Ni-tik zu-rako jauzia, Tupustean

  • Lehenbiziko komiki antologia argitaratu eta urte parera, bigarren liburukia kaleratu berri du Tupust! kolektiboak. Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean liburua aurkeztu ostean, labetik atera berri den lanari buruz gehiago konta diezaguten jarraitu diegu Komikigunera kolektiboko kide diren Paula Estévez, Ainara Azpiazu Aduriz eta Maite Gurrutxagari.

Argazkiak: Dani Blanco
Argazkiak: Dani Blanco

Amankomunean zerbait egin asmoz, 2016an hasi ziren biltzen Euskal Herriko hainbat emakume komikilari, eta hitzorduz hitzordu joan zen gorpuzten Tupust! kolektiboa. Euskarazko komikigintzan ere ertzetako ahotsak urri zirela iritzirik, komikia eta feminismoa uztartzea izan zen beren buruari xedatutako helburuen artean nagusienetarikoa. Lehen zenbakian jasotzen denez, baina, zerrendatu zituzten xede gehiago ere: egileen arteko komunitatea osatzea, sare horren bidez proiektu berriak hauspotzea, egitasmoak antolatzea, sorkuntza modu zurrunekin haustea eta egile profesionalak amateurrekin nahastea. Bide-orria marraturik, zortzi pertsonak hartu zuten kolektiboaren gidaritza –Amets Gurbiola, Maitane Gartziandia, Paula Estévez, Irati Eguren, Maite Caballero, Loinaz Lekuona, Ainara Azpiazu eta Maite Gurrutxaga–, eta zenbaki bakoitzean parte hartzeko gonbita luzatzen diete beste sortzaile batzuei. Hala, proiektuaren atzean dauden sortzaileen lanen ondoan artista gonbidatuen lanak argitaratzen dituzte antologia bakoitzean. Azken honetan, Dom Campistron, Irati FG, Regina Salcedo, Yolanda Mosquera, Mikel Larraioz, Ane Zaldibar, Aintzane Usandizaga, Asteazkenak (Maddi Zumalabe eta Jon Aranguren), Susana Martín, Irkus M. Zeberio, Josune Urrutia era Raisa Álavaren sinadurak aurki ditzake irakurleak.

“Ni”-aren bueltan ardaztu zuten lehenbiziko Tupust! (Txalaparta, 2019), eta “Zu” du gai zentraltzat bigarrenak. Hala egitea erabaki zuten hastapenetako bileretan, trilogia bat osatzeko ideia buruan bueltaka. Lehenengo lanean formulak funtzionatu zuela iritzirik, aurreikusi bezala jarraitzea erabaki zuten. Bigarren antologiak 21 sortzaileren hamazazpi lan biltzen ditu, eta horietako bakoitzean abiapuntu gisa emandako gaiaren interpretazio propioa egiten den arren, oinarri berbera izateak lanari homogeneotasuna ematen diola deritzote kolektiboko kideek. Emaitzak estilo aldetik ere batasuna izan zezan, aldi honetan ere bi tintatan inprimatu dituzte orriak –laranja eta urdina–, egileen estetika eta narrazio molde askotarikoak bateratu asmoz. Pozik daude emaitzarekin, lehen argitalpenak emandako esperientzia lagun, akatsak zuzendu eta hobekuntzak egiteko abagunea ere izan baitute: mate azala plastifikatutakoarengatik ordezkatzea eta solapak gehitzea, kasu. Hizketan dabiltzan bitartean, pozik darabilte lanaren fruitua esku artean.

Autoedizioaren hautua

Lehen argitalpenarekin esperientzia eta jakintza pilatu arren, bigarrena ez da hanka azpiz gauzatutako prozesuaren emaitza izan. “Aurrekotik gauza asko ikasi ditugu, eta horrek erraztu du bigarren liburua ateratzea. Baina gero sartu da aurrekoan ez zegoen faktore bat, autoedizioarena. Eta horrek prozesua pixka bat luzatu du”, azaldu du Gurrutxagak. Liburuaren promozioa, bidalketak… argitaletxeek egin ohi dituzten lanez arduratu behar izan direla diote. Ez zen hori beren hasierako asmoa, berriz ere argitaletxe batekin argitaratzea baitzuten buruan. Alabaina, “guk  gonbidatutako autoreengatik apostu egin genuen, eta beraiekin bukaeraraino iristeko autoediziora jotzea izan zen ikusi genuen aukera egokiena”, dio Gurrutxagak.  Izan ere, argitaletxeen baldintzek ez zien ahalbidetzen autore horiek guztiak bilduko zituen lana argitaratzea.

