Espainiako Gobernuak HBko kideei gutun-bonbak bidali zizkiela azaleratu du entzuketa batek

  • ABC egunkariak argitaratu berri du 1994an CESIDen egoitzan Antoni Asunción Espainiako Barne ministro dimititu berriak eta Emilio Alonso Manglano generalak izan zuten elkarrizketaren transkribaketa. Elkarrizketa horretan Asunciónek aipatu zuen 1989an Oreretan gutun-bonba batek hil zuen José Antonio Cardosa postariaren kasuaren atzean José Luis Corcuera zegoela, garai hartan Barne ministro zena: "Karta hauek beraiek bidalitakoak ziren, eta postari batek paketea buzoira sartzeko tolestu zuenean, lehertu egin zitzaion eta hil egin zen". Testigantza honek agerian jarri du beste behin 80ko hamarkada osoan zehar Espainiako Barne saila guda zikinean inplikatuta egon zela eta gutun-bonbak erabili zituela HBko militanteen kontra. Izan ere, Cardosa postariari eskutan lehertu zitzaion gutuna HBko kide Ildefonso Salazar Uriarteri zuzendua zegoen.


2021eko urriaren 05an - 08:56
Azken eguneraketa: 11:58

ABC egunkariak argitaratu duen elkarrizketa 1994ko abenduaren 22an izan zuten, elkarrekin gosaltzen ari zirela, Antoni Asunción Barne ministro dimititu berriak (zazpi hilabete lehenago utzi zuen kargua) eta Emilio Alonso Manglano inteligentzia zerbitzuko zuzendariak. Egun hilda daude hauek biak. Bi orduko elkarrizketan Asunciónek berak jaso zuen Barne sailaren berri ematen du, eta gehien aipatzen duen izenetako bat José Luis Corcuera da, bere aurretik Barne sailburu zena. Hona ABCk argitaratutako pasarte batzuk:

Asunción: Corcuerak baditu gauza batzuk, nik dakidala, hil zen postari hura, bonba lehertu zitzaiona.

Manglano: Hori jende gutxik daki, ezta?

Asunción: Gutxik. Talde hark ongi funtzionatzen zuen maila horretan.

 (...)

Manglano: Gertatzen dena da, bada noski, ez duzula kontuan hartu behar... eta, kontzientzia iraultzen badizu ere, Estatua defendatu, erakundea defendatu, baina... jode!

Asunción: Karta hauek beraiek bidalitakoak ziren, eta postari batek paketea buzoira sartzeko tolestu zuenean, lehertu egin zitzaion eta hil egin zen.

ABCk adierazi duenez, atzo jarri zen harremanetan José Luis Corcuerarekin eta honek dena ukatu zion: "Ez da posible, nik ez dut zerikusirik era honetako kontuekin" (...) "ez dut urrik ere ezagutzen Estatuko ezein erakundek gutunak bidaltzen zituenik" (...) "Gutunak bidaltzen zituena ETA zen, niri ere bai. Nik dakidala, gutun horiez ez dut oroitzapenik. Gogoratzen dut leherketa jasan zuen postari bat, baina ekintza hura ETAk bidaltzen zituen beste hainbat gutun horiek bezalakoa izan zen".

José Antonio Cardosa González, 22 urteko postaria

Correosekin aldi baterako kontratua zeukan gaztea zen José Antonio Cardosa postaria. 14:25ean Oreretako Juan Olazabal kalera jo zuen, Herri Batasunako Ildefonso Salazar Uriarterentzako gutuna postontzian sartzera. Baina paketea ohi baino handiagoa izanik, ez buzoian kabitzen, eta sartzeko doblatu egin zuenean, lehertu egin zitzaion.

Cardosa Espainiako Barne sailak terrorismoaren biktima izendatu zuen ofizialki: bere sendiak kalte-ordainak jaso zituen eta bere izena zerrenda ofizialetan ageri da, baina inoiz ez da atentatu haren egiletza aitortu. Baltasar Garzón epailearen esku egon zen kasua eta 2000. urtean etenda geratu zen auzia, froga faltagatik.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Guda zikina
Jon Anzaren desagerpenetik hamabost urtera, galderek erantzunik gabe jarraitzen dutela salatu dute

Duela hamabost urte desagertu zen euskal militantea. Baionan Tolosarako (Okzitania) trena hartu eta ez zen berriz agertu. Hortik hamaika hilabeteetara atzeman zuten bere gorpua Tolosako (Okzitania) gorputegian. "Egia jakiteko eskubidea" aldarrikatu dute Anza zenaren... [+]


Torturatu eta hil zituztenetik 40 urtera, Zabala eta Lasa ez dituzte oraindik terrorismoaren biktimatzat hartu

Datorren igandean, urriaren 15ean, beteko dira 40 urte GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala Baionan bahitu zituela. Guardia zibilek torturatu eta hil ondoren, oraindik ez dituzte terrorismoaren biktimatzat hartu.


2023-09-26 | Axier Lopez
Xabier Kalparsororen hilketa argitzen laguntzeko egitasmo herritarra aurkeztu dute

Gaur 30 urte Espainiako Poliziaren eskuetan hil zen Xabier Kalparsoro Golmaio militante zumaiarra. Anuk.eus webgunea zabaltzearekin batera ekitaldia egingo dute gaur, irailak 26 . Ekimena bultzatu duen Hegiak elkarteak dioenez, urteak beste zalantza daude Anuken heriotza... [+]


Gobernura iristean tortura geldiarazteko agindu zuela dio Belloch ministro ohiak

1993an Barne Ministro ere izendatu zuten Juan Alberto Belloch ordura arteko Justizia Ministroa zena. Orduan Guardia Zibilaren buruzagia deitu zuela esaten du El Periódico de Aragón-en egindako elkarrizketan, eta agindu zuela “sarera ihes egitea” bukatu... [+]


Eguneraketa berriak daude