“Gizateriaren etorkizuna agrotoxikorik gabeko elikagaiak sortzean datza”

  • Brasilgo Mato Grosso estatuko nekazari familia txirotu baten zortzi umetarik hirugarrena da Rosana Fernandes. MSTko (Movimento dos Trabalhadores Rurais Sem Terra) kidea eta Florestan Fernandes Eskolako koordinatzaile politiko pedagogikoa da. Egunotan Euskal Herrian zehar ibili da hitzaldiak ematen Oinharri eskolak gonbidaturik.

Argazkia: Dospordos

Nola sortu zen Lurrik Gabeko Nekazarien Mugimendua?
Brasilgo lurraren aldeko borrokaren jarraipena da MST. 521 urtez, jatorrizko herrien erresistentziatik, lurraren defentsan borroka asko izan da. Historia ofizialean portugaldarrek aurkitu zuten Brasil, lurralde hutsa bailitzan, desokupatua. Ondoren, lurrarekin loturik, esklaboen borroka agertu zen, oso bortitza, martiri ugarirekin... Segida horretan, diktadura militar betean sortu zen MST, Brasilgo herri mugimenduen berrantolatze batean: batetik, eliza katolikoaren Lurraren Pastoral Batzordean ari ziren batzuek nahi zuten areago eta zabalago antolatu, elizaren barruan ezin zutelako egin; eta, bestetik, Central Única dos Trabalhadores eta Partido dos Trabalhadores-en sorrera izan zen. MSTa 1984an jaio zen, Paraná estatuan egin zen topaketa batean.

Eta zu nola sartu zinen?
Aita eskualdeko etxaldeetan lanean aritu izan zen beti, hor erne zitzaidan MSTn sartzeko hazia, gure eskualdea izan zen Mato Grossoko bigarrena MST lanean hasi zena. Hamasei urte nituen eta eliza katolikoaren Gazteri Pastoralean esku hartzen nuen, oinarri komunitateetan. MSTk halako espazioetan bilatu zuen babesa, eta nik lagundu nuen aliantza horiek gerta zitezen, familiak antolatu eta lurrak okupatzeko. Artean, ikaslea ere banintzen eta giza eskubideen aldeko zentro batean lan egiten nuen idazkari gisa. Gurasoek mesfidantzaz hartu zuten hori dena hasieran, baina denborarekin ulertu nuen zein zen MSTren helburua, eta hor zegoela nire lekua.

Gurasoak kontra zenituen?
Bai, MSTk familiekin hitz egin bazuen ere, nire gurasoek ez zekiten zer zen. Ikusi zutenean lurrak okupatu zituela eta neu tartean nengoela ez zitzaien asko gustatu. Gerora ulertu zuten, neba-ahizpa batzuk eta ama bertan bizi dira geroztik, aita ere bai duela hiru urte hil zen arte. Bertan ditut 15 eta 10 urteko bi alabak eta 23 urteko semea ere MSTrekin ari da.

Argazkia: Dospordos

Zer moduz joan zen lehen okupazio hura?
Tentsio handikoa izan zen. Oso latifundio handia zen, eta gu 1.503 familia okupatzen. Gurasoek debekatu zidaten kanpamentuan familiekin egotea, baina nik ez nuen men egiten. Katastro bat egin nuen, garrantzitsua da Nekazaritza Erreformarako, familiak bertan bizi eta lurra landu ahal izateko. Okupazio hartan egin nuen bat mugimenduarekin. Gure okupazioa 1996ko apirilaren 9an izan zen eta handik oso gutxira, hilaren 17an Eldoradoko sarraskia izan zen, Carajás-en, Pará estatuan. Hemeretzi langile hil zituzten. 2007az gero egun hori da Nekazarien Borrokaren Nazioarteko Eguna. MSTren borroka agerian geratu zen eta gure okupazioan parte hartzen ari ziren familiak asko beldurtu ziren. Azkenean, ordea, sarraski haren ondorioz, nekazaritza ministroak dimisioa eman zuen eta gobernuak negoziazio prozesua azkartu zuen. Sei hilabeteren buruan 1.503 familiek eskuratu zituzten lur haiek.

