Beste milaka kriptodiruen gisara, esfera numerikoan trukaturiko moneta dugu bitcoina. Diru hauek bideratu espekulazio arriskutsuaz gain, ingurumenean eragindako kalteak dira deitoragarriak. Bitcoinaren funtzionamendua bera dugu problematikoa, aitzina egin ahal izateko milaka eta milaka ordenagailu dabiltzalako gau eta egun pizturik. Eman dezagun, Google bilaketa zerbitzuak baino hamar aldiz elektrizitate gehiago behar ditu bitcoinak. Klima larrialdiaren testuinguruan are jasangaitzagoa dugu errealitate birtual erreal hau.
Kriptodiruak biderkatuz eta klima larrialdia saihestezina bihurtzen ari zaizkigun honetan, ezinbestekoa zaigu moneta hauek ingurumenean ondorioztaturikoa azaltzea. Bi hitzez laburbildu daiteke esfera birtualak mundu errealean eragindakoa: katastrofe ekologikoa. Hain zuzen, sekulako energia behar du kriptodiruak aitzina egin ahal izateko. Konparazione, urte batez bitcoinak bideratzeko behar duen energia Zeelanda-Berriak edo Norvegiak urtean kontsumiturikoaren heinekoa da, Cambridgeko Unibertsitatearen kalkuluen arabera. Bitcoin transakzio batek 735.121 visa transakzioren kostu ekologikoa du, beti ere unibertsitate honek sorturiko Cambridge Bitcoin Electricity Consumption Index indizearen arabera.
ARGIAren 2748. aleko “Burbuila lehertu daitekeela jakin arren, bitcoina moneta ofizial bihurtu du El Salvadorrek” erreportajean bitcoinaz eta orokorkiago kriptodiruaz aritu ginen, El Salvador herriak moneta ofizial gisa izendatu izana estakuru harturik. Ekonomiaren eta geopolitikaren ikuspuntutik begiraturik, ondokorako utzi genuen ekologikoki aztertzekoa, moneta birtualek dakarten hondamen ekologikoa ezin dezakegulako bi lerroz laburbildu. Bitcoinaren –eta beste kriptodiru gehienen– funtsa eta funtzinamendua bera dira arazo. Hain zuzen, eremu birtualean eta kontrolatzeko eragilerik gabekoa izanik –estatuen eta hauen banku zentralen kontrolak saihestea zuten sortzaileek helburu– bestelako segurtasun sistema bat dute planteaturik, kalkulu matematikoen asmatzean datzana. Algoritmoen bidez segurtatzen da iruzurrik ez egotea: bitcoin bat erosterakoan, kriptodiruaren sareko kideek –meatzari deitutakoek– jasotzen dute informazioa, ahal bezain laster asmatu beharreko kalkulu matematiko batekin –proff of work edo “lanaren froga” deitutakoa–. Egun eta gau pizturik eta aktibitatean dabiltzan milaka ordenagailuk dute meatzari-en betebeharra segurtatzen –kopuru zehatza ezezaguna izanik ere, milioi bat ordenagailu badirela diote eremu birtual hau hurbiletik segitzen dabiltzanek–. Hori horrela, urtean Google baino hamar aldiz gehiago elektrizitate behar dute bitcoinek: 128 TWh urtean, Googlek 12,2 TWh behar dituenean.
Okerrena: arazoa larrituz doala, pentsatua izan den modura, geroz eta erakargarriagoa izan eta geroz eta elektrizitate gehiago galdetzen duelako. “Bitcoinaren energia-gastua estuki lotuta dago haren truke-balioari: balioa bost aldiz handitu zaio urtebetean, eta horrek meatzari berriak erakartzen ditu, gero eta ordenagailu ahaltsuagoekin gainera”, irakurri daiteke Reporterre komunikabideko Le bitcoin, monnaie virtuelle mais gouffre environnemental réel (“Bitcoina, moneta birtuala baina ingurumenarentzako amildegi erreala”) artikuluan. Bitcoinaren sortzaileak hala erabakirik, meatzari kopurua emendatu arau zailtzen da asmatu beharreko kalkulua, horretarako geroz eta teknologia ahaltsuagoak ukaitera behartuz. 2008an, moneta sortu zutenean ordenagailu klasiko bat nahikoa baldin bazen, gaur egun anitzez teknologia eragikorragoak behar dira.
