"MSTko eskolek, pentsamendu politikoa lantzeko egiten duten lanagatik, nazioarteko sona lortu dute, eta Brasilgo Gobernuari hori ez zaio gustatzen"

  • Lur Gil kazetaria eta Askapena talde internazionalistako kidea da. MSTko Florestan Fernandes eskolan ikasten ari da. Ostiralean Brasilgo Polizia eskolara tiroka sartu zenean, han zen bera nazioarteko beste hainbat ikaslerekin batera.MSTren aurka eta, oro har, Brasilgo herri mugimenduen kontra, Michel Temerren Gobernuak abiatu duen kriminalizazio prozesuaren azken alea dela azaldu digu.


2016ko azaroaren 05an - 11:45

Zerk eraman zaitu eskolara?

"Formatzaileen formakuntzarako" nazioarteko ikastaroan ari naiz parte hartzen Askapenaren izenean MSTko Florestan Fernandes eskolan. Formazio politikoa emateko trebakuntza jasotzen ari gara mundu osotik etorritako 87 lagun. 22 herrialdetako 70 eragile daude, gehiengoa herri mugimenduko taldeak dira. Afrikakoak, AEB eta Kanadakoak, Hego Amerikakoak, Asiakoak, Ekialde Hurbilekoak... eta Europatik etorri den bakarra ni naiz. Hizlariak ere jatorri askotakoak dira, azkenak adibidez, Zanbia eta Hegoafrikakoak izan dira.

Zazpi astez izan gara hemen eta horietako sei eskolan eman ditugu. Hemengo bizitza era komunitarioan antolatzen dugu: Haurren zaintza, baratze lanak, otorduen prestaketa...

Zer gertatu zen ostiral goizean?

9:30ak aldera gu klasean ginen herri mugimenduaren kriminalizazioaren inguruan eta herri kulturaren garrantziaz hizketan, hain zuzen. Orduan bi tiro entzun ditugu, baina, tira, hasieran ez gara harritu hemen inguruan tiro hotsak entzutea ohikoa delako. Baina segituan MSTko kide bi etorri eta Polizia Federala eskolako atearen aurrean zegoela esan digute. Poliziaren jarrera oldarkorra ikusita, negoziatzeko aukera urriak zeudela jakitun, gelan sartuta geratzeko esan ziguten. Eta halaxe egon gara lau orduz Poliziak hanka egin arte.

Poliziak zioen atxilotu nahi duen pertsona bat eskolan zegoela. Nahiz eta MSTko kideek Poliziari behin eta berriz adierazi pertsona hori eskolan ez zegoela, eskolako atea indarrez bota eta armak eskutan eskolako atarira sartu dira. Tiroka –egiazko balak, ez istiluen aurkakoak– hasi dira. Bi pertsona atxilotuta eraman dituzte "aginteari men ez egiteatik", atean zegoen Ronaldo izeneko kide bat eta beste emakume bat. Horietako bati saihets bat hautsi diote, gaur eguerdian libre geratu dira biak. Horrez gain, MSTko zuzendaritzako kide bat arin zauritu du Poliziaren bala batek, pareta batean talka egin ostean jo du.

 

 

Eskolara sartzeko agindu judizialik ez omen zuten, gainera.

Hala da. Hasierako unetan kontrakoa esan arren, azkenean onartu dute eskolara sartzeko agindu judizialik ez zutela. Horregatik eta eskolako jendeak ate aurrean erakutsi duen erresistentziagatik lortu dute Polizia ez sartzea eskola barruraino. MSTko lagunek ondoren azpimarratu dutenez, beste gako funtsezko bat izan da eskolan gertatzen ari zenari buruzko informazioa oso azkar mugitu izana, bai Brasilen, baita hemendik kanpo ere, bereziki Latinoamerikan. Horrek eraginda goi mailako botere-guneetatik jaso du Poliziak operazioa bertan behera uzteko agindua. Bestela, erabat prest ziren eskola barruraino sartzeko. Hemen zegoen jendea ez zen gai izango tiroka hasi diren dozenaka polizia geldiarazteko.

Poliziak MSTko 16 lagun atxilotzeko agindua dauka, eta beste seiri galdeketa egitekoa.

Bai, MSTk hala adierazi du agindu judizialean oinarrituta. Atxilotu nahi dituzten batzuk zuzendaritzakoak dira, baina gehienak Paranako kanpamenduko kideak dira, tartean bozeramaileak. Paranan borroka handia egiten ari dira. Akusazioak larriak dira: gaizkile-talde bateko kideak izatea, ekintza bortitzetan parte hartzea... oso zerrenda luzea da.

 

 

 

 

 

 

Nazioarteko hainbeste lagun barruan zituen egunetan Poliziak eskolaren kontra egin izana, ez al da bitxia?

