Bizitza oso bat deportatuta

  • Juanjo Aristizabal Kortajarena trintxerpearrak eta José Miguel Arrugaeta San Emeterio bilbotarrak ondo ezagutzen dute deportazioa. 1984an deportatu zituzten biak: Panamara eta ondoren Kubara Arrugaeta; Panamara eta ondoren Venezuelara Aristizabal. 2014an itzuli zen Euskal Herrira Aristizabal, 2019an Arrugaeta. Deportatu zituztenetik 37 urtera, luze hitz egin digute itsasoz bestaldeko ibilerez, deportazioaren arrasto emozional eta materialez, sorterrira itzultzean aurkitu dituzten zailtasunez, beren borrokaren zentzuaz.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco

Arrugaetak 1979an egin zuen ihes Ipar Euskal Herrira. Bost urte eman zituen han, “gorabeheratsuak”, dio: 1980ko amaieran atxilo  hartu zuten; Alpeetan asignatu; atxilo berriz; asignatu berriz; ihes egin; atxilo 1984ko urtarrilaren 10eko operazio sonatuan. Jendarmeriak hamabost errefuxiatu atxilotu zituen eta horietariko seiri, tartean Arrugaetari, deportazioa ezarri zieten. Gaur egunera arte luzatzen den deportazio zikloaren lehenbiziko deportatuak ziren.

Denbora gutxi egin zuten estreinako euskal deportatuek Panaman. Oposizioak deportatuen auzia erabiltzen zuen Manuel Antonio Noriegaren gobernua higatzeko, eta presidenteak euskaldunak kanporatu eta herrialdean deportaturik inoiz ez zela berriro hartuko adierazi zuen hauteskundeen atarian. Maiatzaren 1ean irten ziren herrialdetik. Baina Noriegak apenas galdu zuen astirik hauteskundeak irabazi ostean berriro ere deportatuak hartzeko Panaman: ekaina eta abuztu artean zortzi errefuxiatu deportatu zituen Frantziak bertara. Aristizabal zen horietako bat.

Aristizabalek 1978an zeharkatu zuen muga. Sei urte eman zituen Ipar Euskal herrian, 1984an atxilotu eta Baionan espetxeratu zuten arte. Hilabetera, kartzelatik irten zen unean bertan jendarmeek berriz ere hartu zuten atxilo, eta hilabeteko konfinamenduaren ostean, abuztuaren 2an, Panamara deportatu zuten. Hilabete batzuk lehenago Arrugaetak bizitoki izan zuen etxe berdinera heldu zen.

Deportazioaren shocka

“Deportazioa psikologikoki shock bat da, kolpe oso gogorra”, dio Aristizabalek, oroituz nola jakinarazi zioten Panamara deportatuko zutela apenas 24 orduko tartearekin. Baietz dio Arrugaetak buruari gora eta behera eraginez, ohiko prozedura baitzen hori. “Zeren eta, Iparraldera heltzean, batetik ezaguna zaizu, bestetik txakurrengandik eta torturatik libratu zara. Klandestinoki bada ere, familia eta lagunak datozkizu, paketeak jasotzen dituzu...”, nabarmendu du aldea Aristizabalek. Egun batetik bestera dator deportazioa, eta noiz arte jakin gabe –inork ez zuen espero horrenbeste luzatuko zenik–. Emozionalki “kristoren higadura” sortzen duena, azpimarratu du Arrugaetak.

Gehitu horri ziurgabetasun juridikoa. Batetik, Arrugaeta eta Juanjo, ia deportatu guztiak bezala, ez zuten inongo kausarik irekita inongo tribunal espainiar edo frantsesean: ez zitzaien inongo delitu edo ekintza zehatzik leporatzen, baizik eta “arriskutsuak” izatea. Bestetik, papergabeak ziren. Ez zuten nor ziren edo non zeuden eta zergatik frogatuko zuen dokumentaziorik, “ez ginen existitzen”. Babesgabetasun juridikoak bestelako beldurrak ere bazekartzan, besteak beste edozein unetan desagerraraziak, torturatuak edo lekualdatuak izatekoak.