Horren gainean irakurketa egin du Estévezek: “Badira oso ausartak diren lanak, narratiba, irudi edota gai aldetik nahiko ezberdinak direnak, edo ohikoan ikusten den komiki eredutik aldendu egiten direnak. Inguruan ez dago komiki alorrean hain ausarta den argitaletxe asko. Oro har, hemen argitaratzen den komikia nahiko kontserbadorea dela esan daiteke”. Eta ildo beretik, hala dio Azpiazuk: “Euskal Herriako argitaletxeak zorionez ari dira geroz eta komiki gehiago publikatzen, baina nik uste oraindik ere produktuen aurrean sartzen zaiela ekonomikoki errentagarria ez izatearen beldurra. Egia baita Euskal Herria ez dela gizarte komikizalea”. Guztiaren muinean komikigintzaren ulerkera zehatz eta mugatua dagoela deritzote: “Joera dago narratiba unibertsal bat eta bakarra dagoela pentsatzekoa, eta hortik ateratzen dena horren parte ez balitz bezala hautematen da, bazterrekoa eta arbuiagarria bailitzan”, azaldu du Azpiazuk. Tupust! sortzerakoan izan duten erreferentzia nagusia Alemaniako Spring Magazin izateak gertuko panoramaz, erreferentzia faltaz, asko esaten duela deritzote.

“Gure asmoetako bat zen gustuko eta interesgarriak zaizkigun narrazio moduak zentrora ekartzea.”, gogoratu du Gurrutxagak. Asmo horiek berretsi ditu taldeak, bidea erronkaz beterikoa dela iritzita ere. Hori bai, argi adierazi dute bide hori argitaletxeekin egin nahiko luketela aurrerakoan. “Argitaletxe bat tresna garrantzitsua da”, bat datoz hirurak.

Irakurle fidelak atzean

Autoedizioaren bidea hartu izanaren ondorioz espero zituztenak baino eginkizun gehiago beren gain hartu behar izan dituzten arren, ez da nekea izan prozesutik atera duten bakarra. Liburuaren promozioa eta salmenta ere haien esku egonik, sarean denda bat egin beharrean ikusi dira, eta behin saltokia sortuta, aurresalmenta egitea erabaki zuten. Eskariak bata bestearen atzetik heldu zitzaizkien, agerian utziz proiektuak baduela babesten duen irakurle sare bat, produktua ikusi beharrik gabe erosten duena. “Pertsona horiek itsu-itsuan erosi dute, lehenengoa gustatu zitzaielako. Profil horretako jendea edukitzea altxorra da”, dio Azpiazuk.

Azken Tupust!-en aleak liburu-denda eta etxeetara heltzen ari diren honetan, artega daude kolektiboko kideak, liburuak eragindako inpresioen jakin-minez. Etorkizun hurbil horretan daukate orain iltzatuta begirada, baina hala ere une batez epe-luzeagora begira jartzeko eskatu diegu. Aurrera begirakoan Tupust!-en hirugarren zenbaki bat argitaratzeko asmotan ote diren galdegindakoan, ziurgabetasuna dela nagusi erantzun dute. “Hasiera batean trilogia bat planteatu bagenuen ere, oraindik ez dakigu hirugarrena argitaratzera iritsiko garen. Azken finean, taldean lan egiteak desgaste handia dakar, eta horri autoediziora jo beharra gehituz gero… are desgaste handiagoa da guretzat. Beraz ikusi beharko da hirugarren zenbakia argitaratuko dugun. Indarrak baldin badauzkagu, baliteke”, dio Estévezek.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Komikiak
2023-12-15 | ARGIA
'Ño' komikiaz solasaldia, gaur Bilboko La Sinsorga kulturgunean

Ño komikiaren testuen egile Miren Artetxe eta Eli Pagola, eta Maitane Gartziandia ilustratzailea Bilboko La Sinsorga kulturgune feministan (Askao Kalea, 9) izango dira gaur, arratsaldeko 19:00etan, haien lanaz hitz egiteko.


Euskarazko komikien HernaniKomik II. azoka

Azaroaren 17an eta 18an izango da, ostiralez eta larunbatez, Hernaniko Atsegindegi plazan


Mikroa eskuan eta irribarrea ezpainetan

Ño!
 

Testuak: Eli Pagola eta Miren Artetxe
Ilustrazioak: Maitane Gartziandia
Argia, 2023

------------------------------------------------------

Komikia hasi aurretik eta amaitu ondoren bai azal eta kontrazalean, bai tapa eta barruko tapetan informazio... [+]


2023-09-27 | ARGIA
‘Ño!’ komikiaren erakusketa inauguratuko dute ostegunean Hernanin

Maitane Gartziandia, Eli Pagola eta Miren Artetxe egileek komikiaren lan prozesua eta mamia azalduko dituzte Kulturarteko Plaza Feministan irailaren 28an, komikiaren marrazki originalez lagunduta. Urriaren 5ean Iruñeko Laban aurkeztuko dute beren lana egileek.


Eguneraketa berriak daude