“Aitortza egin behar diegu seme-alaba eta bikotekide guztiei, asko sufritu eta eman dute”

  • Ione Idigoras ez duzu deportatuen zerrendan aurkituko, baina 30 urtez sufritu du lehen pertsonan. Bere bizipen gordina beste askoren arteko bat dela dio, bereziki emakume eta seme-alaba askorena, eta ahaztutako errealitate horien aitortza aldarrikatzen du, minez bezain irmo.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco

Deportatua izan gabe deportazioa bizi izan duzu hamarkadetan, Juanjo [Juanjo Aristizabal Kortajarena] mundu osoan zehar jarraituz.

Nik Juanjo zertan sartu zen usainik ere ez nuen hasiera batean. 1978an alde egin zuenean haurdun nengoen, eta seme nagusiak 5 urte zituen. Ipar Euskal Herrian bizi izan zen sei urte haiek jada oso gogorrak izan ziren, beldurgarriak. Joan-etorria egiten nuen bakoitzean kontrolak, tentsioa, miaketak... Bizitza guztia horrela: Juanjo ETAn zegoenez nik ere egon behar nuen, haien ustez. Baina ez zen horrela, nire dedikazioa familiarentzako zen.

1984an, bat-batean, deportazioa. Hasteko, Panamara.

Badakizu nola izan zen agurra? Musu eman eta esan zidan, "Gehien maite dudana uzten dut hemen, enpresa, eta zuek”. Baina beti lehena bestea.

Nola egiten zenuten?

"Urte osoa lan eta lan ematen nuen, bidaia-txartelak ordaindu ahal izateko"

Uztaila eta abuztua bi umeekin ematen nituen bertan, eta abenduan txikiarekin soilik joaten nintzen, aita ezagutu zezan. Amodio-gorroto sentimendua zeukan Juanjorekiko, gorrotoa gehiago. Etxean inoiz ikusi ez, eta Panamara joatean berarekin oheratzen nintzela ikusten zuen. Kristoren istiluak sortzen zizkion. Gerora ikusi nuen antzeko egoerak bizi izan dituzten haur askok berdin jokatu dutela. Izugarri sufritu dute askok.

Seme nagusiaren oporraldiak aitarengana joatea izan dira, urtero-urtero: umetan nirekin, gero neska-lagunarekin, ondoren seme-alabekin... Txikiak 11 urterekin bi aldiz bidaiatu zuen bakar-bakarrik Venezuelara ni espetxean nengoen bitartean. Haur guztiek ez dute hori onartzen, edo nahi, edo berdin bizi.

Gastu ekonomikoa handia izango zen.

Urte osoa lan eta lan ematen nuen, bidaia-txartelak ordaindu ahal izateko. Taberna genuen Trintxerpen. Hamazortzi orduz egiten nuen lan, eta umeak senideekin (ahizparekin, Juanjoren gurasoekin...), apenas ikusten nituen. Familiak laguntzen zidan. Panamara joaten ginenean nire gurasoak eta Juanjoren ama geratzen ziren tabernan lanean. Eta ez ziren txartelak bakarrik, Juanjori dirua eta paketeak bidaltzen nizkion.

Sei urtera Panamatik Venezuelara deportatu zuten Juanjo.

Venezuelan 24 urte egin genituen. Ordurako Trintxerpeko taberna utzi eta Hernaniko jubilatuen etxekoa hartuta genuen. Etxebizitza eraikin berean genuen, eta han ordutegi bat nuen. Umeek diote garairik politena izan zela. Lagunak zetozen etxera, ahizpak laguntzen zidan...

Juanjoren lehentasuna “politika” zela eta zurea “familia” esan duzu. Banaketa ez zen horren argia izango, ala?

Ni beti saiatu naiz Juanjoren begiak eta belarriak izaten, jasotzen nuena berarekin eta deportatu guztiekin konpartitzeko. Askori ez zitzaion gustatzen eramaten nuen errealitatea, baina nik jakin zezaten nahi nuen, abokatuek entzun nahi zutena esaten zieten-eta. Nik ez, eta arazoak izan ditut horregatik. Eta Euskal Herrian, aldiz, txakurrada inguruan genuen beti, egunero. Tentsio izugarria zen.

Espetxean ere egon zinen.

1991ko martxoaren 16an, nire urtebetetzea ospatzera joan nintzen beste aldera, errefuxiatuta zeuden hiru lagunekin eta familiarekin. Hain zorte txarrarekin, non errefuxiatuetako baten atzetik zebilen Jendarmeria, eta hor atxilotu gintuzten denak. Esan nuenean senarra deportatuta zegoela, agur. Bederatzi hilabete Fleuryko espetxean, Parisen; Juanjo Venezuelan; seme nagusia Hernanin; eta txikia Donostian. Tarte horretan etxea eta taberna ere galdu genituen. Espetxea ez, semerik gabe egotea izan zen oso gogorra [pausa egiten du, hunkituta]. Azkenean heldu zen epaiketa, eta1992ko uztailaren 11n libre geratu nintzen, kargurik gabe.

Eta berriz ere aurreko dinamika berrartu zenuten?

" Juanjori esan nion, 'edo geratzen naiz eta elkarrekin bizi gara, edo banatzen gara'. Hamabost urte generamatzan horrela"

Libre geratu eta hurrengo egunean Venezuelan nintzen. Oso txarto nengoen, dena ahazten zitzaidan, ni neu larrituta nengoen, denek esaten zidaten pasatutako guztiaren ondorioa zela. Seme nagusiak hain txarto ikusi ninduen, Venezuelan bertan geratzeko esan zidala. Juanjori esan nion, "edo geratzen naiz eta elkarrekin bizi gara, edo banatzen gara". Hamabost urte generamatzan horrela. Oso polita da hemendik hara zoazenean eta nahi duzun guztia, bai, baina tartean urte osoa dago, bizipenez, sufrikarioz eta bestelakoez beteta. Hoztasun afektibora heltzen zara.