Ezkerretik eskuinera: Juanjo Aristizabal, Ione Idigoras eta José Miguel Arrugaeta. Argazkia: Dani Blanco

 

Panaman, yankiek inbaditu arte

“Gorgonako etxean zortzi euskaldun eta sei txakur bizi ginen, espazioa konpartitzen genuen baina nor bere aldetik antolatzen ginen otorduetarako-eta. Goizeko lehen orduan haiekin batera irten gintezkeen hondartzan korrika egitera”, gogoratu du Aristizabalek Panamako aldia. Heldu eta hilabetera telebista katea aldatu zuen euskaldunetako batek, poliziek beisbol partida “sakratua” ikusten ari zirela: iskanbila izugarria piztu zen, eta Tinajitas kuartel militarrera eraman zituzten zigortuta. Deportatuek Sebastián Laboa nuntzioaren –Aita Santuaren enbaxadorea Panaman– bitartez lortu zuten handik ateratzea, bi etxetara. “Hamabost egunero sinatzera joan behar genuen, 300 dolar genuen hilabetero gastuetarako, ematen zigutenean. Ez ziguten lan egiten uzten. Paperik ez genuen”.

"Vatikanoaren enbaxadan gotortu ziren euskaldun apaiza eta euskaldun 'terroristak'... Noriega presidentearekin eta herrialdeko kupula militar guztiarekin batera"

1989an AEBek Panama inbaditu zuten. Deportatuak arrisku egoeran zeuden. “Nuntziaturara heltzea lortzen baduzue babesa emango dizuet”, esan zien Laboak telefonoz hitz egitea lortu zutenean. Vatikanoaren enbaxadan gotortu ziren euskaldun apaiza eta euskaldun terroristak... Noriega presidentearekin eta herrialdeko kupula militar guztiarekin batera. Yankiek eraikuntza setiatu zuten 52 egunez, rock musika gorgarria egunean 24 orduz jarrita, gauean armen izpi infragorriez mehatxatuta... “ [Elecier] Gaitan, Noriegaren eskolta arduradunak, esan zigun: ‘Vascos, ikusiko duzue, hemen azkenean zuek eta ni bakarrik geratuko gara’. Ez genion sinesten baina horrela izan zen”. Militarrek eta presidenteak beren burua entregatu zuten egunez egun. Deportatuak, Espainiako eta Venezuelako presidente Felipe González eta  Carlos Andrés Pérezen arteko akordioari esker, Venezuelarantz irten ziren Pérezen jet pribatuan. Gaitánek ezustean ihes egitea lortu zuen... eta Kuban ezagutu zuen Arrugaetak.

Kuban

Panamatik Kubara deportatu baitzituzten Arrugaeta eta bere kideak 1984an. Deportazioaren historian salbuespena den akordio hirutariko baten bidez, deportatuak irlara beren borondatez joatea izan baitzen Kubak jarritako baldintzetako bat. Baziren beste konpromiso batzuk ere. Batetik, deportatuen eta Kubaren artean: “Kubak esan zigun, ‘hau ez da espetxe bat, eta iraultzaileak zaretenez, hartu konpromiso bat gurekin’. Guk, konpromiso hori beteko zela bermatzen genuen”. Bestetik, Kubaren eta Espainiaren artean: “Ez da egongo inoiz entregarik edo estradiziorik, eta nahi dutenean alde egin dezakete, baina egitekotan ezin dira bueltatu”, azaldu du Arrugaetak.

“Bi urte-edo ‘atendituta’ egon ginen, haiek esaten zuten bezala, gero apartamentu oso xume batzuk eman zizkiguten, eta diru gutxi bat bizirauteko”. Kubak zein deportatuek oro har konpromisoak bete dituztela dio Arrugaetak, baina izan direla hamarkada horietan zenbait une “oso delikatu”. Bost urte zeramatzan Kuban Arrugaetak, Aristizabal 1990eko otsailean Venezuelara heldu zenerako.

Venezuelan

“Heltzean dokumentazioa eman ziguten, Panamako bost urteetan izan ez genuena. “‘Os buscais la vida’, esan ziguten”, dio Aristizabalek. Cumanan ezarri zen Aristizabal, Venezuelako ipar-ekialdeko kostaldean. Lan egiteko baimena baliatu ahal izan zuen, tailer batean lehenik, atunontzien mantentze-lanetan ondoren, atunen kontserba enpresa batean azkenik. Hilabetean behin DISIP polizia politikoaren egoitzan aurkeztu behar zuten sinatzera, baina horrez gain, “edozein momentutan” agertu zitekeen Polizia lantokian, etxean edo nonahi: “Oso kontrolatuta geunden”. Chávezen garaian sinatzeko betekizuna kendu zieten deportatuei, legez kanpokoa zela argudiatuta.

