Txertatu ez den mediku bakan horren motiboak zein dira?

  • Herritarrok COVID-19aren aurkako txertoa hartu edo ez erabaki beharrean gaude. Aukerazkoa da bai, baina bi aukerak ez dira berdin onartuak eta zigortu/sarituak. Deliberatzeko, aldeko zein kontrako faktoreak jarri ohi ditu norberak balantzan: ezagun zaizkigu hartzearen aldeko motiboak, behin eta berriz errepikatuak politikari, hedabide, mediku eta kontrol soziala praktikatzen duten herrikideen aldetik. Aurkako zein motibo egon daitezke, norberak bere balantzan kontuan hartu nahi balitu?

    Oraingoz txertorik hartu ez duen eta bere gurasoei hartzea aholkatu dien Osakidetzako mediku bati galdetu diogu bere hautuen zergatiez.


2021eko uztailaren 04an

Ez dago samur txertoa hartu ez duten osasun langileak elkarrizketatzen. Batetik, gutxiengo absolutua direlako eta bestetik, beren erabakia publiko egiteak arazoak baizik ekarriko ez dizkiela sentitzen dutelako. Osakidetzako lehen arretako mediku honek onartu du gurekin biltzea eta gure galderei erantzutea, baina bere izena eta irudirik eman gabe.

"Gaiarekiko iritzi kritikoa falta da", berretsi digu: "Osasun sektorea, gobernuak eta hedabideak zirrikiturik gabeko baiezko trinkoaren alde lerrokatu dira. Baina badira dudak, normala denez. Eta dudak ez agerira ateratzea, edo duda guztiak negazionisten kaxoira botatzea akatsa iruditzen zait". Bere inguruko osasun langileek eta berak txertoei buruz izan duten pertzepzioa denborarekin aldatuz joan dela azaldu du: "Iazko udazken eta negu hasieran, txertoak oso urrun zeudela zirudienean, lankide batzuen artean eszeptizismo handia zegoen, nola aterako zen zerbait hain azkar hutsetik, eta ARNm mekanismoa darabilten txertoez hitz egiten hasi zenean beldur puntuarekin hartu zen eta duda dezente zegoen. Gabonak pasatzera gurasoen etxera joan nintzen eta orduan telebista asko ikusi nuen, normalean egiten ez dudana. Eta horrek asko eragin zuen nire erabakian. Gabonetan oso kanpaina indartsua egon zen, albisteetan etengabe esaten zuten txertatu beharra zegoela, duda minimo bat agertzen zuena erotzat hartzen zen, txertoa mirarizko salbazioa bailitzan agertzen zuten... horrek guztiak asko haserretu ninduen. Baina uste dut beste lankideengan aurkako ondorioa izan zuela: osasun kolektiboaren artean zegoen duda hori guztia urtu egin zen eta jendea berehala sartu zen bide horretan. Lankideen artean lehenago lasai agertzen nituen dudak adierazteak bat-batean beldurra eman zidan, konturatu nintzen jada ez zirela ongi-etorriak. Txertoa hartu ez dugun osasun langile kopurua anekdotikoa gara eta sekretuan eramaten da. Eta txertoa hartu nahi ez zuten asko taldeak presionatuta sentitu dira, dudarentzako tarterik ere ez zegoelako, debaterik ere egon ez zelako". Mediku honek ez die bere ingurukoei adierazten txertoa hartu ez duenik: "Momentu batzuetan gaizki ere pasatu izan dut, galdetuko ote didaten kezkatuta eta galdetuz gero zer erantzun pentsatzen, badakidalako nire erabakia ez zela ongi hartua izango".

Zergatik erabaki duzu ez hartzea?

Txertoa oraingoz ez jarri izateko motiboez galdetu diogu: "Eragindako beldur giro horrek, koakzioak, bide bakarra zegoela ikusteak... sentitu nuen baldintza horietan ez diodala nire buruari hori egiten utzi nahi. Gero badago beste alde arrazionalago bat, hau da, informazio asko falta dela. Hau entsegu baten fase bat da eta gure gorputzekin proba egiten ari gara. Eta ados, zientzian askotan hori egin behar da, baina esan egin behar digute hori egiten ari garela. Hasieratik horrela planteatu baligute, nik ere agian aurrera egingo nukeen, ez dudalako txertoekiko beldur handirik. Baina ez nazatela engainatu. Eta uste dut inoiz ez dela argi esan zer ari garen egiten eta zein emaitza izaten ari diren".