Zertan ibili zara MSTn geroztik?
Negoziazioak izan ziren sei hilabete haietan, Mato Grossoko idazkaritzan esku hartzera gonbidatu ninduen MSTk. Ez nuen bi aldiz pentsatu. Moja izateko prestatzen ari nintzen, gaztea nintzen eta aukera bat zen kanpora ikastera ateratzeko. Asmo hori aldatu eta 17-18 urterekin familia utzi nuen MSTrekin bat egiteko. 25 urte joan dira geroztik eta fase asko bizi izan ditut: oinarriko militantea lurrak okupatzen, estatu mailako idazkari, hezkuntza sektorean hezitzaileen formakuntzan, gazte eta helduen alfabetatzean, gero Goias estatura joan nintzen han mugimendua antolatzeko batez ere hezkuntza arloan, Goiaseko ordezkaria izan nintzen Zuzendaritza Nazionalean sei urtez, eta 2014an Florestan Fernandes eskolako koordinatzaile politikoa izatea egokitu zitzaidan, hasiera batean hiru urterako zen, baina momentuz zazpi urtez luzatu da (irribarrez). Ikasten ere ari naiz, doktoretza egiten Florestan Fernandesen bertan, Sao Paoloko unibertsitatearekin loturik.

Zertan datza MSTren iraupenaren eta zabalpenaren gakoa?
Brasil oso handia da, 850.000 kilometro koadro 27 estatutan banatuta. MST 24tan presente dago, estatu bakoitzak ezaugarri bereziak dauzka, baina MSTren sinbologia eta hiru printzipioak berak dira denentzat: lurra deszentralizatzearen eta demokratizatzearen aldeko borroka; Nekazaritza Erreformaren aldeko borroka duintasunez lan egin eta bizitzeko baldintzak lortzeko –ume eta helduentzako hezkuntza, azpiegiturak (ura, saneamendua, errepidea, ekoizpena garatzeko inbertsioa), osasungintza…–; eta gizartea eraldatzeko proiektua, ekoizpen eredu kapitalistaren aurrean herri-iraultza sozialista bat antolatzea.

Hiru helburuok batera jorratzen ditugu, ez doaz bata bestea baino lehen, eta horrela gure identitatea eraikitzen joan gara Brasilen eta nazioartean.

Eta barnean nola garatzen dituzue harremanak?
Zuzendaritza eta koordinazio guneak kolektiboak eta behetik gorakoak dira. Komunitateek erabakitzen dute euren ordezkaria, eta horrela goraka segi; ez dute buruzagiek erabakitzen. Gure botere gune nagusia Nazio Biltzarra da eta komunitate-ordezkarien ardura da haren ildoei lotzea. 400.000 familia gara, 2014ko Biltzarrean, esaterako, 17.000 langilek parte hartu genuen. Alabaina, debate eta erabaki politikoak lehenago hartuak dira, komunitateetan.

Identitate kolektiboak garrantzi handia du zuentzat, ezta?
Bai, zeregin guztietan dago kolektibo bat ardura hartzen duena. Neuk Florestan Fernandes eskolako koordinazioaren ardura dut, adibidez, baina ez dut neuk bakarrik hartzen, nirekin batera kolektiboa dago. Hori da zuzendaritza kolektiborako bermea. Mundu guztiarentzat dago lana eta mundu guztiak hartzen du parte erabakietan. Planifikazioa ere orokorra da. Izan bilerak edo izan okupazio bat, aurrez planifikatu behar da: elikadura, garraioa, idazkaritza, familiak eta kanpamentua antolatu, ume-zaintza, nolako gatazkak gerta litezkeen aurreikusi, erresistentzia taktikak...

