Haurren pixoihal berrerabilgarrien alokairu eta garbiketa zerbitzua abiatu dute Iparraldean

  • Lehendik ezagunak baldin badira xatar edo pardel edo pixoihal berrerabilgarriak, behin eta berriro garbitzeko eginak izanik pixoihal sintetiko oso kutsagarrien alternatiba direnak, orain horien erabilera errazteko sistema jarri du martxan Baionako enpresa txiki batek: pixoihal garbigarrien alogera eta, Baiona-Angelu-Miarritze eremuan, garbiketa zerbitzua.


2021eko ekainaren 28an - 13:50
(Argazkia: Bil eta Garbi)

Baionako Les Petits Popotins elkarteak sustaturik, Iparraldean jada 40 familiak erabiltzen ditu xatar garbigarriok errentan, berrikitan Irulegi Irratia-ri Aiherrako (Nafarroa Beherea) ama gazte batek kontatu dionez. Bakoitzak hilabetean 20 euro pagatuz eskuratzen ditu etxean behin eta berriro erabili eta garbitzeko moduko pixoihalak eta, haurra handituz doan heinean horiek txikiegi bilakatu ahala, handiagoak eskuratzen ditu, xatarrak erabili beharreko adina gainditu arte.

Horrez gain, bigarren zerbitzu mota ere eskaintzen du Les Petits Popotins elkarteak, Baiona, Angelu eta Miarritzen: erabilitako pardelak astean bitan bildu, garbitu eta itzultzen ditu, hilean 60 eurotan.

(Argazkia: Bil ta Garbi)

Elkarteak atelierrak ere eskaintzen dizkie, Baionako egoitzan, oihal naturalezko xatar garbigarriok egiten ikasi eta laguntzeko, moztu eta josi.

Irulegi Irratiak elkarrizketatu duen amak nabarmendu duenez, alokairu sistemak asko errazten dio pardel kutsagarriak baztertu nahi bai baina garbigarrietarako jauzia egiteko zalantzan dabilen gurasoari: ea pixoihal ‘normal’ baten  emaitza berdina lortuko duen, erraza ote den jantzi-eranzteko bezala garbitzeko, umeak ondo soportatuko duen…Inbertsio ekonomikoa ere bada haur batek behar duen pardel kopurua erostea.

Kezka horiek denak arintzen ditu Les Petits Popotinsek plantan ezarritako alogera sistemak: hasierako inbertsio handirik ez da behar, haurra hazi ahala pardel handiagoak eskuratzen ditu, edozein galdera edo arazoren aurrean hurbil daude…Bestalde, pardel sintetikoen eta alokairuzko garbigarrien arteko alderaketa ekonomikoa egiten hasita, Aiherran elkarrizketatutako Maina Ithurraldek kazetariei esan dienez, ohiko xatarretan ume bakoitzagatik 1.500-2.000 euro gastatzen da hasieratik bukaerara eta, aldiz, alogerazko sistema honekin gastua erdira jaisten da.

 

Christel Chéreauk sortutako Les Petits Popotinsek bere webean oroitarazi duenez, haur bakoitzak jaiotzetik bere eginkarien kontrola lortu arte 5.000 pixoihal erabiltzen ditu, denetara tona bat hondakin metatzen dutenak. Hondakinok gaur egun errausketara doaz. Horrez gain, pardel sintetikoek hainbat kutsagarriren arrastoak daramatzate, haur jaio berriek larruazaletik barneratzen dituztenak. Pardelen osagaiak Iparraldean bertan egiten dira, batzuk aniztasun funtzionala duten pertsonek moztu eta josiak.

Lau geruzatan daude antolatuak pixoihalok. Kanpoko azala antolatuta dago ez bustitzeko moduan. Barrutik datoz beste bi geruza banbu zuntzez eginak, pixa xurgatzen dutenak. Eta azken geruza da, barnekoa, gorotza bilduko duena; zuzenean komunera jaurtitzen ahal da… edo komun konpostagarrira. Hori ez beste hirurak dira garbitzen direnak, gainerako jantziekin batera garbigailuan.

(Argazkia: Bil ta Garbi)

Ipar Euskal Herriko hondakinen kudeaketa egiten duen Bil ta Garbi partzuergoak bideo batean laburbildu du sistema nola funtzionatzen duen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa
Espainiako Estatuan inoiz baino ur gehiago botilaratu da, eta behera egin du Hego Euskal Herrian

2022an errekor historikoa hautsi zen Espainiako Estatuan, ia 8.700 milioi litro ontziratu baitziren, Geologia eta Meatzaritza Institutuaren estatistikaren arabera. Aurreko urtean baino 580 milioi gehiago dira horiek, eta 2019an ezarritako mugarria baino % 4,8 gehiago.


Plastiko-fabrikatzaileek iruzur egin dutela erakusten du txosten batek

Sektoreko enpresek hamarkadak daramatzate praktika sustatzen, nahiz eta ebidentziak izan ez dela bideragarria, Center for Climate Integrity-ren ikerketa baten arabera.


Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


Aierdik dio Artaxoan ez zela jaso behar Gipuzkoatik zetorren inongo hondakin likidorik

Artaxoako konpostatze plantara Gipuzkoatik Nafarroara bidalitako lixibiatuek Nafarroako Gobernuko eta Gipuzkoako Diputazioaren arteko hika-mika piztu dute. Ostegun honetan Jose María Aierdi kontseilari nafarrak gaitzetsi egin ditu atzo José Ignacio Asensio diputatu... [+]


Eguneraketa berriak daude