egonkortzea ere, baina nik baditut urte batzuk, eta urteotan sortu diren baliabideak asko dira, hori ere esan beharra dago. Haur eta gazteen sarea azken 50 urteetan osatu da osasungintza publikoan. Aldi berean, joan den urtean onartu zen haur eta gazteen psikiatria espezializazio bezala, orain arte ez zen existitzen, eta haur eta gazteen psikologo espezialitatea ez dago onartuta. Badugu bidea egiteko. Eta berriz diot, irisgarritasuna inportantea da, baina bi norabideetan da inportantea, baliabideak eskura jartzea batetik, eta erabiltzailea bertaratzea bestetik, ez dadila zain geratu, denon ardura delako osasungintza publikoa zaintzea eta hobetzea. Bertaratze horretan, ordea, beldurrak, aurreiritziak... daude maiz.

I. Agirre: "Zaintzeko modu asko dago, eta norberak egin behar du bere bidea, baina bide horretan erraz eta irisgarri izan behar du osasungintza publikoaren aukerak: Gobernuari dagokio osasun zerbitzu egokia bermatzea"

Buruko osasuna artatzeko zerbitzuak indartzen ez badira, etorkizunean ondorioak jasango ditugu?
Elena: Ondorioak jasaten ari gara dagoeneko, eta handitu baino ez dira egingo.
Agirre: Edo inozoak edo handiusteak ginateke, ondorio hori aterako ez bagenu. Konturatu behar dugu zaurgarriak garela eta zaintza behar dugula.
Pinedo: Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi du: goraka doan arazoa da eta serio heldu behar zaio gaiari, ez bakarrik osasun zerbitzuetan inbertituz, baita ere bizimodu duinak bermatzeko zerbitzuetan inbertituz, hori ere badelako gaitz mentaletan prebenitzea.

Irudia eta datuak handiago ikusteko, ireki irudia fitxa berri batean.

CURRICULUMAK:

Leire Pinedo Rodríguez. Barne Psikologo EgoilIarra Osakidetzan

1990ean Bilbon jaioa, Psikologian graduatu zen Salamancako Unibertsitatean. Osakidetzan Osasun Prestakuntza Espezializatutako bigarren urtea egiten ari da, Psikologia Klinikoko Psikologo Espezialista titulua lortzeko eta administrazio publikoan psikologo kliniko gisa lan egin ahal izateko. “Osasungintza publikoan osasun mentalaren arreta hobetzearen defendatzailea” dela aldarrikatzeaz gain, psikologiari eta osasun mentalari buruzko dibulgazioan ere interesa du, “tabuak apurtu eta prebentzioa indartzeko”.

Idoia Agirre Lasarte. helduen eta haur eta gazteen psikiatra psikoanalista

1959an Donostian jaioa, Medikuntza eta Kirurgian lizentziatua da, Euskal Herriko Unibertsitatean. Helduen, Gazteen eta Haurren Psikiatria eta Psikoterapian graduondo bikoitza du, Lausanan (Suitza). Gaur egun, kontsulta pribatua Osakidetzako kolaboratzaile lanekin uztartzen du. Dibulgatzaile lanetan aritu da hedabide anitzetan eta hitzaldiak eman ditu haur eta gazteen osasun mentalaren inguruan, haur-eskola, haurtzaindegi eta ikastetxeetan.

Elena. depresioa eta antsietate nahasmendua jasandakoa

1999an Bizkaiko herri batean jaioa, ikasketak eta lana uztartzen ditu. Kasik bi urtez, depresioa eta antsietate nahasmendua izan zituen diagnostikatuta. Bai buruko osasuna mahai gainean jartzeko, bai norbaiti lagungarri izango zaiolakoan, bere esperientziaren testigantza utzi digu, gaitza nola bizi izan duen eta zer egin eta nora jo duen kontatuz. Garbi du gaia ikusgarri egitea bezain inportantea dela norbere burua zaintzea eta fokuaren pean ez jartzea, eta horregatik eskatu du anonimotasuna solasaldi honetan parte hartzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Buru gaixotasunak
Ahanzturaren gaixotasuna

Frankfurt (Alemania), 1901. Alois Alzheimer psikiatra eta neurologoak Auguste Deter pazientea ikusi zuen lehen aldiz. 51 urteko etxekoandre alemaniarra kasu arraroa zen. "Pazientea eserita dago eta babesgabe dirudi" jaso zuen Alzheimerrek idatziz: "Nola duzu... [+]


Psikiatrikoen aurkako salaketa kalera aterako du Harro Zoroa mugimenduak asteburuan Bilbon

“Hego Euskal Herria da elektroshock gehien praktikatzen den Espainiako Estatuko lurraldea; Basurtuko ospitalean sei elektroshock makina daude”, azaldu dio ARGIAri Heiko Elbira Zoroa GAM taldeko kideak. Hori eta beste hainbat praktika psikiatriko salatzeko Harro Zoroa... [+]


2023-02-16 | ARGIA
Suizidioa, heriotza kausa nagusia Europako presoen artean

Presoen suizidio tasa gizartean dagoen tasaren bikoitza baino gehiago da. Horrez gain, presoen herenak buruko gaitzen bat du. Europako presoen osasunari buruzko 2020ko datuak dira, orain aurkeztu duten OMEren txosten batetik eratorriak.


2023-02-07 | ARGIA
Zumarraga-Azpeitiko haurrak osasun mentalerako zerbitzurik gabe utzi dituzte Osakidetzan

Zumarragako eta Azpeitiko Osasun Mentaleko Zentroek ez dute haurrentzako arreta zerbitzurik, pasa den urtarrilaren 31tik. “Osakidetzak bizi duen egoeraren beste adibide bat da”, salatu du ELAk.


Eguneraketa berriak daude