Militantzia bera profesioa da. Eskatzen du denbora, proiektua antolatzea, energia, ardurak hartzeko gaitasuna: ez da denbora pasa huts bat, zure onena eman behar duzu. Formazioari garrantzi handia ematen diogu. Etengabe ikasi behar dugu. “Ez dut gehiago ikasi beharrik” esatea ez da gure buruan sartzen. Materialismo historikoari atxikitzen gatzaizkio, baina Marx, Lenin, Gramsci, Freire, Florestan Fernandes... ezin ditugu azalean ulertu, laguntzen digute gaurko errealitatea ulertzen, teoriaz jabetzen, baina beren sasoian kokaturik idatzi zuten, eta sakondu beharra dago.

Nolako harremanak dituzue gainontzeko antolakundeekin?
Aliantzak eraikitzen ditugu gizarte mugimenduekin, alderdi politikoekin, instituzioekin, ahots propioz. Badugu babes eta elkartasun sare trinkoa. Pandemia izan den bitartean, esaterako, MSTk lau milioi tona janari agroekologiko banatu zuen hirietako periferia txirotuetan, jaso ohi dugun elkartasunaren ordean. Eta jarraitzen dugu herritarrak alfabetatzen, Brasilen oraindik 14 milioi analfabeto daude, hirietara ere jo izan dugu alfabetatze kanpainak egitera Kubarengandik ikasitako Yo sí puedo metodoarekin.

Eta nazioartean?
MST da Via Campesina-ren sortzaile eta bultzatzaile nagusietako bat, eta hor ez dauden erakunde gehiagorekin ere ari gara lanean. Berriki sortu den Herrien Nazioarteko Asanbladan munduko langile klaserako proiektuak pentsatzen ari gara, ez zentzu kapitalistan, baizik eta denon ondasuna den biodibertsitatearen –ura, lurra, mineralak…– zaintzaile bezala.

Argazkia: Dospordos

Eskolaren bidez ere bai, ezta?
Bai, MSTk 1996an erabaki zuen Brasil, Latinoamerika eta beste kontinenteentzako erreferentzia izan zitekeen formazio-espazioa eraikitzea. Florestan Fernandes eskolan gaur egun 30 ikastaro, mintegi eta lantegi ditugu, 2005etik 2019ra 40.000 lagun eta 500 irakasle boluntario etorri dira. Jardun akademiko hutsaz gain, historia, ekonomia, edo nekazaritza kasu, zeharkako gaiak jorratzen ditugu. Formazioa ez da liburu asko irakurtzea bakarrik; azkenean gizakiak gara, elkarrekin bizi behar dugu, oso errealitate eta sistema ezberdinetatik gatoz, beraz, artea, kultura edota musikaren bitartez balore txarren aurka (matxismoa, homofobia, harrokeria, pertsonalismoak) borrokatzen gara. Autokritika behar dugu, gizarte berri baterako emakume eta gizon berriak bilakatu aldera.

Nolako pertsonak hurbiltzen dira eskolara?
Baditugu ikastaro bereziak MSTko militanteentzat, beste batzuk hirietako militanteekin batera, beste batzuk nazioartekoak, Latinoamerikarako gehien bat, eta ingelesez ere zenbaitetan. Pertsonak ezin dira indibidualki etorri, talderen batetik baizik, haien herrira itzultzean ikasitakoa kolektibizatzea bilatzen dugulako. Taldearen erdiak, gutxienez, emakumeek osatutakoa izan behar du. Umeentzako espazioak ditugu, eta amak formatzen diren bitartean umeekin lanketak egiten ditugu.

MSTra itzuliz, zenbat lur konkistatu duzue?
Ez dakit zenbat diren zehatz-mehatz, baina 400.000 familia gara, milioika hektareatan banatuta. Horrez gain, horretan ez da bakarrik MST ari, badira 90 bat herri mugimendu lurra konkistatzen.

Zer harreman duzue jatorrizko herriekin?
Estatuen arabera, maiz jatorrizko herrietatik oso hurbil gaude eta batera borrokatzen dugu. Orain gobernuak lege bat onartu nahi du, historikoki jatorrizko herrienak izan diren lurraldeetatik haiek kanporatzeko. Gainera, pandemiaren ondorioak asko pairatu dituzte, eta haietako batzuek elikadura arazoak ere badituzte.