“meatzarien baserriak”: energia jale ikaragarriak
Benetako industria bilakaturik da proff of work edo “lanaren froga” deituriko fasea. Kalkuluak asmatzeko makineria geroz eta indartsuagoak dituzte, kostu ekologiko ikaragarri handiak eraginez. Handienetarikoa, AEBetako Texasen kokaturiko Northern Data izenekoa dugu, milaka ordenagailuz beterik den “baserri” edo hangar bat, eta Energy.gov webgunearen kalkuluei segi, urtean 1 GWh kontsumitzen duena –3,1 milioi plaka fotovoltaikok ekoiztutakoaren heina–.
Ordenagailu hauek guztiek berotasuna eragiten dute eta hozketa sistema berezi baten beharra dute tenperatura hotza segurtatzeko eta horrela ordenagailu eta zerbitzarietan gain-beroketak sortutako arazoak ekiditeko. Ezaguna da hozketa sistema ere dugula ingurumenarentzat kaltegarria. Ekoizpenak elektrizitate faktura handiak ondorioztatzen dituelako, energia merkea duten herrietara edota herri hotzetara deslokalizatzen dituzte “meatzari-en baserriak”. Orain arte –hots, aurtengo iraila arte, kriptodiruak debekatu eta meatzaritza ilegalizatu arte– Txina izan da bitcoinaren el dorado-a, ikatz-meategi kutsakorretan oinarriturik. Meatzaritza-ren %65 eta %80 artean bertan ekoiztua dela kalkulatzen da.
Hondamendi ekologikoa ezin gordea dutela, Glasgow hirian azaroan iraganen den COP26 Nazio Batuen Konferentziarako nahi lukete akordio bat adostu kriptodiruaren esparruko eragileek –beti bezala, arazoa berdez pintatzeko gisan–. Bide ezberdinak dituzte jorraturik: energia berriztagarriena, zein karbono isurketak konpentsatzeko karbono kredituena. Pierre Boulet informatikariarentzat greenwashing logikan gara: “Energia deskarbonizatua erabiltzen bada ere, beste gauza batzuetarako balio lezakeen energia da. Meatzaritza-rako hartutako energia horrek egitura berriak eraikitzea sustatzen du, energia gehiago sortzeko”. Iritzi bera du Jean-Paul Delahaye irakasleak ere: “Batzuetan zentralak, eguzki-panelak, turbina eolikoak edo beste batzuk sortzea bultzatzen du meatzari-en eskariak, beti ere kalkuluen kalkulatzeko bakarrik erabilgarriak direnak”. Korii komunikabideko En quête de respectabilité, le bitcoin se tourne vers le nucléaire (“Errespetagarritasunaren izenean, nuklearraren hautua egin du bitcoinak”) artikuluan argiki azaldua da AEBetako zentral nuklearrekin hitzarmenak pasatzen dabiltzala meatzaritza-ren arloko eragileak. Definizioz energia berdea da nuklearra, karbonorik ez duelako ondorioztatzen –baina ez dira hain berde ondorioztaturiko hondarkinak eta istripu nuklearrak–. Erran gabe doa, ordenagailu eta bestelako material informatikoa ere dela ekologikoki kaltegarria, besteak beste, hauetan diren lehengai mineralen ustiapenak sekulako kutsadura eragiten duelako, erabilitako produktu kimikoengatik.
Moneta birtualen erabilpena gutxiengo ttipi baten errealitatea deino hitz egin dezakegu gehiegi larritu gabe. Baina garapenak segituz gero, laster eramangaitza bihurtuko litzaiguke: orokortzeak eskatuko luke zortzi aldiz Frantziako energia kontsumoa edota bi aldiz AEBena, Institut Mines Télécom institutoaren arabera.
Edozein arlotan, arazo bat suertatzen denean, eta ia inor ados jartzen ez denean, ohiko galdera plazaratzea da onena: Nori egiten dio mesede?