MSTk bi eskola ditu, eta bi eskoletara saiatu da sartzen Polizia. Bi kasuetan ez dute lortu. Paranako kanpamendua operazio polizialaren "arrazoia" bazen ere –eta hara ere azaldu dira poliziak– aukera baliatu dute MSTko eskolak ere kolpatzeko. MSTko eskola hauek pentsamendu ideologiko eta politikoa lantzeari begira lana eskerga egiten dute, eta horregatik nazioarteko sona lortu dute.  Eta botereari, noski, ez zaio hori gustatzen. Hurrengo hilabeteak ez dira xamurrak izango eskolentzat.

Zergatik gertatu da orain MSTren aurkako horrelako eraso bat?

Temer presidente denetik, errepresioa apurka-apurka areagotzen hasi da. Herri mugimenduak kriminalizatzeko Gobernuaren hautua argia da, boterearen menpeko hedabide, polizia eta militarren eskutik. Pentsa, salbuespen egoera militarraz hitz egiten dute batzuek. Gehien bat MST, sindikatuak eta ikasle mugimenduaren aurka egin dute. Orain, adibidez, ikasleek okupatuta dituzte Brasilgo eskola gehienak eta horien aurka gogor jo dute.

MSTri dagokionez, azken urteotan jaso duen kolperik handiena da hau. Pertsona horiek bilatzen ari dira eta eskolan berriz sartzeko aukera airean dago.

Gobernu berriarekin batera etorri da ala Dilma Rouseffen aurreko gobernuak ere herri mugimendua izan zuen jo-puntuan?

Lehen ere gertatzen zen, baina gehien bat lurren okupazioekin lotuta. Aurretik ere lur-jabeen interesen defentsan aritu da Polizia. Baina Michel Temerren etorreraren ostean, salto kualitatibo eta kuantitatiboa gertatu da. Krimenaren aurkako legea onartu dute oso epe motzean, eta hala, zigorrak handitu dituzte. Salatu dutenez, lege horren artikulu batzuk bereziki MSTren jardunean pentsatuta (lurren okupazioak-eta) sortu dituzte.

Zer egingo du MSTk egoera makur horri erantzuteko?

Sao Paolo estatu mailako ekitaldia egingo da gaur (larunbata) hemen, eskolan bertan. Ezkerreko sindikatu, alderdi eta herri mugimenduko talde askok babesa adierazi dute, beraz ekimen indartsua izango da. Herri mugimenduaren aurkako kriminalizazio orokorraren kontrako ekitaldia izango da.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lurrik Gabeko Landa Langileen Mugimendua
Rosana Fernandes
“Gizateriaren etorkizuna agrotoxikorik gabeko elikagaiak sortzean datza”

Brasilgo Mato Grosso estatuko nekazari familia txirotu baten zortzi umetarik hirugarrena da Rosana Fernandes. MSTko (Movimento dos Trabalhadores Rurais Sem Terra) kidea eta Florestan Fernandes Eskolako koordinatzaile politiko pedagogikoa da. Egunotan Euskal Herrian zehar ibili... [+]


João Pedro Stédile, MST-ko buruzagi historikoa:
"Oinarrizko arazoei, hala nola gosea, enplegua, etxebizitza eta hezkuntza, nazioarteko ekimenen bidez egin behar diegu aurre"

João Pedro Stédile ekonomialaria eta Brasilgo Lurrik Gabekoen Mugimenduko (MST) erreferente historikoetako bat da. Mugimenduaren jatorria erregimen militarrean bilatu behar da 1979tik 1984ra bitartean, lur ez-emankorrak birbanatzeko helburuarekin sortua... [+]


2019-06-09 | Z. Oleaga
Bea Casado Baides
"Zer ikasi ugari dugu Euskal Herrian Latinoamerikako nekazarien mugimenduetatik"

Bea Casado Baides jatorria Alacanten duen euskal herritarra da. Hegoa institutuaren kooperazio masterrak ekarri zuen Bizkaira 2007an. 2012 eta 2015 urte artean Brasilen bizi izan zen, Lurrik Gabekoen Mugimenduaren (MST) borroketan eta ekimen formatzaileetan murgilduta. Bizipen... [+]


2018-11-25 | Z. Oleaga
Gauerako aterpea ala iraultza?

Mundua ez da aldatzen biluzik daudenentzat aterpea bilatuz. Ideia hori poema bihurtu zuen Bertolt Brechtek; poema hura kanta Mikel Laboak. Uste hori partekatzen al du xede iraultzaileak dituen herrigintzak? Bere borroketatik kanpo utzi al dute herri mugimenduek oinarrizko... [+]


2016-11-04 | Axier Lopez
Brasilgo Polizia tiroka sartu da MSTko formakuntza eskolara

Brasilgo Lurrik Gabekoen Mugimenduko Florestan Fernandes (ENFF) formakuntza eskolara sartu dira dozenaka polizia. ENFFn Brasilgo eta kanpotik joandako lagun askok ikasten dute. Oldarraldia gertatu den unean Askapenako kide bat han zegoen. Onik dagoela adierazi du.


Eguneraketa berriak daude