Jair Bolsonaroren eragina handia izan al da?
Ofentsiba handia hasi du asentamenduak pribatizatzeko, jabetza komunala izatetik pribatura pasaz, bakoitzak bere lursailarekin nahi duena egin dezan. Guk lurra konkistatzen dugunean hura lantzeko da, ez saltzeko. Mugimenduaren barruan zalantzak eta gatazkak agertu dira; gobernuak zatiketa eragin nahi du.

Nola dakusazu Brasilgo egoera oro har?
Ofentsiba berriaren hasiera kokatzen dugu 2016an, Dilma Roussefeen aurkako estatu kolpearekin. Langile klasearen eta PT alderdiaren aurka ari dira. 2018ko hauteskundeetan Bolsonarok garaipena diskurtso moralista eta faxisten bitartez lortu zuen, fake news askorekin, baita familia eta Jainkoaren izenean hitz eginez ere, eliza ebangeliko eta Mentekostekoekin batera.

Zer etorkizun du nekazarien borrokak?
Beharrezkoa da nekazal ekoizpena egiteko beste eredu bat ezartzea, MSTren kasuan Nekazaritza Erreforma Herrikoia deritzoguna: elikagai osasungarriak ekoiztea ardatz. Gizateriaren etorkizuna gizarte osoarentzat agrotoxikorik gabeko elikagaiak sortzeko gaitasunean datza, natura zainduz: lurrak eta urak ezin dute hainbeste agrotoxiko jasan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lurrik Gabeko Landa Langileen Mugimendua
João Pedro Stédile, MST-ko buruzagi historikoa:
"Oinarrizko arazoei, hala nola gosea, enplegua, etxebizitza eta hezkuntza, nazioarteko ekimenen bidez egin behar diegu aurre"

João Pedro Stédile ekonomialaria eta Brasilgo Lurrik Gabekoen Mugimenduko (MST) erreferente historikoetako bat da. Mugimenduaren jatorria erregimen militarrean bilatu behar da 1979tik 1984ra bitartean, lur ez-emankorrak birbanatzeko helburuarekin sortua... [+]


2019-06-09 | Z. Oleaga
Bea Casado Baides
"Zer ikasi ugari dugu Euskal Herrian Latinoamerikako nekazarien mugimenduetatik"

Bea Casado Baides jatorria Alacanten duen euskal herritarra da. Hegoa institutuaren kooperazio masterrak ekarri zuen Bizkaira 2007an. 2012 eta 2015 urte artean Brasilen bizi izan zen, Lurrik Gabekoen Mugimenduaren (MST) borroketan eta ekimen formatzaileetan murgilduta. Bizipen... [+]


2018-11-25 | Z. Oleaga
Gauerako aterpea ala iraultza?

Mundua ez da aldatzen biluzik daudenentzat aterpea bilatuz. Ideia hori poema bihurtu zuen Bertolt Brechtek; poema hura kanta Mikel Laboak. Uste hori partekatzen al du xede iraultzaileak dituen herrigintzak? Bere borroketatik kanpo utzi al dute herri mugimenduek oinarrizko... [+]


2016-11-05 | Axier Lopez
"MSTko eskolek, pentsamendu politikoa lantzeko egiten duten lanagatik, nazioarteko sona lortu dute, eta Brasilgo Gobernuari hori ez zaio gustatzen"

Lur Gil kazetaria eta Askapena talde internazionalistako kidea da. MSTko Florestan Fernandes eskolan ikasten ari da. Ostiralean Brasilgo Polizia eskolara tiroka sartu zenean, han zen bera nazioarteko beste hainbat ikaslerekin batera.MSTren aurka eta, oro har, Brasilgo herri... [+]


2016-11-04 | Axier Lopez
Brasilgo Polizia tiroka sartu da MSTko formakuntza eskolara

Brasilgo Lurrik Gabekoen Mugimenduko Florestan Fernandes (ENFF) formakuntza eskolara sartu dira dozenaka polizia. ENFFn Brasilgo eta kanpotik joandako lagun askok ikasten dute. Oldarraldia gertatu den unean Askapenako kide bat han zegoen. Onik dagoela adierazi du.


Eguneraketa berriak daude