Txerto hauek hain berriak izanik, denborarekin doaz hainbat duda argitzen, beraz, lehenago hartu dutenek bere onurei buruzko berme gutxiagorekin hartu behar izan dute, mediku honek azaldu duenez: "Zorionez, denborarekin ikusi da txertoen eraginkortasuna handia dela, baina garai hartan ez genekien. Eta ez dakigun beste gauza garrantzitsu bat da ea kutsatzeak gutxitzen dituzten, ea eragiten ote duten txertatutako pertsona bat besteak gutxiago kutsatzen dituena izatea, hau da, ea talde immunitatea sortzeko gai diren. Badirelako aurkakoa eragiten duten txertoak: txertoa hartzen dutenak kutsakorrago bihurtzen dituena txertatu gabeak baino. Beraz, argumentu hori, zugatik ez bada besteen alde egiten duzula... herren geratzen zitzaidan, ez nekielako hala izango zen ere".

Ondorio kaltegarriekiko beldurra ere beste motibo bat izan da bere erabakian: "Txerto hauena oso mekanismo berria da, itxuraz segurua dirudi baina ez dakigu. Txerto eta botika askorekin gertatu da ondoren atzera botatzea eta hori da zientziak aurrera egin dezan modua. Baina mekanismoa zenbat eta berriagoa izan, normalagoa da zuhurtziaz jokatzea. Informazioa nahi den moduan ematen da, badira guztiz ongi azaldu ez diren ondorioak, atzean interes ekonomiko handiak daude... hori guztia tarteko dela, oso zaila egiten zait nire buruari hartzen uztea".

Medikuaren arabera, erabaki bat hartzeko beretzat gakoa da onurak eta arriskuak baloratzea: "Adibidez, nire gurasoei txertoa hartzeko aholkatu nien. Arrisku handiagoko adinean daude, urte gutxiago dituzte aurretik txertoek epe luzera izan ditzaketen ondorio kaltegarriak pairatzeko, eta birusa harrapatuko balute ez da gutxiestekoa bilakaera txarra izateko aukera. Nire kasuan, gaztea izaki, arrisku faktorerik gabe... uste dut koronabirusa konplikazioekin izateko dudan posibilitatea oso txikia dela eta aldiz, bizi luzea dudala aurretik".

Erabaki bata zein bestea hartu, norberari etorriko zaizkio balizko ondorioak. Zentzu horretan, mediku honek azaldu du samurrago zaiola jarrera pasibo bat hartu izana, eta ez aktiboa: "Txertoa hartzea erabaki aktibo bat da, eta aldiz, koronabirusa etortzea eta horren ondorioz gertatu daitekeena, zoriaren esku gehiago dago. Ezberdina iruditzen zait potentzialki mina ekarri ahal didan zerbait nire gorputzean sartzea erabakitzea, eta bestalde, kaltea nigana iristea. Izakien arteko interakzioaren eta bizitzaren parte denean kalte hori, niretzako akzidentalagoa da. Gertatzen den horretan nire parte-hartzea zerbait pasiboa da, ez naiz ni aktiboki parte hartzen ari. Birusaz kutsatzen banaiz eta horregatik epe luzeko konplikazioak baldin baditut, bada gertatu da eta ea zer gertatzen den etorkizunean. Baina nire erabakiz zerbait hartzeak eta ondoren zain egon eta konfiantza izan beharrak gehiago ernegatzen nau".

"Insolidario alaenak!"

Txertoaren aldeko argudio eta kanpainetan, "nire txertoak zu babesten zaitu" izan da mezu nagusi, elkartasuna jarri da ardatzean. Xantaia emozional eraginkorra dela azaldu du: "Itxialdi garaian herritar asko balkoiko polizia bihurtu ziren eta txertoarekin berdin gertatzen da, moralismo hutsa da. Benetan zein neurritan jartzen du jendeak txertoa besteengatik, eta zein neurritan da solidaritatearen kontu hori jendea jokoan sartzeko erabili duten modua? Eta insolidariotzat jotzen zaituztenean min ematen du eta ez txertatzeko zure erabakian salduta geratzen zara, niri ere dilema moral handiak sortzen dizkit. Izan ere, zure burua arriskuan jartzea errazago onartu dezakezu, baina besteak arriskuan jartzen ari zaitezkeela pentsatzeak kolokan jartzen zaitu".