Ondo, etxean soilik

Galdetuta ea Venezuelako eta Kubako deportatuen baldintzak hobeagoak izan diren beste herrialdeetakoenak baino, Arrugaetak salto egiten du: “Esan dezakezu, Kuban deputamadre zaude! Ez barka, ni deputamadre nire etxean nago, nire bizitzaren 35 urte eman ditut irla batean, bai, palmondoekin. Hamar urte ama ikusi gabe, hil berri dena”. Zirkunstantzia “desberdinak” egon direla nabarmentzen dute biek: bai herrialdearen arabera –“akaso larrienak Ekuadorrekoak eta Dominikar Errepublikakoak”–; bai herrialde bakoitzaren testuinguru politikoaren arabera –“herrialde gehienetan, ezegonkortasun politiko eta militar handia zegoen”–.

"Esan dezakezu, Kuban 'deputamadre' zaude! Ez barka, ni 'deputamadre' nire etxean nago, nire bizitzaren 35 urte eman ditut irla batean"

Deportatuek jarrera kolektibo bateratuak hartzea zaildu zuten egoeren ezberdintasunek eta komunikatzeko zailtasunek, Arrugaetaren iritziz. “Herrialde bakoitzean bai hartu ziren, herrialdeen artean ez”. Harreman eta jarrera pertsonal zein politikoek ere baldintzatu dute deportatuen ibilbidea.

Harreman pertsonal-politikoak

ETA militarreko ‘miliak’, ETA politiko-militarreko ‘polimiliak’ eta Komando Autonomo Antikapitalistetako ‘autonomoak’ zeuden deportatuen artean. Erakunde bakoitzak bilakaera oso ezberdina izan zuen, eta une askotan oso harreman liskartsua elkarren artean. Aristizabal eta Arrugaeta polimiliak izan ziren hasiera batean, baina miliak ziren deportatu zituztenerako. Panaman eta Kuban miliak eta polimiliak zeuden nahastuta: “Gure tirabirak izan genituen, baina ondo konpondu ginen, ulertu genuen egoera hartan ahalegina egin eta zentzuz jokatu behar genuela”, gogoratu du Arrugaetak.
“Nor bere etxekoa ginen”, dio Aristizabalek erakundeez ez ezik izaeraz eta portaerez ari dela. Panaman, esaterako, deportatuetako batek telebista kanala aldatzean denak zigortuak izan ostean liskarra piztu zen haien artean: “Hor erabaki genuen antolatzea, eta erabakiak kolektiboan hartzea, gehiengoz”. Kuartel militarrean zigortuta zeudela gose greba hasi zuten, atera zitzaten: “Gose greban KAS alternatiba bete arte. Gero autonomoek beren kide deportatuekin hitz egin zuten eta ezetz esan zieten: akabo gose greba”, oroitu ditu gaur, barrez, aspaldiko haserreak.

Gogoratu dute ere hamarkada hauetan “denetarik” egon dela haien artean: borroka armatua egiteko ihes egin zutenak; bizitza publikoa egiteko ihes egin zutenak erabaki kolektibo batean baitan; kolektiboaren babesik gabe ihes egin zutenak; damutze politikak onartuta bueltatu zirenak... “Zoritxarrez denetarik izan dugu, baina hor jarraitzen dugu”, laburbildu du Aristizabalek.

Eskuak poltsikoan joan, eskuak poltsikoan bueltatu

1984an deportatu zituzten Aristizabal eta Arrugaeta, eta 37 urte geroago ezagutu dira Euskal Herrian, hitzordu honetan. Aristizabal 2014an etorri zen lehenbizikoz. Gero eta denbora gehiago ematen du Euskal Herrian baina oraindik ere Venezuelara bidaiatzen jarraitzen du. Arrugaeta 2019an bueltatu zen, baina betirako Kuban geratzeko arriskuan egon zen. 2010ean Espainiako Auzitegi Nazionalak kausa bat ireki zuen Kubako eta Venezuelako sei deportaturen eta FARCeko ustezko zazpi kideren aurka. “Edozein faxistaren ametsa: Chávez, Castro, FARC, narkotrafikoa eta ETAkoak, denak nahastuta”. Arrugaetak orduan bide “konplikatu” bat probatu zuen: Kolonbiako bake akordioen amnistia aplikatu ziezaietela. Ezustean, Auzitegi Nazionalak onartu egin zuen eskaria, barrez gogoratzen duenez. “Gu bostok papertxo batekin bueltatu gara, sumario horretatik amnistiatu gaituztela dioena”.