Sugea ikusi orduko: “Sugegorria!”. Telesforo Aranzadi zenak esaten baitzuen, begiek ez dutela ezagutzen dutena baino ikusten. Eta sugegorria ezagutu, ezagutzen dugunez (entzunaz, sikiera), hori bera izaten da joera: ikusten dugun suge oro sugegorria dela iruditzen... [+]
Artzain gisa hirugarren kanpaina du aurtengoa Koldo Vicente Eseberrik. Familia Otsagabikoa izan arren, Iruñean bizi izan zen txikitatik, baina abeltzaintzaren munduarekin harreman estua izan du beti. “Osaba artzaina zen, haragitarako ardiak zituen hemen, eta txikitan... [+]
Bada Garde. Urrutira gabe hor dago, urrutieneko mugaren guardan. Umetan ezagutu nuen Garde, ez dut gogoan zenbat urte nituen, baina landatuta geratu zitzaidan han ikusi nuena.-
Dei batek dena alda dezake. Eguna bai, bederen. Hurrengo orduetako martxa, sikiera. Ourensen dagoen lagunak jasotzen du Noainen dagoen Lugoko lagunaren deia. Dei bakar batek ekarri zituen Galizako elkarte bateko zortzi artzain eta ahuntzain bat etxera. Zoragarria izan zen... [+]
Valle de Odietako epaiketa epaiaren zain geratu da ostiral honetan Iruñeko Justizia Jauregian akusatuek deklaratu eta akusazioek eta defentsak haien ondorioak azaldu eta gero. Ez da aldaketarik egon alde bakoitzak egindako eskaeretan.
Vichamako (Peru) aztarnategian, arkeologoek 3.800 urte inguruko estatuatxo berezi bat aurkitu berri dute. Caral zibilizazioaren azken arokoa da, eta bi apo irudikatzen ditu.
Aztarnategi bereko hainbat hormairuditan gosetea, lehortea eta, finean, ingurumen krisiari lotutako... [+]
Garaipen historikotzat jo dute hainbatek: duela sei urte Ozeano Bareko estatu zaurgarrietako ikasle talde batek bultzaturiko ekimen baten ondorioz, Nazio Batuen auzitegi gorenak iritzia plazaratu du uztailaren 23an, zeinak munduko estatuek klima aldaketari begira dituzten... [+]
Italiako hainbat hiritan hondartzen eta itsasoaren izaera publikoa aldarrikatzeko mobilizazioak egin ditu udan Itsasoa Aske mugimenduak. Hondartzen erdia enpresa pribatuek kudeatzen dutenez, bainua hartzeko ordaindu beharra daukate herritarrek. Zonalde turistikoenetan ordainpeko... [+]
2023ko uztailean jaso genuen berria antzuolarrok. Irimon bi aerosorgailu erraldoi jartzeko proiektu bat aurrera eramateko eskaera jaso zuela Udalak. Hasieran zalantzak eta galderak: nor zegoen proiektuaren atzean? Zein zen proiektuaren benetako helburua? Zein izango... [+]
Emakumea eta lurra elkartzen dituen liburua idatzi du Onintza Enbeitak: Bizitza baten txatalak. Gure aurrekoen bizimodua jaso du, andre baten ahotan: "Baserria bere horretan, erromantizismorik gabe". Feli Madariaga (1932, Baldatika, Forua, Bizkaia) da andre hori, lurrari... [+]
François Bayrouk dimisioa eman eta ordu gutxitara izendatu du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ordezkoa: Sébastien Lecornu izango da lehen ministro berria, aurretik Defentsa ministro izandakoa eta Macronen oso gertukoa. Oposizioa haserre mintzatu da, ezker zein... [+]
Erdialdeko Amerikan izan da ARGIA uztailean, meatzaritza metalikoko megaproiektuek sortzen dituzten kaltean bertatik bertara ezagutzen. Guatemala eta Honduraseko meatzeak bisitatu ditu, eta El Salvadorren ere izan da, bertako egoera politikoaren berri jasotzen: herrialdean... [+]
"Berdela iparralderantz ari da mugitzen, itsasoa berotzeak sardinari ez dio on egiten eta geroz eta gutxiagoa dago, antxoarentzat ona da eta geroz eta gehiago dago, baina txikiagoa da...", dio Aztiko ikerlari Xabier Irigoienek, EITB Datak tenperaturaren gorakadaz egin... [+]