Txertoa hartu ez dutenak insolidariotzat seinalatzen dituztenen eroismoa trapuzkoa dela salatu du: "Gehienetan obedientziatik hartzen da txertoa, ongi dagoela esaten dutelako, mundu guztiak egiten duelako, eta kito. Ez dut uste COVID-19az gaixotzeko beldurra benetan hainbeste eragiten ari denik txertoa hartzeko erabakian. Beste bide batetik doa kontua".

Berez aukerakoa da hartzea edo ez hartzea, baina errealitatean erabakia ez dela "hain libreki" hartzen azaldu du: "Ez digute erakusten zer gertatzen den hautu bakoitzarekin eta ez dituzte bi hautuak balio berekotzat aurkezten. Bat erabat zigortuta dago eta bestea sarituta eta dakartzan arriskuak eta hizki txikiak gutxietsita. Xantaia modu bat da, ez zaitut behartzen baina hemen geratuko zara COVID-pasaporterik gabe. Baina argumentu tranpatia da, zeren eta txertoa bidaiatze hutsagatik eta mundua izorratzen duten hegazkinak hartzeagatik onartu duenak salatuko zaitu insolidario moduan. Eztabaida asko xinpletzen da, txintxoak eta gaiztoak kategorietara murrizten da, eta zu noren alde zauden, hori da erabaki beharrekoa. Eta hobe duzu txintxoen alde egon, bestela denak aurka izango dituzu-eta. Mundu guztiak kritikatzen ditu txertoen kontrakoak. Gehiengoaren korrontea jarraitzea da joera orokorra".

Formazio egoki bat izan gabe horrelako erabaki bat baldintza txukunetan hartzea oso zaila dela uste du: "Ni osasunean formatuta egonda, eta gaitasuna izanik informazio batzuetara iristeko, parean ez datozen gauza asko ikusten ditut eta duda horiek ez dute lekurik. Hori da arazoa: kontua ez da jendearen artean dagoen debatea ez denik hedabideetara iristen, baizik, debaterik ere ez dagoela jendearen artean. Zergatik ez dago debaterik? Ahobatekotasuna dagoelako, edo gauza batzuk guztiaren gainetik daudelako eta beraz ukitu ere egin ezin direlako? Hau da, zientzia beste gauza batzuen zerbitzura ote dago?".

Txertoa da bide bakarra?

Herritarrak ulertzen du pandemia betean egotearen kontzientziak eta berau gainditzen lagundu nahiak asko eragiten duela txertoa hartzeko  erabakian. Ba ote dago txertoa ez den beste irtenbiderik? Hauxe esan digu medikuak: "Ez dakigu askorik. Teoriak dira. Berez, birus bati interesatzen zaio maizter duen gorputz hori ez hiltzea. Normalena da modu naturalean eta denborarekin talde immunitatea sortzea, baina hori ere birusa zenbat mutatzen denaren arabera da. Adibidez, gripearekin ez du hainbeste balio mekanismo horrek. Eta bai, segur aski modu naturalean hilkortasuna jaisten joango zen eta birusarekin elkarbizitzen joango ginen. Baina noski, horrek bidean sortzen dituen kalteak agian ez dira onartzeko modukoak edo ez dira onartu nahi...".

Egoera honetan, "txertoa izan daiteke soluzioa" adierazi du, zera gehituz: "Bilatzen dugun irtenbidearen arabera ere bada. Helburua birusa azkar akabatzea bada, segur aski txertoa izango da aukerarik onena. Baina hori, askoz handiagoa den arazo hau modu mugatu batera enfokatzeko modua ere bada. Nire ustez, arazo horri heldu behar zaio ekologismotik, bizitzeko modutik, bidaiatzeko moduetatik, ingurunearekin bizitzeko dugun modutik, eta heriotza onartzeko dugun modutik... Dilema pila bat daude jokoan eta segur aski kapitalismoak ezin ditu aldaketa horiek onartu eta beraz, berarentzako bide bakarra birus hau momentuan etetea da, eta hurrengoa etorri arte itxarotea. Badirudi hori dela datorkigun etorkizuna".