"Ez garenez existitzen ez dugu eskubiderik. Inoiz ez gara kanpoan egon ofizialki"

“Deportazioa ez da amaitu”, diote, ordea, biek ala biek. Batetik, zortzi lagun deportatuta jarraitzen dutelako Kuban, Cabo Verde eta Venezuelan. Bestetik, deportazioa ez delako amaitzen herrira bueltatzearekin. Deportazioaren herrialdean bizitzak eraiki dituzte deportatuek, lagunak eta kideak utzi dituzte han, Juanjok etxea eta lana, Arrugaetak alaba bat, esaterako. Bestalde, Euskal Herrian bizitza berria eraikitzea ez da batere samurra.

Zailtasun ekonomikoei eta eragozpen administratiboei egin behar diete aurre deportatu ohiek. “Ez garenez existitzen ez dugu eskubiderik. Inoiz ez gara kanpoan egon ofizialki. Oinarrizko Errenta jasotzeko, Jaurlaritzak eskatu dit demostratu dezadala Euskal Herritik kanpora hiru urte baino gehiago eman ditudala: txantxetan ari zara?”, dio Arrugaetak. “Itxaron behar dugu ez dakit zer adinera heltzea, pentsio ez kontributiboa eskatzeko”. Aristizabal antzeko egoeran dago: “Emaztearengandik banatu behar dudala esan zidaten. Erretiroa hartuta dago, etxebizitza du... Berak mantentzen nau, ez dut ezertarako eskubidea”. Senide, lagun eta herritarren babesa dutela dio Arrugaetak, “zorionez”, eta Harrera elkartearen lana goraipatu du bereziki.

Argazkia: Juanjo Aristizabalek eta Ione Idigorasek utzia. Venezuela, 1999.

 

Tokia aurkitzearen zailtasunak

Hogeitaka urterekin joan, hirurogeitakarekin bueltatu. “Kartzelan hamarkadak eman ostean irtetea trauma bat den modu berean da traumatikoa deportaziotik bueltatzea. Herri bat berriz ere ezagutzea. Aldatu dira paisaia, jendea, gu, mundua”, azaldu du Arrugaetak. Lortu zuen behintzat amarekin elkartzea eta zaintzeko garaiz iristea –elkarrizketa hau egin aurreko egunean hil zaio ama. “Ez, haren omenez ere egin nahi dut”, erantzun dio hitzordua bertan behera uzteko proposamenari–. Aristizabalek ama besarkatu zuen 30 urteren ondoren. Baina tokia aurkitzea hori baino gehiago da.
Aurkitu duela sentitzen du Arrugaetak, urteak kostatu bazaio ere. “Etxean zaudela sentitzea... Sentsazio hori bat-batean izan nuen, harri baten goroldioa ukitzen, ardi batzuk ikusten nituela. Haurtzaroko gauzak gogoratzen hasi nintzen”, dio begiak bustita. Aristizabalek, aldiz, momentuz ez: “Zazpi urte dira bueltatu nintzenetik. Trintxerpera noa, lagunekin nago, Hernanin bizi naiz... baina ez dut tokia aurkitu. Lagunak aldatu dira, beste jendarte bat da, ostiralero kontzentrazioa egiten duzu eta elizako apaiz eta mojak ematen dugu, ez oihukatu ez deus”, amaitzen du barrez. “Polizia aurretik joate hori bidea zabaltzen, joder, gure garaian atzetik zihoazen, eta gu aurretik baina korrika!”, jarraitu dio Arrugaetak umorez.

Egoera politikoaz bueltan

“Ez noa nahiko nukeen bezain azkar, baina etsaiak nahiko lukeena baino azkarrago noa”, dio Aristizabalek, deportaziora eraman zituen borroka bueltatzean nola aurkitu duten galdetzean. “Hori ere ez da kontsolamendua, kontuz, desmobilizazioa nabarmena da”. Arrugaetak sentipen “anbiguoa” du: “Ez dut Euskal Herria okerrago ikusten. Aldatu da, jendarte guztiak aldatzen direlako, eta gu belaunaldi baten, batzuen, parte gara, beste ulermen bat izan zuena politikaz, inplikazioaz, konpromisoaz”.