Venezuelan geratu zinen orduan?

Bai, baina negar batean ematen nituen egunak, semeak faltan nituelako. Juanjok proposatu zidan ikasten hastea, zerbait egin behar nuela egoerari buelta emateko. Batxillergoa atera nuen 52 urterekin, gero idazkaritza konputerizatua bi urtez. Ikasi eta ikasi. Praktikak Kultura Ministerioan egin nituen, eta bertan jarritu nuen lanean sei urtez.

Bost urtetan ezin izan nintzen Euskal Herrira bueltatu, ez genuelako dirurik [begiak bustitzen ditu]. Semeak etortzen ziren. Borroka honi zerbait eskertzen badiot gure semeak dira, borrokaren semeak dira, apartekoak. Eta gorriak pasa dituzte.

Nola gurutzatzen da generoa honetan guztian?

Nik kristoren erresumina dut, nik bezala beste emakume asko. "Gatazkaren ahaztuak", dio Paniselloren liburuak deportatuez. Baina ahaztuenak seme-alabak eta bikoteak gara, behar izan diren urte guztiak behar izan den guztia ematen egon ostean. Dena besteentzako –semeengatik, senarrengatik...–, ez genuen beste ezertan pentsatzen. Eta hemen geundenean bileraz bilera, laguntzen saiatzeko. Auzoan, Bruselara, Parisera... Baina gero, hain iraultzaileak omen, eta omenaldi guztiak gizonei egiten zaizkie. Gizonak egon dira egon diren tokian, ados, emakume batzuk ere egon dira hor. Baina uste dut aitortza egin behar diegula seme-alaba eta bikote horiei guztiei, asko sufritu eta eman dute.

Bikotea espetxean duten emakumeeek gizonek baino luzaroagoan eusten diete harremanei. Deportaziorako balio dezake horrek?

"Nik entzun behar izan dut berak beharrak dituela: eta nirekin zer gertatzen da? Lagunak egitea ere susmagarria zen"

Zuk uste duzu nire senarrak 40 urtez jarraituko ninduela? Alderantziz izan balitz, ikusi izango nituzkeen nire semeak, errefuxiatuta egonez gero Hendaian behin, eta espetxeratuta beste behin Martutenen. Puntu. Gizonak ez dio eusten ezta hiru hilabetez ere. Hori nik ikusi dut, bizi izan dut. Berekoi hezi zaituztete.

Ez dago bat bekaturik ez duenik. Ez dut esaten emakumeok ere egin ez dugunik, baina gu epaituak gara eta haiek ez, familiarengandik hasita. Nik entzun behar izan dut berak beharrak dituela: eta nirekin zer gertatzen da? Lagunak egitea ere susmagarria zen.

Mina duzu barrenean

Seme-alabei eta emakumeei aitortza egitea nahi dut, eskerrik asko ez, ez da hori, baina zer dakit nik, kontuan hartzea pixka bat. Berdin espetxeetara doazen emakumeei, bikote errefuxiatuak izan dituztenei, eta beren emakumeen borroka jarraitu duten gizon gutxiei ere bai.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Deportatuak
20 urte bete ditu Ataramiñe argitaletxeak, eta antologia bat ondu du urteotako hainbat lanekin

2002an sortu zen Ataramiñe argitaletxea, eta ordutik euskal errepresaliatu politikoek idatzitakoak argitaratu ditu. 2017ra arte lan kolektiboak argitaratu zituen, eta horietako zenbaitekin antologia osatu du: Urrun da zeru urdina. Ataramiñe 2002-2017. Ez da... [+]


2022-09-15 | ARGIA
Hiru deportatu politiko itzuli dira Euskal Herrira Cabo Berdetik eta Kubatik

Etxerat elkarteak jakitera eman duenez, uda honetan etxera itzuli dira Emilio Martinez de Marigorta eta Felix Manzanos Cabo Berdetik eta Iñaki Rodriguez Kubatik. Oraindik, baina, beste bost deportatu eta 24 erbesteratu politiko daude Euskal Herritik kanpo.


Miren Azkarate Badiola. Maletadun haurren kontakizuna
“Maletadun haur, nerabe eta heldu sentitu naiz”

Askotariko egoerak bizi izan dituzten euskal iheslari eta deportatu politikoen seme-alaben testigantzak biltzen ari da Miren Azkarate Badiola donostiarra, liburu batean argitaratzeko. Konparatzeko inolako asmorik gabe,  “ezberdinak baitira espetxeratuen eta atxilotuen... [+]


Epaiketarik gabeko kondena amaigabea

1984. eta 1989. urteen artean Frantziak, Espainiarekin adostuta, 70 euskal herritar deportatu zituen Afrikako eta Hego eta Erdialdeko Amerikako hamar herrialdeetara. Euskal Herrian 60ko hamarkadan loratu zen pizkunde eta borroka zikloari estatuek emandako erantzun... [+]


Juanjo Aristizabal eta José Miguel Arrugaeta
Bizitza oso bat deportatuta

Juanjo Aristizabal Kortajarena trintxerpearrak eta José Miguel Arrugaeta San Emeterio bilbotarrak ondo ezagutzen dute deportazioa. 1984an deportatu zituzten biak: Panamara eta ondoren Kubara Arrugaeta; Panamara eta ondoren Venezuelara Aristizabal. 2014an itzuli zen Euskal... [+]


Eguneraketa berriak daude