Txertoak txerto, pandemiarekin zer gertatuko den oraindik ez dakigula azaldu du: "Aukera bat da koronabirusak egoten jarraitzea eta jende gehienak –izan txertoarekin, izan koronabirusaz kutsatu ostean– immunitate nahikoa lortzea ez konplikazio handiegirik izateko... baina ez dakigu, ez dakigu txertoek sortzen duten immunitatearekin zer gertatuko den aurrera begira. Adibidez, badira gripearenaren moduko txertoak, ezin dutenak talde immunitaterik lortu: batetik, ez dutelako kutsatzea gutxitzen, bestetik, sortzen duten immunitatea aldi baterako soilik delako eta hirugarrenik,  birusa azkar mutatzen delako. Beraz, horrelakoetan ez da talde immunitatea bilatzen, eta horren ordez talde zaurgarriena babestearen aldeko hautua egiten da. Txerto honekin ez dakigu zer gertatuko den, nolako immunitatea sortzen duen, birusak zer portaera izango duen... ez dakigu horren denaren aurrean zer estrategia hartuko diren".

"Uste dut ez direla detektatzen txertoen ondorio kaltegarri guztiak"

Txertoak jarri ostean ondorio kaltegarriak erregistratzeko zein metodo jarraitzen den galdetu diogu, farmakobijilantzia deitzen den horretaz: "Teorian, medikuok ondorio kaltegarria notifikatu behar dugu. Baina egia esan, prozedura nahiko konplexua da, eta gaixo bakoitzarentzako oso denbora gutxi dugu. Kasu askotan, gainera, ez daukazu argi ea ondorio kaltegarri bat den edo ez, hau da, ea txertoarekin loturarik duen edo kasualitatez denboran bateratsu tokatu den. Beraz, dudaren aurrean, pasatzen uzten duzu askotan. Zaila da sintoma bat ondorio kaltegarri moduan markatzea, uste dut oso seguru egon behar duzula hori egiteko. Eta horri gehitu behar zaio  jende askok ondorio kaltegarriak ez dizkiola medikuari jakinarazten.

Beraz, uste dut ez direla detektatzen ari dauden ondorio kaltegarri guztiak. Hori da nire pertzepzioa, nik ikusi dudana. Eta pertsonalki, aitortzen dut dudan denbora gutxiarekin eta prozedura betetzea kostatzen zaidanarekin, oso argi ikusten dudanean soilik egiten dudala parafernalia hori guztia. Denbora falta da lehen arretan dagoen arazorik handiena".

KOADROA

Erreportaje honetan, aparteko koadro batean jaso dugu galdera honi buruzko edukia:

Zein kasu izan daitezke txertoa hartzea lau bider pentsatu beharrekoak?


ASTEKARIA
2021eko uztailaren 04a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19 shockean adi
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


2022-03-29 | ARGIA
COVID-19aren aurkako pilulak iritsi dira Hego Euskal Herrira

Hego Euskal Herrira pilulaz betetako 722 kaxatxo iritsi dira, COVID-19a larri pasatzeko arrisku handiko gaixoentzat zuzenduta. Europar Patasunak COVID-19arentzako ahotik hartzeko gomendatu duen lehen pilula antibirikoa da Pfizerren Paxlovid eta Espainiako Gobernuak 253 milioi... [+]


2022-03-15 | ARGIA
Indarkeria matxista pandemian: erailketa gutxiago eta suizidio gehiago

Pandemiaren eragina indarkeria matxistan azterketa kaleratu berri du Espainiako Gobernuak. Bertan ondorioztatu dute eraildako emakume kopurua gutxitu egin dela, hauek kontrolatuta eduki dituzten denbora gehitu izanaren ondorioz. Baina emakumeen suizidioak gizonenak baino gehiago... [+]


2022-02-22 | ARGIA
Hipra txerto katalana merkaturatzear denean, patenteak kentzeko eskatu dute hogei erakundek

Merkatura ateratzear den Hipra txertoari patenteak kendu diezazkiola eskatu diote hogei erakundek Espainiako Gobernuari. Izan ere, Kataluniako multinazional honek COVID-19aren aurkako txertoa egiteko entsegu klinikoetarako diru publikotik gutxienez 15 milioi euro jaso ditu.


2022-02-20 | Estitxu Eizagirre
Eneritz Zubiaurre, COVID-19aren aurkako txertoak kaltetua
"Txertoa hartu nuenetik ia urtebetera, oraindik ez naiz gai bizitza normala egiteko"

Eneritz Zubiaurre irakaslea da, eta lan eremu horretan egin zen gizarteko lehenengotako txerto deiari erantzunez, ziztada hartu zuen 2021eko martxoaren 14an. Astra Zeneca egokitu zitzaion. “Inork, ezta txertoa jarri zidan erizainak ere ez zidan ohartarazi izan nitzakeen... [+]


Eguneraketa berriak daude