" Bizitza bakarra izan dut, interesgarria izan da eta nik erabaki dut "

Biek antzematen dituzte argiak eta ilunak, eta bat datoz gauza batean. Iruditzen zaie orain 50 urte pentsaezinak ziren borrokaren zenbait lorpen –euskara irakaskuntzan, autonomia maila bat, zerbitzu publikoak– ziurtzat ematen direla gaur; baina hori ere kendu diezaguketela edozein unetan, eta euskal jendartea ez dagoela “horiek defendatzeko prestatuta”. Gehiago amesten zuten halere, haustura bat, autodeterminazio eskubidea, eta korapilo horiek berdin jarraitzen dute funtsean. “Galde diezaietela katalanei”, dio Arrugaetak.

Merezi izan du

Balantzea egiteko orduan, deportatuen hurbilekoek sufritu eta sufritzen dutena azpimarratu dute lehenbizi. “Senideak, deportazio paralelo bat bizi izan dutenak. Horiek ere sufritu dute, horiek ere hil ziren”, hunkitu da berriz Arrugaeta. “Oso gogorra da familientzako, asko hautsi dira distantzien ondorioz”, dio Aristizabalek.

Presoen edo iheslarien aldean deportatuak ahaztuagoak egon direla uste du Arrugaetak, baina ulerkor mintzo da: “Arreta sentitu dut uneoro. Bai, ahanztura bat egon zen, baina gatazkaren lehentasunei lotuta, eta ulertzen dut”.

“Niretzako merezi izan du, bai. Batek erabaki bat hartzen duenean, hartu egiten du. Ez naiz kexu. Oso une txarrak pasa ditugu, baina onak ere bai”, dio Aristizabalek, eta Arrugaetak itxi du solasaldia: “Bizitza bakarra izan dut, interesgarria izan da eta nik erabaki dut. Ondo edo txarto dagoen? Agian, egunero lantokian zortzi ordu ematea, erretiroa ziurtatu eta plazara joateko, bizitza on bat da. Ez da nire hautua izan”.


LARRUN
2021eko abuztuaren 01a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Deportatuak
20 urte bete ditu Ataramiñe argitaletxeak, eta antologia bat ondu du urteotako hainbat lanekin

2002an sortu zen Ataramiñe argitaletxea, eta ordutik euskal errepresaliatu politikoek idatzitakoak argitaratu ditu. 2017ra arte lan kolektiboak argitaratu zituen, eta horietako zenbaitekin antologia osatu du: Urrun da zeru urdina. Ataramiñe 2002-2017. Ez da... [+]


2022-09-15 | ARGIA
Hiru deportatu politiko itzuli dira Euskal Herrira Cabo Berdetik eta Kubatik

Etxerat elkarteak jakitera eman duenez, uda honetan etxera itzuli dira Emilio Martinez de Marigorta eta Felix Manzanos Cabo Berdetik eta Iñaki Rodriguez Kubatik. Oraindik, baina, beste bost deportatu eta 24 erbesteratu politiko daude Euskal Herritik kanpo.


Miren Azkarate Badiola. Maletadun haurren kontakizuna
“Maletadun haur, nerabe eta heldu sentitu naiz”

Askotariko egoerak bizi izan dituzten euskal iheslari eta deportatu politikoen seme-alaben testigantzak biltzen ari da Miren Azkarate Badiola donostiarra, liburu batean argitaratzeko. Konparatzeko inolako asmorik gabe,  “ezberdinak baitira espetxeratuen eta atxilotuen... [+]


Epaiketarik gabeko kondena amaigabea

1984. eta 1989. urteen artean Frantziak, Espainiarekin adostuta, 70 euskal herritar deportatu zituen Afrikako eta Hego eta Erdialdeko Amerikako hamar herrialdeetara. Euskal Herrian 60ko hamarkadan loratu zen pizkunde eta borroka zikloari estatuek emandako erantzun... [+]


Ione Idigoras Santana
“Aitortza egin behar diegu seme-alaba eta bikotekide guztiei, asko sufritu eta eman dute”

Ione Idigoras ez duzu deportatuen zerrendan aurkituko, baina 30 urtez sufritu du lehen pertsonan. Bere bizipen gordina beste askoren arteko bat dela dio, bereziki emakume eta seme-alaba askorena, eta ahaztutako errealitate horien aitortza aldarrikatzen du, minez bezain irmo.


Eguneraketa berriak daude